Blogaren artxiboa

Etxerako lanak, zergatik?

Askotan eztabaida dira langileen lan-orduak edota ordutegiak. Gero eta gehiago baloratzen da deskantsua eta familiarekin egoteko denbora. Historian zehar, asko borrokatu da langileen lan-baldintzen alde. Baina noiz aztertu eta aldatuko ditugu ikasleen lan-baldintzak?

Eskola gehienetan, ikasleei etxerako lanak bidaltzea eguneroko ekintza bihurtu da, irakasleen artean oso zabaldua dagoen ohitura baita. Baina zergatik bidaltzen dira? Zertarako? Onurarik lortzen da? Emaitza akademikoak hobeak dira?

Ikasleek, gutxienez, 6 ordu pasatzen dituzte eskolan. Horretaz gain, gehienek, eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen dute. Eta etxera iristean, beste bi ordu inbertitu behar dituzte etxerako lanak egiten. Gure ikasleek ez dute bizitzeko denborarik!

Ikerketen arabera, etxerako lanek askotan onurarik ez dakarte. Gainera, batzuetan kalte ere eragin diezaiekete haurrei, gurasoei eta ikaskuntza prozesuari. Hala ere, irakasleen artean etxerako lanak gai tabua da eta gutxi dira etxerako lanak ez bidaltzea erabaki duten eskolak.

Esan bezala, etxerako lanen eztabaida mahai gainean dago eta, horren harira, abenduaren 4ean Edu Lartzangurenek iritzi-artikulu interesgarria idatzi zuen. Irakurtzera gonbidatzeaz gain, gure haurren lan-baldintzen inguruko hausnarketa egitea eskatzen dizuet. Haurren eskubideen borroka guztion borroka da!

Yolanda Arrieta: Haur Literaturari hitzak jarriz

Gaur  Yolanda Arregi etorri zaigu klasera, eta azkenaldian dudan lan kargaren ondorioz nire burutik pasatzen direnak hemen plasmatzeko denbora gutxi izan arren,   berari esker bizi izan dugun esperientzia eta sentimenduak aipatzea derrigorrezkoa da, benetan egun polita bizi izan dugulako.

Yolanda euskal idazle handia da, haur eta gazte literatur izenburu askoren atzean dagoen izena. Idazteaz gain, hitzak eta kontuak maite ditu, eta istorioei ahotsa jartzean guztion arreta erraztasunez lortzen du. Haurrekin kontu kontari nola ibili azaldu digu era erakargarri eta hunkigarrian.  Hitzaldi magistral-akademiko eta aspergarriaren teknika alde batera utzita, bere azalpenak gertutik eta era parte hartzailean eta esanguratsuan ematen ditu, gure etorkizuneko lanaren garrantzia azpimarratuz eta egunero ikasten jarraitzeko energia transmitituz.

Transmititu, hori izan da Yolandaren helburua, ez irakatsi. Bere esanetan, gure eginbeharra haurrei literatura transmititzea da, literaturak eskaintzen diguna barruko begiekin ikusteko gaitasuna garatzea, eta ume bakoitzaren irudimen pertsonala elikatzea. Eta berak transmititu diguna umeekiko eta haur literaturarekiko maitasun handiaz gain, ilusioa izan da, ametsak jarraitzeko indarra ematen dizun ilusioa.

Literaturaren garrantzia eta gure ahozko kontaketak nola egin azaltzeko oinarrizko hiru elikagaiak aipatu ditu: ogia, lagunak eta istorioak. Ogiaren bidez gorputza elikatzen dugu, lagunei esker bihotza eta istorio edo kontuek aldiz gure arima elikatzen dute. Txikiak garenean, janaria, ogia, mastekatua eman  behar diguten bezala, istorioak ere mastekatuak jaso behar ditugu. Horregatik, Yolandak, umeei istorioak kontatzerakoan erabiltzen ditugun erritmo, ahots, bolumen, mugimendu eta bestelako teknikei erreparatu dio, taldean egindako ariketa ezberdinen bidez ezaugarri bakoitzaren erabilera eta esanahia esperientzia eta ikasteka pertsonalean bihurtuz .

