Blogaren artxiboa

Praktika onen sei osagaiak (6C)

Aurreko post batean zer den irakastea eta ikasketa-egoera bat diseinatzeko estrategiak aipatu nituen baina ezinbestekoa da horiekin batera irakaskuntzaren praktika onak ere aipatzea eta kontuan izatea. Azken finean, praktika onetan oinarritutako estrategiak dira ikasketa-egoeren arrakasta bermatuko dutenak.

Sei dira (6C) eskolaren praktika onen osagaiak:

  1. Kolaborazioa (Collaboration):
    1. Talde-lana (benetakoa).
    2. Talde izaera indartu.
    3. Taldearen arrakasta bermatu.
    4. Laguntza, norabide guztietan.
  2. Komunikazioa (Communication):
    1. Baliabide anitzak.
    2. Prozesuaren arkitektura (nondik norakoak eta zentzua).
    3. Lorpenak eta akatsak.
    4. Hedatu sortzen duguna: gelan eta komunitatean.
  3. Edukiak (Content):
    1. Tresna anitzak.
    2. Elkarreragina sortu.
    3. Duguna *berritu.
    4. Aniztasuna kontuan hartu.
  4. Pentsamendu kritikoa (Critical thinking):
    1. Egunerokotasuna landu eta aztertu.
    2. Atzokoa: lehenaldiko egoerak ezagutu eta horietan jarri.
    3. Kultura eta kulturartekotasuna.
    4. Arazoak ebatzi.
  5. Sormena eta berrikuntza (Creative innovation):
    1. Sortzailea izan, sormena indartu.
    2. Zentzumen guztiak esnatu.
    3. Ohiko irakaskuntza-eskemekin apurtu.
    4. Ez izan beldurrik.
  6. Autoestimua (Confidence):
    1. Heziketa emozionala landu.

Funtsezkoa da eskolaren etapa bakoitzean, curriculum zein ikastetxearen helburuen arabera, praktika onen errubrika sortzea eta aurrera eramatea. Bertan, praktika on bakoitzaren gutxieneko maila eta hobetze-proposamenak jaso behar dira, asmoa beti aurrerapausoak eta praktika ona bere osotasunean bermatzea izan behar delarik.

eDIGCOMP ikastaroan etapa bakoitzaren praktika onen errubrika orokorrak sortu ditugu, taldeka. Nire kasuan unibertsitate mailako praktika onen errubrikan parte hartu dut, bakarka (ez da inor gehiago animatu). Zentzu horretan, talde-lan bitxia izan da baina, era berean, erabat aberasgarria. Zalantzarik gabe, ariketari esker, aurrerapausoen eta, horretarako, praktika onak zehaztearen garrantzia eta beharraz jabetu naiz.

Sortutako errubrikak beste ikuspuntuen kontrastea eta osagarritasunaren beharra du. Beraz, sarrera hau nire ikaskideak bertan zehaztutako irizpideen inguruko feedbacka egitera animatzeko aprobetxatzen dut. Azken finean, nork ez du unibertsitatearen egitekoari buruz zer esanik?

Azkenik, behin errubrika amaituta, tamalez, zenbait ataletan jasotakoak errealitatetik oso urrun daudela konturatu naiz. Idatziz jaso arren, oraindik ere, unibertsitateak ez du lortu benetako talde-lana aurrera eramatea, sormena indartzea edota berrikuntzak modu flexiblean aplikatzea. Lan handia dugu aurretik!

Zer da irakastea? Ikasketa-egoera bat planifikatzeko estrategiak

Zer da irakastea? Irakastea ikasketa-egoera bat planifikatzea edota sortzea da. Horretarako, zenbait estrategia metodologiko erabiltzea ezinbestekoa da eta horietaz jabe izatea funtsezkoa.

Ainhoa Pujanak irakasteko oinarrizko bost estrategiak modu labur eta argian azaltzen ditu bideo honetan:

 

  • Estrategia kognitiboak: erronkak eta azken produktua (arazo-egoerak), autoerregulazioa.
  • Estrategia sozialak: kooperazioa eta gizarteratzea.
  • Estrategia emozionalak: gamifikazioa, gelako giroaren zaintza, espektatiba altuak…
  • Estrategia digitalak: informazioaren kudeaketa eta ekoizpen digitalak
  • Kudeaketa-estrategiak: denborak, espazioak…

Kasu pertsonalean, estrategiaren bat azpimarratzekotan, kudeaketa-estrategien garrantzia goraipatuko nuke, edozein helburu, gaitasun edota estrategiaren oinarri baitira. Planifikazio egokia gako da arazo-egoerei erantzuteko, horietatik eratorritako gaitasunak garatzeko eta zerrendatutako estrategia guztiak modu egokian aplikatzeko.

Hala ere, ez dugu inoiz ahaztu behar estrategien arteko harreman estua. Gaitasunetan oinarritutako ikasketa-prozesu esanguratsua eta hori aurrera eramateko printzipio metodologikoak bermatzeko aipatutako estrategia guztiak kontuan hartzea ezinbestekoa da. Beraz, irakas-egoera arrakastatsuak sortzeko, estrategien arteko elkarreragina ziurtatu behar da.

PLE: nola ikertzen dut?

Behin PLEa zer den eta nola osatzen den barneratu dugunean, gure PLEa diseinatzeko eta, batez ere, horren inguruan hausnartzeko momentua da.

Edozein ikaskuntza- edota ikerkuntza-prozesu aurrera eramateko, ezinbestekoa da norbere ikasketa ingurune pertsonalaz kontziente izatea. PLEaz kontziente izateak norberak ikasketa edota ikerkuntza-prozesua aurrera eramateko erabiltzen dituen fase, estrategia eta baliabideak aztertzea dakar. Era berean, azterketa horrek norbere lana antolatzeko eta egiteko moduaren inguruko hausnarketa bideratzen du.

Hau da, PLEak gure egitekoaren ezaugarri nagusiak jasotzen ditu eta horri esker, gure ikasketa ingurune pertsonalaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu ditzakegu. PLEa gure ikaskuntza- edota ikerketa-prozesua baloratzeko ezinbesteko tresna da eta eraginkortasuna lortzeko gakoa.

Hona hemen nire PLEa, ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketan aurrera egin ahala moldatu eta eguneratu beharko dena:

PLE

 

 

PLE: Zer da?

PLE ingelesezko Personal Learning Environment-etik dator eta ikasketa ingurune pertsonala izendatzeko erabiltzen da.

PLEa norberak bere ikasketa-prozesuaren kontrola hartu eta konpetentzia berriak barneratzeko lagungarri den baliabidez. osaturiko sistema da, norberaren ikasketa-prozesuan arrakasta izateko giltza alegia.

PLEak ikasketa-prozesuekin batera aldatu dira. Lehen, ikasketa-eremua hurbileko ingurura mugatzen zen (etxea eta eskola) eta ondorioz, informazioa lortzeko bidea harreman hierarkikoan oinarritzen zen. Informazio eta komunikazio teknologien hedapenarekin aldiz, informazioa lortzeko bideak globalagoak dira eta edonork eskura dituen informazio-iturri zein informazioa eskuratzeko tresnak anitzak dira. Ondorioz, azken hamarkadetan ikasketa-prozesuak erabat aldatu dira eta, horrekin batera, pertsonen PLEak edota ikasketa ingurune pertsonalak baita.

“>PLE_cmap

https://cmapscloud.ihmc.us/viewer/cmap/1PYF162W3-21R2VTH-1HZVRQ

PLE bat norberaren ikasketa-prozesua aurrera eramateko erabiltzen diren tresna, estrategia, mekanismo, ekintza, esperientzia, prozesu, iturri, etabarrez osatzen da. Horregatik, bertan ikaskuntza formala nahiz ez formala uztartzen dira.

PLEaren osagai nagusiak honakoak dira:

  1. Irakurtzeko tresna, estrategia, mekanismo eta ekintzak: informazio-iturriak.
  2. Egiteko, hausnartzeko eta egiten hausnartzeko tresna, estrategia, mekanismo eta ekintzak: informazioaren moldaketa (azterketa, iruzkina eta argitalpena).
  3. Harremanak sustatzeko, informazioa partekatzeko eta komunitatean hausnartzeko tresna, estrategia, mekanismo eta ekintzak: harreman- sozialen bidez ikaskuntza laguntzen duten inguruak.

 

Iturria: Castañeda, L., & Adell, J. (2013). Anatomia de un PLE In L. Catañeda & J. Adell (Eds.), Entornos personales de aprendizaje: claves para el ecosistema educativo en red ( 11–27 or.). Alcoy: Marfil.

Laburpena: PLE (Drive bidez ikasketa kolaboratiboan osatutako laburpena)

Jostailuak: Merkatua vs. Gure ardura

Aurreko sarreran aipatu dudan bezala, jostailuek haurren hezkuntzan eragin handia duten elementuetako bat da, euren sozializazio agenteetako bat jolasa da. Hau kultura patriarkalak bultzatzen dituen genero banaketa diskriminatorioan oinarrituta badago, gure haurrek zailtasun handiz barneratuko dute guztiontzako beharrezko eta aberasgarria den berdintasunaren balioa (genero ezberdintasunak ez du soilik emakumea diskriminatzen, kultura matxistaren ondorioz gizonezkoa ere galtzailea da, bere nortasuna era askean eraikitzeko aukerarik ez duelako).

Arazo honen aurrean, askok, norberaren erantzukizunaren ardura hartu beharrean, merkaturen ezarpenei egotziko die errua. Eta ez da gutxirako, gaur egun merkatuak jostailuak eskaini eta saltzeko dituen estrategiak erabat sexistak eta lotsagarriak baitira.

Orain esandakoa konprobatzeko gabonetako jostailu katalogoak hartu besterik ez dugu. Garai batean katalogoa orrialde urdin eta arrosetan banatzen zen. Horren kontra egindako lan handiaren ondorioz sailkapen zentzugabe hori gainditu dugu. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Gaur egungo katalogoen sailkapenak, nahiz bi kolore (genero) araberakoa ez izan, oraindik ere berdintasunaren adibide izatetik urrun daude. Nire esku artean izan ditudan azken katalogoetan jostailuak  motaren arabera sailkatzen dira, hau da, bizikletak bizikletekin, panpinak panpinekin. Hori bai, atalaren arabera, jostailuekin jolasten agertzen  direnak beti genero berdinekoak dira, kotxeen atalean guztiak mutilak eta sukaldeen atalean berriz guzti guztiak neskak.

This slideshow requires JavaScript.

Gainera, orain arte jostailu neutroak izan direnak azken urteetan aldatu egin dira, neskentzako eta mutilentzako produktu ezberdinak eskainiz eta generoen arteko ezberdintasunak eta estereotipo sexistak indartuz. Honen adibide argia LEGO da. Orain dela urte askotako produktua eta gaur egungoa alderatzea nahikoa da gure gizarteak egiten ari den atzera pausoaz konturatzeko. Lego-rena ez da kasu isolatua. Hurrengo estekan azken urteetan aldatu diren jostailuetako batzuk aipatzen dira. Benetan hausnarketa sakona eskatzen duten aldaketak dira.

Jostailuen bilakaera (inglesez)

r-LEGO-FRIENDS-large570

tarta de fresa

Hori gutxi balitz, jostailu dendetan dauden profesionalen ikuspuntua era aipatu behar da. 2014. urtean, puzzle bat erosteko asmoarekin sartzen zara Bilboko jostailu denda batean, bai, irudi zehatz bat osatzeko helburuarekin pieza ezberdinak elkartzea eskatzen dizun jolas horietako bat erosi nahi duzu. Dendariari zure nahia aipatzerakoan, honek galdera batekin erantzuten dizu: norentzat da? neska edo mutila?. Hau, zoritxarrez, ez da asmatutako egoera bat, nire lagun bati gertatutaren istorioa erreala da, benetakoa. Oraindik harrituta eta zeharo beldurtuta nago. Norbaitek neska eta mutilen puzzleen arteko ezberdintasunak ezagutzen baditu, mesedez, azaldu.

puzzle

Esan bezala, merkatuaren teknikak erabat atzerakoiak eta diskriminatzaileak dira, baina, ezin dugu gure erantzukizuna horren atzean ezkutatu. Jostailu horiek aukeratu, erosi eta umeei eskaini edo ez erabakitzen dutenak gu gara. Gure inguruan dauden haurren jostailu eta jolas eskaintza gure menpe dago. Azken hitza gurea da, eta eskaintza hori zabal eta anitza izatearen ardura baita. Gure esku dago kultura matxistak ezarritako pentsamendu, jokabide eta jarduera banatuak jostailuen bidez transmititu eta zabaltzea edo ez. Merkatuak ez ditzala gure haurren nortasun eta interesak eraiki, gure umeek esperimentatzeko, konparatzeko, hausnartzeko eta era askean erabakitzeko eskubidea baitute.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara