Honi buruz
* IKTak + Hezkuntza * formulaz maiteminduta nago. Horregatik, urteetan zehar, bi arloetan trebatu naiz eta gaur egun”adingabeak eta Internet” da nire ikergaia.
Ondo ezagutzen ditut teknologia eta espazio digitalen abantaila zein desabantailak, haurren garapenaren ezaugarriak eta didaktikaren oinarriak. Nire egunerokotasunean guzti horiek uztartzen ditut eta, ondorioz, aro digitalari lotutakoak nagusitu arren, anitzak dira nire diskurtsoaren gaiak: inklusioa, hezkidetza, kooperazioa…
Sareak eskaintzen digun potentzia handiko bozgorailua nire bizipen, hausnarketa eta baliabideak besteen eskura jartzeko aprobetxatzen dut. Era berean, bide berdinetik besteen ekarpen eta iritziak jasotzea gustatzen zait, elkarreragina ikasketa-prozesurik esanguratsuena baita. Azken finean, erlantza guztion lanari esker osatzen da eta, banakako lana ezinbestekoa bada ere,guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatuko duena lan kooperatiboa da.
Blog-aren historia eta helburua
Blog-a 2013an Haur Hezkuntzako Graduko “Eskola Inklusiboaren Oinarriak” izeneko irakasgaiari erantzuna emateko sortu nuen. Irakasgaiaren xede nagusia guztiontzako eskolarako hezitzaile gisa gaitzea zen, hezkuntza premiak aniztasunean hezteko marko teoriko-kontzeptuala eraikiz. Ondorioz, inklusioa, aniztasuna eta hezkuntza premia berezien ikerketak eta hausnarketak dira blog-aren hasierako sarreren oinarri.
Kurtso amaieran, eskola inklusiboaren inguruko azken hausnarketa egin genuen. Orduan, nire ondorio nagusia izan zen Eskola Inklusiboa gure etorkizuneko eskola bezala ulertu behar dugula, egunero hazten den eskola.
Horregatik, blog-a egunetik egunera eraikitzen ari garen eskola berria osatzen duten arlo guztiei zabaltzea erabaki nuen. Egia da, interes eta ibilbide profesionala medio, hezkuntza digitalari tartetxo berezia eskaintzen zaiola baina, era berean, blog-ean hezkuntzari lotutako askotariko hausnarketa eta baliabideak biltzen dira.
Espero dut norbaitentzat baliagarria izatea eta, ezagutza guztion arteko hitz trukaketari esker sortzen denez, zuen ekarpen eta iritziak ere jasotzea. Gaur egun dugun hezkuntza sistemak hezkuntza hitzari zentzua ematen dioten ezaugarri asko bidean galdu dituen arren, sinets dezagun guztiontzako kalitatezko hezkuntzan eta ekin diezaiogun lanari elkarrekin!
Utzi iruzkina
Comments 0