Blogaren artxiboa
Laguntzaren gakoa: lan kooperatiboa
Sarrera asko idatzi ditut laguntza eta laguntza zerbitzu ezberdinen inguruan, baina oraingoan, laguntza hitza borobiltzeaz gain honen atzetik dauden ezkutuko elementuen inguruan hausnartzearen garrantzia azpimarratu nahi dut.
Gelan, eta hitz gutxitan, laguntza pertsonen garapena, hezkuntza, interesak eta ongizatea bermatzen duen estrategia eta baliabideen multzoa bezala definitu dugu, hauen artean laguntza terapeutikoa, kontsultazko laguntza eta laguntza curricularra goraipatu ditugularik.
Pertsona, behar eta ikuspegi ezberdinak daudenez hauei erantzuteko modu edota hobeto esanda laguntza mota ezberdinak egon behar dira. Gainera, guzti hauek kudeatzeko tresna edota baliabide ezberdinak ditugula aztertu dugu: POAT (Plan de Orientación y Acción Tutorial: Tutorizazio programa), PAD (Programa de Atención a la Diversidad: Aniztasuna kudeatzeko programa) eta Hizkuntza proiektua (Eskolako hizkuntzen garrantzia eta hauen komunikazio konpetentzia nola erantzun). Horregatik, bakoitzaren ezaugarri nagusiak aipatu eta azaldu ditugu, etorkizunean gure erantzuna modu egokienean bideratu ahal izateko.
Benetako eskola inklusiboa lortu nahi badugu laguntza eta laguntza zerbitzu ezberdinen ikuspegia, lana eta antolaketa era inklusiboan gauzatu behar dugu. Zailtasun edo urritasun bat duen haurrari erantzuteko laguntza profesionala beharrezkoa denean, hauekin lan kooperatiboa egin behar dugula argi izan behar dugu.
Rafael Medinak talde kooperatiboak norberaren ikaskuntza edota lana lortzeko besteen lana eta ikaskuntza beharrezkoa duen taldea bezala definitzen du, helburua beti bikoitza dela aipatuz: ikaskuntza eta sozializazioa. Tutore, irakasleria eta talde multiprofesionalen arteko talde lan bateratua behar beharrezkoa da zailtasunei era egokian aurre egin ahal izateko.
Talde multiprofesionalek eskolarekin lan egin behar du urritasun edota zailtasun bat duen haurrari erantzuna emateko, eta ez du soilik ume horrekin, indibidualki, lan egin behar. Beste hainbatetan aipatu dudan bezala premia berezia duena eskola da, ume horren zailtasunei aurre egin ezin diolako. Horregatik, laguntza behar duena eskola da, eta laguntza horri esker ume horren oztopoak gainditzen ikasiko du.
Aurreko astean, Bergarako AransGi eskolako aditu batekin elkarrizketa bat izateko aukera izan nuen, eta inklusioaren ikuspegiaren gaia jorratu genuen. Teoria mailan oso ondo dagoela aipatu ondoren, gaur egungo eskola eta irakasle gehienek inklusiboak izatetik urrun daudela aitortu zidan. Bere elkarteak haur gorrekin egiten du lan, hauek premia berezi handiak dituzten umeak direlarik. Hori dela eta, elkartearen profesionalen laguntza oso onartua eskertutakoa da eskola guztietan. Profesionala eskolara joan aurretik haur hipoakusikoaren tutore edo irakasle taldearen ardura handia bada ere, profesionala eskolan bertaratzen denean ardura hori guztiz desagertzen da, ardura guztia profesionalari transferitzen baitio.
Aipatutako egoera jarrera txar baten adibidea da. Ume bakoitzaren ardura tutorearena da, eta umeak izan ditzakeen zailtasunei erantzuteko profesional baten laguntza behar badu, hau onartu, aprobetxatu eta berarekin kooperatiboki lan egin behar du. Kanpoko errekurtsoa gure taldearen parte izan behar da, guztiok batera lan egin ahal izateko. Horrela guztiok ikuspegi eta bide berdina jarraitzeko aukera gauzatuko da, erantzunaren kalitatea bermatuz. Oztopoak gainditzeko irakasle ekipo osoa inplikatu behar da ikasleri osoari erantzunez.
El cazo de Lorenzo
Bideoaren inguruan zerbait idaztea pentsatu dudan arren, bideoarekin nahikoa dela erabaki dut, benetan adierazgarria baita.
Oso polita da, disfrutatu, eta… nik sentitu dudan hotzikara sentitzen duzuen bitartean… hausnartu!