Blogaren artxiboa

Gertakari kritikoaren bitartez gure ahotsa zabaldu

Gure gizartea gero eta kontrolatuagoa dago eta horrek salatzeko edota protestatzeko beldurra handiagoa eta orokorragoa izatea du ondoriotzat. Isiltasun-politikek kritikotasunik gabeko hezkuntza eta gizartea dakar. Horri aurre egiteko, beharrezkoak dira erantzun bakarreko eta isiltasunaren dinamika apurtzen duten aktibistak.

Gertakari kritikoak teknika ezin hobea da gero eta isilduagoak diren ahotsak zabaltzeko eta, horrela, ardura soziala garatzeko. Gertakari kritikoak narrazio ez autoritarioa du oinarri eta gizartearen transformazioa helburu.

Horregatik, guk gure gertakari kritikoa aukeratu, modu laburrean idatzi eta, komunikazio-estrategiak eta multimedia-hizkuntza erabiliz, bideoan grabatu dugu.

Anonimotasuna izan da nagusi. Modu sinple eta laburrean egin dugunez, ez ditugu bete gertakari kritikoaren pausu edota prozedura guztiak baina, hala ere, oso aberasgarria eta gure ahotsak zabaltzeko erabilgarria izan da.

Jasotako gertakariek gure artean ardura handia sortzen dituzten gaiak biltzen dituzte. Hausnarketa pertsonala indartzeko bide izan da eta, era berean, gertatzen dena ulertzeko eta horren inguruko kontzientzia garatzeko aukera eman digu.

Gertakari kritikoaren teknikari esker, ardura eta arazoen ebazpenari garrantzia ematen zaio, hezkuntza eta, aldi berean, gizartea eraldatuz. Ondorioz, gertakari kritikoaren teknika zein aurrera eramandako ariketa txikia, giza zientzietako edozein ikerketa edota norberaren barne-hausnarketa aurrera eramateko teknika egokia eta erabat aberasgarria izateaz gain, gizartearen ardura soziala garatzeko eta justizia soziala lortzeko bidea da.

Gertakari Kritikoaren Teknika, giza jokabideak ikertzeko teknika

Critical Incident Tecnique (CIT) edo Gertakari Kritikoaren Teknika irizpide metodologiko eta kritiko zehatz batzuk betetzen dituzten prozedura multzoa da. Teknikaren helburu nagusia giza jokabidearen behaketa zuzena aurrea eramatea da, behaketa arazo praktikoen ebazpenean erabilgarri izan dadin.

Gertakaritzat behatu daitekeen edozein giza jokabidea ulertzen da. Gertakaria kritikoa izateko, gertakariaren ondorioek ez dute zalantzarik sortu behar. Teknikak jasotzen ditu esanahi handia duten gertakari kritikoak erregistratzeko irizpideak eta prozedurak.

Horregatik, teknika egokia da giza jokabidea ulertzeko helburua duen edozein ikerketa kualitatibo aurrera eramateko, zein hausnarketa pertsonala eta kritikoa indartzeko.

Gertakari kritikoa metodo malgua izan arren, jaso behar ditu honako bost pausuak:

  1. Helburu orokorrak: gertakaria zehaztu eta aztertu.
  2. Plana eta zehaztapenak: gertakariaren xehetasunak jaso.
  3. Datuak jaso: arazoak identifikatu.
  4. Datuak aztertu: arazoa ebazteko erantzun posibleak.
  5. Emaitzak: ebaluazioa: arazoa ebazteko erantzunaren egokitasuna.

 

Iturria:

Flanagan, J. C. (1954). The critical incident technique. Psychological bulletin, 51(4), 327.
muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara