Blogaren artxiboa

Arazo-egoeren metodologia, ikasleen oinarrizko konpetentziak bermatzeko gako

Egun curriculumean oinarrizko konpetentziak garatzeko printzipio metodologikoak zehazten dira. Edukiak eguneroko bizitzarekin lotura izan behar dute eta horien lanketa egoera errealetan izan behar dute abiapuntua. Irakaslea izango da ikasketa-egoerak edota –eszenatokiak diseinatu eta antolatzearen arduraduna baina horien ebazpenean ikas-komunitate osoaren inplikazio aktiboa ezinbestekoa da. Horregatik, arazo-egoerak metodologia ikasleen oinarrizko konpetentziak bermatzeko estrategia ezin hobea da.

Arazo-egoeretan euren errealitatearekin lotura estua duen testuinguru eta arazoa aurkezten zaie ikasleei. Horri irtenbidea emateko (azken emaitza lortzeko) ikasleek jarduera anitzak eraman behar dituzte aurrea. Aurrerapauso bakoitzari esker ikasleek zeharka diziplina baitako zenbait konpetentzia landu dezakete eta, era berean, gaitasun digitala ere txertatzen da (informazioa bilatu, edukiak digitalki sortu, azken emaitza produkzio digital modura jaso…).

Berritzegune Nagusiak arazo-egoeretan oinarritutako zenbait unitate didaktiko landu eta guztion eskura jarri ditu Baliabide interesgarriak eta erabilgarriak benetan. Eta hona hemen nik sortutakoa (Gasteiz-en tranbia-linea berria?) , adibide gisa:

tranbia_Rakel Gamito.pptx

Era berean, norberak sortu dezake arazo-egoera bat. Egunerokotasuna, gertuko testuingurua eta taldearen ezaugarriak kontuan hartuta, edozein arazo-egoera lantzea posiblea da eta beti ikasketa-prozesu esanguratsua izango du bidelagun.

Arazo-egoeran oinarritutako unitate didaktikoa diseinatzerakoan, ezinbestekoa da testuingurua, arazoa eta helburua edo lortu beharreko emaitza ondo zehaztea. Ondoren, horretarako eman beharreko pausuak (jarduerak) eta erabili beharreko materialak (tresnak eta baliabideak) aldez aurretik zehaztu ditzakegu. Hala ere, egiteko modu bakarra ez dagoenez, pausu horien planifikazioa taldearen esku utzi ditzakegu, euren sormena eta erantzukizuna indartuz.

Orduan, ia konturatu gabe, arazo-egoera bakar baten gauzatzearekin hainbat konpetentzia lantzen direla konturatzen gara. Arazo-egoerak euren errealitatearekin lotura dutenez, ikasketak zentzu handia izango du, ikasleek konpetentziak zeharka garatuko dituzte eta euren inplikazio eta parte-hartzea nabarmenki areagotuko da.

Sarearen erabilera kritikoa lantzea segurtasunaren gakoa da

Imajinatu kaletik zoazela, zure ondotik pasatzen den pertsonari aurreko gauean afaldutakoa kontatuko zenioke? Eta autobusaren zain dagoenari zure kreditu-txarteleko zenbakiak emango zenioke?

Ziur nago zure erantzuna ezezkoa dela baina, gauza bera egiten duzu bizitza digitalean? Hona hemen hausnartzeko bidea eskaintzen digun bideo bat!

 

Agian bideoak erakusten duena errealitatea puztu egiten duela uste duzu, baina horri erantzunez hona hemen twitter bidez modu publikoan partekatutako kredi-txarteleko zenbakiak:

@NeedADebitCard

Sareko segurtasuna aipatzerakoan ingeniaritza informatikoko hainbat teknika burura etortzen zaizkigun arren, edonoren egunerokotasuneko segurtasunaren gakoa ekintzen ondorioak modu koherente batean pentsatzean datza, bizitza analogikoan duzun ardura eta arreta bizitza digitalean aplikatu.

Gure adingabeen kasuan, era digitalean jaio direnez, askotan ekintzak bitan pentsatu gabe aurrera eramaten dituzte. Horregatik, eskoletan lantzen den gaitasun digital informazioaren bilaketa eta lanketatik haratago joan behar da. Gazteekin ekintzen ikuspuntu anitzak, ondorioen inguruko galderak eta teknologia berrien erabileraren inguruko hausnarketa kritikoa lantzea funtsezkoa da.

Mas allá del espejo

Mas allá del espejo (2006) – Joaquim Jordà

images

Agnosia eta alexia bi garun gaixotasun dira eta errealitatearen pertzepzioan eragin zuzena du, ikusmen informazio prozesuan eraldaketak sortzen baitituzte. “Mas alla del espejo” dokumentalaren bidez gaixotasun hau duten pertsonen bizitza ezagutzeko aukera dugu, bizitza erraza ez dela gogoratuz.

Protagonistek kausa eta ondorio ezberdinak izan dituzten arren, guztiek gauza bat dute komunean: aurrera egiteko indarra. Hasieran egoera gogorrak bizi izan zituzten, bizi zaren mundua ez ulertzea oso nekagarria baita, prozesuan pertsona bezala guztiz aldatzen zarela aitortzen dutelarik. Baina pixkanaka, laguntza ugari, lan gogorra eta bakoitzaren indarrari esker, aurrera egin dute, bidean aurkitzen duten zailtasun bakoitzari erantzunez eta oztopoak gaindituz.

Dokumentala ikusten nuen bitartean antsietate handia sentitu nuela onartu behar dut, gertatzen zaiena zein mundua ulertzeko eta munduan bizitzeko duten modua ulertzea asko kostatzen zaidalako, baina batez ere, horrelako gaixotasun bat izatea eta zure ingurukoek, nahiz eta mila aldiz azaldu, zure testuingurua hautemateko era ez dutela ulertzen ikusteak oso zaila izan behar dela pentsatzen dudalako. Eta guzti hau, borroka eta laguntasunaren esanahia ekintzen bidez plasmatzen den bitartean transmititzen da, ikaragarria!

Bukatu baino lehen, dokumentalaren esaldi bat azpimarratzea ezinbestekoa dela uste dut: “El residuo de la sociedad”. Esaldi honek, eskolako psikologo-orientzaileak esaten zion Esther Chumillas-eri, ez zuela ezertarako balio gehituz. Nola da posiblea laguntza profesional baten hitzak horiek izatea? Arduratzeko modukoa da. Zoritzarrez, profesionalak deitzen diren askok profesionaltasunaren kontzeptua pixka bat  okertuta dutela uste dut, eta horregatik, askotan, bestearen lana errespetatuz eta noski, zalantzan jarri gabe, baina gure ikasleek jasotzen duten laguntzaren egokitasunaren baieztapena  aztertzea funtzio garrantzitsu bezala azpimarratuko nuke.

Lazhar irakaslea

Monsieur Lazhar (2011) – Philippe Falardeau

Bachir Lazhar 55 urteko argeliarra da. Montreal-ko ikastetxe batean kontratatua da, egoera tragikoetan hildako Lehen Hezkuntzako irakaslea ordezkatzeko. Gainditu behar dituen zailtasunak ugariak dira, baina bere irakasteko era umeak zein kurtsoa aurrera eramateko ezinbesteko tresnan bihurtzen da.

Pelikulak gai anitz eta ezberdinak lantzen diren arren dolua eta hezkuntza sisteman du oinarria. Bertan hezkuntza sistema berrien eta irakaslearen irudi zaharkituaren arteko talka ikusteko aukera dugu. Bachir metodologia, antolakuntza, arau, ohitura eta harreman ezberdinetara egokitu behar da, baina guzti hau bere erara egiten du, umeekiko duen maitasuna ahaztu gabe.

Gure gizartean beldurra, heriotza, eta nahigabea gai tabuak dira, eta are gehiago umeekin. Baina irakasle honek errealitateari bizkarra eman beharrean haurrekin hitz egitea eta gaia lantzea erabakitzen du. Haurren doluataz arduratuta, eskolaren arauak apurtu eta emozioen adierazpena bultzatzen eta indartzen du.

Istorio polit eta hunkigarri baten bidez eskolaren funtzio bikoitza barneratzen dugu: irakastea eta heztea. Gainera, garapen emozionalaren garrantzia azpimarratzen du, elkarrizketaren eta maitasunaren beharra goraipatuz.

Gaia aprobetxatuz, Haur Hezkuntza kolorezko fitxak, abestiak eta jolasak soilik dela pentsatzen dutenei, haurrekin, egunerokotasuna, errealitatea eta emozioak landu behar direla gogoratzen diet. Garapen integrala bermatu behar dugu, eta alderdi emozionalaren kudeaketa eta adierazpena zein errealitateari aurre egiteko estrategiak honen parte dira.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara