Blogaren artxiboa

Denentzako eskola posible bihurtzen duten baldintzak

Eta aurreko sarrerari jarraipena emanez, eskola iklusiboaren ametsera gerturatzeko eman beharreko urratsak aipatzea (edo errepikatzea) garrantzitsua dela uste dut, teoria errealitatea bihurtzeko bidea baita.

1. Komunitatearen zerbitzurako ikaste-komunitate den aldetik, eskola bere tokian ostera ipintzea

Eskolak, zor zaion jatorrizko tokia berreskuratu behar du, funtzio banaketa definituz.

2. Eskola: komunitatea

Komunitatearen definizioa argi izatea garrantzitsua da, eta gure asmoa eskola komunitate bat izatea bada, bertako kide guztien arteko harremanak, elkarreragina eta interakzioak sendotu behar ditugu, guztiak onartuz eta guztien beharrak kontuan hartu eta erantzunez.

Inklusiboa ezin da printzipio handien eremura bakarrik mugatu, eguneroko hezkuntza praktikan eragina duten erabakien bitartez operatibo bihurtu behar da.

3. Eskola, komunitate barnean

Eskolak bere burua komunitateko beste pertsona, erakunde eta zerbitzuekin elkarlanean aritu behar da: familia, gizarte eta osasun zerbitzuak, zerbitzu psikopedagogikoak, aisia, zentroak,  etab., bera parte den komunitatearen hezkuntza-eginkizuna sustatuz.

4. Egiazko curriculum-oinarri orokorra planteatzea

Denentzako eskola egin nahi dugunean curriculuma zehaztea behar batean bihurtzen da: zer eta nola ikasi behar duten benetan, errealitatea aztertuz eta honetara egokituz, benetan garrantzitsua dena azpimarratuz eta beharrezkoa ez dena baztertuz.

5. Programatzea, denek ikasteko: ikaskuntza eta irakaskuntzaren pertsonalizazioa

Nahiz eta berdintasunean oinarritu, ezingo ditugu guztiak berdinak balira bezala tratatu, batzuentzako lana egiten eta beste batzuk baztertuz. Irakatsi nahi duguna ikasleen hezkuntza ezaugarri eta premietara egokitu behar dugu, ikaskuntza pertsonalizatuz.

Ikasgaiak ikasle guztientzat ulergarriak, esanguratsuak eta aberasgarriak izan behar dira, guztien mailara egokitutakoak.

6. Ikasleen autonomia sustatzea: ikasketen eta norbanako arauak

Autonomoak direnak horren autonomo ez direnei autonomia lortzen laguntzeko aukera eman, guztiok laguntzarik gabe ikasteko gaitasuna lortu dezaten, hau da, ikasten ikasteko. Estrategiak diseinatzerakoan, ikasle ezberdinak elkarreraginean egoteko aukera eskaini behar zaie, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera zabaltzeko.

 

Familia eta eskola: elkarlana, ez ordezkapena

Familiek eta eskolak bat egiten dute haurrei dagokien helburu berean: autonomia eta garapen integrala lortzen laguntzea, bai maila fisiko, kognitibo, emozionala zein sozialean.

Azken urteetan, gure mundua eta gizartea asko eta azkar aldatu da. Horren ondorioz, kultura-paradigma berria dugu esku artean eta honek, gure eskola eraikitzeko orduan, faktore ugari kontuan hartzea eskatzen du.

Gaur egungo eskola, haurraren hezkuntzaz baino hartarago doa. Horretarako, familien laguntza, parte-hartzea eta inplikazioa behar du. Familia eta eskolaren arteko harremana eta elkarlana behar-beharrezkoa da lehenengo lerroetan aipatutako helburu hori lortze aldera. Bien arteko elkarreragina handia da, baina, hala ere, familiaren eta eskolaren funtzio nagusiak ezberdinak direla argi izan behar dugu.

Gertatutako aldaketa ugarien ondorioz, azkenaldian, eskolari eskatzen zaiona asko da. Kasu batzuetan, eskolak familiaren betebeharrak bete behar dituela pentsatzen ohi da, hau ordezkatuz, eta hori ezinezkoa da.Bakoitzak duen papera, lekua eta funtzioak ezagutu eta bete behar ditu. Helburua lortzeko guztion lana eta elkarlana ezinbestekoa da.

Eskolan eta etxean jasotzen diren hezkuntza-mota ezberdinak dira, nahiz eta gerora bat egin.  Autonomia lortzeko sare sozialak sortu, elikatu eta garatu behar dira, komunitatea sortuz. Haurrak sare sozial bat baino gehiago behar du, talde handikoa, talde txikikoa, famili girokoa, lagunen artekoa, … guztion arteko esperientzia trukaketari esker garatzen joateko.

Laburbilduz, haur baten garapenak eskatzen duen lana elkarlanean oinarritu behar da, baina bakoitzak bere funtzio propioak aurrera eramanez. Haurrak familia eta eskolaren beharra du, eta baita bien arteko parte-hartzea eta elkarreragina ere, ezin dugu bata bestearengatik ordezkatu, elkarreraginik gabe garapen osoa bermatzeko aukerak murrizten baitira.

Ardura guztiona da. Elkarlana, ez ordezkapena

Talde-lana, teoria eta praktikaren arteko borroka

Eskoa Inklusiboaz hitz egiten dugun bakoitzean, beti gogoan izan behar dugu parte-hartzea eta talde-lana, hauek baitira inklusiboaren oinarriak.

Talde kooperatiboen bidez guztion parte hartzea suspertzen da eta guztien arteko elkar-ikaskuntza bultzatzen da. Babes, laguntza eta kolaborazio sareak eraikitzen dira, harremanak sendotuz eta,  beti ere, talde kide bakoitzari parte hartzeko aukera berdinak emanez.

Mota honetako talde bat sortzerakoan, kideen heterogeneotasuna bermatu behar da, bakoitzak, taldearen barnean, independentzia eta eginbehar bat izanik eta, aldi berean, guztion arteko helburu adostua jarraitzen delarik.

Taldeak benetako ikaskuntza kooperatiboa lortu dezan honako baldintzak bete behar dira:

  1. Independentzia positiboa: Taldearekiko atxikipena eta konpromisoa sentitzea ezinbestekoa da.
  2. Talde eta banakako ardura: Banakako lana talde lana aurrera eramateko beharrezkoa da eta horren ardura norberarena da. Guztiok ikastea guztion ardura da.
  3. Talde-gaitasunak: Eduki akademikoez gain gaitasun sozial eta pertsonalak bereganatu behar dira.
  4. Talde-ebaluazioa: Lan prozeduren inguruko talde zein banakako hausnarketa egin behar da aurrerantzeko antolakuntza hobetzeko.

Irakasle bezala, ikasleen ezagutzaren eraikuntza kooperatiboa eraginkorra izan dezan, honakoak izan behar ditugu kontuan:

–          Helburua argia izan behar da.

–          Prozedurak eta talde elkarreraginaren berri eman.

–          Lan-prozedura gainbegiratu eta laguntza eskaini, horrela eskatzen badute.

–          Lan zein kolaborazioari buruzko ebaluaketa egin. Lorpen indibidualak ere aipatu.

Teoria eta gero, loturak eta hausnarketa. Aipatutako ezaugarri multzo hauek nire egoera pertsonalarekin alderatu ditut. Gaur egun, talde-lanaren metodologien alde egiten da. Honi esker, ezarritako edukiez gain, bestelako gaitasun ugari lortzen ditugula onartzea legezkoa da, hala nola, kooperazioa, koordinazioa eta elkarganako errespetua. Baina, gure talde-lanaren planteamenduaren eta benetako talde kooperatiboaren artean alde handia dago.

Gure talde-lanetan, helburua argia izaten ohi da, jarraitu beharreko prozedurak ezagunak eta nire kasuan behintzat, egindakoaren inguruan hausnartzen dut, hurrengo lanari begira, hobekuntza proposamenak elkartrukatzeko. Hala ere, asko dira, aurreko baieztapena idazteko arrazoiak:

–          Independentzia positiborik eza. Taldekideen helburu pertsonalen arabera taldearekiko konpromisoa ez da ematen.

–          Ardura indibiduala ez da bermatzen. Kasu askotan, talde-lana lan gutxiago egitearen sinonimotzat ulertzen da, honen antolaketa eta lan ardura osoa gutxi batzuena soilik izanik.

–          Talde lanaren prozedurak ez dira ikuskatzen. Taldeak lortzen duen emaitza bakarrik hartzen da kontuan. Ez dago inolako feedback-ik lan prozeduren inguruan.

–          Ez da ekarpen indibiduala baloratzen, taldeak entregatutako bukaerako lana baizik.

Hau guztia gaur egungo gizartearen jarrera eta sistemaren eraikuntza indibidualagatik gertatzen dela uste dut. Unibertsitate mailan, gauzak asko aldatu dira, metodologia proposamen berriari esker klase magistrala eta banakako lana alde batera utzi da, elkarreragina eta elkar-irakaskuntza bultzatuz. Baina, oraindik ere, benetako talde kooperatiboak lortzeko bidea luzea da eta egin beharreko lana handia.

Nire kasuan adibidez, talde kooperatiboen alde egiten dut, eta batzuetan banakako lanerako joera badut ere, talde-lana aurrera eramateko eman beharreko urratsak kontuan izaten saiatzen naiz. Askotan, honen aurrean jaso dudan erantzuna oso negatiboa izan da. Prozedura, sistema eta pertsonen ardura zein jarreren ondorioz, talde kooperatiboan lan egin nahi duena ergeltzat jotzen da, honi lan zama osoa egotziz. Helburu zehatzak lortu nahi dutenek, euren esfortzu eta lanaren bidez, nota-puntuak oparitzen dizkiete lan egiteko gogo gutxi dutenei, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa negozio ederrean bihurtuz.

Horregatik, aipatutako lan-jarrerak, balioak eta abarrekoak Haur Hezkuntzan lantzearen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da. Eskolan, familian, kalean landu behar dira, txikitatik lan kooperatiboa barneratzeko eta, aurrerantzean, talde-lanetan benetako independentzia eta ardura indibiduala lortzeko.

Horretaz gain, hezkuntza sistema bera, pixkanaka bada ere, aldatu beharko genuke, kooperazioa bermatzen ez duen sistema batean talde kooperatiboak lantzeak ez baitu zentzu handirik. Irakasleen ikuspegia eta lan egiteko modua aldatu behar da, eskolen antolaketa, familiekin harremanak eta batez ere, ebaluatzeko modua.

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara