Blogaren artxiboa
Hezkuntza-premia bereziak gaur egun: hausnarketa
Hezkuntza premia berezi eta hauei erantzuteko ditugun laguntzen inguruan irakurri eta idazten nuen bitartean, gaur egungo egoerari buruz hausnartzea halabeharrezkoa izan da.
Pedagogia terapeutikoaren kontzeptualizazio klasikoak argi eta garbi adierazten du hezkuntza berezia terminoa hezkuntza arruntaren ezberdina den hezkuntza mota dela, eta nahiz eta bilakaera positiboa izan, hezkuntza orokorretik bereizten dela.
Bi hezkuntza mota badaude, eta ondorioz, tamalez, bi ikasle mota daude: arrunta eta berezia, azkenengo hau urritasun, ezintasun edo minusbaliotasunen bat diagnostikatzen zaion haurra delarik.
Hainbatetan aipatu dugu, eskola inklusiboaren ikuspegian, ume bakoitzaren ezberdintasunak kontuan hartuta, ume guztiak batera eta berdintasunean hezteko eskubidea bermatu behar dugula. Ondorioz, behar berezia duena, eskola da, eta ez ezintasun edota urritasun zehatz bat duen haurra.
Normalizazio eta inklusioarekin aurrera jarraitzen badugu, eta bilakaera positiboari jarraipena emateko lana elkarlanean eta era bateratuan egiten bada, etorkizunean, hezkuntza premia bereziak, hezkuntza orokorrak erantzuten dituen premiak izango dira, bi hezkuntza mota eta ondorioz, bi ikasle mota bakarrean bihurtuz.
Kanpo laguntzei dagokienez, terminologiaren aldaketa gertatu behar dela defendatzen dut. Behar espezifiko bati erantzuna emateko talde profesionalak bezala definitu beharko ditugu, eskola komunitateko parte direlarik. Kanpo laguntzak hitzarekin, nire ustez, eskolaren testuingurutik kanpoko arazo bati erantzuna emateko laguntza dela adierazten da. Horregatik, profesional hauek, kanpoko laguntzak izan beharrean, eskolarekin elkarlanean dauden profesionalak izan beharko ziren. Eta errealitatean, hori da euren lana, horregatik diot aldatu beharrekoa izena dela (inoiz ez euren lana, hau ikaragarria baita).
Nire ametsa, orain hezkuntza premia berezia bezala sailkatzen den urritasunen bat duen ume baten beharra etorkizunean hezkuntza, arazo handirik gabe, erantzuten dakien beharra izatea da. Ume bakoitzaren beharra guk erantzun behar dugun beharra da, eta ezin dugu hau berezia bezala izendatu, horrela, gure eskola bere ezaugarrietara moldatzeko aukera ez duela aitortzea baita.
Laburbilduz, eskolak, ikuspegi inklusiboa bermatzeko, ikasleei hezkuntza erantzuna ematearen funtzioa bete behar du, hauen beharrak era globalean ikusita, eta pertsona guztiaren gainetik lehenesten. Gure hezkuntza guztiontzako hezkuntza izan behar da, guztiei erantzuna emateko ahalmena duena, bestelako hezkuntza azpimotak ezabatuz. Gaur egungo laguntza bereziak eskolaren ezaugarri orokorretan bihurtu behar dira.
Etorkizuneko benetan guztiontzako hezkuntza eraiki dezagun!
Tutorea
Eta hezkuntza-premia berezien gai honi lotuta, funtsezkoa den profesionala aipatzea ezinbestekoa da: tutorea.
Haur bakoitzak bere hezkuntza edo bestelako behar pertsonalak izango ditu eta tutorea izango da guzti hauei erantzuna ematearen arduraduna. Ume bakoitzaren erreferentziazko pertsona da.
Bestelako profesionalengandik laguntza eta aholkularitza jasoko du (aholkularia, PT, Berritzegune, …) baina gelan, ikasle bakoitzarekin, aurrera eramango diren estrategia ezberdinen ardura berea da.
Horregatik, garrantzi handikoa da ikasleak ondo ezagutzea, euren interesak, motibazioak, gaitasunak etab ondo ezagutzea eta hauen araberako lana antolatzea. Informazio bilketa bide ezberdinetatik burutuko du: behaketa, gurasoekin elkarrizketa, aurretiko tutoreak, irakasle klaustroa, dokumentazio akademikoa,…
Bere eginbeharren artean oinarrizko gaitasunak eta ezagutzak eskuratzen laguntzea dago, eta hau, bere gelako ume guztientzat, era berdintsuan, aplikagarria da. Horretarako, bakoitzaren behar bereziak kontua izan beharko ditu eta kasu batzutan, helburu, eduki, estrategia edota materialak egokitu beharko ditu bere erantzuna egokia izan dezan.
Eta nola ez, arreta goiztiarraren elementu nagusietako bat da, bere funtzioetako bat ikasleek dituzten arazo edota zailtasunak detektatzea izango baita, hauei erantzuna eta konponbidea emanez. Horretarako, PTarekin harremanetan egongo da, gelako irakasleekin bilduko da eta beharrezkoa bada eskolaz kanpoko talde multiprofesionalarekin kontaktuko du. Amaitzeko, gurasoei, behatutakoa eta jarraitutako prozesuaren berri emango die.
Guzti honegatik, tutorearen figuraren garrantziaz ohartzea garrantzi handikoa da, bere gelako ume bakoitzaren garapen integralaren eta honetan eragina duten elementu eta agente guztien arduraduna baita.
Hezkuntza-premia berezien historia
Hezkuntza-premia bereziekin jarraituz, gaur egungo egoera osotasunean barneratu ahal izateko, hauek dituzten pertsonen eskubide eta aukerak zein kontzeptua beraren bilakaera historia zehar aipatzea ezinbestekoa dela uste dut, horregatik, hainbat irakurgai ezberdinetatik jasotako informazioa bildu eta laburtu dut, honen inguruko ideia orokor bat adierazteko asmoz.
Gaia benetan sakona da, eta horregatik, norbait interesa izango balu, jakin informazio ugari dagoela eta sarreraren bukaeran nik erabilitako iturria nagusiak aipatuko ditut. Jakin honen inguruko testuliburu zein artikulu ugari daudela eta interesagarriak izateaz gain gure gaurko egoeran kokatzen eta etorkizuna antolatzeko laguntza handikoak direla.
Hezkuntza-premia bereziaren kontzeptuak, historian zehar izandako bilakaera aldaketa kontzpetualaz gain aldaketa terminologikoa ere ekarri ditu. Hasiera batean, hezkuntza-premia berezia, batez ere, nolabaiteko sentimen urritasuna zuten pertsonak zaintzea bezala ulertzen zen. Gerora, elkarlan mediko-psikopedagogikoa agertu zen esku hartze eta instituzio ezberdinak sortuz. Eta guzti honetan, azpimarratzeko diziplina: Pedagogia Terapeutikoa. Honen bidez, tratamendu psikopedagogikoa eta soziala urritasunak dituzten talde anitzetan ematen dira, profesionalengatik bideratuta.
Aro eta garai ezberdinetan zehar ekintza txikiak baina aldaketa handiak suposatu dituztenak burutu dira sendagile, hezitzaile eta psikologo anitzen eskutik, beti ikerketa, lan, argitalpen edo metodo berrietan oinarrituz. Beraz, guzti honetan, izen propio ugari agertzen dira, guztiak, bere neurrian, garrantzitsuak direlarik. Gainera, guzti hau, herrialde ezberdinetan gertatu da, eta horregatik ere, geografikoki hainbat kokapen ezberdin aipatu beharko dira. Ekintza batetik bestera gertatu diren aldaketak ugariak dira: jarrera, pentsamolde, ikuspegi, tratamendu, eskola, kontzeptuak, sailkapenak, terminologia, funtzioak, laguntzak, materialak, …
Aroa |
Ezaugarri / Gertaera |
Antzinako gizartea | – Nolabaiteko urritasuna/ezintasuna zuten pertsonak abandonatuak edo kanporatuak ziren (ez zuten bizitzerik merezi, haur-hilketa praktika) |
Erdi aroa | – Elizak giza duintasuna babesten du- Haur hilketak debekatzen dira
– Urritasunen bat zuten pertsonak errefusiatuak bizitzen ziren beldurgarriak zirelako (bazterketa) |
Estatu modernoa | – Humanismoa dela eta, inozotzat hartzen zituzten eta beraiekiko joera karitatearena da (tratu gizatiarragoa jaso) |
XV. mendea | – Adimen urriko pertsonak zaintzera bideratutako lehen Erakundea (Gilabert Jofre anaiak) |
XVI. mendea | – Lehen urratsak: Gormutuentzako Doktrina (Fray Pedro Ponce de Leon) |
XVII. mendea | – Giltzaperatzearen garaia- Gormutuentzako lehen tratatua (Juan Pablo Bonet)
– Idiotekin hezkuntza esperientzia batzuk bultzatu zituen (Vicente de Paul) – Denontzako hezkuntza aldarrikatu (Commenio) |
XVIII. mendea | – Gormutuei eskuekin komunikatzea ahalbidetzen dien hizkuntza mimikoa sistematizatu- Gormutuen hezkuntzarako lehen eskola publikoa sortu zen Parisen
– Itsuentzako eskola (Valentin Haüy) – Erliebeko puntuetan oinarritutako irakurketa eta idazketa sistema sortu (Louis Braille) |
XIX. mendea | – Benetako lehenengo ahaleginak- Adimen urrikoek benetako tratamendu mediko-pedagogikoa jaso
– Tratatu morala aldarrikatu (Philipe Pinel) – Ume guztiak hezigarriak direla aldarrikatu (Itard, ume basatia dokumentala) – Adimen urrikoen bizi baldintzak hobera egin zuten |
XIX. mendearen bigarren erdia | – Ezintasunen bat zuten pertsonen bizi-baldintzak hobetu ziren- Esku-hartze terapeutikoari garrantzia (Seguinen) |
XX. mendea | – Adimen neurtzeko lehenengo tresnak- Eskola berriak ekarpen ugari (Maria Montessori)
– Urritasun mota guztientzako erakunde espezializatuak sortu: arreta mediko psikopedagogikoa eskaini – Hezkuntza premia bereziak legalki onartzen dira: politika bereziak sortu – Normalizazio kontzeptua sortu (Bank-Mikkelsen) – Giza eskubideen deklarazioa |
Etorkizuna | – Normalizazioa eta eskola inklusiboa (guztion lanari esker) |
* Iturri nagusiak:
Ortiz Gonzalez, M. C. “Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak. Kontzpetuaren bilakaera historikoa”
Aierbe, A. (2008). Esku-hartze psikopedagogikoa garapenaren nahasteetan. Bilbo: EHU
(doako deskarga ondorengo orrian: http://testubiltegia.ehu.es)
Darretxe, L., eta Zenatagoitia, E. (2008). Hezkuntza bereziaren oinarri pedagogikoak.
Bilbo: UEU.
ISEI. (2005). Hezkuntza-Premia Bereziak Lehen Hezkuntzan Euskal Sistemaren erantzuna. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.