Blogaren artxiboa
Hizkuntza idatzia sukaldean landu
Gure gelako lan prozedura nagusiak errutinak eta txokoak diren arren, tarteka, egun bereziak direla eta, egunerokotasunaren erritmoa eten eta bestelako ekintzak burutzen dira. Gelakide baten urtebetetze eguna ospatzeko, adibidez, urteak betetzen dituen haurrak ikastolara eramandako bizkotxoa denon artean jateko ohitura dago. Nire praktiken egonaldian zehar urteak bete ditut eta bizkotxoa eraman beharrean errezeta berdinean oinarritutako magdalena bana egin eta eramatea pentsatu nuen, ideia paregabea!
Haur guztiek gustura baino gusturago jan zuten bere magdalena eta bukatzerakoan, nire urtebetetzeagatik zoriontzeaz gain, nire magdalenak oso goxoak zirela behin eta berriro errepikatu zidaten. Hau ikusita, egoera aprobetxatu, eta ea gelan magdalenak egiten ikasi nahi zuten galdetu nien. Guztien erantzuna bateratua izan zen: Bai!
Haurrek magdalenak egitearen jarduerekiko erakutsitako interesa erabilpen zientifikorako “testu preskriptibo” bat lantzeko aprobetxatu dugu, “errezeta” alegia. Testu mota hauek, idazteko zein irakurtzeko modu zehatzak eskatzen dute, haurrak txikiak direnetik lantzea garrantzitsua dena, bizitzan zehar oso erabilgarriak izan ez ezik, idazteko eta irakurtzeko gaitasun espezifikoak ere lantzen direlako. Horretarako, sei jarduerez osatutako sekuentzia didaktikoa burutu dugu:
Lehendabizi errezetaren inguruko aurrezagutzak gogoratu genituen: errezetaren helburu edo funtzionaltasuna eta honen atalak (osagai zerrenda). Ondoren, nire magdalenen errezeta aurkeztu nien eta horretan oinarrituz egin beharreko erosketa zerrenda idatzi genuen.
Erosketa zerrenda eskuan harturik supermerkatura joan ginen eta bertan behar genituen osagai guztiak lortu genituen.
Berriz ere gelan, errezeta berrirakurri genuen eta magdalenen orea prestatu genuen, hau moldeetan banatuz. Ederki asko pasa genuen!
Bakoitzak bere moldetxoa bete zuenean, irakasleak guztiak hartu eta labean sartu zituen. 30 minutu beranduago magdalena goxo goxoak prest aurkitu genituen!
Gure lanaren emaitzaren arrakasta ikusita, erabilitako errezeta gurasoekin elkarbanatu edota etorkizunean etxean sukalde-jarduera bera egiteko asmoari jarraituz, gure errezeta propioa eraiki genuen.
Ondorioz, gure sekuentzia didaktikoaren emaitza magdalena gozo batzuez gain, etorkizunean berreskuratu ahal izateko testu idatzia produzitzea izan da, haurrari idatzizko egoera komunikatiboaren funtzionaltasunari hurbiltzeko aukera emanez.
Jarduera honi esker, modu dibertigarri eta esanguratsu baten bidez, haurren hizkuntza idatziarekiko arreta eta interesa bereganatzea lortu dugu. Esperientzia polita izan da, guztiz gomendagarria.