Blogaren artxiboa

Aldaketaren gakoa: haurrak errespetatu eta hezkuntza baloratu

Azken aldian gazte gehienen balore eta interes falta dela eta oso arduratuta nago, eta aurreko batean kezka hau nire lagunei agertu nien. Euren erantzunek nire ardurarekin bat egin zuen, baina gustatu ez zitzaidan alderdi batekin: hori hezkuntzaren errua dela. Euren arabera, gaur egungo hezkuntzak ez die irakasten, ez die gogor egiten, garai batean egiten zuen bezala.

Hezkuntza aldatu da, bai, zorionez, baina ez nahi beste. Gure hezkuntza sistemak gero eta egokituagoa dago taldea, momentu eta beharrei, baina hori askatasun osoz egiteko aukerarik gabe. Tarteka gobernuak kontrola galtzeari duen beldurra dela uste dut, azken finean, eta zoritzarrez, hezkuntza gobernatzeko tresnarik boteretsuenetarikoa da. Baina, bestetik, eta kaleko iritziak entzunda, gizarteak hezkuntzarekiko duen errespetu faltagatik da.

Azken hamarkadetan umearen eskubideengatik lan handia egin da, eta lan handia egiteke dagoen arren aurrera pausu handiak eman dira. Hala ere, gure haurrak zaintzen ditugu? Haur bakoitzaren ezaugarri eta garapena errespetatzen dugu? Edo aldiz, guk manipulatzen ditugun txotxongiloak direla uste dugu oraindik?

Azken hau esateko arrazoi potoloa dut. Behin eta berriro entzun behar izan dut haurrek ez dakitela ezer, ez dutela interesik, euren interesa gurasoak esaten dutena dela, haurrek bakarrik jolasten dakitela, eta noski, haur hezkuntza eta umezaintza gauza bera dela, bertan beste haurrekin batera jolasten pasatzen dutela goiza gurasoak lanean dauden bitartean. Hau da gure haurren inguruan dugun iritzia? Tontoak direla uste dugu? Eta hau da gure hezkuntzaren inguruan uste duguna? Eskola jolastoki handi bat dela soilik?

Helduon iritzi eta itxaropenek haurren mugak ezartzen dituzte. Ezin dugu haurraren garapen oso eta integrala bermatu haur horretan sinesten ez badugu, eta hezkuntzaren funtzioa zaintza eta jolasa soilik dela lau haizetara eta arazorik gabe zabaltzen dugun bitartean ezin diogu eskolari gure haurrak hezteko eskatu.

Haurrek interesak dituzte, jakinmin handia, euren garapenaren abiapuntua eta bidea horiek baitira. Guk hauek errespetatu eta elikatu behar ditugu, eta ez hauek mugatu. Eskola aldiz, esperimentazioaren bidez ezagutzaren bidea eraikitzeko laguntza izan behar da, eta ez zentzugabeko eduki kaxa erraldoi bat.

Gure buruari benetan zer nahi dugun galdetu beharko genioke. Gure haurrek ezagutza ikasi edo gaitasunak garatu dezaten nahiago dugu? Gure gizartearen oinarria lehiakortasuna edo besteekiko errespetua izatea nahi dugu? Emaitza ezberdinak nahi baditugu ezin dugu betikoa behin eta berriz errepikatu, horregatik, hezkuntza aurrera jarraitzeko egiten duen lana baloratu eta ez zapaldu, eta beti, hezkuntzak pertsonekin lan egiten duela gogoratu.

Advertisements

1 + 1 = 1, bi blogen jarraipen bateratua

1 + 1 : 1, bi blogen jarraipen bateratua

Batzuetan isiltasuna beharrezkoa bada ere, oraingoan, eta nire kasuan behintzat, egoera pertsonal eta lanaren ondorio izan da. Hala ere, idazteko astirik izan ez dudan arren, ez diot gai askoren inguruan pentsatu eta hausnartzeari utzi, tartean nire buruari blog honen jarraipenari buruzko galderak egiten.

Blog hau unibertsitateko irakasgai bati erantzuna emateko sortu nuen, gelan aipatutako gaien ikerketetan oinarritutako hausnarketa pertsonalez elikatuz. Irakasgaiaren izena “Eskola Inklusiboaren Oinarriak” zen eta hortik blogaren izena. Gai nagusia inklusioa izan da eta askotan aipatutako gaia hezkuntza premia bereziak.

Kurtso amaieran inklusioaren, edo hobeto esanda, eskola inklusiboaren inguruko azken hausnarketa egin izan behar genuen eta horren ondorioa Eskola Inklusiboa gure etorkizuneko eskola bezala ulertu behar dugula da, egunero eta guztion artean eraikitzen ari garen eskola baita.

Defendatzen dugun guztiontzako kalitatezko hezkuntza horretan inklusioa eta guztien berdintasuna goraipatzen den arren, kontuan izan beharreko gaiak anitzak dira. Horregatik, blog hau sortu aurretik teknologia berriak, haurtzaroa eta hezkuntza bezalako gaiak jorratzen dituen “Hezkuntza Digitala Haurtzaroan” bloga honekin batzea erabaki dut, biak bat egin eta hezkuntzarekin lotura duen edozein informazio, iritzi edota hausnarketa zuen eskura jartzeko txokoa sortuz.

Egunetik egunera eraikitzen ari garen eskola inklusiboa da, eta hori garrantzi handia badu ere, lege aldaketak, ikt-ak, ikerketa berriak, hezkidetzaren tratamendua, etab. ezinbestekoak dira. Hala ere, aitortu beharra dut, askotan teknologia berrien erabilpenek aipamen berezia izango dutela,  nire aurkezpenean aipatzen dudan bezala, nire ikasketa eta interesen tartetxo bat izateaz gain, hezkuntza digital eraginkor baten bidez teknologia hezkuntzaren lagun dela defendatzen dudalako.

Gaur egun dugun hezkuntza sistemak hezkuntza hitzari zentzua ematen dieten ezaugarri asko bidean galdu ditu baina, sinets dezagun guztiontzako kalitatezko hezkuntzan eta ekin diezagun lanari elkarrekin!

1+1

 

 

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara