Blogaren artxiboa

1 + 1 = 1, bi blogen jarraipen bateratua

1 + 1 : 1, bi blogen jarraipen bateratua

Batzuetan isiltasuna beharrezkoa bada ere, oraingoan, eta nire kasuan behintzat, egoera pertsonal eta lanaren ondorio izan da. Hala ere, idazteko astirik izan ez dudan arren, ez diot gai askoren inguruan pentsatu eta hausnartzeari utzi, tartean nire buruari blog honen jarraipenari buruzko galderak egiten.

Blog hau unibertsitateko irakasgai bati erantzuna emateko sortu nuen, gelan aipatutako gaien ikerketetan oinarritutako hausnarketa pertsonalez elikatuz. Irakasgaiaren izena “Eskola Inklusiboaren Oinarriak” zen eta hortik blogaren izena. Gai nagusia inklusioa izan da eta askotan aipatutako gaia hezkuntza premia bereziak.

Kurtso amaieran inklusioaren, edo hobeto esanda, eskola inklusiboaren inguruko azken hausnarketa egin izan behar genuen eta horren ondorioa Eskola Inklusiboa gure etorkizuneko eskola bezala ulertu behar dugula da, egunero eta guztion artean eraikitzen ari garen eskola baita.

Defendatzen dugun guztiontzako kalitatezko hezkuntza horretan inklusioa eta guztien berdintasuna goraipatzen den arren, kontuan izan beharreko gaiak anitzak dira. Horregatik, blog hau sortu aurretik teknologia berriak, haurtzaroa eta hezkuntza bezalako gaiak jorratzen dituen “Hezkuntza Digitala Haurtzaroan” bloga honekin batzea erabaki dut, biak bat egin eta hezkuntzarekin lotura duen edozein informazio, iritzi edota hausnarketa zuen eskura jartzeko txokoa sortuz.

Egunetik egunera eraikitzen ari garen eskola inklusiboa da, eta hori garrantzi handia badu ere, lege aldaketak, ikt-ak, ikerketa berriak, hezkidetzaren tratamendua, etab. ezinbestekoak dira. Hala ere, aitortu beharra dut, askotan teknologia berrien erabilpenek aipamen berezia izango dutela,  nire aurkezpenean aipatzen dudan bezala, nire ikasketa eta interesen tartetxo bat izateaz gain, hezkuntza digital eraginkor baten bidez teknologia hezkuntzaren lagun dela defendatzen dudalako.

Gaur egun dugun hezkuntza sistemak hezkuntza hitzari zentzua ematen dieten ezaugarri asko bidean galdu ditu baina, sinets dezagun guztiontzako kalitatezko hezkuntzan eta ekin diezagun lanari elkarrekin!

1+1

 

 

Hezkuntza inklusiboa: bestelako bizimodu bat irakastea

Eta gaur egungo eskolak duen beharretako bat sakonki aztertu eta honen inguruan hausnartu eta gero, eskola inklusiboaren esanahi borobiltzen jarraituko dugu, eta horretarako, alderaketa baten bidez, ondo ulertzeko eta barneratzeko bidea egitea pentsatu dut.

Konparaketa, gaur egun arte ezagutu dugun eskola, hau da, eskola selektiboa, eta etorkizunean nahi dugun eta eraikitzen ari garen eskola inklusiboaren artekoa izango da, hauen arteko aldeak ikustean, guztiontzat onuragarria den aldaketa zertan datza ikustea erraza gertatzen baita.

Gure erronka aniztasunaren aurreko jarrera eta emozioak aldetzea edota kudeatzea da, hau da, bestelako bizimodu bat irakastea, gure gaur egungo mundua hobera aldatuz.

