Blogaren artxiboa

Jostailuak: Merkatua vs. Gure ardura

Aurreko sarreran aipatu dudan bezala, jostailuek haurren hezkuntzan eragin handia duten elementuetako bat da, euren sozializazio agenteetako bat jolasa da. Hau kultura patriarkalak bultzatzen dituen genero banaketa diskriminatorioan oinarrituta badago, gure haurrek zailtasun handiz barneratuko dute guztiontzako beharrezko eta aberasgarria den berdintasunaren balioa (genero ezberdintasunak ez du soilik emakumea diskriminatzen, kultura matxistaren ondorioz gizonezkoa ere galtzailea da, bere nortasuna era askean eraikitzeko aukerarik ez duelako).

Arazo honen aurrean, askok, norberaren erantzukizunaren ardura hartu beharrean, merkaturen ezarpenei egotziko die errua. Eta ez da gutxirako, gaur egun merkatuak jostailuak eskaini eta saltzeko dituen estrategiak erabat sexistak eta lotsagarriak baitira.

Orain esandakoa konprobatzeko gabonetako jostailu katalogoak hartu besterik ez dugu. Garai batean katalogoa orrialde urdin eta arrosetan banatzen zen. Horren kontra egindako lan handiaren ondorioz sailkapen zentzugabe hori gainditu dugu. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Gaur egungo katalogoen sailkapenak, nahiz bi kolore (genero) araberakoa ez izan, oraindik ere berdintasunaren adibide izatetik urrun daude. Nire esku artean izan ditudan azken katalogoetan jostailuak  motaren arabera sailkatzen dira, hau da, bizikletak bizikletekin, panpinak panpinekin. Hori bai, atalaren arabera, jostailuekin jolasten agertzen  direnak beti genero berdinekoak dira, kotxeen atalean guztiak mutilak eta sukaldeen atalean berriz guzti guztiak neskak.

This slideshow requires JavaScript.

Gainera, orain arte jostailu neutroak izan direnak azken urteetan aldatu egin dira, neskentzako eta mutilentzako produktu ezberdinak eskainiz eta generoen arteko ezberdintasunak eta estereotipo sexistak indartuz. Honen adibide argia LEGO da. Orain dela urte askotako produktua eta gaur egungoa alderatzea nahikoa da gure gizarteak egiten ari den atzera pausoaz konturatzeko. Lego-rena ez da kasu isolatua. Hurrengo estekan azken urteetan aldatu diren jostailuetako batzuk aipatzen dira. Benetan hausnarketa sakona eskatzen duten aldaketak dira.

Jostailuen bilakaera (inglesez)

r-LEGO-FRIENDS-large570

tarta de fresa

Hori gutxi balitz, jostailu dendetan dauden profesionalen ikuspuntua era aipatu behar da. 2014. urtean, puzzle bat erosteko asmoarekin sartzen zara Bilboko jostailu denda batean, bai, irudi zehatz bat osatzeko helburuarekin pieza ezberdinak elkartzea eskatzen dizun jolas horietako bat erosi nahi duzu. Dendariari zure nahia aipatzerakoan, honek galdera batekin erantzuten dizu: norentzat da? neska edo mutila?. Hau, zoritxarrez, ez da asmatutako egoera bat, nire lagun bati gertatutaren istorioa erreala da, benetakoa. Oraindik harrituta eta zeharo beldurtuta nago. Norbaitek neska eta mutilen puzzleen arteko ezberdintasunak ezagutzen baditu, mesedez, azaldu.

puzzle

Esan bezala, merkatuaren teknikak erabat atzerakoiak eta diskriminatzaileak dira, baina, ezin dugu gure erantzukizuna horren atzean ezkutatu. Jostailu horiek aukeratu, erosi eta umeei eskaini edo ez erabakitzen dutenak gu gara. Gure inguruan dauden haurren jostailu eta jolas eskaintza gure menpe dago. Azken hitza gurea da, eta eskaintza hori zabal eta anitza izatearen ardura baita. Gure esku dago kultura matxistak ezarritako pentsamendu, jokabide eta jarduera banatuak jostailuen bidez transmititu eta zabaltzea edo ez. Merkatuak ez ditzala gure haurren nortasun eta interesak eraiki, gure umeek esperimentatzeko, konparatzeko, hausnartzeko eta era askean erabakitzeko eskubidea baitute.

Hezkuntza hackeatu behar dugu

Blog honetan gure hezkuntza sistemaren aldaketa beharraren inguruan gauza anitz aipatu dira, baina oraingoan proposamen berri batekin nator: hezkuntza hackeatu. Guztion nahia norberaren zein ingurukoen zoriontasun eta osasuna da eta hori lortzeko, hezkuntza sistema tradizionalaren arabera, ikasi, karrera amaitu, lana bilatu eta ezkondu behar gara, bidean gure interes, sormen eta ametsak guztiz zapalduz.

Hurrengo bideoko umeak “Hackschooling” terminoa asmatu du, ezberdinak diren eskolek, eskola sistema tradizionalek zein gutariko edonork jarraitu beharko genukeen pentsamolde, ikuspegi, irakas-ikasteko metodologia edota bizitzeko modua izendatzeko. Gure interes eta esperientzietatik abiatu behar gara, gure sormen eta ezagutza lantzeko eta horrela guztion zoriontasun eta osasuna ziurtatu.Horregatik, gure eskolak hackeatu behar ditugu! Ikusi eta hausnartu

Aldaketaren gakoa: haurrak errespetatu eta hezkuntza baloratu

Azken aldian gazte gehienen balore eta interes falta dela eta oso arduratuta nago, eta aurreko batean kezka hau nire lagunei agertu nien. Euren erantzunek nire ardurarekin bat egin zuen, baina gustatu ez zitzaidan alderdi batekin: hori hezkuntzaren errua dela. Euren arabera, gaur egungo hezkuntzak ez die irakasten, ez die gogor egiten, garai batean egiten zuen bezala.

Hezkuntza aldatu da, bai, zorionez, baina ez nahi beste. Gure hezkuntza sistemak gero eta egokituagoa dago taldea, momentu eta beharrei, baina hori askatasun osoz egiteko aukerarik gabe. Tarteka gobernuak kontrola galtzeari duen beldurra dela uste dut, azken finean, eta zoritzarrez, hezkuntza gobernatzeko tresnarik boteretsuenetarikoa da. Baina, bestetik, eta kaleko iritziak entzunda, gizarteak hezkuntzarekiko duen errespetu faltagatik da.

Azken hamarkadetan umearen eskubideengatik lan handia egin da, eta lan handia egiteke dagoen arren aurrera pausu handiak eman dira. Hala ere, gure haurrak zaintzen ditugu? Haur bakoitzaren ezaugarri eta garapena errespetatzen dugu? Edo aldiz, guk manipulatzen ditugun txotxongiloak direla uste dugu oraindik?

Azken hau esateko arrazoi potoloa dut. Behin eta berriro entzun behar izan dut haurrek ez dakitela ezer, ez dutela interesik, euren interesa gurasoak esaten dutena dela, haurrek bakarrik jolasten dakitela, eta noski, haur hezkuntza eta umezaintza gauza bera dela, bertan beste haurrekin batera jolasten pasatzen dutela goiza gurasoak lanean dauden bitartean. Hau da gure haurren inguruan dugun iritzia? Tontoak direla uste dugu? Eta hau da gure hezkuntzaren inguruan uste duguna? Eskola jolastoki handi bat dela soilik?

Helduon iritzi eta itxaropenek haurren mugak ezartzen dituzte. Ezin dugu haurraren garapen oso eta integrala bermatu haur horretan sinesten ez badugu, eta hezkuntzaren funtzioa zaintza eta jolasa soilik dela lau haizetara eta arazorik gabe zabaltzen dugun bitartean ezin diogu eskolari gure haurrak hezteko eskatu.

Haurrek interesak dituzte, jakinmin handia, euren garapenaren abiapuntua eta bidea horiek baitira. Guk hauek errespetatu eta elikatu behar ditugu, eta ez hauek mugatu. Eskola aldiz, esperimentazioaren bidez ezagutzaren bidea eraikitzeko laguntza izan behar da, eta ez zentzugabeko eduki kaxa erraldoi bat.

Gure buruari benetan zer nahi dugun galdetu beharko genioke. Gure haurrek ezagutza ikasi edo gaitasunak garatu dezaten nahiago dugu? Gure gizartearen oinarria lehiakortasuna edo besteekiko errespetua izatea nahi dugu? Emaitza ezberdinak nahi baditugu ezin dugu betikoa behin eta berriz errepikatu, horregatik, hezkuntza aurrera jarraitzeko egiten duen lana baloratu eta ez zapaldu, eta beti, hezkuntzak pertsonekin lan egiten duela gogoratu.

Haurrasate, haurren hitzei esker herria hobetzeko ekimena

Poztasun handia sentitu dut gaur nire herrian aurrera eramango den proiektuaren berri irakurri dudanean. Oraingoan, haurren eta normalean kontutan hartzen ez direnen ahotsek hitz egiteko aukera izango dute, herriaren egitura, antolaketa eta bertan izaten dutenen bizipenen inguruko hausnarketaren bidez herria aldatu, berritu eta pertsonen ongizatea zein autonomia bermatzeko.

“Zaila da haurrari entzutea, baina merezi du” (Tonucci, F.)

Ikerketa askoren arabera, gaur egungo hiri zein herriak ez daude umeen bizitzarako pentsatuta, heldu-bizitza eta kotxeentzat baizik. Ez dute euren esperientziak aurrera eramateko gune askorik eta arriskuak handiak dira nonahi. Sakontzeko gai bat da, eta horretan nabil Txatxilipurdik argitaratutako “Haurren hiria” liburuari esker (eskerrik asko Naroa liburu hori nire esku artean jarri izanagatik). Bitartean, egitasmo honen jarraipena egingo dugu.

Aurkezpena gaur arratsaldean izango da eta hurrengo hilabetetan proiektuari buruzko informazioa zabalduko dute. Jarraitu beharreko gaia da eta ziur nago ondorioak oso interesgarriak izango direla. Informazio gehiago hemen.

Azken txanparen emaitza

Kurtsoaren amaierarekin batera, mota guztietako ebaluazioak datozkigu, eta ikaste koaderno honen atzetik dagoen “Eskola Inklusiboaren Oinarriak” irakasgaiaren kasuan, ebaluazio horren zati bat gure autoebaluazioa da.

Lerro gutxitan irakasgaiaren garrantzia, zer ikasi dut, zer zailtasun izan ditut, nola ikasi dut, nola sentitu naiz, hezkuntza premia berezien inguruko jarrera, izandako emaitzak eta nire etorkizunari buruzko gogoeta azaldu eta baloratu behar dut.

Eskatu digutena, niretzako behintzat, ez da lan erraza.Irakasgai honi esker gauza anitz ikasi ditut, eta ez hori bakarrik, nire lan egiteko modua, nire hausnarketa pertsonala eta nire irakasle eta pertsona bezala ditudan pentsamendu eta jarrera guztiz aldatu dira. Gelan zein indibidualki landutako gaiek, nire profil profesionala osatzeko baliagarria izateaz gain, nire nortasuna eraikitzen jarraitzeko aukera eman didate.

Aniztasuna gure gizartearen errealitate bat da, eta honetaz kontziente izan behar garela ikasi dut. Gure etorkizuneko gela edo norberak bizi ahal dituen egoera ezberdinetan aniztasunarekiko tratamendu egokia eta aberasgarria zein den ulertu dut. Ez naiz beldurtu behar, ez dut inor baztertu behar eta estereotipo, aurreiritzi, etiketa, jarrera diskriminatzaile edota arrazakeria identifikatu eta blokeatzen saiatu behar naiz.

Inklusioa jarrera edo pentsamendu bat da, izateko eta lan egiteko modua. Gure egunerokotasunaren parte izan behar da, gure harremanen ezaugarri. Integrazioa eta inklusioa zein berdin eta berdintasuna gauza bera esaten ez duten hitz bikoteak dira eta kontrakoa adierazten dutela esatera ausartuko nintzake. Inklusioan pertsonengan sinesten da, bere gaitasunak izan ahal dituen oztopo ezberdinen gainetik jarriz. Inklusioak ikasle guztien ikaskuntza eta partaidetzarako aukerak ematen ditu. Horretarako, bakoitzaren beharrak kontuan hartzen dira, eta hauek erantzun ahal izateko, antolaketa, esku-hartzeko edo proposamen metodologiko ezberdinak proposatzen dira. Horrela, guztien eskubide eta aukera berdintasuna bermatzen da.

Garrantzi handikoa da aurrean dugun pertsona kontuan hartzea, eta hau esaten dudanean, pertsona bera kontuan hartzea da, ez bere urritasun edo ezintasuna. Pertsonen zailtasunetan arreta gehiegi jartzeko joera dago, bere gaitasunak ahaztuz. Bakoitzaren ezaugarri eta aukerak indartu behar ditugu, bestearengan sinetsi eta honen garapena bultzatuz.

Honekin batera, aldagai kognitibo zein emozionalek ikaskuntza prozesuan duten eragina azpimarratu behar da. Hauei ematen diegun trataera, pertsonaren behar eta erantzunaren araberakoa izan behar da, bakoitzaren ikaste prozesu hezitzailea aberasgarria izan dezan. Guzti honetan, irakasle, ikasle eta noski, familien arteko talde lana, kooperazioa eta kolaborazioa ezinbestekoak dira. Komunikazio eta harreman jarraituak gure lanaren parte izan behar dira, guztion artean aniztasuna baloratzeko eta honi erantzuteko eskolak behar dituen egokitzapen ugariak pixkanaka gauzatzeko.

Hezkuntza premia berezien inguruan asko idatzi dut: hauen bilakaera historian zehar, hauei erantzuteko dauden profesional profil ezberdinak, eta milaka azalpen ezberdin. Baina, denbora honetan zehar benetan ikasi dudana behar hauen beste ikuspegi bat izan da: ez dagoela hezkuntza premia berezirik, premia guztiak erantzuna eskatzen duten beharrak dira eta horretarako gai izan behar garela (tutorearen papera eta honen eginbeharra azpimarratuz).

Hezkuntza sistemak eta eskola komunitateak bere antolaketa eta lan egiteko modua aldatu behar dute, ume guztien premiak erantzun eta guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatu ahal izateko. Horregatik, premia berezirik aipatzekotan,  hauek  umeen premiak ez direla azaldu behar da, hezkuntza sistemarenak baizik. Gure eskola da benetan behar handia eta berezia duena, eta honi aurre egiteko, guztion arteko sare kolaboratiboa sortu eta pausoz pauso gizarte honek behar duen aldaketa eraiki behar dugu.

Ikasketa koadernoan zehar, eta nola ez, sarrera honetan ere, aldaketa hitza askotan errepikatu da. Esan bezala, inklusioa ikuspegi, jarrera eta pentsamolde bat da, baina guzti hori errealitatea bilakatzeko, gure eskolaren aldaketa eman behar da. Lan asko dago aurretik, eta guztiok batera, bide berdina jarraituz, aurrera egin behar dugu, normalizazioaren ametsa gure egunerokotasunaren parte izan dadin. Ez dugu inoiz ahaztu behar norberak proposatutako aldaketa txikiak garrantzi handikoak direla, horiek baitira inklusioaren bidea eraikitzen dutenak. Eta bide horrek guztiontzako kalitatezko eskolaren arrakastara eramango gaitu.

Hezkuntzaren indarrean, eskolaren aldaketan eta inklusioaren errealitatean sakonki sinesten dut, eta horretan, irakasgai honek, edo hobeto esanda, izandako irakasleak, asko lagundu dit. Bere ekimena eta gogoen bidez, mundu honek behar duen eskola eraikitzea posiblea denaren sentimendua kutsatzen du, norberaren ekintza txikien bidez aldaketa handiaren partaide izateko gaitasuna dugula transmitituz. Eta lerro hauek aprobetxatuz, irakasle horri, nire esker beroenak eman nahi dizkiot, bidean aurkitutako oztopoak gainditzeko eta lanean jarraitzeko indarrak oparitu dizkidalako.

Hala ere, etorkizunari begiratzean, nire ardura handia da. Askotan, tamalez, nire ikaskideen proposamenak eta jarrerak aztertuta, hauetako batzuk, nahiz eta euren diskurtso akademikoan inklusioaren ikuspegia defendatu, honek ekartzen dituen aldaketetarako prest ez daudela ondorioztatu dut. Teoria eta praktikaren arteko lotura faltak hezkuntzaren inkoherentzia markatzen du eta horrek gure etorkizuneko eskolan izango dituen ondorioek asko kezkatzen naute. Gainera, datorkigun hezkuntza erreforma ez da lagungarria izango, eta gizarteak honen aurrean itsu eta geldi jarraitzen badu gutxiago. Baina ezin dugu etzi! Eraman dezagun teoria praktikara! Gure jarrera gure pentsamenduaren isla izan dezan! izan gaitezen eredu eraikitzaileak!

Nire buruari dagokionez, ikasgai honen ordu guztietan (eskola eta eskolaz kanpokoetan) ederki sentitu naizela aitortu behar dut. Momentu batzuetan, nire ikaskide batzuen jarrera gogorra edo desegokia deseroso egotera eraman nauten arren, gehienetan, gogotsu  eta errespetu osoz hartu dut parte. Aktiboki entzun eta besteek azaltzen zutena ulertzeko ahaleginak egin ditut, elkarreragin aberasgarria bideratuz. Lan indibiduala eta taldekoan ondo moldatu naiz, bi alderdietako ikaskuntza eta hausnarketa batuz.

Irakasleak emandako malgutasuna aprobetxatuz, nire lan pertsonala nire eginbehar pertsonalen arabera antolatu dut, ikasketa prozesu erosoa lortuz. Jarraitutako estrategia gelan esandakoak entzun, hauek jaso, parte hartu eta guzti horrek sortutako interes, galdera, eta barne sentimendu ugariak ondo aprobetxatu ditut. Egunetan zehar, gai eta galdera ezberdinei, buelta asko eman ostean, nire ondorioak hitzen bidez azalerazten saiatu naiz. Bidean zalantzaren batekin topo egin dudanean, eskura ditugun baliabide ezberdinak erabili dut nire ikerketa pertsonala burutzeko, nire galderei erantzuna emanez.

Planteatutako metodologiak norberaren erritmoa errespetatu du, eta batzuentzat kontzeptu, gai eta eginbeharrekoak nahasketa handia suposatu duten arren, niretzat ikasketa prozesu esanguratsu eta benetan baliagarria izan da. Gure autonomia eta antolaketa pertsonalari bultzada handia eman zaiola esango nuke, eta hori, bestelako lanak kontuan hartuta, eskertzekoa da. Talde lana garrantzi handikoa da, bai, eta indartu behar dugu, bai, baina tarteka, norberaren ikerketa eta hausnarketa indibiduala bideratzeko aukera eskaini behar zaigu.

Bestalde, filmen erabileraren aberasgarritasuna azpimarratu nahi nuke. Aspaldi, honen inguruko sarrera bat idatzi nuen, eta oraingoan, zine forumen aldekoa naizela berriro ere aipatuko dut. Filmek norberaren buruarekin eztabaida txikiak sortzen dituzte, oinarri teorikoen barneraketa bultzatuz. Agian, talde eztabaida egiteko toki eta tartea falta izan zaigu, baina hala ere, ikusitako pelikula guztiak oso esperientzia eraginkorrak izan direla uste dut.

Helburuen arabera lan egin beharrean, gaien loturen arabera eraiki dut nire ibilbidea. Gai batek bestera eramaten duela aprobetxatuz. Horrela, eskola inklusiboaren ikuspegia osatu dut, horrek eskatzen duen pentsamendu eta jarrera barneratuz. Agian, ez ditut helburuak urrenez urren jarraitu baina lortutako azken emaitza irakasgaiaren helburu nagusiarekin bat datorrela esango nuke, eta politikoki ondo ez badago ere, lortutakoaz arro nago.

Orain aipatutako azken emaitza hori ikasketa koaderno oso hau da, hasieratik bukaera arte. Bertan agertzen da orain lerro gutxitan azaltzen saiatu naizen baina ondo laburtu ezin dezakedan guztia: nire eboluzioa, nire ikasketa eta nire lana. Gaiak, kontzeptuak eta irizpideak ugariak izan dira, baina guztietatik garrantzitsuenak barneratutako ikuspegi inklusiboa eta aldaketarako prestutasuna dira. Eskolak dituen premiak erantzun ahal izateko esperientzia, harremanak eta eguneroko lan asko falta zaigu, baina jarrera behintzat, irakasgai eta irakasle honi esker, gurekin daramagu.

Bukatzeko, erantzun beharreko beste galderetako bat ea materia bukatutzat emango nukeen da, eta horren erantzuna, nire kasuan, argia da: ez. Irakasle baten formakuntza ez da inoiz amaitzen, egunerokotasunarekin batera aldatzen da, gizartearen moldaketarekin batera. Eskola Inklusiboa guztiok nahi dugun eskola bada, horretan egunero sinetsi behar dugu, eta egunero hau eraiki behar dugu.

Horretarako, gure ikerketa eta hausnarketa etengabekoa izan behar da, teoria praktikara eramanaz. Horregatik, eta informazioaren bilaketa eta elkartrukatzearen indarrean sinesten dudalako, kurtsoa eta irakasgaia bukatu arren, blogari jarraipena ematea erabaki dut. Agian ez dut azkenaldian bezain aktiboki idatziko (blog hau sortzeko beste blog bat alde batera utzita daukat eta hori ere elikatu behar dut) baina, denbora libre pixkat lortzen dudanean buruan ditudan mila ideia sarera erateko asmoa daukat, guztion kalitatezko hezkuntza sistema berria eraikitzeko gure esku artean ditugun googeta eta proposamenak komunitatearekin konpartitzea ezinbestekoa baita.

Mila esker gure hezkuntza egunetik egunera eraikitzen zaudeten guzti-guztioi, lan ederra egiten ari zarete, segi horrela!

Gaitasunak oztopoen gainetik jartzean, arrakastaren bidea eraikitzen dugu

Si può fare  (2008)– Giulio Manfredonia

Pelikula interesgarria, dibertigarria eta benetan ederra. Guztiz gomendagarria. Sarrera honetan,filmean kontatzen den istorioa alde batera utziko dut, zuei pelikulaz gozatzeko aukera emanez. Nire asmoa, ideia nagusi edota garrantzitsuetan oinarrituta, nire hausnarketa pertsonala laburki azaleratzea da soilik.

Norberak dituen gaixotasun, ezintasun edota zailtasunak alde batera utzita, pertsona pertsona da, eta horretarako norberaren ongizatea ezinbestekoa da. Inor ezin gaitu gure eskubide, betebehar eta aukerak ukatu, hauek baitira pertsona eraikitzen dutenak.

Profesional bakoitzaren ikuspuntu eta jarreraren arabera besteenganako duen tratua ezberdina izango da eta ondorioz beste pertsonak izango dituen aukerak eta garapena ezberdinak. Laburbilduz, profesionalaren lanaren arabera beste pertsonaren bizitza ezberdina izango da.

“Si algo es bueno para mi es bueno para ellos”

Taldea garrantzi handikoa da.Guztion kolaborazioari esker gauzak aldatzea posible da, ezinezkoa errealitatean bihurtuz. Horretarako, norberaren garapenaz gain, besteen ezaugarri eta beharrez kontziente izan behar gara, guztion eskubide berdintasunagatik borrokatuz.

Irakasle bezala, gaixo edo berezi bezala tratatzearen joera alde batera utzi eta bere izenez eta berdintasuneko tratamenduari bidea libre utzi behar diogu. Haur bakoitzaren gaitasunetan oinarrituta hauek indartu eta garatu behar ditugu, zailtasunei aurre egiteari irakatsiz baina oztopotan zentratu barik.

“Fallamos porque lo hemos intentado”

Umearen diagnostikoa garrantzitsua eta beharrezkoa bada ere, hau jarraitua izan behar da, garapen eta aurrera pausu guztiak kontuan hartuta. Momentu bateko gaitasun edota gaitasun eza ez dira egonkorrak, ez dira bizitza osorako. Gainera, gure gelan, ume bati laguntzeko prestatutako ariketa taldera eramatean taldea laguntzen dugu, guztiak beharrak ditugulako eta guztion parte hartze sentimendua garatzen dugulako.

Horrela, pelikulako protagonistek bezala, ezer ez izatetik guztia izatea lortuko dugu. Eta beti gogoan izan: “Ez delako egin, ez da ezin dela egin”

Si-Puo-Fare-CL-091

Aniztasunari erantzun

Asko dira eskola inklusiboaren ezaugarriak eta ondorioz, asko dira gertatu beharreko aldaketak. Aldaketa prozesu guztiek luzeak eta zailak izaten ohi dira, eta hau ez da salbuespena. Aniztasunaren trataerak ikuspegi inklusiboa Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua (IHP) eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuaren (ICP) elaborapenetik hasi eta geletako lana zehaztu eta garatzen den momenturaino zehar kontuan izan eta mantentzea eskatzen du.

Aldaketa prozesu honetan antolaketa atal berezi bat betetzen du. Aniztasunak aniztasuna eskatzen du, hau da, irakasle guztiengana errazago heltzeko antolaketa malgua eta estrategia pedagogiko anitzak, talde kooperatiboa erraztuz. Gelan ere, txoko, baliabide eta pertsonen taldekatze edo antolaketa garrantzi handikoa da. Antolaketa gure beharra erantzun behar dut, bestearekin egon, ikasi, bizi eta pentsatzen laguntzen dutelarik. Honen adibidetzat Antzuola Herri Eskolako eredua aipatu dezakegu. (Ikus Antzuolako Herri Eskola, HikHasi-Antzuolako Proiektuak eta HikHasi-Antzuolako psikomotrizitatea).

Ikasgela inklusiboak behar ditugu, non testuinguruan kokatuz, talde batean erritmo ezberdinak egotea onartzen den eta guztien garapen integrala eta orekatua ziurtatzen den. Proiektuak, txokoak, tailerrak edo bestelako talde mailako estrategia metodologiko ezberdinak erabiltzeko aukera dugu, baina, hauek burutzeko behar dugun espazio eta denboran antolatzeko guztien behar indibidualak zein taldearen ezaugarriak kontuan izango dira.

Garrantzi handikoa da baita, lan burokratiko eta administratiboa izan arren,  kurtso amaieran proposatutako antolaketa, metodologia, estrategia, ekintza, etab.-en onurak eta zailtasunak aztertzea eta hauek urteko planaren memorian jasotzea aldaketa prozesuaren oinarriak eraikiz.

Aniztasunaren trataerari dagokionez, eta barne hausnarketa azaleratuz,  nire ikuspegia inklusiboa da, nire aldaketarako jarrera ona, baina nire kezka handia. Etorkizunean, eskolara joatean, ikuspegi selektibo eta metodologia tradizionala dituzten irakasleekin batera lan egin behar badut, zer egin dezaket eskola inklusiboaren beharra aldarrikatu eta hau lortzearen alde egiteko? Pertsona bakar batek, eta egun batetik bestera, ezin du hezkuntza sistema oso bat aldatu. Hala ere, etzipena ez da bide eta argi izan behar dugu norberak duen lan egiteko modua, norberaren gelan fitxa bat ariketa inklusibo bategatik aldatzea bezalako ekintza txikiek aniztasun aberasgarriaren bidea eraikitzen dutela.

Horregatik, aldaketa handiak ez badira ere, zuen ikuspegia zabaldu, zuen jarrera eredutzat erabili eta inklusioari etzi gabe ekin. Eduardo Galeanok esan zuen bezala, “Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txiki eginez, mundua alda dezakete”

Hezkuntza-premia berezien historia

Hezkuntza-premia bereziekin jarraituz, gaur egungo egoera osotasunean barneratu ahal izateko, hauek dituzten pertsonen eskubide eta aukerak zein kontzeptua beraren bilakaera historia zehar aipatzea ezinbestekoa dela uste dut, horregatik, hainbat irakurgai ezberdinetatik jasotako informazioa bildu eta laburtu dut, honen inguruko ideia orokor bat adierazteko asmoz.

Gaia benetan sakona da, eta horregatik, norbait interesa izango balu, jakin informazio ugari dagoela eta sarreraren bukaeran nik erabilitako iturria nagusiak aipatuko ditut. Jakin honen inguruko testuliburu zein artikulu ugari daudela eta interesagarriak izateaz gain gure gaurko egoeran kokatzen eta etorkizuna antolatzeko laguntza handikoak direla.

Hezkuntza-premia bereziaren kontzeptuak, historian zehar izandako bilakaera aldaketa kontzpetualaz gain aldaketa terminologikoa ere ekarri ditu. Hasiera batean, hezkuntza-premia berezia, batez ere, nolabaiteko sentimen urritasuna zuten pertsonak zaintzea bezala ulertzen zen. Gerora, elkarlan mediko-psikopedagogikoa agertu zen esku hartze eta instituzio ezberdinak sortuz. Eta guzti honetan, azpimarratzeko diziplina: Pedagogia Terapeutikoa. Honen bidez, tratamendu psikopedagogikoa eta soziala urritasunak dituzten talde anitzetan ematen dira, profesionalengatik bideratuta.

Aro eta garai ezberdinetan zehar ekintza txikiak baina aldaketa handiak suposatu dituztenak burutu dira sendagile, hezitzaile eta psikologo anitzen eskutik, beti ikerketa, lan, argitalpen edo metodo berrietan oinarrituz. Beraz, guzti honetan, izen propio ugari agertzen dira, guztiak, bere neurrian, garrantzitsuak direlarik. Gainera, guzti hau, herrialde ezberdinetan gertatu da, eta horregatik ere, geografikoki hainbat kokapen ezberdin aipatu beharko dira. Ekintza batetik bestera gertatu diren aldaketak ugariak dira: jarrera, pentsamolde, ikuspegi, tratamendu, eskola, kontzeptuak, sailkapenak, terminologia, funtzioak, laguntzak, materialak, …

Aroa

Ezaugarri / Gertaera

Antzinako gizartea –          Nolabaiteko urritasuna/ezintasuna zuten pertsonak abandonatuak edo kanporatuak ziren (ez zuten bizitzerik merezi, haur-hilketa praktika)
Erdi aroa –          Elizak giza duintasuna babesten du-          Haur hilketak debekatzen dira

–          Urritasunen bat zuten pertsonak errefusiatuak bizitzen ziren beldurgarriak zirelako (bazterketa)

Estatu modernoa –          Humanismoa dela eta, inozotzat hartzen zituzten eta beraiekiko joera karitatearena da (tratu gizatiarragoa jaso)
XV. mendea –          Adimen urriko pertsonak zaintzera bideratutako lehen Erakundea (Gilabert Jofre anaiak)
XVI. mendea –          Lehen urratsak: Gormutuentzako Doktrina (Fray Pedro Ponce de Leon)
XVII. mendea –          Giltzaperatzearen garaia-          Gormutuentzako lehen tratatua (Juan Pablo Bonet)

–          Idiotekin hezkuntza esperientzia batzuk bultzatu zituen (Vicente de Paul)

–          Denontzako hezkuntza aldarrikatu (Commenio)

XVIII. mendea –          Gormutuei eskuekin komunikatzea ahalbidetzen dien hizkuntza mimikoa sistematizatu-          Gormutuen hezkuntzarako lehen eskola publikoa sortu zen Parisen

–          Itsuentzako eskola (Valentin Haüy)

–          Erliebeko puntuetan oinarritutako irakurketa eta idazketa sistema sortu (Louis Braille)

XIX. mendea –          Benetako lehenengo ahaleginak-          Adimen urrikoek benetako tratamendu mediko-pedagogikoa jaso

–          Tratatu morala aldarrikatu (Philipe Pinel)

–          Ume guztiak hezigarriak direla aldarrikatu (Itard, ume basatia dokumentala)

–          Adimen urrikoen bizi baldintzak hobera egin zuten

XIX. mendearen bigarren erdia –          Ezintasunen bat zuten pertsonen bizi-baldintzak hobetu ziren-          Esku-hartze terapeutikoari garrantzia (Seguinen)
XX. mendea –          Adimen neurtzeko lehenengo tresnak-          Eskola berriak ekarpen ugari (Maria Montessori)

–          Urritasun mota guztientzako erakunde espezializatuak sortu: arreta mediko psikopedagogikoa eskaini

–          Hezkuntza premia bereziak legalki onartzen dira: politika bereziak sortu

–          Normalizazio kontzeptua sortu (Bank-Mikkelsen)

–          Giza eskubideen deklarazioa

Etorkizuna –          Normalizazioa eta eskola inklusiboa (guztion lanari esker)

* Iturri nagusiak:

Ortiz Gonzalez, M. C. “Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak. Kontzpetuaren bilakaera historikoa”

Aierbe, A. (2008). Esku-hartze psikopedagogikoa garapenaren nahasteetan. Bilbo: EHU

(doako deskarga ondorengo orrian: http://testubiltegia.ehu.es)

Darretxe, L., eta Zenatagoitia, E. (2008). Hezkuntza bereziaren oinarri pedagogikoak.

Bilbo: UEU.

ISEI. (2005). Hezkuntza-Premia Bereziak Lehen Hezkuntzan Euskal Sistemaren erantzuna. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara