Blogaren artxiboa

Basati txikia

L’Enfant sauvage (1970)-Francçois Truffaut

El niño salvaje filma XVII. mendearen bukaera gertatutako gertakizun errealetan oinarrituta. Basoan bakartua bizi izateagatik, gizarterekin inolako harremanik izan ez duen haur bate hezkuntza prozesua kontatzen du.

Gormutuen Institutuan lan egin zuen Itard medikuaren (1801-1882) legatu pedagogikoa bezala definitu dezakegu. Bertan, Averyton-eko oihanetan agertu zen mutiko basatiaren behaketa eta eman zitzaion hezkuntza-tratamendua jasotzen dira. Esquirolen ustez umea abandonatzearen ondorioz azen, eta Pinelentzat, aldiz, idiota zen.

Itardek bost urte eman zituen haurra etsi gabe hezten. Bere sentimena, adimena eta afektibitatea garatzeko xehetasun handiz landutako ekintzen bidez lan egiten zuen. Hezkuntzako bere ikerketek eragin handia izan zuten XIX. mendean zehar egindako lan mediko-pedagogikoetan eta gerora sortu eta antolatu ziren eskola bereziak. Hainbat egileen inspiratzaile ere izan zen.

Pelikulak sozializazio prozesuaren garrantzia azpimarratzen du, ume basatiaren naturaltasuna gizartearen hipokresiarekin alderatuz. Garaiko errealitate sozial, akademiko eta medikoa islatzen du.

1204308922_f

Argi dago pelikulan ematen diren pentsamolde, ikuspegi, metodologi eta jarrera asko gertaeraren garaiarekin bat egiten dutela, zaharkituta daudela alegia. Zorionez, gaur egun, hauetako asko gaindituak edota baztertuak izan dira.

Hezkuntzaren garrantzia eta honen indarra azpimarratzen da, eta honekin ados nagoen arren, ume basatiak jasotzen duen tratua ezin dela inondik inora onartu pentsatzen dut. Animalia balitz bezala harrapatzen dute, eta bere egoeraz baliatzen dira gainontzekoen barre eta txantxak eragiteko. Ondoren, ikertzaile baten etxean isolatzen dute eta umearekiko maitasun adierazpen txikiak ikusteko aukera dauden arren, bere beharrak kontuan hartzen ez direla uste dut. Metodologien oinarria sari/zigorrak dira eta momentu askotan ez da bere erritmoa, deskantsua edota interesa errespetatzen.

Pelikula bukatzerakoan, galdera zehatz bat egin nion nire buruari eta oraindik ere, galdera berari bueltak ematen nabil: sozializazio prozesuaren garrantzia azpimarratzen da, baina noren beharra da? Ume basatiaren beharra, Itard medikuarena edo gure gizartearena? Garaiko gizartearentzat ezinbestekoak ziren hezkuntza ekintza ezberdinetan gaitasuna lortzeko umearen eskubide, beharrak eta erritmoa alde batera ahaztuta uzten dira, momentu askotan Itard medikuaren teoria baieztatuko duen ikerketa umearen ongizatearen gainetik jarriz.

Hezkuntza, sozializazio prozesua eta ondorioz garapen integrala ezinbestekoa da ume guztien bizitzetan, baina nork markatzen ditu pautak? Noren beharraren arabera egiten da lan? Haurraren testuingurua, historia, beharra, erritmoa eta beste mila ezaugarri aztertu behar dira honi egokitutako hezkuntza eskaintzeko, bere interesetatik abiatuta eta bere erritmoa errespetatuz.

 

* Filmaren inguruan egindako azterketa teknikoa (Pantxis taldearen lana)

Beharrak erantzun behar ditugu

Johan van der Keuken-en “El chico ciego” (1960 – 1968) dokumentala ikusi ondoren behar anitzetan pentsatzen hasi naiz, eta hauei erantzuteko ditugun baliabideak eta aukerak.

Pertsona itsuen kasuan, gizartean bizitzeko zailtasun bat dutela pentsatzeko ohitura dugu. Baina oso erratuta gaude. Gure gizartea da muga bat duena, guztiontzako aukera berdinak eskaintzeko gai ez delako.

Eskolaren kasuan, gauza bera. Ume itsu batek gela arrunt batean egoteko gaitasuna du, baina agian, gela horretako irakaslearen formakuntza edota eskolaren baliabide falta dela eta, gaitasuna zailtasun bihurtzen da. Premia berezia dituena eskola da, eta ez ikaslea.

Ume itsu batek, besteek bezala, bere gaitasunak lantzeko eta aurrera egiteko gogo handia du. Hezkuntza integrala behar du, jolastu, harremanak izan, esperimentatu, sentitu, lan egin eta bizitzari motibaturik aurre egiten ikasi..

Hezkuntzak, zein gizarteak, guztion beharrei erantzun behar die. Pedagogia sistemikoari  eta eskola inklusiboari esker, guztion ikuspegia zabaldu, beharrei erantzuna eman eta guztiok eskolaren partaide sentiaraztea lortu behar dugu. Horretarako ikuspegi, material edo bestelako aldaketak egitea beharrezko den arren, lehendabiziko urratsa “itsu gaixo”-aren paradigma alde batera uztea da, lana ekinez eta beharrak oztopo bezala definitu gabe.

Gainera, baten beharra erantzutean, beharraren inguruan dauden guztiak aberastuko dira, esan bezala, beharra gizartearena baita. Guztiok elkarrekin hezteko eta ikasteko aukera dugu eta guztiekin lan egiteko gai izan behar gara. Guztion lanari esker beharra normalizatu behar da.  Erantzun eta aberastu!ninos-ciegos

Proposamen iklusiboa ikasle gaixoentzat

Asteartean, bidean elurrari aurre egin eta gero, Pepe Motosoren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Askotan, eskolako aniztasuna eta inklusio irizpideak jorratzen ditugunean, ikasle multzo bat ahazten dugu, eta hauetaz hitz egin zuen Motosok: ikasle gaixoak. Benetan interesagarria.

Pepe Motosok, ume gaixoen hezkuntzaz arduratzen den zentroan egiten du lan. Euren helburua, haur eta gazte gaixoen hezkuntza inklusioa lortzea da. Lana, hiru arlotan banatzen dute:

1-      Ospitaleko eremua

2-      Etxeko eremua

3-      Hezkuntza-terapiako eremua

Kontuan izan behar da, gaixotasuna hainbat alderdi dakarrela, eta hauetako askok, ume edo gazte baten kasuan, hezkuntzarekin lotura dute:

–          Bakartzea

–          Erreferentziazko komunitatean bizitza aurrera egiten du

–          Identitate arazoak: gaixotasunaren ondorioz ezberdinak sentitzen gara, arazo emozionalak izan ditzakegu eta horrek nortasunaren eraikuntzan eragina du

–          Arazo ekonomikoak

–          Atzerapena eskolan: gehienetan garrantzi gutxienekoa dela pentsatzen ohi da, baina, gaixoaren normalizazio eta etorkizunerako ezinbestekoa da

Haur eta gazte gaixoen artean bi sailkapen egiten dira:

–          Gaixotasun fisikoak

–          Gaixotasun psikologikoak

Lehenengoan, emozionalki oso gogorrak izaten direla azpimarratu zuen. Eta zaila izan arren, aurrera egin behar da, egunerokotasunarekin jarraitu behar da eta egoera gaixoaren normalizaziorantz bideratu behar da.

Bigarrenenean aldiz, bi gaixotasun nagusi aipatu zituen: fobia eskolarrak eta ez erregulatutako jarrerak. Fobien kasuan, pausoz pauso eta poliki egitea garrantzi handikoa da eta, horrela egiten bada, gehienak arrakasta kasuak izaten ohi direla komentatu zigun. Jarrera ezegokien kasuan berriz, geldiune luzeagoa egin zuen, kasu larri eta zailagoak izaten baitira.

Jarrera ezegokiak arazo sozialtzat ulertu beharko genuke. Gaixoa subjektu kanporatzailea da eta gertuko giro sozialaren aldaketa dakar. Profesionalak arazoaz duen ikuspegia garrantzi handikoa da. Ikasleak ulertzen dugula sentitu behar du, eta zaintzeko prest gaudela. Pentsamenduaren aldaketan lan egin behar da, zigorrak ez digu gure helburua lortzen lagunduko. Elkarbizitza lortu behar da, eta posiblea ez denean, kaltearen maila ahalik eta gehien gutxitzea.

Profesional bezala kasu guztiei aurre egiteko gai izan behar gara, baina beti elkarlanean aritzeko prest egonda. Bakarrik ezin dugu ezer konpondu.

Ikasle gaixoekin aurrera jarraitzeko, modelo terapeutiko bat proposatzen dute. Honek elkarreragin testuinguruetan oinarritzen da, hauen funtzionamendu egokiak ikasleari osasunean hazteko aukera emango baitio.

Ikaslearen inguruko testuinguruak aztertu eta gero hauek landu behar dira, hau da, positiboak izatera bideratu behar dira. Elkarrizketaren eta entzuketaren bidez, elkarreragileen arteko harremanak onak ezartzea lortu behar da, hori baita hezkuntzaren helburua. Onartu,konfiantza eman eta elkar-ulertzea.

Elkarreragin eraginkor eta osasuntsuena gertukoarena da, eta ez profesionalarena.

Esan bezala, oso hitzaldi baliagarria izan zen, beste errealitate hori beti kontuan izateko. Aurrerantzean, eskola inklusiboaz hitz egiten dugunean, ikasle gaixoen multzoa kontuan hartu beharko dugu beti. Klasean, zein irakurgaietan, inklusio gaia aipatzen denean, bestelako premiak eta egoerak dira nagusi, gaixotasunak alde batera utziz. Gure inguruko eta etorkizunaren errealitate bat den heinean, gehiago landu beharko genukeen gaia dela pentsatzen dut. Kasu horien ezaugarri eta esku-hartze profesionalaren berri izatea ezinbestekoa da.

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara