Zine Forum metodologiaren alde
Sarrera hau ez idaztea nahiago nuke, baina tamalez, pasadan astean gelan bizi izandakoak hau egitera behartzen nau.
Nire lehen sarreran, metodologia atsegin baten aukeraketa eta erabileraren garrantziaz mintzatu nintzen. Metodologia motibazio handienaren edota motibazio ezaren oinarria izan daiteke. Era berean, motibazioa ikaskuntza esanguratsuaren funtsezko alderdia da. Ondorioz, metodologia motibagarri bat ikaskuntzaren helburuaren arrakasta lortzeko gakoa da.
Gure irakasletako batek, bere irakasgaia aurrera eramateko, pelikulen ikuskapen eta hauen inguruko “zine forum”etan oinarritutako metodologiaren alde egin du. Baina, honen aurrean aurkitu duen erantzuna oso desatsegina izan da, modu politean esatearren.
Pantaila handiko irudi sekuentziei esker, beste errealitate batzuk ezagutu ditzakegu, hauek barnetik ezagutu eta irakasle izateko hain garrantzitsua eta ezinbestekoa den hausnarketari ekin, ikaskuntza handiak barneratuz. Nor ez da “Rebelión en las Aulas” (James Clavell, 1967) pelikula ikusterakoan irakaslearen motibazio eta inplikazioaren garrantziaz ohartu? Nork ez du “Los chicos del coro” (Christophe Barratier, 2004) filma ikusterakoan artearen botereari buruz pentsatu? Edota, nork ez du beldurra sentitu “La ola”n (Dennis Ganse, 2010) erakusten den metodologiaren indarra ikusita?
Klasean pelikulak ikusteak abantaila erraldoi bat du, pelikula irakasle begien bitartez aztertzeaz gain, ikaskideen zein irakaslearen ikuspegi, pentsamendu, hausnarketa eta iritziak jasotzeko aukera eskaintzen du, norberaren hausnarketa propioa eta ikaskuntza ikaragarri aberastuz. Era laburrean esanda, ekintza aberasgarri eta eraginkorra. Metodologia erabat positiboa.
Hala ere, ekintza hauen aurrean, ikaskide batzuen erantzuna ez da batere positiboa. Batzuek, pelikula hauek Hollywoodeko filma arrakastatsuak ez direnez, aspertzen direla aitortzen dute, bestelako zereginetan denbora emanez. Beste batzuk aldiz, gelatik alde egiten dute, irakaslearen proposamena zein lana gutxietsiz eta teoria hutsa ez diren metodologiei bizkarra emanez.
Gaur ikaskideak direnak etorkizunean umeen garapenaren eta nortasunaren eraikuntzaren agente garrantzitsuenetako bat izango dira. Horregatik, horrelako ekintzak aprobetxatu eta hauetaz baliatu beharko ziren egingo duten lanaren inguruan sakonki hausnartzeko.
Haur Hezkuntzako haurrak ez dira jostailuak, euren nortasuna, izaera, emozioak, kognizioa eta azken finean bizitza eraikitzen ari diren pertsona txikiak dira eta gure errespetu osoa merezi dute. Errespetu hori, gehiago ikasteko eskaintzen dizkiguten aukera guztiak ondo aprobetxatuz adierazten da.
Beraz, lerro hauen bitartez, irakaslea bere metodologiarekin aurrera jarraitzeko animatzen dut. Era berean, beste errealitate batzuk ikustea eta hauek komentatzea eta barne hausnarketa aurrera eramatea gustuko ez dutenei, benetan Haur Hezkuntzako irakaslea zer den eta horrek zer eskatzen duen sakonki pentsatzea eskatzen diet.
Posted on 2013-03-25, in Metodologia, Zine Forum and tagged abantaila, Aberasgarria, Eraginkorra, Erantzuna, Errealitateak, Errespetua, Hausnarketa, Ikaskuntza, irakaslea, izaera, la ola, los chicos del coro, Metodologia, Motibazioa, Nortasuna, Pelikulak, Positiboa, rebelion en las aulas, Zine Forum. Bookmark the permalink. Iruzkin 1.
Bai hala da, zertan ari gara? Zertarako? Ez dakit bi galdera hauek izan duten paradarik zenbaitengan, baina egitearen beharra aldarrikatzen dut, aurrez baditugulako arazo handi eta anitzak, beraz pultsioa ez badago ez dugu behar. Aurrez aurre egoten ez jakiteak asko esaten dit, ez dago azterketarik prestatu beharrik, ez duzu gainditu erantzun eta kitto. Batzutan tentatu nau aukerak, baina pentsatsen dut jarritu dezagun kultiboan. Eskerrik asko guztiagatik, bene-benetan diot. Zaindu