Blogaren artxiboa

NIA (Norberaren Ikas-Alorra)

 

Aste honetan eDIGCOMP ikastaroan NIA (Norberaren Ikas-Alorra) edo PLEa (Personal Learning Environment) landu dugu. Ez da kontzeptu berria izan niretzat. Aspaldi ezagutu nuen lehenengo aldiz PLE hitza, aspaldi horren lanketa egin nuen eta @AmaiaArroyo-rekin ere garaiaren inguruan hitz egiteko eta hausnartzeko aukera izan dut tarteka. Beraz, NIAren esanahia eta garrantzia oso barneratuta dudala esan dezaket.

NIA pertsona bakoitzak ikasteko sarritan erabiltzen dituen tresna, informazio iturri, konexio eta jarduera multzoa da

(Adell eta Castañeda, 2010).

Hala ere, gaiak eta Amaiaren hitzak hausnarketa-tartea eskaini didate (eskerrik asko). Proposatutako jarduera erantzuteko aldez aurretik sortutako NIA berreskuratu eta aztertu dut. Nahi gabe burua lanean jarri da eta… sorpresa! Interneten oinarria pertsonak direla defendatu arren, aldez aurretik sortutako NIA erabat teknozentrista zen! (Non daude pertsonak? Non daude tresna ez-teknologikoak? What a disaster!).

Egia da ez ditudala tresnak pertsonarik gabe ulertzen. Teknologiaren oinarria pertsonen erabilera da, tresnak erabilgarri izateko pertsonek erabili behar baitituzte. Beraz, pertsonek ikas-alorrean duten garrantzia NIAn adieraztea funtsezkoa da: kontaktu-sarea, lagunak, lankideak, adituak… Hona hemen nire momentuko NIA:

diapositiva1

Marraztutako diagramak niregatik hitz egiten du. Informazio-iturri anitz eta ugari erabiltzen ditut (infoxikatuta bizi gara!), ikerketan zaintza teknologikoa garrantzitsua baita. Ondorioz, antolaketa-lana ezinbestekoa da: informazioa aztertu, sailkatu eta eginbeharrak antolatu. Fase horretan, teknologia garrantzitsua bada ere, oraindik ere, agenda analogikoa eta koadernoa asko erabiltzen ditut (nostalgika bat naiz, kar-kar-kar).

Behin informazioa antolatuta, lanean hasteko momentua da. Beste behin, lan-motaren arabera tresna anitzak erabiltzen ditut baina garrantzitsuena denbora eta lasaitasuna da. Produktibitate-maila minimo bat lortzeko testuinguru erosoa eta lasaia oso lagungarria da eta nire fitxategi, ohar, pentsamendu eta hausnarketan murgiltzeko denbora izatea nahitaezkoa (eta askotan horren falta sufritzen dut). Sorkuntza-txokoan nire katua ere txertatu dut, azken finean nire lankide leialena da, lan-prozesu guztietan nire ondoan dagoena (doktoretza tituluan bere izena ere agertu beharko da).

Azkenik, egindako lanak zentzua izan dezan, komunikatu behar da. Norberak eraikitzen du bere jakintza, bai, baina, horretarako, besteena ere beharrezkoa dugu. Baina komunikatzea ez da lan erraza, harremanak egitea eta zure lana zabaltzea energia ugari eskatzen duten ekintzak dira. Nire NIAren kasuan, posible da komunikazioaren atala atalik ahulena izatea. Beraz, aurrerantzean, pixkanaka eta pausoz pauso, NIA aberasteko dibulgazio-tresnak indartzen saiatuko naiz.

 

 

Lotura interesgarriak:

PLE: Zer da?

PLE: nabigatzailea aukeratzea, informazioa bilatzeko lehenengo urratsa

PLE: informazio-iturriak

PLE: edukiak sendatuz infoxikazioari aurre egin

PLE: egin eta hausnartu

PLE: partekatu

PLE: lan-kooperatiboa

 

Gaitasun digitala, teknozentrismotik haratago

Gaitasun digitala gaitasun teknologikoa baino zerbait gehiago da. Urte askotan zehar eta, zoritxarrez, oraindik ere burugogor karratu batzuetan, uste izan da aro digitalaren oinarria tresnak direla. Hau da, teknologian garrantzitsuena tresnak direla pentsatzeko joera oso zabalduta dago eta, ondorioz, irakaskuntza gailuetan zentratzeko ohitura orokorra da.

Baina ez, gaitasun digitala teknozentrismotik haratago doa. Teknologia ikaskuntza-prozesuaren mesederako erabili behar dugu, teknologiaren benetako balioa erabilera baita.

DIGCOMP proiektuan da Europako gaitasun digitalen garapenaren oinarria. Proiektuaren helburu nagusia digitalki lehiakor izateko funtsezko osagaiak identifikatzea eta baliozkotzea da: ezagutza, trebetasunak eta jarrerak.

DIGCOMP-en arabera gaitasun digitala 5 ardatz eta  21 gaitasunez osatzen da:

gaitasun_digitala

  1. Informazioa: Informazio digitala identifikatzea, bilatzea, berreskuratzea, metatzea, antolatzea eta aztertzea, garrantziaren eta helburuaren arabera.
    1. Informazioa arakatzea, bilatzea eta behatzea
    2. Informazioaren ebaluazioa
    3. Informazioa babestea eta berreskuratzea
  2. Komunikazioa: Ingurune digitaletan komunikatzea, online tresnen bidez baliabideak partekatzea, tresna digitalen bidez beste batzuekin konektatu eta lankidetzan jardutea, komunitateetan eta sareetan interakzioan jardutea eta parte hartzea, eta kulturarteko.
    1. Teknologiaren bidez interakzioan jardutea
    2. Informazioak eta edukiak partekatzea
    3. Herritarren online parte-hartzea
    4. Kanal digitalen bidezko lankidetza
    5. Netiketa
    6. Nortasun digitalaren kudeaketa
  3. Edukiak sortzea: Eduki berriak sortu eta editatzea (testuak, irudiak, bideoak, etab.); lehenagoko ezagutzak eta edukiak txertatzea eta berregitea; ekoizpen artistikoak, multimedia edukiak eta programazio informatikoa egitea; jabetza intelektualaren eskubideak eta erabilera-lizentziak aplikatzen jakitea.
    1. Edukiak Garatzea
    2. Integratzea eta berritzea
    3. Egile eskubideak eta lizentziak
    4. Programazioa
  4. Segurtasuna: Banakako babesa, datuen babesa, nortasun digitalaren babesa, segurtasunaren erabilera, erabilera seguru eta jasangarria.
    1. Gailuen babesa
    2. Datu pertsonalak babeste
    3. Osasuna babestea
    4. Ingurumena babestea
  5. Arazoak bideratzea: Baliabide digitalen erabilera-beharrak identifikatzea; tresna digital egokienei buruzko erabaki arrazoituak hartzea, helburuaren edo beharraren arabera; kontzeptuen gaineko arazoak ebaztea, bitarteko digitalak erabiliz; teknologiak modu sortzailean erabiltzea; arazo teknikoak konpontzea; norberaren eta besteen gaitasunak eguneratzea.
    1. Arazo teknikoak ebaztea
    2. Behar eta erantzun teknologikoak identifikatzea
    3. Berrikuntza eta teknologia sormenez erabiltzea
    4. Gaitasun digitaleko gabeziak identifikatzea
Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara