Blogaren artxiboa

Guztiontzako kalitatezko hezkuntzaren heriotza onartu dute

Bukatzear dagoen aste hau aste tristea da guztiontzako: Espainiako Gobernuak LOMCE legea onartu du.

“Enseñar a querer a su país, a defender a su país. Porque también un modelo educativo vertebra una nación, también, y también un modelo educativo hace que los futuros españoles, nuestros hijos y nuestras hijas, sepan lo que es su país y sepan como tienen que sentirse orgullosos de su país y defender a su país.” (María Dolores de Cospedal)

LOMCE legea azken 30 urteetan onartzen den zazpigarren hezkuntza erreforma da, baina, legea irakurtzerakoan, orain dela 30 urteetako lehenengo legea dela pentsatu dezakegu. WERTen legeak, besteak beste, autonomi erkidegoei botere eta konpetentziak ezabatzen ditu, gaztelaniazko hezkuntza indartzen du, ziklo bukaeretan Espainiako Gobernuak erabakitako azterketak ezartzen ditu eta erlijioko irakasgai ebaluagarria berreskuratzen du (beka bat lortzeko, adibidez, gainontzeko irakasgaiek duten pisu berbera izango du).

Esan bezala, gaztelaniazko hezkuntza indartuko da, eta horretarako, hezkuntzak murrizketa ugari jasaten duen bitartean, Espainiako Gobernuak 5000000€ bideratuko ditu gaztelania ez diren hizkuntzak zapaltzera, autonomia erkidegoei kendu eta gaztelaniazko eskola pribatuak ordainduz

Eusko Jaurlaritza erabaki parlamentarioaren zain dago lapurtutako konpetentziengatik borrokatzeko. Espainiako Hezkuntza Ministerioak erakutsitako erantzun exkaxa dela eta negoziazio zalantzan jarri du eta horregatik, auzitegi konstituzionalengana jotzeko asmoa duela aitortu du.

Lege berri honek botere politiko, irakasle, familia eta ikasle guztiak batzea lortu du, legearen kontra noski. Lege ideologiko eta atzerakoia izateaz gain, akats eta atzerapen demokratiko handia da. Hezkuntzarekiko eraso zuzena. Eskubide unibertsala negozio hutsean bihurtu nahi dute, balio atzerakoiak inposatu eta bereizketa eta banaketak indartuz.

Lege honek ez ditu gure hezkuntza sistemaren beharrak erantzuten.

 

lomce-copia-22

Laguntzaren gakoa: lan kooperatiboa

Sarrera asko idatzi ditut laguntza eta laguntza zerbitzu ezberdinen inguruan, baina oraingoan, laguntza hitza borobiltzeaz gain honen atzetik dauden ezkutuko elementuen inguruan hausnartzearen garrantzia azpimarratu nahi dut.

Gelan, eta hitz gutxitan, laguntza pertsonen garapena, hezkuntza, interesak eta ongizatea bermatzen duen estrategia eta baliabideen multzoa bezala definitu dugu, hauen artean laguntza terapeutikoa, kontsultazko laguntza eta laguntza curricularra goraipatu ditugularik.

Pertsona, behar eta ikuspegi ezberdinak daudenez hauei erantzuteko modu edota hobeto esanda laguntza mota ezberdinak egon behar dira. Gainera, guzti hauek kudeatzeko tresna edota baliabide ezberdinak ditugula aztertu dugu: POAT (Plan de Orientación y Acción Tutorial: Tutorizazio programa), PAD (Programa de Atención a la Diversidad: Aniztasuna kudeatzeko programa) eta Hizkuntza proiektua (Eskolako hizkuntzen garrantzia eta hauen komunikazio konpetentzia nola erantzun). Horregatik, bakoitzaren ezaugarri nagusiak aipatu eta azaldu ditugu, etorkizunean gure erantzuna modu egokienean bideratu ahal izateko.

Benetako eskola inklusiboa lortu nahi badugu laguntza eta laguntza zerbitzu ezberdinen ikuspegia, lana eta antolaketa era inklusiboan gauzatu behar dugu. Zailtasun edo urritasun bat duen haurrari erantzuteko laguntza profesionala beharrezkoa denean, hauekin lan kooperatiboa egin behar dugula argi izan behar dugu.

This slideshow requires JavaScript.

Rafael Medinak talde kooperatiboak norberaren ikaskuntza edota lana lortzeko besteen lana eta ikaskuntza beharrezkoa duen taldea bezala definitzen du, helburua beti bikoitza dela aipatuz: ikaskuntza eta sozializazioa. Tutore, irakasleria eta talde multiprofesionalen arteko talde lan bateratua behar beharrezkoa da zailtasunei era egokian aurre egin ahal izateko.

Talde multiprofesionalek eskolarekin lan egin behar du urritasun edota zailtasun bat duen haurrari erantzuna emateko, eta ez du soilik ume horrekin, indibidualki, lan egin behar. Beste hainbatetan aipatu dudan bezala premia berezia duena eskola da, ume horren zailtasunei aurre egin ezin diolako. Horregatik, laguntza behar duena eskola da, eta laguntza horri esker ume horren oztopoak gainditzen ikasiko du.

Aurreko astean, Bergarako AransGi eskolako aditu batekin elkarrizketa bat izateko aukera izan nuen, eta inklusioaren ikuspegiaren gaia jorratu genuen. Teoria mailan oso ondo dagoela aipatu ondoren, gaur egungo eskola eta irakasle gehienek inklusiboak izatetik urrun daudela aitortu zidan. Bere elkarteak haur gorrekin egiten du lan, hauek premia berezi handiak dituzten umeak direlarik. Hori dela eta, elkartearen profesionalen laguntza oso onartua eskertutakoa da eskola guztietan. Profesionala eskolara joan aurretik haur hipoakusikoaren tutore edo irakasle taldearen ardura handia bada ere, profesionala eskolan bertaratzen denean ardura hori guztiz desagertzen da, ardura guztia profesionalari transferitzen baitio.

Aipatutako egoera jarrera txar baten adibidea da. Ume bakoitzaren ardura tutorearena da, eta umeak izan ditzakeen zailtasunei erantzuteko profesional baten laguntza behar badu, hau onartu, aprobetxatu eta berarekin kooperatiboki lan egin behar du. Kanpoko errekurtsoa gure taldearen parte izan behar da, guztiok batera lan egin ahal izateko. Horrela guztiok ikuspegi eta bide berdina jarraitzeko aukera gauzatuko da, erantzunaren kalitatea bermatuz. Oztopoak gainditzeko irakasle ekipo osoa inplikatu behar da ikasleri osoari erantzunez.

Gurasoak eta haurren urritasunak: harreman gogorrak

Maria y Yo (2010) – Félix Fernández de Castro

Autismoaren nahasteak hiru zailtasun nagusi ditu ondoriotzat:

  1. Gizarte elkarrekikotasun nahastea
  2. Hitz eta ez hitzezko komunikazioa
  3. Interesgune eta jokabide mugatuak

Maria y yo dokumentalean, Mariaren egunerokotasunaren bidez, autismoaren ezaugarriak identifikatu eta ezagutzeko aukera dugu: arauak ezin ulertzea, izenak gogoratzeko gaitasuna, errutinen beharra, marrazkien bidezko komunikazioa, … Bere garapena, 14 urte dituelarik, 4 urteko ume batena da. Gainera, ezin ditu jasotzen dituen estimuluak ordenatu, denak batera hautematen dituelarik, kaos bat sortuz. Horregatik, isolamenduan babesten dira edota gauza bakar batean zentratzen dira.

10 hilabeterekin amak zerbait ondo ez zebilela antzeman zuen, Mariaren garapena ez baitzen normala. Baina aitak, pediatraren ahotik garapen atzerapena zegoela entzun arte ez zen sintomez konturatu, bere panpintxoaren arazoa onartzen kostatu zitzaion.

Gurasoen lehenengo sentimendua erruarena izaten ohi da, euren buruei non egon den akatsa galdetzen diotelarik. Larritasuna, galderak eta beldurrak ugariak ziren, baina, egoera berdinean aurkitzen ziren gurasoen eskutik laguntza handia jaso zutela aitortzen dute. Denbora aurrera egin ahala,  Mariaren autismoa diagnostikatu zen eta Maria bere unibertso txikian bizi dela ulertu zuten.

Lortutakoak esfortzu handi eta lan gogorrari esker lortu ditu, eta gurasoek lortuko ez zituen gauza asko egiteko gai izan da. Autonomia eta autoestimua lantzen dute hezkuntza premia berezien eskolan zein etxean, egunero, minuturo: nahiz eta gehiago kostatu berak egin behar ditu lanak eta ondo egindakoa errekonozitzen diote.

Aitaren ardura nagusia Mariaren zoriontasuna da eta beldur handiena Mariaren bakardadea da. Hori dela eta, bera ez dagoenerako, Maria ulertu eta zainduko duen maitasun sarea eraikitzea da bere helburuetako bat, bere segurtasunaz ziurtatuz.

Esan bezala, dokumentalari esker, autismo nahastea ezagutzeko aukera dugu, baina nire uste, beste gai nagusi eta garrantzitsu bat lantzen du: gurasoen erantzuna, onarpena, jarrera, sentimenduak, ardurak eta beldurrak. Nahaste guztietan, gurasoen onarpen prozesua zaila eta luzea izaten ohi da, eta haurraren garapen orokorrean eragina du. Ondorioz, diagnostiko baten aurrean, familiaren informazioa jasotzea beharrezkoa da, etxeko giroa eta egoeraren inguruko iritzi, pentsamendu eta sentimendu ezberdinak.

Eta guzti honekin lotuta, orain dela pare bat egun irakurritako testu labur eta errez bat zuekin partekatzea nahi dut. Emily Pearl Kinsgley-en testua da eta era dotorean kontatzen digu urritasun bat duen seme/alaba bat izatea zer den: LA_BELLEZA_DE_HOLANDA

Arreta goiztiarra

0-6 urte bitarteko umeak era osasuntsu eta orekatuan hazi behar dira, eta guk, euren garapena sendoa izan dezan bermatu behar dugu. Hau betetzeko arriskuak daudela detektatzen dugunean hauei aurre egiteko ibilbidea sortu behar dugu, esku-hartzea ezinbestekoa baita: arreta goiztiarra.

Hau esanda, arreta goiztiarra 0-6 urteko haurrei, familiei eta inguruari zuzenduriko jarduera multzoa bezala definitu dezakegu; haurrek garapenean pairatuko edo para ditzaketen alterazio eta beharrizan iragankor zein iraunkorrei erantzuna lehenbailehen ematea helburu dutenak, hain zuzen. Jarduera hauek umearen osotasuna aintzat hartu behar dute, eta izaera interdiziplinarra duen lan talde batek planifikatuak egon behar dira.

Guzti hau aurrera eramateko protokolo ezberdinak daude, komunikazioa eta zerbitzuen arteko elkarlana ezinbestekoa delarik. Arreta goiztiarraren bidez, ezarritako neurriak, kolaborazioa eta proposamenak aniztasunari era eraginkorrago batean erantzuteko ahalmena emateko aukera dugu.

Horretarako, behaketa funtsezkoa da, informazioa biltzea alegia. Ondoren, osasun esku-hartzea eta laguntza-zerbitzuen txanda da.  Ikastetxeak aukera anitzak eskaini behar ditu, guztiontzako helburu berdinak ezarriz eta diskriminazioa baztertuz. Eta prozesu osoan zehar familiaren papera ezinbestekoa da. Guztion elkarlanari esker garapen integrala bermatzea da helburua, beti ere bidean normalizazioa bilatuz.

