Blogaren artxiboa
Jostailuak: Merkatua vs. Gure ardura
Aurreko sarreran aipatu dudan bezala, jostailuek haurren hezkuntzan eragin handia duten elementuetako bat da, euren sozializazio agenteetako bat jolasa da. Hau kultura patriarkalak bultzatzen dituen genero banaketa diskriminatorioan oinarrituta badago, gure haurrek zailtasun handiz barneratuko dute guztiontzako beharrezko eta aberasgarria den berdintasunaren balioa (genero ezberdintasunak ez du soilik emakumea diskriminatzen, kultura matxistaren ondorioz gizonezkoa ere galtzailea da, bere nortasuna era askean eraikitzeko aukerarik ez duelako).
Arazo honen aurrean, askok, norberaren erantzukizunaren ardura hartu beharrean, merkaturen ezarpenei egotziko die errua. Eta ez da gutxirako, gaur egun merkatuak jostailuak eskaini eta saltzeko dituen estrategiak erabat sexistak eta lotsagarriak baitira.
Orain esandakoa konprobatzeko gabonetako jostailu katalogoak hartu besterik ez dugu. Garai batean katalogoa orrialde urdin eta arrosetan banatzen zen. Horren kontra egindako lan handiaren ondorioz sailkapen zentzugabe hori gainditu dugu. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Gaur egungo katalogoen sailkapenak, nahiz bi kolore (genero) araberakoa ez izan, oraindik ere berdintasunaren adibide izatetik urrun daude. Nire esku artean izan ditudan azken katalogoetan jostailuak motaren arabera sailkatzen dira, hau da, bizikletak bizikletekin, panpinak panpinekin. Hori bai, atalaren arabera, jostailuekin jolasten agertzen direnak beti genero berdinekoak dira, kotxeen atalean guztiak mutilak eta sukaldeen atalean berriz guzti guztiak neskak.
Gainera, orain arte jostailu neutroak izan direnak azken urteetan aldatu egin dira, neskentzako eta mutilentzako produktu ezberdinak eskainiz eta generoen arteko ezberdintasunak eta estereotipo sexistak indartuz. Honen adibide argia LEGO da. Orain dela urte askotako produktua eta gaur egungoa alderatzea nahikoa da gure gizarteak egiten ari den atzera pausoaz konturatzeko. Lego-rena ez da kasu isolatua. Hurrengo estekan azken urteetan aldatu diren jostailuetako batzuk aipatzen dira. Benetan hausnarketa sakona eskatzen duten aldaketak dira.
Jostailuen bilakaera (inglesez)
Hori gutxi balitz, jostailu dendetan dauden profesionalen ikuspuntua era aipatu behar da. 2014. urtean, puzzle bat erosteko asmoarekin sartzen zara Bilboko jostailu denda batean, bai, irudi zehatz bat osatzeko helburuarekin pieza ezberdinak elkartzea eskatzen dizun jolas horietako bat erosi nahi duzu. Dendariari zure nahia aipatzerakoan, honek galdera batekin erantzuten dizu: norentzat da? neska edo mutila?. Hau, zoritxarrez, ez da asmatutako egoera bat, nire lagun bati gertatutaren istorioa erreala da, benetakoa. Oraindik harrituta eta zeharo beldurtuta nago. Norbaitek neska eta mutilen puzzleen arteko ezberdintasunak ezagutzen baditu, mesedez, azaldu.
Esan bezala, merkatuaren teknikak erabat atzerakoiak eta diskriminatzaileak dira, baina, ezin dugu gure erantzukizuna horren atzean ezkutatu. Jostailu horiek aukeratu, erosi eta umeei eskaini edo ez erabakitzen dutenak gu gara. Gure inguruan dauden haurren jostailu eta jolas eskaintza gure menpe dago. Azken hitza gurea da, eta eskaintza hori zabal eta anitza izatearen ardura baita. Gure esku dago kultura matxistak ezarritako pentsamendu, jokabide eta jarduera banatuak jostailuen bidez transmititu eta zabaltzea edo ez. Merkatuak ez ditzala gure haurren nortasun eta interesak eraiki, gure umeek esperimentatzeko, konparatzeko, hausnartzeko eta era askean erabakitzeko eskubidea baitute.