Category Archives: Kultur aniztasuna
Kulturaniztasunetik kulturartekotasunera
Promises (2001) – Carlos Bolado & B.Z. Goldberg & Justine Shapiro
Promesas dokumentalak, ume talde baten begiradaren bidez, palestinar-israeldar gatazkara hurbiltzen gaitu. Umeek horrelako gatazka batean murgilduta dagoen herrialde baten parte izatearen ondorioak azaltzen dizkigute, hau da, euren egoera eta bizitza ezaugarri adierazgarrien bidez gatazkaren ulertze sakonerantz abiatzen gaituzte.
Baina, gatazkaren gaia baino haratago, dokumentalak, kulturaniztasuna eta kulturen arteko elkarbizitzaren inguruan hausnartzeko gonbidapena egiten digu, kulturen arteko errespetua eta bizikidetzaren aberasgarritasuna azpimarratuz.
Gure testuingurura bueltatuz, azken urteetako etorkin kopurua dela eta, euskal herriko eskoletako kultura aniztasuna nabarmena da, eta horren kudeaketa zuzena egitea ezinbestekoa da. Hizkuntzarekin gertatzen den bezala, etorri berria, gure kultura ezagutu behar du, gurean murgildu behar da, gure arau eta ohiturak barneratzeko, baina, prozesu horretan, ez gara bere jatorrizko kulturaz ahaztu behar.
Kultura berrian murgiltzeak gizarte berria ezagutzea eta bertan bizitzeko trebatzea esan nahi du, eta ez, bere kultura propioa alboratzea. Helburua beti kultura gehitzailea lortzea da, hau da, kulturen arteko oreka eraikitzea, eta gure inguruan dugun kultura aniztasuna ezaugarri esanguratsu eta aberasgarria izatea.
Horregatik, kultura berriekiko interesa piztu behar dugu, hauen inguruko informazioa emanez eta noski guztiekiko errespetua bermatuz. Kulturartekotasuneko kultura sortu dezagun!