Blogaren artxiboa
Mas allá del espejo
Mas allá del espejo (2006) – Joaquim Jordà
Agnosia eta alexia bi garun gaixotasun dira eta errealitatearen pertzepzioan eragin zuzena du, ikusmen informazio prozesuan eraldaketak sortzen baitituzte. “Mas alla del espejo” dokumentalaren bidez gaixotasun hau duten pertsonen bizitza ezagutzeko aukera dugu, bizitza erraza ez dela gogoratuz.
Protagonistek kausa eta ondorio ezberdinak izan dituzten arren, guztiek gauza bat dute komunean: aurrera egiteko indarra. Hasieran egoera gogorrak bizi izan zituzten, bizi zaren mundua ez ulertzea oso nekagarria baita, prozesuan pertsona bezala guztiz aldatzen zarela aitortzen dutelarik. Baina pixkanaka, laguntza ugari, lan gogorra eta bakoitzaren indarrari esker, aurrera egin dute, bidean aurkitzen duten zailtasun bakoitzari erantzunez eta oztopoak gaindituz.
Dokumentala ikusten nuen bitartean antsietate handia sentitu nuela onartu behar dut, gertatzen zaiena zein mundua ulertzeko eta munduan bizitzeko duten modua ulertzea asko kostatzen zaidalako, baina batez ere, horrelako gaixotasun bat izatea eta zure ingurukoek, nahiz eta mila aldiz azaldu, zure testuingurua hautemateko era ez dutela ulertzen ikusteak oso zaila izan behar dela pentsatzen dudalako. Eta guzti hau, borroka eta laguntasunaren esanahia ekintzen bidez plasmatzen den bitartean transmititzen da, ikaragarria!
Bukatu baino lehen, dokumentalaren esaldi bat azpimarratzea ezinbestekoa dela uste dut: “El residuo de la sociedad”. Esaldi honek, eskolako psikologo-orientzaileak esaten zion Esther Chumillas-eri, ez zuela ezertarako balio gehituz. Nola da posiblea laguntza profesional baten hitzak horiek izatea? Arduratzeko modukoa da. Zoritzarrez, profesionalak deitzen diren askok profesionaltasunaren kontzeptua pixka bat okertuta dutela uste dut, eta horregatik, askotan, bestearen lana errespetatuz eta noski, zalantzan jarri gabe, baina gure ikasleek jasotzen duten laguntzaren egokitasunaren baieztapena aztertzea funtzio garrantzitsu bezala azpimarratuko nuke.
Tutorea
Eta hezkuntza-premia berezien gai honi lotuta, funtsezkoa den profesionala aipatzea ezinbestekoa da: tutorea.
Haur bakoitzak bere hezkuntza edo bestelako behar pertsonalak izango ditu eta tutorea izango da guzti hauei erantzuna ematearen arduraduna. Ume bakoitzaren erreferentziazko pertsona da.
Bestelako profesionalengandik laguntza eta aholkularitza jasoko du (aholkularia, PT, Berritzegune, …) baina gelan, ikasle bakoitzarekin, aurrera eramango diren estrategia ezberdinen ardura berea da.
Horregatik, garrantzi handikoa da ikasleak ondo ezagutzea, euren interesak, motibazioak, gaitasunak etab ondo ezagutzea eta hauen araberako lana antolatzea. Informazio bilketa bide ezberdinetatik burutuko du: behaketa, gurasoekin elkarrizketa, aurretiko tutoreak, irakasle klaustroa, dokumentazio akademikoa,…
Bere eginbeharren artean oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak eskuratzen laguntzea dago, eta hau, bere gelako ume guztientzat, era berdintsuan, aplikagarria da. Horretarako, bakoitzaren behar bereziak kontua izan beharko ditu eta kasu batzutan, helburu, eduki, estrategia edota materialak egokitu beharko ditu bere erantzuna egokia izan dezan.
Eta nola ez, arreta goiztiarraren elementu nagusietako bat da, bere funtzioetako bat ikasleek dituzten arazo edota zailtasunak detektatzea izango baita, hauei erantzuna eta konponbidea emanez. Horretarako, PTarekin harremanetan egongo da, gelako irakasleekin bilduko da eta beharrezkoa bada eskolaz kanpoko talde multiprofesionalarekin kontaktuko du. Amaitzeko, gurasoei, behatutakoa eta jarraitutako prozesuaren berri emango die.
Guzti honegatik, tutorearen figuraren garrantziaz ohartzea garrantzi handikoa da, bere gelako ume bakoitzaren garapen integralaren eta honetan eragina duten elementu eta agente guztien arduraduna baita.
Curriculumaren egokitzapena
Nire sarreretan askotan aipatu dudan kontzeptua da eta honetan, asko ez bada ere, pixka bat sakontzea beharrezkoa dela uste dut.
Curriculumaren egokitzapenak aniztasuna kudeatzeko eta honi erantzuna emateko hezkuntza esku hartze estrategia multzoa bezala definitu dezakegu eta bertan zer, nola, noiz irakatsi eta zer, nola eta noiz ebaluatu jasotzen dira. Curriculuma malgua izan behar da, ikasleen ezaugarri pertsonalak kontuan hartzeko aukera izateko. Eta nola ez, eskola inklusiboaren elementu dinamizatzailea izan behar da, gure hezkuntza esperientzia hobetzeko bidea eskainiz.
Kasu honetan, hiru banakako curriculum bereizten dira:
- Curriculum arrunta egokitzapen txikiekin: aldaketak denboralizazio, didaktika nagusi eta garrantzitsuenetan, metodologia eta ebaluazio irizpidetan egiten dira
- Curriculum arrunta egokitzapen handiekin: aldaketak ugariak izango ziren eta curriculumaren elementu nagusietan eragina dute, hau da, helburu eta edukietan
- Curriculum berezia: curriculumaren arlo eta elementu gehienen aldaketa, ikasleari egokitutako lan plan pertsonala sortuz
Egoeraren araberako curriculum egokitzapenak beharrezkoak diren arren, gure curriculum orokorra normalizazio printzipio eta ikuspegi inklusiboan oinarritzea ezinbestekoa izango da aniztasunari erantzuna emateko. Bertan, antolaketa estrategiko malgua ezartzeaz gain, guztiontzako metodologia, ariketa, material eta ebaluazioa zehaztu behar da, baina inola ere, ikasleen erritmo pertsonalak ahaztu edo hezkuntza ekintza homogeneizatuz.
Egokitzapen eta aldaketak aldizka berrikusi behar dira, eta hauek moldatzeko beharra dagoenean aldaketak egin. Kontuan izan behar da, curriculum egokitzapena, hezkuntza-premia bereziei erantzuna emateaz gain, gure hezkuntza ekintza gure ikasle guztien behar ezberdinetara egokitzeko aukera ematen digula, eta honetaz baliatu behar gara gure erantzuna etengabe hobetu ahal izateko.
Beharrak erantzun behar ditugu
Johan van der Keuken-en “El chico ciego” (1960 – 1968) dokumentala ikusi ondoren behar anitzetan pentsatzen hasi naiz, eta hauei erantzuteko ditugun baliabideak eta aukerak.
Pertsona itsuen kasuan, gizartean bizitzeko zailtasun bat dutela pentsatzeko ohitura dugu. Baina oso erratuta gaude. Gure gizartea da muga bat duena, guztiontzako aukera berdinak eskaintzeko gai ez delako.
Eskolaren kasuan, gauza bera. Ume itsu batek gela arrunt batean egoteko gaitasuna du, baina agian, gela horretako irakaslearen formakuntza edota eskolaren baliabide falta dela eta, gaitasuna zailtasun bihurtzen da. Premia berezia dituena eskola da, eta ez ikaslea.
Ume itsu batek, besteek bezala, bere gaitasunak lantzeko eta aurrera egiteko gogo handia du. Hezkuntza integrala behar du, jolastu, harremanak izan, esperimentatu, sentitu, lan egin eta bizitzari motibaturik aurre egiten ikasi..
Hezkuntzak, zein gizarteak, guztion beharrei erantzun behar die. Pedagogia sistemikoari eta eskola inklusiboari esker, guztion ikuspegia zabaldu, beharrei erantzuna eman eta guztiok eskolaren partaide sentiaraztea lortu behar dugu. Horretarako ikuspegi, material edo bestelako aldaketak egitea beharrezko den arren, lehendabiziko urratsa “itsu gaixo”-aren paradigma alde batera uztea da, lana ekinez eta beharrak oztopo bezala definitu gabe.
Gainera, baten beharra erantzutean, beharraren inguruan dauden guztiak aberastuko dira, esan bezala, beharra gizartearena baita. Guztiok elkarrekin hezteko eta ikasteko aukera dugu eta guztiekin lan egiteko gai izan behar gara. Guztion lanari esker beharra normalizatu behar da. Erantzun eta aberastu!