Blogaren artxiboa
Laguntzeko, familia ezagutu
Aurrekoan, “Maria y yo” filmaren inguruan idazten nuen bitartean urritasun bat duen haurraren gurasoek sufritzen duten dolua eta familiaren egoerari buruz hausnartzeko aukera izan nuen. Gainera, gaiarekin lotutako testu eder bat partekatu nuen zuekin, benetan gomendagarria!
Oraingoan, Bartzelonako Pedagogia Fakultateko irakaslea den Freixa Niella, M.-ren “El ciclo vital de la familia de la persona con disminución psíquica” testua oinarritzat hartuta gai bera landu dugu, familiak hauen ezaugarri, pasatzen dituzten etapa eta bizi duten egoerari buruz hausnartzeaz gain gu, etorkizunean, tutore bezala, urritasuna duen haurrarekin batera familiari ere nola lagundu aztertu dugu.
Gai garrantzitsua dela defendatzen dudanez, testuan irakurritako zein klasean esan eta entzundako hitzak aitzakitzat hartu eta honen inguruko beste sarrera bat idaztea pentsatu dut. Gure irakasleak Freixa Niella, F.ek bizitza ziklokari buruzko idatzitakoaren laburpen ederra prestatu digu, testu originala irakurtzeko nagikeria duenak “Adimen urritasuna eta familia”-an urritasun bat duen seme/alaba bat izatearen ondorioz familiak pasatzen dituen etapa bakoitzaren ezaugarriez gain, etapa bakoitzean, familiari laguntza eskaintzeko egin beharrekoaren azalpena aurkituko du: familiaren laburpena
Ume baten jaiotzak aldaketa handiak suposatzen ditu edozein familietan, baina, urritasun bat edota nolabaiteko nahastea duen haur baten jaiotza familia baten bizitza ziklo osoa aldatzen duen gertakizuna da. Urritasuna onartzeko prozesua luzea izaten ohi da, eta hainbat fase ezberdinetan banatzen da. Umeari laguntzen diogun bitartean, bere familiari ulertzeko eta baita laguntzeko ere, etapa hauek ezagutzea oso baliagarria izango zaigu.
Familia bakoitza ezberdina denez, honen erantzuna ezberdina izango da eta horretan oinarritu behar gara laguntza eskaini eta ematerakoan, familiaren egoera eta erantzunarekin bat egiten duen laguntza mota eskaintzeak arrakastara bideratzen baitu.
Normalizazio printzipioa gure alde dugun arren, elkarte eta familiekin elkarlanean aritu behar gara, gogor eta etzi gabe. Familiarekin harremanetan egotea, hitz egitea eta elkarteekin era koordinatu eta kooperatiboan lan egin ezinbestekoak bihurtzen dira aipatutako laguntza garrantzitsu hori bideratzeko.
Hezitzaile onak izateko, eta familiei guztiei erantzun egokia eman ahal izateko kontuan izan beharreko informazioa da, bai, baina, familia hauek egunetik egunera bizi dutela ulertzeko gai gara gauza bere bizi izan ez badugu? Ez dut urritasun edota nahaste bat duen ume baten familia batekin harreman zuzena izateko aukerarik, baina, gaur egun dudan lanean, 21. trsomiaren sindromea, edota denok ezagutzen eta erabiltzen dugun izena erabilita, down sindromea duen mutil baten ama batekin kontaktu minimoa dut. Adineko pertsona bat da. Bere begietan, bere semearekiko maitasuna eta honen bizi kalitatea hobetzeko borrokatzeko prest dagoela ikusten duzun bitartean nekea eta beldurra somatu dezakezu. Dendatik pasatzen den bakoitzean, ordutu askotan zehar, galdera bera egiten diot nire buruari: nondik aterako du indarra?
Urritasun edota nahaste bat duen haurra izateak nekagarria izan behar da oso, baina honen autonomia lantzen eta lortzen ez denean, urteak aurrera joan ahala, sentitu behar duzun ardura eta beldurra ulertzea ezinezkoa dela uste dut. Horregatik, haien egoera ahalik eta hoberen ezagutzea beharrezkoa dugu, gure eskuetan dagoen laguntzarik onena eskaini ahal izateko.
Berdin hezitu vs Berdintasunean hezitu
Aurreko batean, klase kide batek, taldeko lan bat zuzentzean, nire esaldi batekin ados ez zegoela esan zidan. Nire esaldiak eskola inklusiboa guztiok berdintasunean heztean oinarritzen dela esaten zuen, eta berak, irakasle batek klasean esan zigunez bezala, ezin ditugula ume guztiak berdin tratatu adierazi zidan. Berdin tratatzea eta berdintasunean heztearen arteko ezberdintasuna azaltzean nirekin bat egin zuen.
Nahaste hau haur hezkuntzako irakasle izateko ikasten dabilen norbaitengatik ematen bada, hau da, egunero, eta orduro inklusioari buruz hitz egiten duen norbaitengatik ematen bada, antza berdinak baina oinarrian hain ezberdinak diren bi ekintza edo jokabideen arteko ezberdintasunak azaltzea ezinbestekoa dela pentsatu dut.
Berdintasuna diskriminazioa eta bazterketa alde batera uzten dituen heziketa eredua da, era berean, pertsonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen eta onartzen ditu. Horrela, nork dauzkan gaitasunak bultzatzen ditu, pertsonak autonomo, solidario, kritiko eta zuzen bilakatzeko asmoz.
Bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak ezberdinak direnez, guztiak berdin tratatzen baditugu, ezinezkoa izango da berdintasuna bermatu. Berdintasuna, bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak aintzat hartuz, guztion garapen integrala aurrera eramateko aukera ziurtatzen du.
Adibide bat jartzearren, gure gelan, entzumen urritasuna duen ume bat dugula pentsatuko dugu. Gure ikasle guztiak berdin tratatzen baditugu, honi, entzumen urritasunik ez duten ikasleei bezala, ahozko azalpenak emango genizkioke, bere ikasketa prozesua porrotera eramanaz. Gure gela berdintasunean hezten badugu aldiz, azalpen bera zeinu, keinu edo irudiekin emateko moldatuko dugu, guztiek, informazio bera jaso dezaten eta guztion ikasketa prozesua arrakastatsua bilakatuz.
Berdintasuna hasieratik bukaera arte landu beharreko ikuspegi eta jokabidea da, eta ez soilik diskriminazio arazoa agertzen denean. Berdintasun eza guztiei eragiten digun arazoa da. Berdintasunean heztea gure egunerokotasunean lagungarria izango da, guztiontzako: egungo estereotipo eta etiketak sortzen dituzten arazoak ekiditeko baliabidea baita.