Blogaren artxiboa

Talde-lana, teoria eta praktikaren arteko borroka

Eskoa Inklusiboaz hitz egiten dugun bakoitzean, beti gogoan izan behar dugu parte-hartzea eta talde-lana, hauek baitira inklusiboaren oinarriak.

Talde kooperatiboen bidez guztion parte hartzea suspertzen da eta guztien arteko elkar-ikaskuntza bultzatzen da. Babes, laguntza eta kolaborazio sareak eraikitzen dira, harremanak sendotuz eta,  beti ere, talde kide bakoitzari parte hartzeko aukera berdinak emanez.

Mota honetako talde bat sortzerakoan, kideen heterogeneotasuna bermatu behar da, bakoitzak, taldearen barnean, independentzia eta eginbehar bat izanik eta, aldi berean, guztion arteko helburu adostua jarraitzen delarik.

Taldeak benetako ikaskuntza kooperatiboa lortu dezan honako baldintzak bete behar dira:

  1. Independentzia positiboa: Taldearekiko atxikipena eta konpromisoa sentitzea ezinbestekoa da.
  2. Talde eta banakako ardura: Banakako lana talde lana aurrera eramateko beharrezkoa da eta horren ardura norberarena da. Guztiok ikastea guztion ardura da.
  3. Talde-gaitasunak: Eduki akademikoez gain gaitasun sozial eta pertsonalak bereganatu behar dira.
  4. Talde-ebaluazioa: Lan prozeduren inguruko talde zein banakako hausnarketa egin behar da aurrerantzeko antolakuntza hobetzeko.

Irakasle bezala, ikasleen ezagutzaren eraikuntza kooperatiboa eraginkorra izan dezan, honakoak izan behar ditugu kontuan:

–          Helburua argia izan behar da.

–          Prozedurak eta talde elkarreraginaren berri eman.

–          Lan-prozedura gainbegiratu eta laguntza eskaini, horrela eskatzen badute.

–          Lan zein kolaborazioari buruzko ebaluaketa egin. Lorpen indibidualak ere aipatu.

Teoria eta gero, loturak eta hausnarketa. Aipatutako ezaugarri multzo hauek nire egoera pertsonalarekin alderatu ditut. Gaur egun, talde-lanaren metodologien alde egiten da. Honi esker, ezarritako edukiez gain, bestelako gaitasun ugari lortzen ditugula onartzea legezkoa da, hala nola, kooperazioa, koordinazioa eta elkarganako errespetua. Baina, gure talde-lanaren planteamenduaren eta benetako talde kooperatiboaren artean alde handia dago.

Gure talde-lanetan, helburua argia izaten ohi da, jarraitu beharreko prozedurak ezagunak eta nire kasuan behintzat, egindakoaren inguruan hausnartzen dut, hurrengo lanari begira, hobekuntza proposamenak elkartrukatzeko. Hala ere, asko dira, aurreko baieztapena idazteko arrazoiak:

–          Independentzia positiborik eza. Taldekideen helburu pertsonalen arabera taldearekiko konpromisoa ez da ematen.

–          Ardura indibiduala ez da bermatzen. Kasu askotan, talde-lana lan gutxiago egitearen sinonimotzat ulertzen da, honen antolaketa eta lan ardura osoa gutxi batzuena soilik izanik.

–          Talde lanaren prozedurak ez dira ikuskatzen. Taldeak lortzen duen emaitza bakarrik hartzen da kontuan. Ez dago inolako feedback-ik lan prozeduren inguruan.

–          Ez da ekarpen indibiduala baloratzen, taldeak entregatutako bukaerako lana baizik.

Hau guztia gaur egungo gizartearen jarrera eta sistemaren eraikuntza indibidualagatik gertatzen dela uste dut. Unibertsitate mailan, gauzak asko aldatu dira, metodologia proposamen berriari esker klase magistrala eta banakako lana alde batera utzi da, elkarreragina eta elkar-irakaskuntza bultzatuz. Baina, oraindik ere, benetako talde kooperatiboak lortzeko bidea luzea da eta egin beharreko lana handia.

Nire kasuan adibidez, talde kooperatiboen alde egiten dut, eta batzuetan banakako lanerako joera badut ere, talde-lana aurrera eramateko eman beharreko urratsak kontuan izaten saiatzen naiz. Askotan, honen aurrean jaso dudan erantzuna oso negatiboa izan da. Prozedura, sistema eta pertsonen ardura zein jarreren ondorioz, talde kooperatiboan lan egin nahi duena ergeltzat jotzen da, honi lan zama osoa egotziz. Helburu zehatzak lortu nahi dutenek, euren esfortzu eta lanaren bidez, nota-puntuak oparitzen dizkiete lan egiteko gogo gutxi dutenei, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa negozio ederrean bihurtuz.

Horregatik, aipatutako lan-jarrerak, balioak eta abarrekoak Haur Hezkuntzan lantzearen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da. Eskolan, familian, kalean landu behar dira, txikitatik lan kooperatiboa barneratzeko eta, aurrerantzean, talde-lanetan benetako independentzia eta ardura indibiduala lortzeko.

Horretaz gain, hezkuntza sistema bera, pixkanaka bada ere, aldatu beharko genuke, kooperazioa bermatzen ez duen sistema batean talde kooperatiboak lantzeak ez baitu zentzu handirik. Irakasleen ikuspegia eta lan egiteko modua aldatu behar da, eskolen antolaketa, familiekin harremanak eta batez ere, ebaluatzeko modua.

Advertisements
muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara