Blogaren artxiboa

1 + 1 = 1, bi blogen jarraipen bateratua

1 + 1 : 1, bi blogen jarraipen bateratua

Batzuetan isiltasuna beharrezkoa bada ere, oraingoan, eta nire kasuan behintzat, egoera pertsonal eta lanaren ondorio izan da. Hala ere, idazteko astirik izan ez dudan arren, ez diot gai askoren inguruan pentsatu eta hausnartzeari utzi, tartean nire buruari blog honen jarraipenari buruzko galderak egiten.

Blog hau unibertsitateko irakasgai bati erantzuna emateko sortu nuen, gelan aipatutako gaien ikerketetan oinarritutako hausnarketa pertsonalez elikatuz. Irakasgaiaren izena “Eskola Inklusiboaren Oinarriak” zen eta hortik blogaren izena. Gai nagusia inklusioa izan da eta askotan aipatutako gaia hezkuntza premia bereziak.

Kurtso amaieran inklusioaren, edo hobeto esanda, eskola inklusiboaren inguruko azken hausnarketa egin izan behar genuen eta horren ondorioa Eskola Inklusiboa gure etorkizuneko eskola bezala ulertu behar dugula da, egunero eta guztion artean eraikitzen ari garen eskola baita.

Defendatzen dugun guztiontzako kalitatezko hezkuntza horretan inklusioa eta guztien berdintasuna goraipatzen den arren, kontuan izan beharreko gaiak anitzak dira. Horregatik, blog hau sortu aurretik teknologia berriak, haurtzaroa eta hezkuntza bezalako gaiak jorratzen dituen “Hezkuntza Digitala Haurtzaroan” bloga honekin batzea erabaki dut, biak bat egin eta hezkuntzarekin lotura duen edozein informazio, iritzi edota hausnarketa zuen eskura jartzeko txokoa sortuz.

Egunetik egunera eraikitzen ari garen eskola inklusiboa da, eta hori garrantzi handia badu ere, lege aldaketak, ikt-ak, ikerketa berriak, hezkidetzaren tratamendua, etab. ezinbestekoak dira. Hala ere, aitortu beharra dut, askotan teknologia berrien erabilpenek aipamen berezia izango dutela,  nire aurkezpenean aipatzen dudan bezala, nire ikasketa eta interesen tartetxo bat izateaz gain, hezkuntza digital eraginkor baten bidez teknologia hezkuntzaren lagun dela defendatzen dudalako.

Gaur egun dugun hezkuntza sistemak hezkuntza hitzari zentzua ematen dieten ezaugarri asko bidean galdu ditu baina, sinets dezagun guztiontzako kalitatezko hezkuntzan eta ekin diezagun lanari elkarrekin!

1+1

 

 

Laguntzeko, familia ezagutu

Aurrekoan, “Maria y yo” filmaren inguruan idazten nuen bitartean urritasun bat duen haurraren gurasoek sufritzen duten dolua eta familiaren egoerari buruz hausnartzeko aukera izan nuen. Gainera, gaiarekin lotutako testu eder bat partekatu nuen zuekin, benetan gomendagarria!

Oraingoan, Bartzelonako Pedagogia Fakultateko irakaslea den Freixa Niella, M.-ren “El ciclo vital de la familia de la persona con disminución psíquica” testua oinarritzat hartuta gai bera landu dugu, familiak hauen ezaugarri, pasatzen dituzten etapa eta bizi duten egoerari buruz hausnartzeaz gain gu, etorkizunean, tutore bezala, urritasuna duen haurrarekin batera familiari ere nola lagundu aztertu dugu.

Gai garrantzitsua dela defendatzen dudanez, testuan irakurritako zein klasean esan eta entzundako hitzak aitzakitzat hartu eta honen inguruko beste sarrera bat idaztea pentsatu dut. Gure irakasleak Freixa Niella, F.ek bizitza ziklokari buruzko idatzitakoaren laburpen ederra prestatu digu, testu originala irakurtzeko nagikeria duenak “Adimen urritasuna eta familia”-an urritasun bat duen seme/alaba bat izatearen ondorioz familiak pasatzen dituen etapa bakoitzaren ezaugarriez gain, etapa bakoitzean, familiari laguntza eskaintzeko egin beharrekoaren azalpena aurkituko du: familiaren laburpena

Ume baten jaiotzak aldaketa handiak suposatzen ditu edozein familietan, baina, urritasun bat edota nolabaiteko nahastea  duen haur baten jaiotza familia baten bizitza ziklo osoa aldatzen duen gertakizuna da. Urritasuna onartzeko prozesua luzea izaten ohi da, eta hainbat fase ezberdinetan banatzen da. Umeari laguntzen diogun bitartean, bere familiari ulertzeko eta baita laguntzeko ere, etapa hauek ezagutzea oso baliagarria izango zaigu.

Familia bakoitza ezberdina denez, honen erantzuna ezberdina izango da eta horretan oinarritu behar gara laguntza eskaini eta ematerakoan, familiaren egoera eta erantzunarekin bat egiten duen laguntza mota eskaintzeak arrakastara bideratzen baitu.

Normalizazio printzipioa gure alde dugun arren, elkarte eta familiekin elkarlanean aritu behar gara, gogor eta etzi gabe. Familiarekin harremanetan egotea, hitz egitea eta elkarteekin era koordinatu eta kooperatiboan lan egin ezinbestekoak bihurtzen dira aipatutako laguntza garrantzitsu hori bideratzeko.

beautiful_baby_cdss-756468

Hezitzaile onak izateko, eta familiei guztiei erantzun egokia eman ahal izateko kontuan izan beharreko informazioa da, bai, baina, familia hauek egunetik egunera bizi dutela ulertzeko gai gara gauza bere bizi izan ez badugu? Ez dut urritasun edota nahaste bat duen ume baten familia batekin harreman zuzena izateko aukerarik, baina, gaur egun dudan lanean, 21. trsomiaren sindromea, edota denok ezagutzen eta erabiltzen dugun izena erabilita, down sindromea duen mutil baten ama batekin kontaktu minimoa dut. Adineko pertsona bat da. Bere begietan, bere semearekiko maitasuna eta honen bizi kalitatea hobetzeko borrokatzeko prest dagoela ikusten duzun bitartean nekea eta beldurra somatu dezakezu. Dendatik pasatzen den bakoitzean, ordutu askotan zehar, galdera bera egiten diot nire buruari: nondik aterako du indarra?

Urritasun edota nahaste bat duen haurra izateak nekagarria izan behar da oso, baina honen autonomia lantzen eta lortzen ez denean, urteak aurrera joan ahala, sentitu behar duzun ardura eta beldurra ulertzea ezinezkoa dela uste dut. Horregatik, haien egoera ahalik eta hoberen ezagutzea beharrezkoa dugu, gure eskuetan dagoen laguntzarik onena eskaini ahal izateko.

The Butterfly Circus

Pelikula laburra bada ere, honi esker sentitu eta ikasteko aukera zabala da.

Garai batean, zirkuak ezberdinak ziren pertsonak batzen zituen, beraiei esker ikuskizun barregarria eskaintzeko asmoz. Ezberdinak zirenen etorkizun aukera bakarra , baztertuak edo abandonatuak izateaz gain, zirkoaren ikusleen barrearen arrazoia izatea zen.

Baina tximeleten zirkua beste motatako zirkua zen, bertan, benetako ikuskizunak eskaintzen ziren: kolorea, mugimendua eta magia. Bertan, guztiak onartuak dira, baina, bizitzaren edertasunean sinetsi arte ezin dira ikuskizunaren parte izan, norberak duen gaitasunean sinetsi behar du, zorigaiztoko sentimendua baztertuz.

“Mundu honek behar duena edertasun pixka bat da”

Gure protagonista, guztiengatik babestua dagoen arren, laguntza eskatzen duenean ez diote berehalako laguntza ematen, bere autonomia eta gaitasunak indartuz.Honi esker, ingurukoen laguntzari esker, norberak bere buruari gai dela esaten dio, norberaren gaitasunetan sinetsiz eta ikuskizunaren parte izateaz gain, gainontzekoen eskerrak eta mirespena lortuz.

Horregatik, etorkizunean, gure haur hezkuntzako geletan izango ditugun altxor txikitxoekin, norberaren ezaugarriekin bizitzen irakatsi behar dugu, arazoei irtenbidea bilatzeko estrategiak landuz. Norbaiten urritasun edota zailtasuna goraipatzen badugu, eta pertsona horri, honen ondorioz, zerbait egiteko gai ez dela gogoratzen badiogu, ez da inoiz hori egiteko gai izango, zailtasuna bizitza osorako oztopoan bihurtuz . Bere urritasun edota zailtasuna gainditzera motibatzen badugu aldiz, nahi duena egiteko gai dela gogoratzen badiogu, bere buruan sinetsiko du, eta gai izango da (pigmalion efektua).

Etiketak beste pertsona batek jarritako nabardurak dira eta pertsona bera estaltzen du. Ume guztiek ez dute beti etxean hitz politak edo motibatzaileak entzuteko aukerarik eta horregatik, besteen tratua norberaren gaitasunak mugatzen dituztela gogoratu eta gure haurren gaitasunetan sinetsi eta hauek indartzen saiatu behar gara, haurrari gai dela adierazi eta erakutsiz.

“ Borroka zenbat eta handiagoa izan, garaipena loriatsuagoa da”

Eraiki dezagun tximeleten eskola! Bazterketa elkarlanean bihurtu eta ezkutatzeko gogoak ekintzak aurrera eramateko indarrean bilakatu!

Aldaketa nagusia: gure jarrera

Behin eta berriz aipatu dira eskola inklusiboa lortzeko beharrezkoak diren aldaketa, baina bada, guztien artean eman beharreko aldaketa nagusi bat: gu.

Lana, metodologia, ekintzak edo bestelakoak edozein izanda ere, gure ikuspegi, filosofi eta jarrera da garrantzitsuena. Honi esker, komunitatea osoarekin elkarlana burutzea eta gure helburu inklusiboak lortzeko bidea eraikiko dugu.

Beraz, ekin lanari, eta bakoitzak, norbanakoaren lanari esker, eskola inklusiboa lortzeko lagundu dezagun.

Denentzako eskola posible bihurtzen duten baldintzak

Eta aurreko sarrerari jarraipena emanez, eskola iklusiboaren ametsera gerturatzeko eman beharreko urratsak aipatzea (edo errepikatzea) garrantzitsua dela uste dut, teoria errealitatea bihurtzeko bidea baita.

1. Komunitatearen zerbitzurako ikaste-komunitate den aldetik, eskola bere tokian ostera ipintzea

Eskolak, zor zaion jatorrizko tokia berreskuratu behar du, funtzio banaketa definituz.

2. Eskola: komunitatea

Komunitatearen definizioa argi izatea garrantzitsua da, eta gure asmoa eskola komunitate bat izatea bada, bertako kide guztien arteko harremanak, elkarreragina eta interakzioak sendotu behar ditugu, guztiak onartuz eta guztien beharrak kontuan hartu eta erantzunez.

Inklusiboa ezin da printzipio handien eremura bakarrik mugatu, eguneroko hezkuntza praktikan eragina duten erabakien bitartez operatibo bihurtu behar da.

3. Eskola, komunitate barnean

Eskolak bere burua komunitateko beste pertsona, erakunde eta zerbitzuekin elkarlanean aritu behar da: familia, gizarte eta osasun zerbitzuak, zerbitzu psikopedagogikoak, aisia, zentroak,  etab., bera parte den komunitatearen hezkuntza-eginkizuna sustatuz.

4. Egiazko curriculum-oinarri orokorra planteatzea

Denentzako eskola egin nahi dugunean curriculuma zehaztea behar batean bihurtzen da: zer eta nola ikasi behar duten benetan, errealitatea aztertuz eta honetara egokituz, benetan garrantzitsua dena azpimarratuz eta beharrezkoa ez dena baztertuz.

5. Programatzea, denek ikasteko: ikaskuntza eta irakaskuntzaren pertsonalizazioa

Nahiz eta berdintasunean oinarritu, ezingo ditugu guztiak berdinak balira bezala tratatu, batzuentzako lana egiten eta beste batzuk baztertuz. Irakatsi nahi duguna ikasleen hezkuntza ezaugarri eta premietara egokitu behar dugu, ikaskuntza pertsonalizatuz.

Ikasgaiak ikasle guztientzat ulergarriak, esanguratsuak eta aberasgarriak izan behar dira, guztien mailara egokitutakoak.

6. Ikasleen autonomia sustatzea: ikasketen eta norbanako arauak

Autonomoak direnak horren autonomo ez direnei autonomia lortzen laguntzeko aukera eman, guztiok laguntzarik gabe ikasteko gaitasuna lortu dezaten, hau da, ikasten ikasteko. Estrategiak diseinatzerakoan, ikasle ezberdinak elkarreraginean egoteko aukera eskaini behar zaie, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera zabaltzeko.

 

Eskola inklusiboaren postulatuak

Ondoren, eskola inklusiboak bete behar dituen ezaugarriak aipatuko ditugu, bizitzeko eta bizikide izateko eredua landu eta lortzeko eskolak nola izan behar duen.

Uneskok Salamancako Adierazpenean aldarrikatzen duen gizaki guztien duintasuna eta berezitasunak errespetatuko dituen gizarteak elkarreraginean jarduten jakin behar du, eta horretarako, inklusioa eta tratu normaldua ezinbestekoa da. Ikasle guztiak, elkarrekin eskolatu, eta beren hazkuntza pertsonal eta sozialean funtsezkoa duten elkarrekin eta elkarrengandik ikastea ahalbidetu behar dugu.

Horretarako, eskolak…

  1. Dibertsitatea goraipatu behar du: eskolan dibertsitatea balio eta dohaintzat hartu beharra dago
  2. Ikasten gozatzea ziurtatu behar du: eskolan den-denek gustura eta seguru ikusi behar dute euren burua
  3. Gustura joatea eta egotea lortu behar du: denei ikasteko aukera berdinak eman, elkarrekin, elkar laguntzea eta elkar bizipenen bidez gozatuz
  4. Komunitate osoa seguru sentitzeaz arduratu behar da: ikasleek ez ezik pertsonal guztiak ere seguru sentitzeko aukera behar dute
  5. Berdintasun politikan oinarrituta egon behar da: guztiok onartuta sentitu behar dira, berdintasunezko printzipioak betetzen direlarik
  6. Ikastea erraztuko duten irakasleak eduki behar ditu: jakinduri iturri izateaz gain, ikasten ikasteko ikuspegia izan behar dute.
  7. Ikaslea elkarlanerako prestatu behar du, ez lehiaketarako: eskolan elkarlana lehiaketaren aurretik lehenetsi behar da, kide guztiak inplikatuz eta bakoitzak bere lanaren arduraduna izaten irakatsiz

 

Hainbatetan errepikatu ditudan ezaugarriak dira, nola ez, orain arteko eskola eskola inklusiboan bihurtzeak aldaketa ugari eskatzen baititu, ez da lan erraza, baina, guztion lana da eta lan horren emaitza guztiontzako gizartekoa eraikitzea izango da, beraz, lana gogorra izan arren, egin beharrekoa da.

Irakasle izateko ikasten gaudenon ametsa, etorkizunean, orain arte idatzitako guztia aldaketa baten teoria hutsa izatea da, horren atzetik, etorkizuneko eskolaren ezaugarriak, betetzen dituen funtzioak eta ekintzak inklusibo normalizatuak baitaude.

Arreta goiztiarra

0-6 urte bitarteko umeak era osasuntsu eta orekatuan hazi behar dira, eta guk, euren garapena sendoa izan dezan bermatu behar dugu. Hau betetzeko arriskuak daudela detektatzen dugunean hauei aurre egiteko ibilbidea sortu behar dugu, esku-hartzea ezinbestekoa baita: arreta goiztiarra.

Hau esanda, arreta goiztiarra 0-6 urteko haurrei, familiei eta inguruari zuzenduriko jarduera multzoa bezala definitu dezakegu; haurrek garapenean pairatuko edo para ditzaketen alterazio eta beharrizan iragankor zein iraunkorrei erantzuna lehenbailehen ematea helburu dutenak, hain zuzen. Jarduera hauek umearen osotasuna aintzat hartu behar dute, eta izaera interdiziplinarra duen lan talde batek planifikatuak egon behar dira.

Guzti hau aurrera eramateko protokolo ezberdinak daude, komunikazioa eta zerbitzuen arteko elkarlana ezinbestekoa delarik. Arreta goiztiarraren bidez, ezarritako neurriak, kolaborazioa eta proposamenak aniztasunari era eraginkorrago batean erantzuteko ahalmena emateko aukera dugu.

Horretarako, behaketa funtsezkoa da, informazioa biltzea alegia. Ondoren, osasun esku-hartzea eta laguntza-zerbitzuen txanda da.  Ikastetxeak aukera anitzak eskaini behar ditu, guztiontzako helburu berdinak ezarriz eta diskriminazioa baztertuz. Eta prozesu osoan zehar familiaren papera ezinbestekoa da. Guztion elkarlanari esker garapen integrala bermatzea da helburua, beti ere bidean normalizazioa bilatuz.

Haur Hezkuntza haurraren hezkuntzaz haratago doa. Faktore guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzaren gaitasunak sortu, eraiki eta garatu behar dira. Arrakasta lortzeko ibilbide horretan aurkitu ditzakegun arazoak detektatzen abilak izatea garrantzitsua da ,eta hauek nola bideratu eta zuzen erantzuteko laguntzak eta baliabideak bilatzen eta erabiltzen baita noski.

entzumen-urritasuna-1

Eskola inklusiboaren didaktika

Eskola inklusiboari buruz hitz egiterakoan, integrazio hitza ahaztu behar dugu, errespetua, parte-hartzea eta elkarbizitzari lekua utziz. Hezkuntza Berezia eta integrazio gure egunerokotasuneko hiztegiaren parte izaten jarraitzen duten bitartean ezin dugu benetako eskola inklusiboaz hitz egin, hauek segregazioaren ezaugarriak baitira.

Gaur egungo mundua, gizartea eta eskola bera eskola inklusiboaren teoria praktikara eramateko oztopo bihurtu dira. Eskolari dagokionez, hezkuntza sistema, curriculuma, eskolaren antolakuntza, irakaslegoaren pentsamendua, ebaluazioak eta bestelako ekintzak aldatu behar dira. Eskola inklusiboaren arazoa, gaur egungo eskola da.

Hiru dira gure eskola publikoak eskola publiko inklusiboa bilakatzeko gainditu behar dituen oztopo nagusiak:

–          Oztopo politikoa

–          Oztopo kulturala

–          Oztopo didaktikoa

Politikari dagokionez, hezkuntza legeen arteko kontraesanak ugariak dira. Hezkuntza berezia, curriculumaren moldaketa bereziak eta laguntza gelak guztiontzako hezkuntzaren inguruko diskurtsoarekin batera aipatzen dira. Legeak koherenteak izan behar dira kalitatezko hezkuntza eraikitzeko eta hezkuntza inklusiboan murgildu ahal izateko.

Bestetik, kultura. Betidanik, inteligentzia maila erabili da umeen sailkapena egiteko, batzuk beste batzuek gainetik jarriz. Honen arabera, ume batek ikasteko zailtasunak dituela ezartzen da, eta kasu gehienetan, talde eta gela arruntetik bereizten da. Ikasteko gai ez diren umeak daudela pentsatzen jarraitzen dugun bitartean, eta hezkuntza berezi, integrazioa eta curriculumaren moldaketei buruz hitz egiten jarraitzen dugun bitartean, segregazioa onartutako praktika izaten jarraituko du.

Eta azkenik, gure gaiari helduta, oztopo didaktikoak, hau da, eskola eta gela mailan, irakasle modura, gainditu behar ditugun mugak edo beste era batera esanda, aldatu behar ditugun ezaugarri edota ekintzak:

  1. Lan egiteko modua: Lehiakortasuna alde batera utzi guztien arteko lan kooperatibo eta bateratua bultzatzeko. Umeek bere ikaskide guztiek, era ezberdinean izan arren, ikasteko gaitasuna dutela ulertu behar dute, eta horretan lagundu. Gelan, eta eskolan, elkarbizitza eta elkar ikasketan oinarritutako komunitatea sortu behar da. Haurrak komunikatzeko (hitz egin eta entzun) beharra asetu behar dute, kalitatezko heziketa lortze bidera.
  2. Lan estrategiak: Ikasgai eta eduki zehatzetan oinarritutako curriculuma ahaztu eta arazo zein proiektuetan oinarritutako curriculuma eraiki. Umeen aurrezagutzak zein interesak kontuan hartuta, elkarlanean ikasten ikastea bultzatu behar dugu, harremanak sendotuz, ikerketa tresna nagusian bihurtuz, bestearen interes, idei zein ekintza errespetatuz eta nola ez, guztion garapen integrala maila berean bermatuz.
  3. Antolaketa: Espazio eta denboraren antolaketa ekintzaren arabera antolatu behar da, eta ez aldez aurretik ezarritako irizpide edota helburu batzuen arabera. Taldekatzeak heterogeneoak izan behar dira, ikaskuntza interaktibo eta elkar laguntzaren bidez ikasteko aukera eskainiz. Eta azkenik, hausnarketa eta adostasuna bideratzea ezinbestekoa da.
  4. Irakaslearen ikuspegi eta formakuntza: Eskola inklusiboaren arrakasta irakasleak aniztasunaren aurrean erantzuteko duen gaitasunean oinarritzen da. Giro atseginak sortzeko gauza izan behar da, haurren interesetan oinarrituz ikasteko motibazioa lortuz.
  5. Familiaren parte hartzea: Balioen transmisioa ez da irakaslearen egitekoa soilik, familiarena zein bestelako hezkuntza agenteena ere bada. Aniztasuna onartu eta aniztasunean bizi behar dugu, guztion arteko elkarlana bermatuz. Familiaren parte hartzea eskolan garrantzi handikoa da guztion arteko eta guztiontzat eraikitako eskola izateko.

Eskola inklusiboa lortzeko horretan sinetsi behar dugu, guztiok, eta lana batera egin. Konpromisoa hartu, eta gure eguneroko ekintzak pixkanaka aldatu. Aniztasuna ez da eskolara moldatu behar, eskola aniztasunari erantzuten jakin behar dio, guztioi lekua eskainiz. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza publikoa posiblea da, eta guztion lanari esker gizarte osoaren zein banakakoen bizitza normalizaziorantz bideratuko dugu.

Familia eta eskola: elkarlana, ez ordezkapena

Familiek eta eskolak bat egiten dute haurrei dagokien helburu berean: autonomia eta garapen integrala lortzen laguntzea, bai maila fisiko, kognitibo, emozionala zein sozialean.

Azken urteetan, gure mundua eta gizartea asko eta azkar aldatu da. Horren ondorioz, kultura-paradigma berria dugu esku artean eta honek, gure eskola eraikitzeko orduan, faktore ugari kontuan hartzea eskatzen du.

Gaur egungo eskola, haurraren hezkuntzaz baino hartarago doa. Horretarako, familien laguntza, parte-hartzea eta inplikazioa behar du. Familia eta eskolaren arteko harremana eta elkarlana behar-beharrezkoa da lehenengo lerroetan aipatutako helburu hori lortze aldera. Bien arteko elkarreragina handia da, baina, hala ere, familiaren eta eskolaren funtzio nagusiak ezberdinak direla argi izan behar dugu.

Gertatutako aldaketa ugarien ondorioz, azkenaldian, eskolari eskatzen zaiona asko da. Kasu batzuetan, eskolak familiaren betebeharrak bete behar dituela pentsatzen ohi da, hau ordezkatuz, eta hori ezinezkoa da.Bakoitzak duen papera, lekua eta funtzioak ezagutu eta bete behar ditu. Helburua lortzeko guztion lana eta elkarlana ezinbestekoa da.

Eskolan eta etxean jasotzen diren hezkuntza-mota ezberdinak dira, nahiz eta gerora bat egin.  Autonomia lortzeko sare sozialak sortu, elikatu eta garatu behar dira, komunitatea sortuz. Haurrak sare sozial bat baino gehiago behar du, talde handikoa, talde txikikoa, famili girokoa, lagunen artekoa, … guztion arteko esperientzia trukaketari esker garatzen joateko.

Laburbilduz, haur baten garapenak eskatzen duen lana elkarlanean oinarritu behar da, baina bakoitzak bere funtzio propioak aurrera eramanez. Haurrak familia eta eskolaren beharra du, eta baita bien arteko parte-hartzea eta elkarreragina ere, ezin dugu bata bestearengatik ordezkatu, elkarreraginik gabe garapen osoa bermatzeko aukerak murrizten baitira.

Ardura guztiona da. Elkarlana, ez ordezkapena

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara