Category Archives: Curriculum

Etxerako lanak, zergatik?

Askotan eztabaida dira langileen lan-orduak edota ordutegiak. Gero eta gehiago baloratzen da deskantsua eta familiarekin egoteko denbora. Historian zehar, asko borrokatu da langileen lan-baldintzen alde. Baina noiz aztertu eta aldatuko ditugu ikasleen lan-baldintzak?

Eskola gehienetan, ikasleei etxerako lanak bidaltzea eguneroko ekintza bihurtu da, irakasleen artean oso zabaldua dagoen ohitura baita. Baina zergatik bidaltzen dira? Zertarako? Onurarik lortzen da? Emaitza akademikoak hobeak dira?

Ikasleek, gutxienez, 6 ordu pasatzen dituzte eskolan. Horretaz gain, gehienek, eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen dute. Eta etxera iristean, beste bi ordu inbertitu behar dituzte etxerako lanak egiten. Gure ikasleek ez dute bizitzeko denborarik!

Ikerketen arabera, etxerako lanek askotan onurarik ez dakarte. Gainera, batzuetan kalte ere eragin diezaiekete haurrei, gurasoei eta ikaskuntza prozesuari. Hala ere, irakasleen artean etxerako lanak gai tabua da eta gutxi dira etxerako lanak ez bidaltzea erabaki duten eskolak.

Esan bezala, etxerako lanen eztabaida mahai gainean dago eta, horren harira, abenduaren 4ean Edu Lartzangurenek iritzi-artikulu interesgarria idatzi zuen. Irakurtzera gonbidatzeaz gain, gure haurren lan-baldintzen inguruko hausnarketa egitea eskatzen dizuet. Haurren eskubideen borroka guztion borroka da!

LOMCE legea: Bereizketaren munstroa

Asko dira azkenaldian, LOMCE legearen aurka argitaratzen diren berriak eta aurrera eramaten ari diren ekintzak, baina, gizarteak hezkuntza lege aldaketak benetan ekarriko diguna ezagutzen du?

Honen aurrean, arduragabetasun handia somatzen dut, eta horrek arrisku handia suposatzen du guztiontzat, hezkuntza, azken finean, guztion etorkizuna baita. Horregatik, ikasle, irakasle, guraso eta guztioi, lege aldaketaren irakurketa kritiko bat egitera gonbidatzen zaituztet, gure hezkuntza defendatzeko, guztion ardura eta elkar borraka beharrezkoa baita.

Eduki eta ebaluazioek dira aldaketa nagusiak jasoko dituztenak. Irakasgai tronkalen curriculuma Madrilen adostuko da eta ikasleek honetan oinarritutako derrigorrezko azterketa bat gainditu beharko dute etapa batetik bestera pasa ahal izateko. Azterketa hauen emaitzak publikoak izango dira.

Horren atzetik, zentralizazioa eta bereizketen sakontzea dago eta horrek gizartean era zuzenean eragingo du. Aniztasunari aurre egiteko gaitasuna ezabatuko dute, bazterketa indartuz. Hezkuntza, sistema guztiz injustua bilakatuko da, aukera berdintasuna bermatzea ezinezkoa izango delarik. Legean egiten den kalitatearen planteamendua ez dator inkusioaren planteamenduarekin bat. Hezkuntza, lasterketa konpetitibo batean bihurtuko da eta zailtasunak duena galtzaile izendatuko da.

Gainera, eskola kontseiluaren eskubideak gutxiagotu egingo dira, zuzendaritza indartuz eta hain garrantzitsua den familiaren parte-hartzea alde batera utziz. Horrela, gure hezkuntza-komunitateko faktore nagusietako bat ezabatuko da eta aspaldiko garaietako eskolaren antolakuntza bertikala bueltatuko da.

Erlijioko irakasgaia bueltatzen da, eta honen curriculumaren arduraduna eliza katolikoa izango da, laikotasuna ahaztuz. Irakasgaia ebaluagarria izango da, espediente akademikoan eragina izango du alegia.

Eskola-tokiak eskaeraren araberakoa izango dira. Hau da, eskaria pribatua bada, horretara bideratuko dira baliabideak. Eskola publikoa ez da defendatuko eta hezkuntzaren pribatizazioa areatuko da.

Euskadiren kasuan, gure kultura eta curriculuma zapalduak izango dira, gure eskola gobernu zentralaren menpe egongo baita. Gure kultura, herrigintza eta eskola bakoitzak egindako lana ez da aintzat hartuko. Gure hizkuntzari dagokionez, ez da asko zehaztu, baina esandakoaren arabera, D eredua arrisku handian dago.

Berrikuntza bultzatu beharrean, atzera pausu bat egingo dugu. Eskolak, azken urteetan egindako lana eta lortutakoa ez da kontuan hartuko. Hezkuntzari ikuspegi merkantilista batera bultzatuko zaio, pertsonak alde batera utziz eta ekonomia, lehiakortasuna, ezberdintasunak eta bazterketa erabat indartuz.

Guk nahi dugun eskola ez da LOMCEk proposatzen duen eskola. Gure eskola guztion artean egiten dugun eskola da, bertan guztiok gara partaide. Ikasleen arteko kooperazioa eta elkarlana bultzatu nahi dugu. Ebaluaketa jarraituei esker hobekuntzak proposatu nahi ditugu. Guretzako pertsona eta elkarbizitza hezkuntzaren irizpide garrantzitsuenetakoak dira! Elebitasun eraginkorra bermatu nahi dugu. Horregatik, gure arteko ezberdintasunak ahaztu eta legearen kontra bat egin behar dugu. Indarrak batu eta gure hezkuntza defendatu!

819187_436854559725383_994989354_o

  • Informazio gehiago:

“Rechazo mayoritario de los agentes educativos vascos a la LOMCE” – Diario Vasco, 2013-02-19

LOMCEri ez! – EHIGE

Murrizketarik ez! LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezuntza! – STEE-ELIAS, LAB eta ELA

Lo que esconde la LOMCE. Análisis del anteproyecto de la Ley de Educación – Soy pública

Anteproyecto de la Ley Órganica para la Mejora de la Calidad Educativa – Gobierno de España

Eskola Inklusiboa eta curriculumaren ikuspegiak

logo_unesco_inclusion

Inklusioak honakoa adierazten du:

–          Aniztasuna baliotzat hartzea

–          Edozein bereizketa edota jardun diskriminatzaile baztertu

–          Ikaste prozesuan testuinguru eta pertsona guztiak bildu

–          Curriculum planifikazioa ikasleen onuran oinarritzea, guztion parte hartzea bultzatuz

–          Aniztasun metodologikoa lehenetsi

Inklusioa eskolara eramatean hainbat ikuspegikin topatuko gara, besteak beste, banakakoan oinarritutako ikuspegia eta curriculumean oinarritutako ikuspegia eta bien arteko ezberdintasun nagusia testuinguruen kudeaketan datza.

Banakakoan oinarritutako ikuspegian ikasleek “arrunta” edo “berezia” bezala etiketatuak dira, bere zailtasunen arabera curriculuma testuingurura moldatu beharrean zailtasunak bideratzeko prozedura eta ebaluazio ezberdinak erabiliz. Curriculumean oinarritutako ikuspegian berriz, ikasle guztiak ezberdinak direla ulertzen da eta hezkuntza prozedura eta ebaluazioak testuinguru osoaren arabera planifikatzen dira, bakoitzaren zailtasunak aintzat hartuz baina inor baztertu gabe, guztiontzat eraginkor eta onuragarria izanik.

Curriculumean oinarritutako ikuspegia da ikasleak dituen ikasteko zailtasunak gainditu eta irakaskuntza prozesua hobetzeko aukera ematen duen ikuspuntu bakarra, guztiontzat eskola eraginkorrago eta hobeagoa lortzeko bidea zabalduz edota, bestela esanda, benetako eskola inklusiboa sortuz.

Curriculumean oinarritutako ikuspegian Ikas-estrategiak  honakoak izan daitezke:

Estrategia zuzenak:

  • Oroimenekoak: loturak eginez, irudi eta soinuak elkarrekin uztartuz, birpasa onak erabiliz.
  • Ezagutzakoak: mezuak igorriz eta jasoz, analizatuz eta arrazoituz, input eta outputerako egituta sortuz
  • Orekakoak: adimenaz igarriz, mugak gaindituz ahozko eta idatzizkoan ( ama-hizkuntzara joz, laguntza eskatuz, keinuak erabiliz, gaia aukeratuz, mezua egokituz, hitz berriak asmatuz, sinonimoaz edo itzul-inguruez baliaturik)

Zeharbidezko estrategiak:

  • Metakognitiboak: ikasgunea ezarriz, ikasketa aurreikusi eta antolatuz, ikaskuntza ebaluatuz
  • Afektiboak: antsietatea gutxituz, nork bere burua adoretuz, nork bere aldartearen berri jasoz
  • Sozialak: galderak eginez, besteekin lankidetuz, besteekin enpatizatuz

Asko dira jarraitu beharreko urratsak, bidean aurkitzen diren eraginak, askotan ohartzen ez bagara ere, ugariak  eta lortu nahi diren helburuak ez oso errazak baitira. Baina hurrengo sarreren bidez, aztertuko ditugu eskola inklusiboaren oinarriak eta, nola ez, hausnartuko dugu gure gizarte eta eskolako aniztasunaren trataerari buruz.

Bidea luzea den arren, guztion artean egiten badugu, bide polita eta emaitza ezin hobea lortu dezakegulako.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara