Blogaren artxiboa
Informazioa vs. Ezagutza
Ikerketan edukiak sendatzea eta esku artean dugun informazioa ondo aukeratzea, antolatzea eta kudeatzea funtsezkoa da. Hona hemen ideia hori laburtzen duen irudia:
PLE: edukiak sendatuz infoxikazioari aurre egin
Ikerketa bat aurrera eramaten dugunean, handia da infoxikazioa sufritzeko arriskua.
Infoxikazioa informazioa eta intoxikazioa hitzak elkartzen dituen neologismoa da. Alvie Toffler-ek 1970an”Future Shock” liburuan gaia aipatzen zuen arren, Alfons Cornella izan zen terminoa erabili zuen lehendabizikoa 1996. urtean.
Infoxikazioa informazio gainkargari deitzen zaio. Askotan, esaten ohi da sarearen abantaila nagusia eskaintzen digun informazio kopuru handia eta anitza dela. Baina, informazioa ondo aukeratzen eta kudeatzen ez badakigu, abantaila gure etsai bilakatuko da. Esku artean informazio kopuru handiegia izateak estutasuna, estresa eta nekea sor dezake eta guzti horrekin ikerketaren porrota.
Horregatik, edukiak sendatzea (content curation) ikertzailearen ezinbesteko estrategia izan behar da, ikerketa prozesuaren oinarrizko zeregina baita:
Informazioa bilatu, erabili eta zabaltzerakoan, funtsezkoa da gure helburua edota gaia zein den beti gogoan izatea. Modu honetan, informazio garrantzitsuena bildu eta kalitatezko informazioa zabaltzea lortzen da.
Informazio garrantzitsu, esanguratsu eta egokiena erabiltzea eta zabaltzea, ikerketaren edukia sendatzeko baliagarria izateaz gain, Interneteko edukien kalitatea bermatzeko bidea da.
Honakoak dira sarean edukiak sendatzeko aurki ditzakegun tresna batzuk (tresnaren webgunera joateko, irudian click egin) (trensak erabiltzeko, tresna bakoitzaren webgunean izena ematea derrigorrezkoa da):
Oso bisuala ez izan arren oso tresna eraginkorra da. Azpimarratzeko aukera ematen du. Unibertsitate mailan oso erabilia.
Eduki-sare bat da. Plataformak ematen dizun informazioa + Kanpoko informazioa gehitzeko aukera + Zure bilaketen araberako gomendioak.
Era berean, oinarrizkoa da garrantzitsua eta erabilgarria den informazioa ondo gordetzea eta antolatzea. Horretarako ere, lagungarriak diren tresna ugari daude. Hona hemen adibide batzuk (tresnaren webgunera joateko, irudian click egin):
Gainera, aipatutako tresnak erabiltzerakoan beste informazio-motako kopuru handia sortzen da: erabiltzaile eta pasahitzak. Eskerrak, hori kudeatzeko ere tresna ugari daudela. Hona hemen adibide bat (tresnaren webgunera joateko, irudian click egin):
PLE: nabigatzailea aukeratzea, informazioa bilatzeko lehenengo urratsa
Interneten informazioa bilatzeko, lehendabiziko urratsa nabigatzaile bat aukeratu, ireki eta erabiltzea da. Nabigatzailea informazio-bilaketaren oinarrizko tresna da.
Eskura ditugun nabigatzaile gehienen oinarrizko funtzionamendua bera izan arren, euren artean ezberdintasunak daude. Garrantzitsua da nabigatzaile bakoitzaren ezaugarria nagusiak (abiadura, segurtasuna, pribatutasuna, diseinua) eta eskaintzen dizkigun aukerak/funtzioak (irrisgarritasuna, laster-markak, bilaketak, pluging-ak…) ezagutzea, gure lan egiteko moduarekin bat egiten duena edota gure lan estrategien arabera egokiena dena aukeratu eta erabiltzeko.
Hona hemen mundu mailan gehien erabiltzen diren nabigatzaileak (tresnaren webgunera joateko, irudian click egin):
- FIREFOX
Firefox nola erabili eta aukerak
- CHROME
Chrome nola erabili eta aukerak
- INTERNET EXPLORER
Jostailuak: Merkatua vs. Gure ardura
Aurreko sarreran aipatu dudan bezala, jostailuek haurren hezkuntzan eragin handia duten elementuetako bat da, euren sozializazio agenteetako bat jolasa da. Hau kultura patriarkalak bultzatzen dituen genero banaketa diskriminatorioan oinarrituta badago, gure haurrek zailtasun handiz barneratuko dute guztiontzako beharrezko eta aberasgarria den berdintasunaren balioa (genero ezberdintasunak ez du soilik emakumea diskriminatzen, kultura matxistaren ondorioz gizonezkoa ere galtzailea da, bere nortasuna era askean eraikitzeko aukerarik ez duelako).
Arazo honen aurrean, askok, norberaren erantzukizunaren ardura hartu beharrean, merkaturen ezarpenei egotziko die errua. Eta ez da gutxirako, gaur egun merkatuak jostailuak eskaini eta saltzeko dituen estrategiak erabat sexistak eta lotsagarriak baitira.
Orain esandakoa konprobatzeko gabonetako jostailu katalogoak hartu besterik ez dugu. Garai batean katalogoa orrialde urdin eta arrosetan banatzen zen. Horren kontra egindako lan handiaren ondorioz sailkapen zentzugabe hori gainditu dugu. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Gaur egungo katalogoen sailkapenak, nahiz bi kolore (genero) araberakoa ez izan, oraindik ere berdintasunaren adibide izatetik urrun daude. Nire esku artean izan ditudan azken katalogoetan jostailuak motaren arabera sailkatzen dira, hau da, bizikletak bizikletekin, panpinak panpinekin. Hori bai, atalaren arabera, jostailuekin jolasten agertzen direnak beti genero berdinekoak dira, kotxeen atalean guztiak mutilak eta sukaldeen atalean berriz guzti guztiak neskak.
Gainera, orain arte jostailu neutroak izan direnak azken urteetan aldatu egin dira, neskentzako eta mutilentzako produktu ezberdinak eskainiz eta generoen arteko ezberdintasunak eta estereotipo sexistak indartuz. Honen adibide argia LEGO da. Orain dela urte askotako produktua eta gaur egungoa alderatzea nahikoa da gure gizarteak egiten ari den atzera pausoaz konturatzeko. Lego-rena ez da kasu isolatua. Hurrengo estekan azken urteetan aldatu diren jostailuetako batzuk aipatzen dira. Benetan hausnarketa sakona eskatzen duten aldaketak dira.
Jostailuen bilakaera (inglesez)
Hori gutxi balitz, jostailu dendetan dauden profesionalen ikuspuntua era aipatu behar da. 2014. urtean, puzzle bat erosteko asmoarekin sartzen zara Bilboko jostailu denda batean, bai, irudi zehatz bat osatzeko helburuarekin pieza ezberdinak elkartzea eskatzen dizun jolas horietako bat erosi nahi duzu. Dendariari zure nahia aipatzerakoan, honek galdera batekin erantzuten dizu: norentzat da? neska edo mutila?. Hau, zoritxarrez, ez da asmatutako egoera bat, nire lagun bati gertatutaren istorioa erreala da, benetakoa. Oraindik harrituta eta zeharo beldurtuta nago. Norbaitek neska eta mutilen puzzleen arteko ezberdintasunak ezagutzen baditu, mesedez, azaldu.
Esan bezala, merkatuaren teknikak erabat atzerakoiak eta diskriminatzaileak dira, baina, ezin dugu gure erantzukizuna horren atzean ezkutatu. Jostailu horiek aukeratu, erosi eta umeei eskaini edo ez erabakitzen dutenak gu gara. Gure inguruan dauden haurren jostailu eta jolas eskaintza gure menpe dago. Azken hitza gurea da, eta eskaintza hori zabal eta anitza izatearen ardura baita. Gure esku dago kultura matxistak ezarritako pentsamendu, jokabide eta jarduera banatuak jostailuen bidez transmititu eta zabaltzea edo ez. Merkatuak ez ditzala gure haurren nortasun eta interesak eraiki, gure umeek esperimentatzeko, konparatzeko, hausnartzeko eta era askean erabakitzeko eskubidea baitute.