Haur Hezkuntza haurraren hezkuntzaz haratago doa. Faktore guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzaren gaitasunak sortu, eraiki eta garatu behar dira. Arrakasta lortzeko ibilbide horretan aurkitu ditzakegun arazoak detektatzen abilak izatea garrantzitsua da ,eta hauek nola bideratu eta zuzen erantzuteko laguntzak eta baliabideak bilatzen eta erabiltzen baita noski.

entzumen-urritasuna-1

Zine Forum metodologiaren alde

Sarrera hau ez idaztea nahiago nuke, baina tamalez, pasadan astean gelan bizi izandakoak hau egitera behartzen nau.

Nire lehen sarreran, metodologia atsegin baten aukeraketa eta erabileraren garrantziaz mintzatu nintzen. Metodologia motibazio handienaren edota motibazio ezaren oinarria izan daiteke. Era berean, motibazioa ikaskuntza esanguratsuaren funtsezko alderdia da. Ondorioz, metodologia motibagarri bat ikaskuntzaren helburuaren arrakasta lortzeko gakoa da.

Gure irakasletako batek, bere irakasgaia aurrera eramateko, pelikulen ikuskapen eta hauen inguruko “zine forum”etan oinarritutako metodologiaren alde egin du. Baina, honen aurrean aurkitu duen erantzuna oso desatsegina izan da, modu politean esatearren.

Pantaila handiko irudi sekuentziei esker, beste errealitate batzuk ezagutu ditzakegu, hauek barnetik ezagutu eta irakasle izateko hain garrantzitsua eta ezinbestekoa den hausnarketari ekin, ikaskuntza handiak barneratuz. Nor ez da “Rebelión en las Aulas” (James Clavell, 1967) pelikula ikusterakoan irakaslearen motibazio eta inplikazioaren garrantziaz ohartu? Nork ez du “Los chicos del coro” (Christophe Barratier, 2004) filma ikusterakoan artearen botereari buruz pentsatu? Edota, nork ez du beldurra sentitu “La ola”n (Dennis Ganse, 2010) erakusten den metodologiaren indarra ikusita?

Klasean pelikulak ikusteak abantaila erraldoi bat du, pelikula irakasle begien bitartez aztertzeaz gain, ikaskideen zein irakaslearen ikuspegi, pentsamendu, hausnarketa eta iritziak jasotzeko aukera eskaintzen du, norberaren hausnarketa propioa eta ikaskuntza ikaragarri aberastuz. Era laburrean esanda, ekintza aberasgarri eta eraginkorra. Metodologia erabat positiboa.

Hala ere, ekintza hauen aurrean, ikaskide batzuen erantzuna ez da batere positiboa. Batzuek, pelikula hauek Hollywoodeko filma arrakastatsuak ez direnez, aspertzen direla aitortzen dute, bestelako zereginetan denbora emanez. Beste batzuk aldiz, gelatik alde egiten dute, irakaslearen proposamena zein lana gutxietsiz eta teoria hutsa ez diren metodologiei bizkarra emanez.

Gaur ikaskideak direnak etorkizunean umeen garapenaren eta nortasunaren eraikuntzaren agente garrantzitsuenetako bat izango dira. Horregatik, horrelako ekintzak aprobetxatu eta hauetaz baliatu beharko ziren egingo duten lanaren inguruan sakonki hausnartzeko.

Haur Hezkuntzako haurrak ez dira jostailuak, euren nortasuna, izaera, emozioak, kognizioa eta azken finean bizitza eraikitzen ari diren pertsona txikiak dira eta gure errespetu osoa merezi dute. Errespetu hori, gehiago ikasteko eskaintzen dizkiguten aukera guztiak ondo aprobetxatuz adierazten da.

Beraz, lerro hauen bitartez, irakaslea bere metodologiarekin aurrera jarraitzeko animatzen dut. Era berean, beste errealitate batzuk ikustea eta hauek komentatzea eta barne hausnarketa aurrera eramatea gustuko ez dutenei, benetan Haur Hezkuntzako irakaslea zer den eta horrek zer eskatzen duen sakonki pentsatzea eskatzen diet.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara