Category Archives: Gelako giroa eta parte-hartzea
Parte-hartzea gelan
Eskola Inklusiboaren ezaugarri nagusia guztion parte-hartzea da, beraz, hau bultzatzea ezinbestekoa da. Horretan oinarrituz, gure gelan, behin eta berriz, gai ezberdinak jorratzeko asmoz “eztabaida” txikiak egiteko aukera ematen digute baina, esan beharra dago, guztion parte-hartzea lortzetik oso urrun gaudela.
Eztabaidetan parte hartzen duten ahotsak, gehienetan, berdinak dira. Gainera, eztabaidek hartzen ohi duten tonu altuaren ondorioz, beste ahots batzuen parte-hartzea oztopatzen da. Arazo nagusiena txandak errespetatzen ez direla da, eta honekin batera, entzuketa aktiboaren ekintza partaide batzuentzan artean ekintza ezezaguna dela.
Entzuketa aktiboa, besteak hitz egiten duen bitartean isilik egotea baino gehiago da, besteak esaten duena entzun behar eta ondo ulertu dugula baieztatu behar da. Kasu askotan, etiketa eta aurre-iritzien ondorioz, gure aurrean dugun pertsonaren hitzak zeintzuk izango diren uste dugu, eta, pertsona hori hizketan hasten denean, esaten duena entzun beharrean, guk pentsatzen duguna entzuten dugu.
Eztabaida, elkarrizketa edota harreman bat eraginkorra eta aberasgarria izan dezan, bestea entzuteko prest egon behar gara. Entzun, ulertu eta ulertutakoari buruz pentsatu. Txandak eta isiltasunak errespetatu behar dira, baina aurrean dugun pertsonaren hitzak eta sentimenduak baita. Ahots eta iritzi gainjarpenak alde batera utzi behar dira, guztion arteko elkar ezagutza eraikitzeko.
Aurrekoan, gelan, hitz eta adierazpen egokien erabilera azpimarratu zen. Honen garrantziarekin bat nator baina galdera bat etortzen zait burura behin eta berriz: nire aurrean dudan pertsona nire hitzak entzuteko prest ez dagoenean, zertarako da baliagarria munduko azalpen onena egitea? Gainera, mezu asko, hitzak baino gehiago dira, eta hauek, nahiz eta hitz egokienak erabili, entzuketa aktiborik gabe, ez ditugu inoiz ulertuko.
Parte-hartzea ez da zure iritzia ematean oinarritzen soilik, benetan parte hartzeko, bestearen hitzak entzun, ulertu, onartu eta honen inguruan pentsatu behar da. Haur Hezkuntzako gela batean parte-hartzea sustatzeko, lehendabizi gure artean parte hartzeko gai izan beharko gara. Beraz, gerora irakasle inklusiboak izateko, gaur ere, aurreiritziak etxean utzi eta zure ikaskidea entzuteko prest egon! Bere iritzia zurea bezain baliagarria, beraz, errespetatu eta horretaz baliatu zurea aberasteko!