Blogaren artxiboa
Berdin hezitu vs Berdintasunean hezitu
Aurreko batean, klase kide batek, taldeko lan bat zuzentzean, nire esaldi batekin ados ez zegoela esan zidan. Nire esaldiak eskola inklusiboa guztiok berdintasunean heztean oinarritzen dela esaten zuen, eta berak, irakasle batek klasean esan zigunez bezala, ezin ditugula ume guztiak berdin tratatu adierazi zidan. Berdin tratatzea eta berdintasunean heztearen arteko ezberdintasuna azaltzean nirekin bat egin zuen.
Nahaste hau haur hezkuntzako irakasle izateko ikasten dabilen norbaitengatik ematen bada, hau da, egunero, eta orduro inklusioari buruz hitz egiten duen norbaitengatik ematen bada, antza berdinak baina oinarrian hain ezberdinak diren bi ekintza edo jokabideen arteko ezberdintasunak azaltzea ezinbestekoa dela pentsatu dut.
Berdintasuna diskriminazioa eta bazterketa alde batera uzten dituen heziketa eredua da, era berean, pertsonen arteko desberdintasunak kontuan hartzen eta onartzen ditu. Horrela, nork dauzkan gaitasunak bultzatzen ditu, pertsonak autonomo, solidario, kritiko eta zuzen bilakatzeko asmoz.
Bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak ezberdinak direnez, guztiak berdin tratatzen baditugu, ezinezkoa izango da berdintasuna bermatu. Berdintasuna, bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunak aintzat hartuz, guztion garapen integrala aurrera eramateko aukera ziurtatzen du.
Adibide bat jartzearren, gure gelan, entzumen urritasuna duen ume bat dugula pentsatuko dugu. Gure ikasle guztiak berdin tratatzen baditugu, honi, entzumen urritasunik ez duten ikasleei bezala, ahozko azalpenak emango genizkioke, bere ikasketa prozesua porrotera eramanaz. Gure gela berdintasunean hezten badugu aldiz, azalpen bera zeinu, keinu edo irudiekin emateko moldatuko dugu, guztiek, informazio bera jaso dezaten eta guztion ikasketa prozesua arrakastatsua bilakatuz.
Berdintasuna hasieratik bukaera arte landu beharreko ikuspegi eta jokabidea da, eta ez soilik diskriminazio arazoa agertzen denean. Berdintasun eza guztiei eragiten digun arazoa da. Berdintasunean heztea gure egunerokotasunean lagungarria izango da, guztiontzako: egungo estereotipo eta etiketak sortzen dituzten arazoak ekiditeko baliabidea baita.