Ahozko kontaketaren bidez umeari bidaiatzeko aukera izan behar diogu. Haur poemak jolasteko aprobetxatu behar ditugu, abestu eta dramatizatuz. Hitzen bidez emozioei buelta eman behar diegu. Literatura elkarrekin bizi behar dugu,  zoriontasuna lortuz. Fantasia disfrutatu.

Ispilu handia hautsi zait

mila zatitan;

orain ditut mila ispilu,

zati txikitan.

(Pupuan trapua. Xabier Olaso. Pampiela)

Aniztasunari erantzun

Asko dira eskola inklusiboaren ezaugarriak eta ondorioz, asko dira gertatu beharreko aldaketak. Aldaketa prozesu guztiek luzeak eta zailak izaten ohi dira, eta hau ez da salbuespena. Aniztasunaren trataerak ikuspegi inklusiboa Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua (IHP) eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuaren (ICP) elaborapenetik hasi eta geletako lana zehaztu eta garatzen den momenturaino zehar kontuan izan eta mantentzea eskatzen du.

Aldaketa prozesu honetan antolaketa atal berezi bat betetzen du. Aniztasunak aniztasuna eskatzen du, hau da, irakasle guztiengana errazago heltzeko antolaketa malgua eta estrategia pedagogiko anitzak, talde kooperatiboa erraztuz. Gelan ere, txoko, baliabide eta pertsonen taldekatze edo antolaketa garrantzi handikoa da. Antolaketa gure beharra erantzun behar dut, bestearekin egon, ikasi, bizi eta pentsatzen laguntzen dutelarik. Honen adibidetzat Antzuola Herri Eskolako eredua aipatu dezakegu. (Ikus Antzuolako Herri Eskola, HikHasi-Antzuolako Proiektuak eta HikHasi-Antzuolako psikomotrizitatea).

Ikasgela inklusiboak behar ditugu, non testuinguruan kokatuz, talde batean erritmo ezberdinak egotea onartzen den eta guztien garapen integrala eta orekatua ziurtatzen den. Proiektuak, txokoak, tailerrak edo bestelako talde mailako estrategia metodologiko ezberdinak erabiltzeko aukera dugu, baina, hauek burutzeko behar dugun espazio eta denboran antolatzeko guztien behar indibidualak zein taldearen ezaugarriak kontuan izango dira.

Garrantzi handikoa da baita, lan burokratiko eta administratiboa izan arren,  kurtso amaieran proposatutako antolaketa, metodologia, estrategia, ekintza, etab.-en onurak eta zailtasunak aztertzea eta hauek urteko planaren memorian jasotzea aldaketa prozesuaren oinarriak eraikiz.

Aniztasunaren trataerari dagokionez, eta barne hausnarketa azaleratuz,  nire ikuspegia inklusiboa da, nire aldaketarako jarrera ona, baina nire kezka handia. Etorkizunean, eskolara joatean, ikuspegi selektibo eta metodologia tradizionala dituzten irakasleekin batera lan egin behar badut, zer egin dezaket eskola inklusiboaren beharra aldarrikatu eta hau lortzearen alde egiteko? Pertsona bakar batek, eta egun batetik bestera, ezin du hezkuntza sistema oso bat aldatu. Hala ere, etzipena ez da bide eta argi izan behar dugu norberak duen lan egiteko modua, norberaren gelan fitxa bat ariketa inklusibo bategatik aldatzea bezalako ekintza txikiek aniztasun aberasgarriaren bidea eraikitzen dutela.

Horregatik, aldaketa handiak ez badira ere, zuen ikuspegia zabaldu, zuen jarrera eredutzat erabili eta inklusioari etzi gabe ekin. Eduardo Galeanok esan zuen bezala, “Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txiki eginez, mundua alda dezakete”

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara