Blogaren artxiboa
Gaitasun digitala, teknozentrismotik haratago
Gaitasun digitala gaitasun teknologikoa baino zerbait gehiago da. Urte askotan zehar eta, zoritxarrez, oraindik ere burugogor karratu batzuetan, uste izan da aro digitalaren oinarria tresnak direla. Hau da, teknologian garrantzitsuena tresnak direla pentsatzeko joera oso zabalduta dago eta, ondorioz, irakaskuntza gailuetan zentratzeko ohitura orokorra da.
Baina ez, gaitasun digitala teknozentrismotik haratago doa. Teknologia ikaskuntza-prozesuaren mesederako erabili behar dugu, teknologiaren benetako balioa erabilera baita.
DIGCOMP proiektuan da Europako gaitasun digitalen garapenaren oinarria. Proiektuaren helburu nagusia digitalki lehiakor izateko funtsezko osagaiak identifikatzea eta baliozkotzea da: ezagutza, trebetasunak eta jarrerak.
DIGCOMP-en arabera gaitasun digitala 5 ardatz eta 21 gaitasunez osatzen da:
- Informazioa: Informazio digitala identifikatzea, bilatzea, berreskuratzea, metatzea, antolatzea eta aztertzea, garrantziaren eta helburuaren arabera.
- Informazioa arakatzea, bilatzea eta behatzea
- Informazioaren ebaluazioa
- Informazioa babestea eta berreskuratzea
- Komunikazioa: Ingurune digitaletan komunikatzea, online tresnen bidez baliabideak partekatzea, tresna digitalen bidez beste batzuekin konektatu eta lankidetzan jardutea, komunitateetan eta sareetan interakzioan jardutea eta parte hartzea, eta kulturarteko.
- Teknologiaren bidez interakzioan jardutea
- Informazioak eta edukiak partekatzea
- Herritarren online parte-hartzea
- Kanal digitalen bidezko lankidetza
- Netiketa
- Nortasun digitalaren kudeaketa
- Edukiak sortzea: Eduki berriak sortu eta editatzea (testuak, irudiak, bideoak, etab.); lehenagoko ezagutzak eta edukiak txertatzea eta berregitea; ekoizpen artistikoak, multimedia edukiak eta programazio informatikoa egitea; jabetza intelektualaren eskubideak eta erabilera-lizentziak aplikatzen jakitea.
- Edukiak Garatzea
- Integratzea eta berritzea
- Egile eskubideak eta lizentziak
- Programazioa
- Segurtasuna: Banakako babesa, datuen babesa, nortasun digitalaren babesa, segurtasunaren erabilera, erabilera seguru eta jasangarria.
- Gailuen babesa
- Datu pertsonalak babeste
- Osasuna babestea
- Ingurumena babestea
- Arazoak bideratzea: Baliabide digitalen erabilera-beharrak identifikatzea; tresna digital egokienei buruzko erabaki arrazoituak hartzea, helburuaren edo beharraren arabera; kontzeptuen gaineko arazoak ebaztea, bitarteko digitalak erabiliz; teknologiak modu sortzailean erabiltzea; arazo teknikoak konpontzea; norberaren eta besteen gaitasunak eguneratzea.
- Arazo teknikoak ebaztea
- Behar eta erantzun teknologikoak identifikatzea
- Berrikuntza eta teknologia sormenez erabiltzea
- Gaitasun digitaleko gabeziak identifikatzea
Laguntzaren gakoa: lan kooperatiboa
Sarrera asko idatzi ditut laguntza eta laguntza zerbitzu ezberdinen inguruan, baina oraingoan, laguntza hitza borobiltzeaz gain honen atzetik dauden ezkutuko elementuen inguruan hausnartzearen garrantzia azpimarratu nahi dut.
Gelan, eta hitz gutxitan, laguntza pertsonen garapena, hezkuntza, interesak eta ongizatea bermatzen duen estrategia eta baliabideen multzoa bezala definitu dugu, hauen artean laguntza terapeutikoa, kontsultazko laguntza eta laguntza curricularra goraipatu ditugularik.
Pertsona, behar eta ikuspegi ezberdinak daudenez hauei erantzuteko modu edota hobeto esanda laguntza mota ezberdinak egon behar dira. Gainera, guzti hauek kudeatzeko tresna edota baliabide ezberdinak ditugula aztertu dugu: POAT (Plan de Orientación y Acción Tutorial: Tutorizazio programa), PAD (Programa de Atención a la Diversidad: Aniztasuna kudeatzeko programa) eta Hizkuntza proiektua (Eskolako hizkuntzen garrantzia eta hauen komunikazio konpetentzia nola erantzun). Horregatik, bakoitzaren ezaugarri nagusiak aipatu eta azaldu ditugu, etorkizunean gure erantzuna modu egokienean bideratu ahal izateko.
Benetako eskola inklusiboa lortu nahi badugu laguntza eta laguntza zerbitzu ezberdinen ikuspegia, lana eta antolaketa era inklusiboan gauzatu behar dugu. Zailtasun edo urritasun bat duen haurrari erantzuteko laguntza profesionala beharrezkoa denean, hauekin lan kooperatiboa egin behar dugula argi izan behar dugu.
Rafael Medinak talde kooperatiboak norberaren ikaskuntza edota lana lortzeko besteen lana eta ikaskuntza beharrezkoa duen taldea bezala definitzen du, helburua beti bikoitza dela aipatuz: ikaskuntza eta sozializazioa. Tutore, irakasleria eta talde multiprofesionalen arteko talde lan bateratua behar beharrezkoa da zailtasunei era egokian aurre egin ahal izateko.
Talde multiprofesionalek eskolarekin lan egin behar du urritasun edota zailtasun bat duen haurrari erantzuna emateko, eta ez du soilik ume horrekin, indibidualki, lan egin behar. Beste hainbatetan aipatu dudan bezala premia berezia duena eskola da, ume horren zailtasunei aurre egin ezin diolako. Horregatik, laguntza behar duena eskola da, eta laguntza horri esker ume horren oztopoak gainditzen ikasiko du.
Aurreko astean, Bergarako AransGi eskolako aditu batekin elkarrizketa bat izateko aukera izan nuen, eta inklusioaren ikuspegiaren gaia jorratu genuen. Teoria mailan oso ondo dagoela aipatu ondoren, gaur egungo eskola eta irakasle gehienek inklusiboak izatetik urrun daudela aitortu zidan. Bere elkarteak haur gorrekin egiten du lan, hauek premia berezi handiak dituzten umeak direlarik. Hori dela eta, elkartearen profesionalen laguntza oso onartua eskertutakoa da eskola guztietan. Profesionala eskolara joan aurretik haur hipoakusikoaren tutore edo irakasle taldearen ardura handia bada ere, profesionala eskolan bertaratzen denean ardura hori guztiz desagertzen da, ardura guztia profesionalari transferitzen baitio.
Aipatutako egoera jarrera txar baten adibidea da. Ume bakoitzaren ardura tutorearena da, eta umeak izan ditzakeen zailtasunei erantzuteko profesional baten laguntza behar badu, hau onartu, aprobetxatu eta berarekin kooperatiboki lan egin behar du. Kanpoko errekurtsoa gure taldearen parte izan behar da, guztiok batera lan egin ahal izateko. Horrela guztiok ikuspegi eta bide berdina jarraitzeko aukera gauzatuko da, erantzunaren kalitatea bermatuz. Oztopoak gainditzeko irakasle ekipo osoa inplikatu behar da ikasleri osoari erantzunez.
Zine Forum metodologiaren alde
Sarrera hau ez idaztea nahiago nuke, baina tamalez, pasadan astean gelan bizi izandakoak hau egitera behartzen nau.
Nire lehen sarreran, metodologia atsegin baten aukeraketa eta erabileraren garrantziaz mintzatu nintzen. Metodologia motibazio handienaren edota motibazio ezaren oinarria izan daiteke. Era berean, motibazioa ikaskuntza esanguratsuaren funtsezko alderdia da. Ondorioz, metodologia motibagarri bat ikaskuntzaren helburuaren arrakasta lortzeko gakoa da.
Gure irakasletako batek, bere irakasgaia aurrera eramateko, pelikulen ikuskapen eta hauen inguruko “zine forum”etan oinarritutako metodologiaren alde egin du. Baina, honen aurrean aurkitu duen erantzuna oso desatsegina izan da, modu politean esatearren.
Pantaila handiko irudi sekuentziei esker, beste errealitate batzuk ezagutu ditzakegu, hauek barnetik ezagutu eta irakasle izateko hain garrantzitsua eta ezinbestekoa den hausnarketari ekin, ikaskuntza handiak barneratuz. Nor ez da “Rebelión en las Aulas” (James Clavell, 1967) pelikula ikusterakoan irakaslearen motibazio eta inplikazioaren garrantziaz ohartu? Nork ez du “Los chicos del coro” (Christophe Barratier, 2004) filma ikusterakoan artearen botereari buruz pentsatu? Edota, nork ez du beldurra sentitu “La ola”n (Dennis Ganse, 2010) erakusten den metodologiaren indarra ikusita?
Klasean pelikulak ikusteak abantaila erraldoi bat du, pelikula irakasle begien bitartez aztertzeaz gain, ikaskideen zein irakaslearen ikuspegi, pentsamendu, hausnarketa eta iritziak jasotzeko aukera eskaintzen du, norberaren hausnarketa propioa eta ikaskuntza ikaragarri aberastuz. Era laburrean esanda, ekintza aberasgarri eta eraginkorra. Metodologia erabat positiboa.
Hala ere, ekintza hauen aurrean, ikaskide batzuen erantzuna ez da batere positiboa. Batzuek, pelikula hauek Hollywoodeko filma arrakastatsuak ez direnez, aspertzen direla aitortzen dute, bestelako zereginetan denbora emanez. Beste batzuk aldiz, gelatik alde egiten dute, irakaslearen proposamena zein lana gutxietsiz eta teoria hutsa ez diren metodologiei bizkarra emanez.
Gaur ikaskideak direnak etorkizunean umeen garapenaren eta nortasunaren eraikuntzaren agente garrantzitsuenetako bat izango dira. Horregatik, horrelako ekintzak aprobetxatu eta hauetaz baliatu beharko ziren egingo duten lanaren inguruan sakonki hausnartzeko.
Haur Hezkuntzako haurrak ez dira jostailuak, euren nortasuna, izaera, emozioak, kognizioa eta azken finean bizitza eraikitzen ari diren pertsona txikiak dira eta gure errespetu osoa merezi dute. Errespetu hori, gehiago ikasteko eskaintzen dizkiguten aukera guztiak ondo aprobetxatuz adierazten da.
Beraz, lerro hauen bitartez, irakaslea bere metodologiarekin aurrera jarraitzeko animatzen dut. Era berean, beste errealitate batzuk ikustea eta hauek komentatzea eta barne hausnarketa aurrera eramatea gustuko ez dutenei, benetan Haur Hezkuntzako irakaslea zer den eta horrek zer eskatzen duen sakonki pentsatzea eskatzen diet.