Blogaren artxiboa

Berdin hezitu vs Berdintasunean hezitu

Aurreko batean, klase kide batek, taldeko lan bat zuzentzean, nire esaldi batekin ados ez zegoela esan zidan. Nire esaldiak eskola inklusiboa guztiok berdintasunean heztean oinarritzen dela esaten zuen, eta berak, irakasle batek klasean esan zigunez bezala,  ezin ditugula ume guztiak berdin tratatu adierazi zidan. Berdin tratatzea eta berdintasunean heztearen arteko ezberdintasuna azaltzean nirekin bat egin zuen.

Nahaste hau haur hezkuntzako irakasle izateko ikasten dabilen norbaitengatik ematen bada, hau da, egunero, eta orduro inklusioari buruz hitz egiten duen norbaitengatik ematen bada, antza berdinak baina oinarrian hain ezberdinak diren bi ekintza edo jokabideen arteko ezberdintasunak azaltzea ezinbestekoa dela pentsatu dut.

Berdintasuna diskriminazioa eta bazterketa alde batera uzten dituen heziketa eredua da, era berean, pertsonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen eta onartzen ditu. Horrela, nork dauzkan gaitasunak bultzatzen ditu, pertsonak autonomo, solidario, kritiko eta zuzen bilakatzeko asmoz.

Bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak ezberdinak direnez, guztiak berdin tratatzen baditugu, ezinezkoa izango da berdintasuna bermatu. Berdintasuna, bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak aintzat hartuz, guztion garapen integrala aurrera eramateko aukera ziurtatzen du.

Adibide bat jartzearren, gure gelan, entzumen urritasuna duen ume bat dugula pentsatuko dugu. Gure ikasle guztiak berdin tratatzen baditugu, honi, entzumen urritasunik ez duten ikasleei bezala, ahozko azalpenak emango genizkioke, bere ikasketa prozesua porrotera eramanaz. Gure gela berdintasunean hezten badugu aldiz, azalpen bera zeinu, keinu edo irudiekin emateko moldatuko dugu, guztiek, informazio bera jaso dezaten eta guztion ikasketa prozesua arrakastatsua bilakatuz.

Berdintasuna hasieratik bukaera arte landu beharreko ikuspegi eta jokabidea da, eta ez soilik diskriminazio arazoa agertzen denean. Berdintasun eza guztiei eragiten digun arazoa da. Berdintasunean heztea gure egunerokotasunean lagungarria izango da, guztiontzako: egungo estereotipo eta etiketak sortzen dituzten arazoak ekiditeko baliabidea baita.

LOMCE legea: Bereizketaren munstroa

Asko dira azkenaldian, LOMCE legearen aurka argitaratzen diren berriak eta aurrera eramaten ari diren ekintzak, baina, gizarteak hezkuntza lege aldaketak benetan ekarriko diguna ezagutzen du?

Honen aurrean, arduragabetasun handia somatzen dut, eta horrek arrisku handia suposatzen du guztiontzat, hezkuntza, azken finean, guztion etorkizuna baita. Horregatik, ikasle, irakasle, guraso eta guztioi, lege aldaketaren irakurketa kritiko bat egitera gonbidatzen zaituztet, gure hezkuntza defendatzeko, guztion ardura eta elkar borraka beharrezkoa baita.

Eduki eta ebaluazioek dira aldaketa nagusiak jasoko dituztenak. Irakasgai tronkalen curriculuma Madrilen adostuko da eta ikasleek honetan oinarritutako derrigorrezko azterketa bat gainditu beharko dute etapa batetik bestera pasa ahal izateko. Azterketa hauen emaitzak publikoak izango dira.

Horren atzetik, zentralizazioa eta bereizketen sakontzea dago eta horrek gizartean era zuzenean eragingo du. Aniztasunari aurre egiteko gaitasuna ezabatuko dute, bazterketa indartuz. Hezkuntza, sistema guztiz injustua bilakatuko da, aukera berdintasuna bermatzea ezinezkoa izango delarik. Legean egiten den kalitatearen planteamendua ez dator inkusioaren planteamenduarekin bat. Hezkuntza, lasterketa konpetitibo batean bihurtuko da eta zailtasunak duena galtzaile izendatuko da.

Gainera, eskola kontseiluaren eskubideak gutxiagotu egingo dira, zuzendaritza indartuz eta hain garrantzitsua den familiaren parte-hartzea alde batera utziz. Horrela, gure hezkuntza-komunitateko faktore nagusietako bat ezabatuko da eta aspaldiko garaietako eskolaren antolakuntza bertikala bueltatuko da.

Erlijioko irakasgaia bueltatzen da, eta honen curriculumaren arduraduna eliza katolikoa izango da, laikotasuna ahaztuz. Irakasgaia ebaluagarria izango da, espediente akademikoan eragina izango du alegia.

Eskola-tokiak eskaeraren araberakoa izango dira. Hau da, eskaria pribatua bada, horretara bideratuko dira baliabideak. Eskola publikoa ez da defendatuko eta hezkuntzaren pribatizazioa areatuko da.

Euskadiren kasuan, gure kultura eta curriculuma zapalduak izango dira, gure eskola gobernu zentralaren menpe egongo baita. Gure kultura, herrigintza eta eskola bakoitzak egindako lana ez da aintzat hartuko. Gure hizkuntzari dagokionez, ez da asko zehaztu, baina esandakoaren arabera, D eredua arrisku handian dago.

Berrikuntza bultzatu beharrean, atzera pausu bat egingo dugu. Eskolak, azken urteetan egindako lana eta lortutakoa ez da kontuan hartuko. Hezkuntzari ikuspegi merkantilista batera bultzatuko zaio, pertsonak alde batera utziz eta ekonomia, lehiakortasuna, ezberdintasunak eta bazterketa erabat indartuz.

Guk nahi dugun eskola ez da LOMCEk proposatzen duen eskola. Gure eskola guztion artean egiten dugun eskola da, bertan guztiok gara partaide. Ikasleen arteko kooperazioa eta elkarlana bultzatu nahi dugu. Ebaluaketa jarraituei esker hobekuntzak proposatu nahi ditugu. Guretzako pertsona eta elkarbizitza hezkuntzaren irizpide garrantzitsuenetakoak dira! Elebitasun eraginkorra bermatu nahi dugu. Horregatik, gure arteko ezberdintasunak ahaztu eta legearen kontra bat egin behar dugu. Indarrak batu eta gure hezkuntza defendatu!

819187_436854559725383_994989354_o

  • Informazio gehiago:

“Rechazo mayoritario de los agentes educativos vascos a la LOMCE” – Diario Vasco, 2013-02-19

LOMCEri ez! – EHIGE

Murrizketarik ez! LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezuntza! – STEE-ELIAS, LAB eta ELA

Lo que esconde la LOMCE. Análisis del anteproyecto de la Ley de Educación – Soy pública

Anteproyecto de la Ley Órganica para la Mejora de la Calidad Educativa – Gobierno de España

Normalizazio printzipioa: urritasunen bat duten pertsonen eskubideen bermatzeilea

Normalizazioaren kontzeptua arlo sozialean sortu zen, pertsonen arteko harremanetan oinarrituz. Bere definizio zabalduena honakoa da: “urritasunen bat duen pertsonek pertsona “normalek” daramaten bizitza bera izateko aukera”.

Helburua ez da nolabaiteko urritasuna duten pertsonak normalizatzea, hauekin dugun harremanak normalizatzea baizik. Eta horrek gizarte osoaren jarrera aldaketa eskatzen du. Pertsona bakoitzaren urritasunak onartu eta, horren arabera, gainerako hiritarrek dituzten bizi-baldintza berberak izateko aukera normalizatzea.

Historian zehar, urritasunaren bat izan duten pertsonak baztertuak izan dira, gizarteko benetako partaideak izateko eskubidea izan gabe. Horrek marjinazioa eta diskriminazioa bideratu zuen, minusbaliatuen taldea isolatuz.

Ondoren, “atzeratuekiko” jarrera humanitarioa sortu zen, gizartearengandik babestu nahian. Ordutik hasita, eta gaur egun arte, berdintasunaren alde lan egin da eta egiten da. Helburua, urritasunaren bat duten pertsona taldeen giza-eskubideak eta eskubide zibilak errespetatzea da, berdintasun juridikoa bultzatuz.

Normalizazio-printzipioaren arabera, urritasunak dituzten pertsonek gainerako herritarren eskubide eta betebehar berberak dituzte:

1. Bizitoki-baldintzak:

Haur guztiek gurasoekin bizitzeko eskubidea dute eta, bere egoerak etxeko giroa erabat oztopatzen badu, ordezko etxe edo familia baten giroa sortzen duen egoitza batean bizitzeko aukera eman behar zaio. Betiere, erakunde eta familien elkarlanean oinarrituz.

Adin nagusien kasuan, heldu bati ematen zaion tratu bera emango zaie. Urritasunaren bat duen pertsona batek eta gainerako hiritarrek egoera berdintsuetan bizi behar dute.

2. Lan-baldintzak:

Haur guztiei hezkuntza eskaini behar zaie, ume bakoitzaren gaitasunak edozein direlarik. Hezkuntza jasotzeko eskubidea giza eskubidea da.

Helduek aldiz, gainerako hiritarren lan eta soldata aukera berak izan behar dituzte. Urritasunaren bat duten pertsonek soldata duina eta bidezkoa jasotzeko eskubidea dute.

3. Aisialdi-baldintzak:

Denbora librea, nahiz jolas-jarduerak izateko eskubidea izatea, hau da, gainontzeko hiritarrei eskaintzen zaizkien ekintza beretan parte hartzeko eskubidea: kirola, jolasak, txangoak, bidaiak, etab.

532202_415935711807644_1279699047_n

4- Osasun-baldintzak:

Euren urritasunari aurre egiteko zerbitzu berezituak behar badituzte, tratamendu berezia izateko espezialitateak eskuratzeko aukera izatea ezinbestekoa da.

Aurrerapauso harrigarriak egin dira. Urritasunaren bat duten pertsonak, ahaztutako gutxiengo bat izatetik, euren eskubideak aldarrikatzen dituzten hiritar taldea izatera pasatu dira. Urteetan zehar egindako lanari esker, pertsona multzo honen bizi baldintzak gainontzeko hiritarren bizi baldintzei gerturatzea lortu da. Hala ere, gaur egun, oraindik, lan handia egiteke dago, batez ere, tratamenduari dagokionez.

Alde batetik, pertsona hauen esparru ezberdinak erakunde eta pertsona ezberdinenek erantzun behar dute. Hau da, ez dira bizitokia, lana (hezkuntza barne), aisialdia eta osasuna nahastu behar. Askotan, urritasunaren bat duten pertsonen kasuan, pertsona bakarra da, 24 orduz, esparru guztiei erantzuna ematen diona. Bizitzako arloak berezitu behar dira eta bakoitza profesional ezberdinengatik usatu behar da.

Bestetik, tratamendua eta harremanen normalizazioaren alde egin behar dela uste dut. Bizi baldintzak normalizatzea lortu den arren, urritasunaren bat duten pertsonen eta gainontzeko hiritarren arteko harremanak eskasak eta kasu gehienetan ez dute berdintasuna bermatzen. Oraindik, giza jarrerak asko aldatu behar dira eta horretarako, guztiontzako kalitatezko hezkuntza ezinbestekoa da, guztion arteko elkarbizitza.

Eta azkenik, ez dugu inoiz normalizazioa integrazioarekin nahastu behar. Normalizazioa urte asko eta askoko lanaren xede nagusia da. Integrazioa aldiz, helburua lortzeko tresna. Beraz, gure lanean, gure egunerokotasunean, integrazioa lagun izan arren, gure begirada normalizaziorantz bideratu behar dugu. Benetako normalizazioa lortzeak integrazioaren beharra ezabatzen du.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara