Blogaren artxiboa
PLE: nola ikertzen dut?
Behin PLEa zer den eta nola osatzen den barneratu dugunean, gure PLEa diseinatzeko eta, batez ere, horren inguruan hausnartzeko momentua da.
Edozein ikaskuntza- edota ikerkuntza-prozesu aurrera eramateko, ezinbestekoa da norbere ikasketa ingurune pertsonalaz kontziente izatea. PLEaz kontziente izateak norberak ikasketa edota ikerkuntza-prozesua aurrera eramateko erabiltzen dituen fase, estrategia eta baliabideak aztertzea dakar. Era berean, azterketa horrek norbere lana antolatzeko eta egiteko moduaren inguruko hausnarketa bideratzen du.
Hau da, PLEak gure egitekoaren ezaugarri nagusiak jasotzen ditu eta horri esker, gure ikasketa ingurune pertsonalaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu ditzakegu. PLEa gure ikaskuntza- edota ikerketa-prozesua baloratzeko ezinbesteko tresna da eta eraginkortasuna lortzeko gakoa.
Hona hemen nire PLEa, ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketan aurrera egin ahala moldatu eta eguneratu beharko dena:
El cazo de Lorenzo
Bideoaren inguruan zerbait idaztea pentsatu dudan arren, bideoarekin nahikoa dela erabaki dut, benetan adierazgarria baita.
Oso polita da, disfrutatu, eta… nik sentitu dudan hotzikara sentitzen duzuen bitartean… hausnartu!
Eskola inklusiboaren didaktika
Eskola inklusiboari buruz hitz egiterakoan, integrazio hitza ahaztu behar dugu, errespetua, parte-hartzea eta elkarbizitzari lekua utziz. Hezkuntza Berezia eta integrazio gure egunerokotasuneko hiztegiaren parte izaten jarraitzen duten bitartean ezin dugu benetako eskola inklusiboaz hitz egin, hauek segregazioaren ezaugarriak baitira.
Gaur egungo mundua, gizartea eta eskola bera eskola inklusiboaren teoria praktikara eramateko oztopo bihurtu dira. Eskolari dagokionez, hezkuntza sistema, curriculuma, eskolaren antolakuntza, irakaslegoaren pentsamendua, ebaluazioak eta bestelako ekintzak aldatu behar dira. Eskola inklusiboaren arazoa, gaur egungo eskola da.
Hiru dira gure eskola publikoak eskola publiko inklusiboa bilakatzeko gainditu behar dituen oztopo nagusiak:
– Oztopo politikoa
– Oztopo kulturala
– Oztopo didaktikoa
Politikari dagokionez, hezkuntza legeen arteko kontraesanak ugariak dira. Hezkuntza berezia, curriculumaren moldaketa bereziak eta laguntza gelak guztiontzako hezkuntzaren inguruko diskurtsoarekin batera aipatzen dira. Legeak koherenteak izan behar dira kalitatezko hezkuntza eraikitzeko eta hezkuntza inklusiboan murgildu ahal izateko.
Bestetik, kultura. Betidanik, inteligentzia maila erabili da umeen sailkapena egiteko, batzuk beste batzuek gainetik jarriz. Honen arabera, ume batek ikasteko zailtasunak dituela ezartzen da, eta kasu gehienetan, talde eta gela arruntetik bereizten da. Ikasteko gai ez diren umeak daudela pentsatzen jarraitzen dugun bitartean, eta hezkuntza berezi, integrazioa eta curriculumaren moldaketei buruz hitz egiten jarraitzen dugun bitartean, segregazioa onartutako praktika izaten jarraituko du.
Eta azkenik, gure gaiari helduta, oztopo didaktikoak, hau da, eskola eta gela mailan, irakasle modura, gainditu behar ditugun mugak edo beste era batera esanda, aldatu behar ditugun ezaugarri edota ekintzak:
- Lan egiteko modua: Lehiakortasuna alde batera utzi guztien arteko lan kooperatibo eta bateratua bultzatzeko. Umeek bere ikaskide guztiek, era ezberdinean izan arren, ikasteko gaitasuna dutela ulertu behar dute, eta horretan lagundu. Gelan, eta eskolan, elkarbizitza eta elkar ikasketan oinarritutako komunitatea sortu behar da. Haurrak komunikatzeko (hitz egin eta entzun) beharra asetu behar dute, kalitatezko heziketa lortze bidera.
- Lan estrategiak: Ikasgai eta eduki zehatzetan oinarritutako curriculuma ahaztu eta arazo zein proiektuetan oinarritutako curriculuma eraiki. Umeen aurrezagutzak zein interesak kontuan hartuta, elkarlanean ikasten ikastea bultzatu behar dugu, harremanak sendotuz, ikerketa tresna nagusian bihurtuz, bestearen interes, idei zein ekintza errespetatuz eta nola ez, guztion garapen integrala maila berean bermatuz.
- Antolaketa: Espazio eta denboraren antolaketa ekintzaren arabera antolatu behar da, eta ez aldez aurretik ezarritako irizpide edota helburu batzuen arabera. Taldekatzeak heterogeneoak izan behar dira, ikaskuntza interaktibo eta elkar laguntzaren bidez ikasteko aukera eskainiz. Eta azkenik, hausnarketa eta adostasuna bideratzea ezinbestekoa da.
- Irakaslearen ikuspegi eta formakuntza: Eskola inklusiboaren arrakasta irakasleak aniztasunaren aurrean erantzuteko duen gaitasunean oinarritzen da. Giro atseginak sortzeko gauza izan behar da, haurren interesetan oinarrituz ikasteko motibazioa lortuz.
- Familiaren parte hartzea: Balioen transmisioa ez da irakaslearen egitekoa soilik, familiarena zein bestelako hezkuntza agenteena ere bada. Aniztasuna onartu eta aniztasunean bizi behar dugu, guztion arteko elkarlana bermatuz. Familiaren parte hartzea eskolan garrantzi handikoa da guztion arteko eta guztiontzat eraikitako eskola izateko.
Eskola inklusiboa lortzeko horretan sinetsi behar dugu, guztiok, eta lana batera egin. Konpromisoa hartu, eta gure eguneroko ekintzak pixkanaka aldatu. Aniztasuna ez da eskolara moldatu behar, eskola aniztasunari erantzuten jakin behar dio, guztioi lekua eskainiz. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza publikoa posiblea da, eta guztion lanari esker gizarte osoaren zein banakakoen bizitza normalizaziorantz bideratuko dugu.
Familia eta eskola: elkarlana, ez ordezkapena
Familiek eta eskolak bat egiten dute haurrei dagokien helburu berean: autonomia eta garapen integrala lortzen laguntzea, bai maila fisiko, kognitibo, emozionala zein sozialean.
Azken urteetan, gure mundua eta gizartea asko eta azkar aldatu da. Horren ondorioz, kultura-paradigma berria dugu esku artean eta honek, gure eskola eraikitzeko orduan, faktore ugari kontuan hartzea eskatzen du.
Gaur egungo eskola, haurraren hezkuntzaz baino hartarago doa. Horretarako, familien laguntza, parte-hartzea eta inplikazioa behar du. Familia eta eskolaren arteko harremana eta elkarlana behar-beharrezkoa da lehenengo lerroetan aipatutako helburu hori lortze aldera. Bien arteko elkarreragina handia da, baina, hala ere, familiaren eta eskolaren funtzio nagusiak ezberdinak direla argi izan behar dugu.
Gertatutako aldaketa ugarien ondorioz, azkenaldian, eskolari eskatzen zaiona asko da. Kasu batzuetan, eskolak familiaren betebeharrak bete behar dituela pentsatzen ohi da, hau ordezkatuz, eta hori ezinezkoa da.Bakoitzak duen papera, lekua eta funtzioak ezagutu eta bete behar ditu. Helburua lortzeko guztion lana eta elkarlana ezinbestekoa da.
Eskolan eta etxean jasotzen diren hezkuntza-mota ezberdinak dira, nahiz eta gerora bat egin. Autonomia lortzeko sare sozialak sortu, elikatu eta garatu behar dira, komunitatea sortuz. Haurrak sare sozial bat baino gehiago behar du, talde handikoa, talde txikikoa, famili girokoa, lagunen artekoa, … guztion arteko esperientzia trukaketari esker garatzen joateko.
Laburbilduz, haur baten garapenak eskatzen duen lana elkarlanean oinarritu behar da, baina bakoitzak bere funtzio propioak aurrera eramanez. Haurrak familia eta eskolaren beharra du, eta baita bien arteko parte-hartzea eta elkarreragina ere, ezin dugu bata bestearengatik ordezkatu, elkarreraginik gabe garapen osoa bermatzeko aukerak murrizten baitira.
Ardura guztiona da. Elkarlana, ez ordezkapena
Otsailak 18, Aperger sindromearen Nazioarteko Eguna
Asperger sindromea autismo-mota bat bezala ulertzen da eta hiru zailtasun nagusiengatik nabarmentzen da:
– Gizarte-elkarreraginean aritzeko arazoak, harremanak sendotzeko zailtasunak
– Komunikazio gaitasun eza (baina hizkuntzaren garapenean arazorik ez)
– Pentsamendu-maila malgua: irudimen pobrea, interesak oso biziak edo mugatuak, ohiturekiko atxikipen handia, errepikapenak gustuko….
Hala ere, Asperger sindormea duten pertsonen garapen kognitiboa normala da, eta kasu askotan, oso ona. Ariketa, azalpen eta estrategia egokien bidez segurtasuna lortzen dute eta konfidantza horri esker euren harremanetarako gaitasunak hobera egiten ohi du.
Zailtasun txikiak izan arren, beti gogoan izan behar dugu, Asperger sindormea duten pertsonek ere gainointzekoen eskubide berdinak dituztela, eta ondorioz, gure errespetua, entzuketa eta laguntza osoa eskaini behar diegu.
Gaur, otsailak 18, Asperger sindromearen Nazioarteko Eguna da. Komunikabideetan honen berri emango dute baina garrantzitsuena sindormeari buruzko informazio baliagarria zabaltzea da, aniztasunari esker alegia ikasi eta aberasteko.