Koordinazio segmentarioa (motrizitate fina): kontzeptua eta lanketa
Koordinazio segmentarioa gizakiaren jarduera motor landuena eta konplexuena da, izan ere, objektu bat hartu eta manipulatzeko erabiltzen dugu (adibidez boligrafo bat hartu eta idatzi). Garai batean motrizitate fina bezala ezagutzen zen.
Mugimendua espazio txiki batean egiten da eta bertan gihar multzo zehatzak parte hartzen dute. Ikusmenaz eta gorputz-adarren arteko harremanaz arduratzen da. Horregatik, koordinazio segmentarioa izan daiteke: esku-begikoa, buru-begikoa eta oin-begikoa.
Esku-begiko koordinazioa: Begiak objektua identifikatu eta kokatzen du (abiadura, norabidea, ibilbidea, neurria,…) eta ondoren giharrek hartzen dute parte, hau da, eskuak objektuaren itxuraren eta neurriaren arabera kokatu eta zabaltzen dira. Parte hartzen duten gorputzeko atalak atzamarrak, eskuak eta besoak dira. Mugimenduak zehaztasuna galtzen du distantzia gaizki neurtzen bada edo programazio motorra egokia ez bada. Adibidez: objektu bat hartu, objektu bat bota, idatzi edo marraztu.
Koordinazio segmentarioak ikasleen mugimendurako aukerak hartzen ditu kontuan. Helburua mugimenduen erraztasuna eta askatasuna bilatzea da, manipulazioak, jaurtiketak eta harrerak ahalbidetzeko. Gainera, koordinazio segmentarioa eguneroko bizitzan ezinbestekoak diren gauzetarako ezinbesteko mugimenduen oinarri da: zapatak lotu, mantala lotu, paperak moztu, orraztu, eskuak garbitu, jostailu txikiak kutxetan gorde, mahai-tresnak erabili,… Horregatik, koordinazio segmentarioa lantzean umeak autonomia lortzen du eta, horrekin batera, bere autoestimua hobetuko da. Hala, orobat, umeak bere gauzekiko ardura eta erantzukizuna garatuko ditu.
Haur Hezkuntzako etapan koordinazio segmentarioa garatu nahi dugunean, manipulazioak, hainbat jaurtiketa mota eta hainbat jasotze mota proposatu ahal ditugu. Hona hemen proposamen batzuk:
- Manipulazioak: Matxardak, torlojuak eta azkoinak, velcroa, tapoiak, kremailerak, …
- Jaurtiketak: Bi eskuarekin baloia bota, esku bakarrarekin baloia bota, oinarekin baloia bota, lasterketa eta gero jaurtiketa egin (mugimeduan), diana finko batera jaurtiketa egitea, itxura, neurri, pisu eta materiak ezberdineko objektuak jaurtitzea, …
- Jasotzeak: ibilbide zuzenak, ibilbide kurbadunak, errebotearekin, …
Iturria:
- Vizcarra Morales, M.T. (2007). Garapen psikomotorra Haur Hezkuntzan (0-6 urte). Euskal Herriko Unibertsitatea.
Posted on 2015-09-03, in Garapen psikomotorra - Psikomotrizitatea and tagged ardura, Askatasuna, Autoestimua, Autonomia, Begi-esku, Begiak, Egunerokotasuna, Erantzukizuna, Eskuak, Gorputza, Jasotzeak, Jaurtiketak, Koordinazio segmentarioa, Lanketa, Manipulazioa, Motrizitate fina, mugimendua. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.
Utzi iruzkina
Comments 0