Blogaren artxiboa

Lazhar irakaslea

Monsieur Lazhar (2011) – Philippe Falardeau

Bachir Lazhar 55 urteko argeliarra da. Montreal-ko ikastetxe batean kontratatua da, egoera tragikoetan hildako Lehen Hezkuntzako irakaslea ordezkatzeko. Gainditu behar dituen zailtasunak ugariak dira, baina bere irakasteko era umeak zein kurtsoa aurrera eramateko ezinbesteko tresnan bihurtzen da.

Pelikulak gai anitz eta ezberdinak lantzen diren arren dolua eta hezkuntza sisteman du oinarria. Bertan hezkuntza sistema berrien eta irakaslearen irudi zaharkituaren arteko talka ikusteko aukera dugu. Bachir metodologia, antolakuntza, arau, ohitura eta harreman ezberdinetara egokitu behar da, baina guzti hau bere erara egiten du, umeekiko duen maitasuna ahaztu gabe.

Gure gizartean beldurra, heriotza, eta nahigabea gai tabuak dira, eta are gehiago umeekin. Baina irakasle honek errealitateari bizkarra eman beharrean haurrekin hitz egitea eta gaia lantzea erabakitzen du. Haurren doluataz arduratuta, eskolaren arauak apurtu eta emozioen adierazpena bultzatzen eta indartzen du.

Istorio polit eta hunkigarri baten bidez eskolaren funtzio bikoitza barneratzen dugu: irakastea eta heztea. Gainera, garapen emozionalaren garrantzia azpimarratzen du, elkarrizketaren eta maitasunaren beharra goraipatuz.

Gaia aprobetxatuz, Haur Hezkuntza kolorezko fitxak, abestiak eta jolasak soilik dela pentsatzen dutenei, haurrekin, egunerokotasuna, errealitatea eta emozioak landu behar direla gogoratzen diet. Garapen integrala bermatu behar dugu, eta alderdi emozionalaren kudeaketa eta adierazpena zein errealitateari aurre egiteko estrategiak honen parte dira.

Berdin hezitu vs Berdintasunean hezitu

Aurreko batean, klase kide batek, taldeko lan bat zuzentzean, nire esaldi batekin ados ez zegoela esan zidan. Nire esaldiak eskola inklusiboa guztiok berdintasunean heztean oinarritzen dela esaten zuen, eta berak, irakasle batek klasean esan zigunez bezala,  ezin ditugula ume guztiak berdin tratatu adierazi zidan. Berdin tratatzea eta berdintasunean heztearen arteko ezberdintasuna azaltzean nirekin bat egin zuen.

Nahaste hau haur hezkuntzako irakasle izateko ikasten dabilen norbaitengatik ematen bada, hau da, egunero, eta orduro inklusioari buruz hitz egiten duen norbaitengatik ematen bada, antza berdinak baina oinarrian hain ezberdinak diren bi ekintza edo jokabideen arteko ezberdintasunak azaltzea ezinbestekoa dela pentsatu dut.

Berdintasuna diskriminazioa eta bazterketa alde batera uzten dituen heziketa eredua da, era berean, pertsonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen eta onartzen ditu. Horrela, nork dauzkan gaitasunak bultzatzen ditu, pertsonak autonomo, solidario, kritiko eta zuzen bilakatzeko asmoz.

Bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak ezberdinak direnez, guztiak berdin tratatzen baditugu, ezinezkoa izango da berdintasuna bermatu. Berdintasuna, bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak aintzat hartuz, guztion garapen integrala aurrera eramateko aukera ziurtatzen du.

Adibide bat jartzearren, gure gelan, entzumen urritasuna duen ume bat dugula pentsatuko dugu. Gure ikasle guztiak berdin tratatzen baditugu, honi, entzumen urritasunik ez duten ikasleei bezala, ahozko azalpenak emango genizkioke, bere ikasketa prozesua porrotera eramanaz. Gure gela berdintasunean hezten badugu aldiz, azalpen bera zeinu, keinu edo irudiekin emateko moldatuko dugu, guztiek, informazio bera jaso dezaten eta guztion ikasketa prozesua arrakastatsua bilakatuz.

Berdintasuna hasieratik bukaera arte landu beharreko ikuspegi eta jokabidea da, eta ez soilik diskriminazio arazoa agertzen denean. Berdintasun eza guztiei eragiten digun arazoa da. Berdintasunean heztea gure egunerokotasunean lagungarria izango da, guztiontzako: egungo estereotipo eta etiketak sortzen dituzten arazoak ekiditeko baliabidea baita.

Familia eta eskola: elkarlana, ez ordezkapena

Familiek eta eskolak bat egiten dute haurrei dagokien helburu berean: autonomia eta garapen integrala lortzen laguntzea, bai maila fisiko, kognitibo, emozionala zein sozialean.

Azken urteetan, gure mundua eta gizartea asko eta azkar aldatu da. Horren ondorioz, kultura-paradigma berria dugu esku artean eta honek, gure eskola eraikitzeko orduan, faktore ugari kontuan hartzea eskatzen du.

Gaur egungo eskola, haurraren hezkuntzaz baino hartarago doa. Horretarako, familien laguntza, parte-hartzea eta inplikazioa behar du. Familia eta eskolaren arteko harremana eta elkarlana behar-beharrezkoa da lehenengo lerroetan aipatutako helburu hori lortze aldera. Bien arteko elkarreragina handia da, baina, hala ere, familiaren eta eskolaren funtzio nagusiak ezberdinak direla argi izan behar dugu.

Gertatutako aldaketa ugarien ondorioz, azkenaldian, eskolari eskatzen zaiona asko da. Kasu batzuetan, eskolak familiaren betebeharrak bete behar dituela pentsatzen ohi da, hau ordezkatuz, eta hori ezinezkoa da.Bakoitzak duen papera, lekua eta funtzioak ezagutu eta bete behar ditu. Helburua lortzeko guztion lana eta elkarlana ezinbestekoa da.

Eskolan eta etxean jasotzen diren hezkuntza-mota ezberdinak dira, nahiz eta gerora bat egin.  Autonomia lortzeko sare sozialak sortu, elikatu eta garatu behar dira, komunitatea sortuz. Haurrak sare sozial bat baino gehiago behar du, talde handikoa, talde txikikoa, famili girokoa, lagunen artekoa, … guztion arteko esperientzia trukaketari esker garatzen joateko.

Laburbilduz, haur baten garapenak eskatzen duen lana elkarlanean oinarritu behar da, baina bakoitzak bere funtzio propioak aurrera eramanez. Haurrak familia eta eskolaren beharra du, eta baita bien arteko parte-hartzea eta elkarreragina ere, ezin dugu bata bestearengatik ordezkatu, elkarreraginik gabe garapen osoa bermatzeko aukerak murrizten baitira.

Ardura guztiona da. Elkarlana, ez ordezkapena

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara