Blogaren artxiboa
Arazo-egoeren metodologia, ikasleen oinarrizko konpetentziak bermatzeko gako
Egun curriculumean oinarrizko konpetentziak garatzeko printzipio metodologikoak zehazten dira. Edukiak eguneroko bizitzarekin lotura izan behar dute eta horien lanketa egoera errealetan izan behar dute abiapuntua. Irakaslea izango da ikasketa-egoerak edota –eszenatokiak diseinatu eta antolatzearen arduraduna baina horien ebazpenean ikas-komunitate osoaren inplikazio aktiboa ezinbestekoa da. Horregatik, arazo-egoerak metodologia ikasleen oinarrizko konpetentziak bermatzeko estrategia ezin hobea da.
Arazo-egoeretan euren errealitatearekin lotura estua duen testuinguru eta arazoa aurkezten zaie ikasleei. Horri irtenbidea emateko (azken emaitza lortzeko) ikasleek jarduera anitzak eraman behar dituzte aurrea. Aurrerapauso bakoitzari esker ikasleek zeharka diziplina baitako zenbait konpetentzia landu dezakete eta, era berean, gaitasun digitala ere txertatzen da (informazioa bilatu, edukiak digitalki sortu, azken emaitza produkzio digital modura jaso…).
Berritzegune Nagusiak arazo-egoeretan oinarritutako zenbait unitate didaktiko landu eta guztion eskura jarri ditu Baliabide interesgarriak eta erabilgarriak benetan. Eta hona hemen nik sortutakoa (Gasteiz-en tranbia-linea berria?) , adibide gisa:
Era berean, norberak sortu dezake arazo-egoera bat. Egunerokotasuna, gertuko testuingurua eta taldearen ezaugarriak kontuan hartuta, edozein arazo-egoera lantzea posiblea da eta beti ikasketa-prozesu esanguratsua izango du bidelagun.
Arazo-egoeran oinarritutako unitate didaktikoa diseinatzerakoan, ezinbestekoa da testuingurua, arazoa eta helburua edo lortu beharreko emaitza ondo zehaztea. Ondoren, horretarako eman beharreko pausuak (jarduerak) eta erabili beharreko materialak (tresnak eta baliabideak) aldez aurretik zehaztu ditzakegu. Hala ere, egiteko modu bakarra ez dagoenez, pausu horien planifikazioa taldearen esku utzi ditzakegu, euren sormena eta erantzukizuna indartuz.
Orduan, ia konturatu gabe, arazo-egoera bakar baten gauzatzearekin hainbat konpetentzia lantzen direla konturatzen gara. Arazo-egoerak euren errealitatearekin lotura dutenez, ikasketak zentzu handia izango du, ikasleek konpetentziak zeharka garatuko dituzte eta euren inplikazio eta parte-hartzea nabarmenki areagotuko da.
“Front of the class”, inklusioaren ikasgai magistrala
Front of the class (2008) Brad Cohenen bizitzan oinarritutako filma da, benetan hunkigarria eta erabat aberasgarria. Laburpena ikusita bakarrik, hezkuntza eta inklusiari buruzko ikasgai magistrala jasotzeko aukera paregabea dugu. Hala ere, pelikula osoa ikustera gonbidatzen zaituztet!
Hemen pelikula osoa ingelesez, gaztelaniazko azpitituluak jarrita
Gurasoak eta haurren urritasunak: harreman gogorrak
Maria y Yo (2010) – Félix Fernández de Castro
Autismoaren nahasteak hiru zailtasun nagusi ditu ondoriotzat:
- Gizarte elkarrekikotasun nahastea
- Hitz eta ez hitzezko komunikazioa
- Interesgune eta jokabide mugatuak
Maria y yo dokumentalean, Mariaren egunerokotasunaren bidez, autismoaren ezaugarriak identifikatu eta ezagutzeko aukera dugu: arauak ezin ulertzea, izenak gogoratzeko gaitasuna, errutinen beharra, marrazkien bidezko komunikazioa, … Bere garapena, 14 urte dituelarik, 4 urteko ume batena da. Gainera, ezin ditu jasotzen dituen estimuluak ordenatu, denak batera hautematen dituelarik, kaos bat sortuz. Horregatik, isolamenduan babesten dira edota gauza bakar batean zentratzen dira.
10 hilabeterekin amak zerbait ondo ez zebilela antzeman zuen, Mariaren garapena ez baitzen normala. Baina aitak, pediatraren ahotik garapen atzerapena zegoela entzun arte ez zen sintomez konturatu, bere panpintxoaren arazoa onartzen kostatu zitzaion.
Gurasoen lehenengo sentimendua erruarena izaten ohi da, euren buruei non egon den akatsa galdetzen diotelarik. Larritasuna, galderak eta beldurrak ugariak ziren, baina, egoera berdinean aurkitzen ziren gurasoen eskutik laguntza handia jaso zutela aitortzen dute. Denbora aurrera egin ahala, Mariaren autismoa diagnostikatu zen eta Maria bere unibertso txikian bizi dela ulertu zuten.
Lortutakoak esfortzu handi eta lan gogorrari esker lortu ditu, eta gurasoek lortuko ez zituen gauza asko egiteko gai izan da. Autonomia eta autoestimua lantzen dute hezkuntza premia berezien eskolan zein etxean, egunero, minuturo: nahiz eta gehiago kostatu berak egin behar ditu lanak eta ondo egindakoa errekonozitzen diote.
Aitaren ardura nagusia Mariaren zoriontasuna da eta beldur handiena Mariaren bakardadea da. Hori dela eta, bera ez dagoenerako, Maria ulertu eta zainduko duen maitasun sarea eraikitzea da bere helburuetako bat, bere segurtasunaz ziurtatuz.
Esan bezala, dokumentalari esker, autismo nahastea ezagutzeko aukera dugu, baina nire uste, beste gai nagusi eta garrantzitsu bat lantzen du: gurasoen erantzuna, onarpena, jarrera, sentimenduak, ardurak eta beldurrak. Nahaste guztietan, gurasoen onarpen prozesua zaila eta luzea izaten ohi da, eta haurraren garapen orokorrean eragina du. Ondorioz, diagnostiko baten aurrean, familiaren informazioa jasotzea beharrezkoa da, etxeko giroa eta egoeraren inguruko iritzi, pentsamendu eta sentimendu ezberdinak.
Eta guzti honekin lotuta, orain dela pare bat egun irakurritako testu labur eta errez bat zuekin partekatzea nahi dut. Emily Pearl Kinsgley-en testua da eta era dotorean kontatzen digu urritasun bat duen seme/alaba bat izatea zer den: LA_BELLEZA_DE_HOLANDA
Berdin hezitu vs Berdintasunean hezitu
Aurreko batean, klase kide batek, taldeko lan bat zuzentzean, nire esaldi batekin ados ez zegoela esan zidan. Nire esaldiak eskola inklusiboa guztiok berdintasunean heztean oinarritzen dela esaten zuen, eta berak, irakasle batek klasean esan zigunez bezala, ezin ditugula ume guztiak berdin tratatu adierazi zidan. Berdin tratatzea eta berdintasunean heztearen arteko ezberdintasuna azaltzean nirekin bat egin zuen.
Nahaste hau haur hezkuntzako irakasle izateko ikasten dabilen norbaitengatik ematen bada, hau da, egunero, eta orduro inklusioari buruz hitz egiten duen norbaitengatik ematen bada, antza berdinak baina oinarrian hain ezberdinak diren bi ekintza edo jokabideen arteko ezberdintasunak azaltzea ezinbestekoa dela pentsatu dut.
Berdintasuna diskriminazioa eta bazterketa alde batera uzten dituen heziketa eredua da, era berean, pertsonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen eta onartzen ditu. Horrela, nork dauzkan gaitasunak bultzatzen ditu, pertsonak autonomo, solidario, kritiko eta zuzen bilakatzeko asmoz.
Bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak ezberdinak direnez, guztiak berdin tratatzen baditugu, ezinezkoa izango da berdintasuna bermatu. Berdintasuna, bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak aintzat hartuz, guztion garapen integrala aurrera eramateko aukera ziurtatzen du.
Adibide bat jartzearren, gure gelan, entzumen urritasuna duen ume bat dugula pentsatuko dugu. Gure ikasle guztiak berdin tratatzen baditugu, honi, entzumen urritasunik ez duten ikasleei bezala, ahozko azalpenak emango genizkioke, bere ikasketa prozesua porrotera eramanaz. Gure gela berdintasunean hezten badugu aldiz, azalpen bera zeinu, keinu edo irudiekin emateko moldatuko dugu, guztiek, informazio bera jaso dezaten eta guztion ikasketa prozesua arrakastatsua bilakatuz.
Berdintasuna hasieratik bukaera arte landu beharreko ikuspegi eta jokabidea da, eta ez soilik diskriminazio arazoa agertzen denean. Berdintasun eza guztiei eragiten digun arazoa da. Berdintasunean heztea gure egunerokotasunean lagungarria izango da, guztiontzako: egungo estereotipo eta etiketak sortzen dituzten arazoak ekiditeko baliabidea baita.
Arreta goiztiarra
0-6 urte bitarteko umeak era osasuntsu eta orekatuan hazi behar dira, eta guk, euren garapena sendoa izan dezan bermatu behar dugu. Hau betetzeko arriskuak daudela detektatzen dugunean hauei aurre egiteko ibilbidea sortu behar dugu, esku-hartzea ezinbestekoa baita: arreta goiztiarra.
Hau esanda, arreta goiztiarra 0-6 urteko haurrei, familiei eta inguruari zuzenduriko jarduera multzoa bezala definitu dezakegu; haurrek garapenean pairatuko edo para ditzaketen alterazio eta beharrizan iragankor zein iraunkorrei erantzuna lehenbailehen ematea helburu dutenak, hain zuzen. Jarduera hauek umearen osotasuna aintzat hartu behar dute, eta izaera interdiziplinarra duen lan talde batek planifikatuak egon behar dira.
Guzti hau aurrera eramateko protokolo ezberdinak daude, komunikazioa eta zerbitzuen arteko elkarlana ezinbestekoa delarik. Arreta goiztiarraren bidez, ezarritako neurriak, kolaborazioa eta proposamenak aniztasunari era eraginkorrago batean erantzuteko ahalmena emateko aukera dugu.
Horretarako, behaketa funtsezkoa da, informazioa biltzea alegia. Ondoren, osasun esku-hartzea eta laguntza-zerbitzuen txanda da. Ikastetxeak aukera anitzak eskaini behar ditu, guztiontzako helburu berdinak ezarriz eta diskriminazioa baztertuz. Eta prozesu osoan zehar familiaren papera ezinbestekoa da. Guztion elkarlanari esker garapen integrala bermatzea da helburua, beti ere bidean normalizazioa bilatuz.
Haur Hezkuntza haurraren hezkuntzaz haratago doa. Faktore guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzaren gaitasunak sortu, eraiki eta garatu behar dira. Arrakasta lortzeko ibilbide horretan aurkitu ditzakegun arazoak detektatzen abilak izatea garrantzitsua da ,eta hauek nola bideratu eta zuzen erantzuteko laguntzak eta baliabideak bilatzen eta erabiltzen baita noski.