Blogaren artxiboa
Aniztasunari erantzun
Asko dira eskola inklusiboaren ezaugarriak eta ondorioz, asko dira gertatu beharreko aldaketak. Aldaketa prozesu guztiek luzeak eta zailak izaten ohi dira, eta hau ez da salbuespena. Aniztasunaren trataerak ikuspegi inklusiboa Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua (IHP) eta Ikastetxeko Curriculum Proiektuaren (ICP) elaborapenetik hasi eta geletako lana zehaztu eta garatzen den momenturaino zehar kontuan izan eta mantentzea eskatzen du.
Aldaketa prozesu honetan antolaketa atal berezi bat betetzen du. Aniztasunak aniztasuna eskatzen du, hau da, irakasle guztiengana errazago heltzeko antolaketa malgua eta estrategia pedagogiko anitzak, talde kooperatiboa erraztuz. Gelan ere, txoko, baliabide eta pertsonen taldekatze edo antolaketa garrantzi handikoa da. Antolaketa gure beharra erantzun behar dut, bestearekin egon, ikasi, bizi eta pentsatzen laguntzen dutelarik. Honen adibidetzat Antzuola Herri Eskolako eredua aipatu dezakegu. (Ikus Antzuolako Herri Eskola, HikHasi-Antzuolako Proiektuak eta HikHasi-Antzuolako psikomotrizitatea).
Ikasgela inklusiboak behar ditugu, non testuinguruan kokatuz, talde batean erritmo ezberdinak egotea onartzen den eta guztien garapen integrala eta orekatua ziurtatzen den. Proiektuak, txokoak, tailerrak edo bestelako talde mailako estrategia metodologiko ezberdinak erabiltzeko aukera dugu, baina, hauek burutzeko behar dugun espazio eta denboran antolatzeko guztien behar indibidualak zein taldearen ezaugarriak kontuan izango dira.
Garrantzi handikoa da baita, lan burokratiko eta administratiboa izan arren, kurtso amaieran proposatutako antolaketa, metodologia, estrategia, ekintza, etab.-en onurak eta zailtasunak aztertzea eta hauek urteko planaren memorian jasotzea aldaketa prozesuaren oinarriak eraikiz.
Aniztasunaren trataerari dagokionez, eta barne hausnarketa azaleratuz, nire ikuspegia inklusiboa da, nire aldaketarako jarrera ona, baina nire kezka handia. Etorkizunean, eskolara joatean, ikuspegi selektibo eta metodologia tradizionala dituzten irakasleekin batera lan egin behar badut, zer egin dezaket eskola inklusiboaren beharra aldarrikatu eta hau lortzearen alde egiteko? Pertsona bakar batek, eta egun batetik bestera, ezin du hezkuntza sistema oso bat aldatu. Hala ere, etzipena ez da bide eta argi izan behar dugu norberak duen lan egiteko modua, norberaren gelan fitxa bat ariketa inklusibo bategatik aldatzea bezalako ekintza txikiek aniztasun aberasgarriaren bidea eraikitzen dutela.
Horregatik, aldaketa handiak ez badira ere, zuen ikuspegia zabaldu, zuen jarrera eredutzat erabili eta inklusioari etzi gabe ekin. Eduardo Galeanok esan zuen bezala, “Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txiki eginez, mundua alda dezakete”
Basati txikia
L’Enfant sauvage (1970)-Francçois Truffaut
El niño salvaje filma XVII. mendearen bukaera gertatutako gertakizun errealetan oinarrituta. Basoan bakartua bizi izateagatik, gizarterekin inolako harremanik izan ez duen haur bate hezkuntza prozesua kontatzen du.
Gormutuen Institutuan lan egin zuen Itard medikuaren (1801-1882) legatu pedagogikoa bezala definitu dezakegu. Bertan, Averyton-eko oihanetan agertu zen mutiko basatiaren behaketa eta eman zitzaion hezkuntza-tratamendua jasotzen dira. Esquirolen ustez umea abandonatzearen ondorioz azen, eta Pinelentzat, aldiz, idiota zen.
Itardek bost urte eman zituen haurra etsi gabe hezten. Bere sentimena, adimena eta afektibitatea garatzeko xehetasun handiz landutako ekintzen bidez lan egiten zuen. Hezkuntzako bere ikerketek eragin handia izan zuten XIX. mendean zehar egindako lan mediko-pedagogikoetan eta gerora sortu eta antolatu ziren eskola bereziak. Hainbat egileen inspiratzaile ere izan zen.
Pelikulak sozializazio prozesuaren garrantzia azpimarratzen du, ume basatiaren naturaltasuna gizartearen hipokresiarekin alderatuz. Garaiko errealitate sozial, akademiko eta medikoa islatzen du.
Argi dago pelikulan ematen diren pentsamolde, ikuspegi, metodologi eta jarrera asko gertaeraren garaiarekin bat egiten dutela, zaharkituta daudela alegia. Zorionez, gaur egun, hauetako asko gaindituak edota baztertuak izan dira.
Hezkuntzaren garrantzia eta honen indarra azpimarratzen da, eta honekin ados nagoen arren, ume basatiak jasotzen duen tratua ezin dela inondik inora onartu pentsatzen dut. Animalia balitz bezala harrapatzen dute, eta bere egoeraz baliatzen dira gainontzekoen barre eta txantxak eragiteko. Ondoren, ikertzaile baten etxean isolatzen dute eta umearekiko maitasun adierazpen txikiak ikusteko aukera dauden arren, bere beharrak kontuan hartzen ez direla uste dut. Metodologien oinarria sari/zigorrak dira eta momentu askotan ez da bere erritmoa, deskantsua edota interesa errespetatzen.
Pelikula bukatzerakoan, galdera zehatz bat egin nion nire buruari eta oraindik ere, galdera berari bueltak ematen nabil: sozializazio prozesuaren garrantzia azpimarratzen da, baina noren beharra da? Ume basatiaren beharra, Itard medikuarena edo gure gizartearena? Garaiko gizartearentzat ezinbestekoak ziren hezkuntza ekintza ezberdinetan gaitasuna lortzeko umearen eskubide, beharrak eta erritmoa alde batera ahaztuta uzten dira, momentu askotan Itard medikuaren teoria baieztatuko duen ikerketa umearen ongizatearen gainetik jarriz.
Hezkuntza, sozializazio prozesua eta ondorioz garapen integrala ezinbestekoa da ume guztien bizitzetan, baina nork markatzen ditu pautak? Noren beharraren arabera egiten da lan? Haurraren testuingurua, historia, beharra, erritmoa eta beste mila ezaugarri aztertu behar dira honi egokitutako hezkuntza eskaintzeko, bere interesetatik abiatuta eta bere erritmoa errespetatuz.
* Filmaren inguruan egindako azterketa teknikoa (Pantxis taldearen lana)