Category Archives: Familia
Familia eta eskola: elkarlana, ez ordezkapena
Familiek eta eskolak bat egiten dute haurrei dagokien helburu berean: autonomia eta garapen integrala lortzen laguntzea, bai maila fisiko, kognitibo, emozionala zein sozialean.
Azken urteetan, gure mundua eta gizartea asko eta azkar aldatu da. Horren ondorioz, kultura-paradigma berria dugu esku artean eta honek, gure eskola eraikitzeko orduan, faktore ugari kontuan hartzea eskatzen du.
Gaur egungo eskola, haurraren hezkuntzaz baino hartarago doa. Horretarako, familien laguntza, parte-hartzea eta inplikazioa behar du. Familia eta eskolaren arteko harremana eta elkarlana behar-beharrezkoa da lehenengo lerroetan aipatutako helburu hori lortze aldera. Bien arteko elkarreragina handia da, baina, hala ere, familiaren eta eskolaren funtzio nagusiak ezberdinak direla argi izan behar dugu.
Gertatutako aldaketa ugarien ondorioz, azkenaldian, eskolari eskatzen zaiona asko da. Kasu batzuetan, eskolak familiaren betebeharrak bete behar dituela pentsatzen ohi da, hau ordezkatuz, eta hori ezinezkoa da.Bakoitzak duen papera, lekua eta funtzioak ezagutu eta bete behar ditu. Helburua lortzeko guztion lana eta elkarlana ezinbestekoa da.
Eskolan eta etxean jasotzen diren hezkuntza-mota ezberdinak dira, nahiz eta gerora bat egin. Autonomia lortzeko sare sozialak sortu, elikatu eta garatu behar dira, komunitatea sortuz. Haurrak sare sozial bat baino gehiago behar du, talde handikoa, talde txikikoa, famili girokoa, lagunen artekoa, … guztion arteko esperientzia trukaketari esker garatzen joateko.
Laburbilduz, haur baten garapenak eskatzen duen lana elkarlanean oinarritu behar da, baina bakoitzak bere funtzio propioak aurrera eramanez. Haurrak familia eta eskolaren beharra du, eta baita bien arteko parte-hartzea eta elkarreragina ere, ezin dugu bata bestearengatik ordezkatu, elkarreraginik gabe garapen osoa bermatzeko aukerak murrizten baitira.
Ardura guztiona da. Elkarlana, ez ordezkapena