ESKOLA SELEKTIBOA

ESKOLA INKLUSIBOA

Hezkuntza hierarkizatua Hezkuntza horizontala eta integrala
Gaitasun handieneko ikasleak sustatu: sailkapenak Ikasle guztiek pertsonalki eta sozialki sustatu eta garatu
Eredu bikoitza: gehiengoentzat eskola eta gutxienontzat eskola Guztiontzako eskola bakarra
Ezberdintasunak: ohiko ikasleak ohiko irakasleekin eta ikasle bereziak irakasle bereziekin Berdintasuna: ikasle guztiak elkarrekin ikasi
Homogeneotasunaren logikan oinarrituta Heterogeneotasun logikan oinarrituta:

–          Elkarreragina

–          Onarpena

–          Eraginkortasuna

Eduki akademikoen transmisioa lehenesten du Balioetan oinarrituta

Autonomia eta kritikotasuna lantzen da

Irakatsi bakarrik Irakatsi + Hezi
Azterketa gainditzeko baliogarria ez dena baztertzen da (ez da ikasten) Helburua: gaitasunak garatu bizitzeko, izateko eta bizikide izateko trebetasunak eta teknikak eskuratu
Gainditzen ez duena baztertuta Jardueren bidez egiten jakin, izaten jakin eta elarrekin bizitzen jakin lantzen da
Dibertsitatea eta aniztasuna arazoa da eta suntsitu nahi da Dibertsitatea naturala eta aberasgarria da

–          Guztiontzako lekua

–          Errespetua

–          Berdintasunak potentziatu

–          Ezberdintasunak konpentsatu

–          Bazterketarik ez

  Kolaborazioa: familia + beste agente batzuk
  Erronka nagusia: guztiontzako ikastaldia antolatzea

–          Metodo eta estrategia berriak bilatu

 

Hezkuntza premia bereziak: Legearen garapena EAE-n

Eta hezkuntza premia berezien bilakaera historia zehar azaldu eta gero, legediaren txanda da, hau da, azken finean, gure sisteman zuzenean eragina duena. Kasu honetan, aldaketak, historia osoan izan beharrean, azkeneko urteetan zehar izan dira, eta pixkanaka bada ere, aldaketak gertatu dira eta gertatzen ari dira, gaur egungo eskola inklusiboa benetan lortu arte. Historiarekin bezala, guzti hauek ezagutzea ere garrantzitsua da, gaurko egoera ulertu eta barneratzen laguntzen baitigute.
Legeen garapena erkidego eta herrialde bakoitzean oso ezberdina izan da eta ezinezkoa gertatzen da guztien arteko laburpena burutzea, bakoitzak bere egoera eta alderditik aztertu eta hausnartu behar baita. Gure kasuan, gure kokapenari egokituta, Euskal Autonomi Erkidegoko legedian zentratuko gara.
Nahiz eta legea gure oinarri izan, eta honen babesa behar dugun gauza asko aurrera eramateko, guztiontzako eskola eraikitzearen lana guztion arteko elkarlanaren bidez lortuko dugula, beraz, bazterketa eta ezberdintasunak baztertu eta ikuspegi inklusiboko gizartea eraikuntzan gogotsu ekin!

Urtea

Ezaugarri /Gertaera

1981 –          Warnock Txostena. Printzipio nagusiak:

  • Ume guztiak hezigarriak dira.
  • Heziketa ondasun bat da eta denek dute eskubidea
  • Heziketa helburuak berdinak ume guztientzako
  • Heziketa Berezia ume baten hezkuntza beharrak asetzea da, helburuak lortzeko
1982 EAEko Hezkuntza Bereziko Plana
1987 –          Heziketa bereziko batzordea-          Eskola muinbakar eta integratzailea txostena

–          HPB-aren terminoa sorrera

1998 –          118/1998 dekretua: HPB-ei hezkuntza-erantzuna antolatzen du
Gaur egun –          Eskola Inklusiboa-          Aniztasunari erantzuteko plan estrategikoa

–          Premia Bereziak dituena eskola da, ez ikaslea

Etorkizuna –          Gaur egun eskolak dituen Premia Berezi guztiak gainditzea-          Guztiontzako eskola eta hezkuntza eraikitzea

Proposamen iklusiboa ikasle gaixoentzat

Asteartean, bidean elurrari aurre egin eta gero, Pepe Motosoren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Askotan, eskolako aniztasuna eta inklusio irizpideak jorratzen ditugunean, ikasle multzo bat ahazten dugu, eta hauetaz hitz egin zuen Motosok: ikasle gaixoak. Benetan interesagarria.

Pepe Motosok, ume gaixoen hezkuntzaz arduratzen den zentroan egiten du lan. Euren helburua, haur eta gazte gaixoen hezkuntza inklusioa lortzea da. Lana, hiru arlotan banatzen dute:

1-      Ospitaleko eremua

2-      Etxeko eremua

3-      Hezkuntza-terapiako eremua

Kontuan izan behar da, gaixotasuna hainbat alderdi dakarrela, eta hauetako askok, ume edo gazte baten kasuan, hezkuntzarekin lotura dute:

–          Bakartzea

–          Erreferentziazko komunitatean bizitza aurrera egiten du

–          Identitate arazoak: gaixotasunaren ondorioz ezberdinak sentitzen gara, arazo emozionalak izan ditzakegu eta horrek nortasunaren eraikuntzan eragina du

–          Arazo ekonomikoak

–          Atzerapena eskolan: gehienetan garrantzi gutxienekoa dela pentsatzen ohi da, baina, gaixoaren normalizazio eta etorkizunerako ezinbestekoa da

Haur eta gazte gaixoen artean bi sailkapen egiten dira:

–          Gaixotasun fisikoak

–          Gaixotasun psikologikoak

Lehenengoan, emozionalki oso gogorrak izaten direla azpimarratu zuen. Eta zaila izan arren, aurrera egin behar da, egunerokotasunarekin jarraitu behar da eta egoera gaixoaren normalizaziorantz bideratu behar da.

Bigarrenenean aldiz, bi gaixotasun nagusi aipatu zituen: fobia eskolarrak eta ez erregulatutako jarrerak. Fobien kasuan, pausoz pauso eta poliki egitea garrantzi handikoa da eta, horrela egiten bada, gehienak arrakasta kasuak izaten ohi direla komentatu zigun. Jarrera ezegokien kasuan berriz, geldiune luzeagoa egin zuen, kasu larri eta zailagoak izaten baitira.

Jarrera ezegokiak arazo sozialtzat ulertu beharko genuke. Gaixoa subjektu kanporatzailea da eta gertuko giro sozialaren aldaketa dakar. Profesionalak arazoaz duen ikuspegia garrantzi handikoa da. Ikasleak ulertzen dugula sentitu behar du, eta zaintzeko prest gaudela. Pentsamenduaren aldaketan lan egin behar da, zigorrak ez digu gure helburua lortzen lagunduko. Elkarbizitza lortu behar da, eta posiblea ez denean, kaltearen maila ahalik eta gehien gutxitzea.

Profesional bezala kasu guztiei aurre egiteko gai izan behar gara, baina beti elkarlanean aritzeko prest egonda. Bakarrik ezin dugu ezer konpondu.

Ikasle gaixoekin aurrera jarraitzeko, modelo terapeutiko bat proposatzen dute. Honek elkarreragin testuinguruetan oinarritzen da, hauen funtzionamendu egokiak ikasleari osasunean hazteko aukera emango baitio.

Ikaslearen inguruko testuinguruak aztertu eta gero hauek landu behar dira, hau da, positiboak izatera bideratu behar dira. Elkarrizketaren eta entzuketaren bidez, elkarreragileen arteko harremanak onak ezartzea lortu behar da, hori baita hezkuntzaren helburua. Onartu,konfiantza eman eta elkar-ulertzea.

Elkarreragin eraginkor eta osasuntsuena gertukoarena da, eta ez profesionalarena.

Esan bezala, oso hitzaldi baliagarria izan zen, beste errealitate hori beti kontuan izateko. Aurrerantzean, eskola inklusiboaz hitz egiten dugunean, ikasle gaixoen multzoa kontuan hartu beharko dugu beti. Klasean, zein irakurgaietan, inklusio gaia aipatzen denean, bestelako premiak eta egoerak dira nagusi, gaixotasunak alde batera utziz. Gure inguruko eta etorkizunaren errealitate bat den heinean, gehiago landu beharko genukeen gaia dela pentsatzen dut. Kasu horien ezaugarri eta esku-hartze profesionalaren berri izatea ezinbestekoa da.

Talde-lana, teoria eta praktikaren arteko borroka

Eskoa Inklusiboaz hitz egiten dugun bakoitzean, beti gogoan izan behar dugu parte-hartzea eta talde-lana, hauek baitira inklusiboaren oinarriak.

Talde kooperatiboen bidez guztion parte hartzea suspertzen da eta guztien arteko elkar-ikaskuntza bultzatzen da. Babes, laguntza eta kolaborazio sareak eraikitzen dira, harremanak sendotuz eta,  beti ere, talde kide bakoitzari parte hartzeko aukera berdinak emanez.

Mota honetako talde bat sortzerakoan, kideen heterogeneotasuna bermatu behar da, bakoitzak, taldearen barnean, independentzia eta eginbehar bat izanik eta, aldi berean, guztion arteko helburu adostua jarraitzen delarik.

Taldeak benetako ikaskuntza kooperatiboa lortu dezan honako baldintzak bete behar dira:

  1. Independentzia positiboa: Taldearekiko atxikipena eta konpromisoa sentitzea ezinbestekoa da.
  2. Talde eta banakako ardura: Banakako lana talde lana aurrera eramateko beharrezkoa da eta horren ardura norberarena da. Guztiok ikastea guztion ardura da.
  3. Talde-gaitasunak: Eduki akademikoez gain gaitasun sozial eta pertsonalak bereganatu behar dira.
  4. Talde-ebaluazioa: Lan prozeduren inguruko talde zein banakako hausnarketa egin behar da aurrerantzeko antolakuntza hobetzeko.

Irakasle bezala, ikasleen ezagutzaren eraikuntza kooperatiboa eraginkorra izan dezan, honakoak izan behar ditugu kontuan:

–          Helburua argia izan behar da.

–          Prozedurak eta talde elkarreraginaren berri eman.

–          Lan-prozedura gainbegiratu eta laguntza eskaini, horrela eskatzen badute.

–          Lan zein kolaborazioari buruzko ebaluaketa egin. Lorpen indibidualak ere aipatu.

Teoria eta gero, loturak eta hausnarketa. Aipatutako ezaugarri multzo hauek nire egoera pertsonalarekin alderatu ditut. Gaur egun, talde-lanaren metodologien alde egiten da. Honi esker, ezarritako edukiez gain, bestelako gaitasun ugari lortzen ditugula onartzea legezkoa da, hala nola, kooperazioa, koordinazioa eta elkarganako errespetua. Baina, gure talde-lanaren planteamenduaren eta benetako talde kooperatiboaren artean alde handia dago.

Gure talde-lanetan, helburua argia izaten ohi da, jarraitu beharreko prozedurak ezagunak eta nire kasuan behintzat, egindakoaren inguruan hausnartzen dut, hurrengo lanari begira, hobekuntza proposamenak elkartrukatzeko. Hala ere, asko dira, aurreko baieztapena idazteko arrazoiak:

–          Independentzia positiborik eza. Taldekideen helburu pertsonalen arabera taldearekiko konpromisoa ez da ematen.

–          Ardura indibiduala ez da bermatzen. Kasu askotan, talde-lana lan gutxiago egitearen sinonimotzat ulertzen da, honen antolaketa eta lan ardura osoa gutxi batzuena soilik izanik.

–          Talde lanaren prozedurak ez dira ikuskatzen. Taldeak lortzen duen emaitza bakarrik hartzen da kontuan. Ez dago inolako feedback-ik lan prozeduren inguruan.

–          Ez da ekarpen indibiduala baloratzen, taldeak entregatutako bukaerako lana baizik.

Hau guztia gaur egungo gizartearen jarrera eta sistemaren eraikuntza indibidualagatik gertatzen dela uste dut. Unibertsitate mailan, gauzak asko aldatu dira, metodologia proposamen berriari esker klase magistrala eta banakako lana alde batera utzi da, elkarreragina eta elkar-irakaskuntza bultzatuz. Baina, oraindik ere, benetako talde kooperatiboak lortzeko bidea luzea da eta egin beharreko lana handia.

Nire kasuan adibidez, talde kooperatiboen alde egiten dut, eta batzuetan banakako lanerako joera badut ere, talde-lana aurrera eramateko eman beharreko urratsak kontuan izaten saiatzen naiz. Askotan, honen aurrean jaso dudan erantzuna oso negatiboa izan da. Prozedura, sistema eta pertsonen ardura zein jarreren ondorioz, talde kooperatiboan lan egin nahi duena ergeltzat jotzen da, honi lan zama osoa egotziz. Helburu zehatzak lortu nahi dutenek, euren esfortzu eta lanaren bidez, nota-puntuak oparitzen dizkiete lan egiteko gogo gutxi dutenei, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa negozio ederrean bihurtuz.

Horregatik, aipatutako lan-jarrerak, balioak eta abarrekoak Haur Hezkuntzan lantzearen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da. Eskolan, familian, kalean landu behar dira, txikitatik lan kooperatiboa barneratzeko eta, aurrerantzean, talde-lanetan benetako independentzia eta ardura indibiduala lortzeko.

Horretaz gain, hezkuntza sistema bera, pixkanaka bada ere, aldatu beharko genuke, kooperazioa bermatzen ez duen sistema batean talde kooperatiboak lantzeak ez baitu zentzu handirik. Irakasleen ikuspegia eta lan egiteko modua aldatu behar da, eskolen antolaketa, familiekin harremanak eta batez ere, ebaluatzeko modua.

Eskola Inklusiboa eta curriculumaren ikuspegiak

logo_unesco_inclusion

Inklusioak honakoa adierazten du:

–          Aniztasuna baliotzat hartzea

–          Edozein bereizketa edota jardun diskriminatzaile baztertu

–          Ikaste prozesuan testuinguru eta pertsona guztiak bildu

–          Curriculum planifikazioa ikasleen onuran oinarritzea, guztion parte hartzea bultzatuz

–          Aniztasun metodologikoa lehenetsi

Inklusioa eskolara eramatean hainbat ikuspegikin topatuko gara, besteak beste, banakakoan oinarritutako ikuspegia eta curriculumean oinarritutako ikuspegia eta bien arteko ezberdintasun nagusia testuinguruen kudeaketan datza.

Banakakoan oinarritutako ikuspegian ikasleek “arrunta” edo “berezia” bezala etiketatuak dira, bere zailtasunen arabera curriculuma testuingurura moldatu beharrean zailtasunak bideratzeko prozedura eta ebaluazio ezberdinak erabiliz. Curriculumean oinarritutako ikuspegian berriz, ikasle guztiak ezberdinak direla ulertzen da eta hezkuntza prozedura eta ebaluazioak testuinguru osoaren arabera planifikatzen dira, bakoitzaren zailtasunak aintzat hartuz baina inor baztertu gabe, guztiontzat eraginkor eta onuragarria izanik.

Curriculumean oinarritutako ikuspegia da ikasleak dituen ikasteko zailtasunak gainditu eta irakaskuntza prozesua hobetzeko aukera ematen duen ikuspuntu bakarra, guztiontzat eskola eraginkorrago eta hobeagoa lortzeko bidea zabalduz edota, bestela esanda, benetako eskola inklusiboa sortuz.

Curriculumean oinarritutako ikuspegian Ikas-estrategiak  honakoak izan daitezke:

Estrategia zuzenak:

  • Oroimenekoak: loturak eginez, irudi eta soinuak elkarrekin uztartuz, birpasa onak erabiliz.
  • Ezagutzakoak: mezuak igorriz eta jasoz, analizatuz eta arrazoituz, input eta outputerako egituta sortuz
  • Orekakoak: adimenaz igarriz, mugak gaindituz ahozko eta idatzizkoan ( ama-hizkuntzara joz, laguntza eskatuz, keinuak erabiliz, gaia aukeratuz, mezua egokituz, hitz berriak asmatuz, sinonimoaz edo itzul-inguruez baliaturik)

Zeharbidezko estrategiak:

  • Metakognitiboak: ikasgunea ezarriz, ikasketa aurreikusi eta antolatuz, ikaskuntza ebaluatuz
  • Afektiboak: antsietatea gutxituz, nork bere burua adoretuz, nork bere aldartearen berri jasoz
  • Sozialak: galderak eginez, besteekin lankidetuz, besteekin enpatizatuz

Asko dira jarraitu beharreko urratsak, bidean aurkitzen diren eraginak, askotan ohartzen ez bagara ere, ugariak  eta lortu nahi diren helburuak ez oso errazak baitira. Baina hurrengo sarreren bidez, aztertuko ditugu eskola inklusiboaren oinarriak eta, nola ez, hausnartuko dugu gure gizarte eta eskolako aniztasunaren trataerari buruz.

Bidea luzea den arren, guztion artean egiten badugu, bide polita eta emaitza ezin hobea lortu dezakegulako.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara