Blogaren artxiboa

The Butterfly Circus

Pelikula laburra bada ere, honi esker sentitu eta ikasteko aukera zabala da.

Garai batean, zirkuak ezberdinak ziren pertsonak batzen zituen, beraiei esker ikuskizun barregarria eskaintzeko asmoz. Ezberdinak zirenen etorkizun aukera bakarra , baztertuak edo abandonatuak izateaz gain, zirkoaren ikusleen barrearen arrazoia izatea zen.

Baina tximeleten zirkua beste motatako zirkua zen, bertan, benetako ikuskizunak eskaintzen ziren: kolorea, mugimendua eta magia. Bertan, guztiak onartuak dira, baina, bizitzaren edertasunean sinetsi arte ezin dira ikuskizunaren parte izan, norberak duen gaitasunean sinetsi behar du, zorigaiztoko sentimendua baztertuz.

“Mundu honek behar duena edertasun pixka bat da”

Gure protagonista, guztiengatik babestua dagoen arren, laguntza eskatzen duenean ez diote berehalako laguntza ematen, bere autonomia eta gaitasunak indartuz.Honi esker, ingurukoen laguntzari esker, norberak bere buruari gai dela esaten dio, norberaren gaitasunetan sinetsiz eta ikuskizunaren parte izateaz gain, gainontzekoen eskerrak eta mirespena lortuz.

Horregatik, etorkizunean, gure haur hezkuntzako geletan izango ditugun altxor txikitxoekin, norberaren ezaugarriekin bizitzen irakatsi behar dugu, arazoei irtenbidea bilatzeko estrategiak landuz. Norbaiten urritasun edota zailtasuna goraipatzen badugu, eta pertsona horri, honen ondorioz, zerbait egiteko gai ez dela gogoratzen badiogu, ez da inoiz hori egiteko gai izango, zailtasuna bizitza osorako oztopoan bihurtuz . Bere urritasun edota zailtasuna gainditzera motibatzen badugu aldiz, nahi duena egiteko gai dela gogoratzen badiogu, bere buruan sinetsiko du, eta gai izango da (pigmalion efektua).

Etiketak beste pertsona batek jarritako nabardurak dira eta pertsona bera estaltzen du. Ume guztiek ez dute beti etxean hitz politak edo motibatzaileak entzuteko aukerarik eta horregatik, besteen tratua norberaren gaitasunak mugatzen dituztela gogoratu eta gure haurren gaitasunetan sinetsi eta hauek indartzen saiatu behar gara, haurrari gai dela adierazi eta erakutsiz.

“ Borroka zenbat eta handiagoa izan, garaipena loriatsuagoa da”

Eraiki dezagun tximeleten eskola! Bazterketa elkarlanean bihurtu eta ezkutatzeko gogoak ekintzak aurrera eramateko indarrean bilakatu!

El cazo de Lorenzo

Bideoaren inguruan zerbait idaztea pentsatu dudan arren, bideoarekin nahikoa dela erabaki dut, benetan adierazgarria baita.

Oso polita da, disfrutatu, eta… nik sentitu dudan hotzikara sentitzen duzuen bitartean… hausnartu!

Etiketak, ohitura diskriminatzaile zabaldua

Ezezagutzaren aurrean etiketak jartzeko dugun ohitura nabarmena da. Beti gaude aurrean dugun pertsonari, begi bistaz, etiketatzeko prest, eta kasu gehienetan, nahi gabe egiten dugun ekintza da, baina, sahiestu beharrekoa.

Etiketek pertsona horrekiko dugun ikuspegi, harreman eta iguripenetan dute eragina, eta irakaslearen kasuan, ikasle horrekiko jarrera, ikasketa prozesua eta ebaluazioan. Azken finean, etiketen ondorioz, pertsona horri eskainiko dizkiogun aukera kopurua mugatua izaten ohi da.

Etiketen abiapuntuak anitzak eta ugariak dira, hala nola, itxura fisikoa, garapen-zailtasunak, hezkuntza premia bereziak, janzteko era, jatorrizko herrialdea, …  eta esan bezala, ohartu gabe egiten dugun arren, gure egunerokotasuneko parte da aurrean dugun pertsona, gure pentsamenduaren arabera, modu guztiz subjektibo baten bidez, sailkatzea.

Etiketen errealitatea eta hauek sortzen duten sentimendu eta egoeraz kontziente izateko, dinamika bat proposatu digute. Bertan, irakaslearen arabera zerbait txarto edo itsusia egiten genuen bakoitzean, gaztelaniazko deficiente hitzaren D letraz literalki etiketatuak izan gara. Batzuetan banakako eta bestetan taldeko etiketajea egin da, baina beti, irakaslearen aurreiritzi, ideia, eta pentsamenduan soilik oinarrituz.

Esperientzia aberatsa izan da, talde lana bultzatzeko eta hausnarketa sakona bideratzeko aukera paregabea. Momentu batean, bakarra izan da etiketatua bakarra eta orduan, guztiok, nahi gabe, pertsona hori begiratu dugu, bere esanetan, egoera oso desatsegin bat sortuz. Etiketatua taldea izan denean berriz, nahiz eta gustuko ez izan, barre egin dugu, dibertigarria izan delako eta taldeka bada etiketaren pisua txikiagoa delako.

Gizartearekin elkarbizitzako, gure aurreiritziak eta etiketak kaxoi batean utzi beharko genituzke. Aurrean duguna kaxa hutsa dela ideia ahaztu behar dugu. Guztiok ezberdinak garela argi izan behar dugu, eta bestearen berezitasuna onartu eta errespetatu behar dugu gurea onartu eta errespetatua izateko. Ez ditugu baten edo bestearen gaitasunak zalantzan jarri behar, guztioi eskaini behar diogu aukera, eta egindakoa ezin dugu inoiz gure irizpide pertsonalen arabera ebaluatu.

Etiketen inguruko hausnarketa pertsonala da, eta hauek pixkanaka ezabatzeko talde lana burutu behar den arren, benetako lana, eta ez lan erraza, bakoitzaren eskuetan dago. Beraz, ondo pentsatu, zure berezitasuna bestearena baino hobeagoa da aurrean duzu pertsona, begi bistaz, nolakoa den aukeratzeko eskubidea izateko? Inoiz!

* Hona hemen gaiarekin lotutako bideo bi, ikusi, eta bakoitzak egunerokotasunean duen jarrerari eta egiten duen etiketajeari buruz hausnarketa txikia egitera gonbidatzen zaituztet:

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara