Blogaren artxiboa

Gelaren antolaketa haurren interesen arabera aldatu behar da

Aste honetan, blog batean irakurri dut “El miedo al aula desnuda” izenburupean idatzitako esperientzia eta iritzia. Bertan aipatzen diren gako eta argudioen ondorioz, gelaren antolaketa, erabilera eta apainketaren eragina eta garrantziaren inguruan hausnartu dut.

Gehienetan, guztiok “gela arruntak” bezala ezagutzen ditugunak aldez aurretik ezarritako txokoetan banatuta egoten dira, altzairu eta materialez beteta. Ohitura zabalduena da ikasturte osoan zehar beharko den materiala gelan izatea eta, batzuetan elementuren batzuk aldatzen badira ere, oinarrizko antolaketa bera ikasturte osoan zehar mantentzen da.

Badira, baina, beste aukera batzuk. “Pedagogias vivas” bezala ezagutzen direnak, hezkuntza eta haurra bera beste modu batera ulertzera gonbidatzen gaituzte, gela erabat moldagarria den espazio batean bihurtuz.

Gela haurren nahi, interes eta beharretara moldatu behar da. Haurren nahi, interes eta beharrak ikasturtean zehar aldatzen dira eta ondorioz, espazioaren antolaketa, erabilera eta apainketa haurrek bizi duten momentuarekin bat egin dezaten, ikasturtean zehar gela aldatu behar da. Aldaketa horretan, haurrak izan behar dira protagonista: gela haurren erabaki eta lanari esker eraiki eta apaindu behar da, gela haurrentzako gune esanguratsua bilakatuz eta haurren poztasuna ziurtatuz.

DSCN2471paint

Tutorea

Eta hezkuntza-premia berezien gai honi lotuta, funtsezkoa den profesionala aipatzea ezinbestekoa da: tutorea.

Haur bakoitzak bere hezkuntza edo bestelako behar pertsonalak izango ditu eta tutorea izango da guzti hauei erantzuna ematearen arduraduna. Ume bakoitzaren erreferentziazko pertsona da.

Bestelako profesionalengandik laguntza eta aholkularitza jasoko du (aholkularia, PT, Berritzegune, …) baina gelan, ikasle bakoitzarekin, aurrera eramango diren estrategia ezberdinen ardura berea da.

Horregatik, garrantzi handikoa da ikasleak ondo ezagutzea, euren interesak, motibazioak, gaitasunak etab ondo ezagutzea eta hauen araberako lana antolatzea. Informazio bilketa bide ezberdinetatik burutuko du: behaketa, gurasoekin elkarrizketa, aurretiko tutoreak, irakasle klaustroa, dokumentazio akademikoa,…

Bere eginbeharren artean oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak eskuratzen laguntzea dago, eta hau, bere gelako ume guztientzat, era berdintsuan, aplikagarria da. Horretarako, bakoitzaren behar bereziak kontua izan beharko ditu eta kasu batzutan, helburu, eduki, estrategia edota materialak egokitu beharko ditu bere erantzuna egokia izan dezan.

Eta nola ez, arreta goiztiarraren elementu nagusietako bat da, bere funtzioetako bat ikasleek dituzten arazo edota zailtasunak detektatzea izango baita, hauei erantzuna eta konponbidea emanez.  Horretarako, PTarekin harremanetan egongo da, gelako irakasleekin bilduko da eta beharrezkoa bada eskolaz kanpoko talde multiprofesionalarekin kontaktuko du. Amaitzeko, gurasoei, behatutakoa eta jarraitutako prozesuaren berri emango die.

Guzti honegatik, tutorearen figuraren garrantziaz ohartzea garrantzi handikoa da, bere gelako ume bakoitzaren garapen integralaren eta honetan eragina duten elementu eta agente guztien arduraduna baita.

Curriculumaren egokitzapena

Nire sarreretan askotan aipatu dudan kontzeptua da eta honetan, asko ez bada ere, pixka bat sakontzea beharrezkoa dela uste dut.

Curriculumaren egokitzapenak aniztasuna kudeatzeko eta honi erantzuna emateko hezkuntza esku hartze estrategia multzoa bezala definitu dezakegu eta bertan zer, nola, noiz irakatsi eta zer, nola eta noiz ebaluatu jasotzen dira. Curriculuma malgua izan behar da, ikasleen ezaugarri pertsonalak kontuan hartzeko aukera izateko. Eta nola ez, eskola inklusiboaren elementu dinamizatzailea izan behar da, gure hezkuntza esperientzia hobetzeko bidea eskainiz.

Kasu honetan, hiru banakako curriculum bereizten dira:

  1. Curriculum arrunta egokitzapen txikiekin: aldaketak denboralizazio, didaktika nagusi eta garrantzitsuenetan, metodologia eta ebaluazio irizpidetan egiten dira
  2. Curriculum arrunta egokitzapen handiekin: aldaketak ugariak izango ziren eta curriculumaren elementu nagusietan eragina dute, hau da, helburu eta edukietan
  3. Curriculum berezia: curriculumaren arlo eta elementu gehienen aldaketa, ikasleari egokitutako lan plan pertsonala sortuz

Egoeraren araberako curriculum egokitzapenak beharrezkoak diren arren, gure curriculum orokorra normalizazio printzipio eta ikuspegi inklusiboan oinarritzea ezinbestekoa izango da aniztasunari erantzuna emateko. Bertan, antolaketa estrategiko malgua ezartzeaz gain, guztiontzako metodologia, ariketa, material eta ebaluazioa zehaztu behar da, baina inola ere, ikasleen erritmo pertsonalak ahaztu edo hezkuntza ekintza homogeneizatuz.

Egokitzapen eta aldaketak aldizka berrikusi behar dira, eta hauek moldatzeko beharra dagoenean aldaketak egin. Kontuan izan behar da, curriculum egokitzapena, hezkuntza-premia bereziei erantzuna emateaz gain, gure hezkuntza ekintza gure ikasle guztien behar ezberdinetara egokitzeko aukera ematen digula, eta honetaz baliatu behar gara gure erantzuna etengabe hobetu ahal izateko.

Beharrak erantzun behar ditugu

Johan van der Keuken-en “El chico ciego” (1960 – 1968) dokumentala ikusi ondoren behar anitzetan pentsatzen hasi naiz, eta hauei erantzuteko ditugun baliabideak eta aukerak.

Pertsona itsuen kasuan, gizartean bizitzeko zailtasun bat dutela pentsatzeko ohitura dugu. Baina oso erratuta gaude. Gure gizartea da muga bat duena, guztiontzako aukera berdinak eskaintzeko gai ez delako.

Eskolaren kasuan, gauza bera. Ume itsu batek gela arrunt batean egoteko gaitasuna du, baina agian, gela horretako irakaslearen formakuntza edota eskolaren baliabide falta dela eta, gaitasuna zailtasun bihurtzen da. Premia berezia dituena eskola da, eta ez ikaslea.

Ume itsu batek, besteek bezala, bere gaitasunak lantzeko eta aurrera egiteko gogo handia du. Hezkuntza integrala behar du, jolastu, harremanak izan, esperimentatu, sentitu, lan egin eta bizitzari motibaturik aurre egiten ikasi..

Hezkuntzak, zein gizarteak, guztion beharrei erantzun behar die. Pedagogia sistemikoari  eta eskola inklusiboari esker, guztion ikuspegia zabaldu, beharrei erantzuna eman eta guztiok eskolaren partaide sentiaraztea lortu behar dugu. Horretarako ikuspegi, material edo bestelako aldaketak egitea beharrezko den arren, lehendabiziko urratsa “itsu gaixo”-aren paradigma alde batera uztea da, lana ekinez eta beharrak oztopo bezala definitu gabe.

Gainera, baten beharra erantzutean, beharraren inguruan dauden guztiak aberastuko dira, esan bezala, beharra gizartearena baita. Guztiok elkarrekin hezteko eta ikasteko aukera dugu eta guztiekin lan egiteko gai izan behar gara. Guztion lanari esker beharra normalizatu behar da.  Erantzun eta aberastu!ninos-ciegos

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara