Blogaren artxiboa

Tutorea

Eta hezkuntza-premia berezien gai honi lotuta, funtsezkoa den profesionala aipatzea ezinbestekoa da: tutorea.

Haur bakoitzak bere hezkuntza edo bestelako behar pertsonalak izango ditu eta tutorea izango da guzti hauei erantzuna ematearen arduraduna. Ume bakoitzaren erreferentziazko pertsona da.

Bestelako profesionalengandik laguntza eta aholkularitza jasoko du (aholkularia, PT, Berritzegune, …) baina gelan, ikasle bakoitzarekin, aurrera eramango diren estrategia ezberdinen ardura berea da.

Horregatik, garrantzi handikoa da ikasleak ondo ezagutzea, euren interesak, motibazioak, gaitasunak etab ondo ezagutzea eta hauen araberako lana antolatzea. Informazio bilketa bide ezberdinetatik burutuko du: behaketa, gurasoekin elkarrizketa, aurretiko tutoreak, irakasle klaustroa, dokumentazio akademikoa,…

Bere eginbeharren artean oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak eskuratzen laguntzea dago, eta hau, bere gelako ume guztientzat, era berdintsuan, aplikagarria da. Horretarako, bakoitzaren behar bereziak kontua izan beharko ditu eta kasu batzutan, helburu, eduki, estrategia edota materialak egokitu beharko ditu bere erantzuna egokia izan dezan.

Eta nola ez, arreta goiztiarraren elementu nagusietako bat da, bere funtzioetako bat ikasleek dituzten arazo edota zailtasunak detektatzea izango baita, hauei erantzuna eta konponbidea emanez.  Horretarako, PTarekin harremanetan egongo da, gelako irakasleekin bilduko da eta beharrezkoa bada eskolaz kanpoko talde multiprofesionalarekin kontaktuko du. Amaitzeko, gurasoei, behatutakoa eta jarraitutako prozesuaren berri emango die.

Guzti honegatik, tutorearen figuraren garrantziaz ohartzea garrantzi handikoa da, bere gelako ume bakoitzaren garapen integralaren eta honetan eragina duten elementu eta agente guztien arduraduna baita.

Arreta goiztiarra

0-6 urte bitarteko umeak era osasuntsu eta orekatuan hazi behar dira, eta guk, euren garapena sendoa izan dezan bermatu behar dugu. Hau betetzeko arriskuak daudela detektatzen dugunean hauei aurre egiteko ibilbidea sortu behar dugu, esku-hartzea ezinbestekoa baita: arreta goiztiarra.

Hau esanda, arreta goiztiarra 0-6 urteko haurrei, familiei eta inguruari zuzenduriko jarduera multzoa bezala definitu dezakegu; haurrek garapenean pairatuko edo para ditzaketen alterazio eta beharrizan iragankor zein iraunkorrei erantzuna lehenbailehen ematea helburu dutenak, hain zuzen. Jarduera hauek umearen osotasuna aintzat hartu behar dute, eta izaera interdiziplinarra duen lan talde batek planifikatuak egon behar dira.

Guzti hau aurrera eramateko protokolo ezberdinak daude, komunikazioa eta zerbitzuen arteko elkarlana ezinbestekoa delarik. Arreta goiztiarraren bidez, ezarritako neurriak, kolaborazioa eta proposamenak aniztasunari era eraginkorrago batean erantzuteko ahalmena emateko aukera dugu.

Horretarako, behaketa funtsezkoa da, informazioa biltzea alegia. Ondoren, osasun esku-hartzea eta laguntza-zerbitzuen txanda da.  Ikastetxeak aukera anitzak eskaini behar ditu, guztiontzako helburu berdinak ezarriz eta diskriminazioa baztertuz. Eta prozesu osoan zehar familiaren papera ezinbestekoa da. Guztion elkarlanari esker garapen integrala bermatzea da helburua, beti ere bidean normalizazioa bilatuz.

Haur Hezkuntza haurraren hezkuntzaz haratago doa. Faktore guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzaren gaitasunak sortu, eraiki eta garatu behar dira. Arrakasta lortzeko ibilbide horretan aurkitu ditzakegun arazoak detektatzen abilak izatea garrantzitsua da ,eta hauek nola bideratu eta zuzen erantzuteko laguntzak eta baliabideak bilatzen eta erabiltzen baita noski.

entzumen-urritasuna-1

Elling – Petter Næss (2001)

Pelikula honek gure errealitatearen inguruan pentsatu eta hausnartzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Gainera oso atsegina eta hunkigarria da. Beraz, erabat gomendagarria.

Gure artean, norberak bere berezitasunaren jabe izanik, guztiok gara berdinak, guztiok gara ezberdinak. Batzuetan, berezitasun hori, nahastetzat jotzen da, edo Ellingen hitzek azaltzen duten bezala, nahasketa etapan dauden pertsonak direla ulertzen da.

“Algunos se hacen los locos, pero usted esta loco de verdad”

Ellingen kasuan, gehiegizko babesa jaso duen ume bat izan zen. Ondorioz, gaur egun, leku guztietara berarekin doazen bi lagun ditu: bertigoa eta antsietatea. Hori dela eta, kalera irtetzeko laguntza behar du eta taberna bateko mahaitik komunera joateko aldiz, munduko ausardi guztia.

Istorioaren hasieran, bere muga (bertigoa eta antsietatea) dela eta, Elling zentro psikiatriko batean ingresatua dela ikusten dugu. Baina, gerora, bere gelakidearekin batera, modu autonomoan bizitzeko aukera du. Autonomiaren bidez Elling-i bere muga gainditzeko aukera eskaintzen diote, autonomia esperimentatzerakoan beldurrak eta oztopoak gainditzen aukerak sortzen baitira.

“Me siento seguro a su lado a pesar de que es la persona mas simple del planeta”

Batak besteari laguntza eskaintzen dio, segurtasuna, eta harremanen bidez euren nortasuna eta egunerokotasuna nola eraiki ikasten dute. Azkenik, euren arteko oreka aprobetxatuz, gizartean txeratzeko gaitasuna lortzen dute. Gainera, guzti honi esker, bakoitzak bere oreka pertsonala aurkitzen du, norberaren funtzioaren bilaketan arrakasta lortuz eta gustuko dutena landuz. Bestela esanda, mugak izan arren, gizarteko beste edozein banakako bezala, helburuak dituzte eta, aukera eskaintzen dietenean, helburu horiek lortzea euren motibazioa nagusia bilakatzen da.

Berezia ez da txarraren sinonimoa. Kasu batzuetan laguntza beharrezkoa izan arren, ez dugu inoiz ahaztu behar aurrera egiteko guztiok ekintza txikiak zein aukera berdinak behar-beharrezkoak ditugula. Behar bat erantzun eta gero egoera normalizaziorantz bideratu behar da. Aurrera egiteko jarrerak benetan aurrera egiteko aprobetxatu behar dira. Bizitza eraikitzeko norberaren nortasuna, izaera eta autonomia lantzeko aukeren eskaintza ezinbestekoa da.

Horregatik, pertsona batek, momentu jakin batean, laguntza bereziaren beharra izan arren, ez da pertsona hori betirako etiketatu eta gizartetik banatu. Garapena jarraitu eta garapenari jarraipena ematea ezinbestekoa da. Autonomia lagunen, harremanen, beldurren, egunerokotasuneko ikasketa berrien eta bizitza errealeko esperientzien bidez eskuratzen da. Garatzeko normalizazioa behar da.

“¡LO CONSEGUÍ!

Ezin da inoiz aurrean dugun pertsonaren gaitasuna zalantzan jarri hori lortzeko aukera eskaini gabe. Gure aurrean dugun pertsona arraro edo bitxia bezala etiketatu aurretik, guztiok ezberdinak eta, aldi berean, berdinak berdinak garela gogoratu behar dugu. Guztiok gure beldurrak gainditzeko aukerak eta autonomia behar dugu. Guztiok gara Elling.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara