Blogaren artxiboa
NIA (Norberaren Ikas-Alorra)
Aste honetan eDIGCOMP ikastaroan NIA (Norberaren Ikas-Alorra) edo PLEa (Personal Learning Environment) landu dugu. Ez da kontzeptu berria izan niretzat. Aspaldi ezagutu nuen lehenengo aldiz PLE hitza, aspaldi horren lanketa egin nuen eta @AmaiaArroyo-rekin ere garaiaren inguruan hitz egiteko eta hausnartzeko aukera izan dut tarteka. Beraz, NIAren esanahia eta garrantzia oso barneratuta dudala esan dezaket.
NIA pertsona bakoitzak ikasteko sarritan erabiltzen dituen tresna, informazio iturri, konexio eta jarduera multzoa da
(Adell eta Castañeda, 2010).
Hala ere, gaiak eta Amaiaren hitzak hausnarketa-tartea eskaini didate (eskerrik asko). Proposatutako jarduera erantzuteko aldez aurretik sortutako NIA berreskuratu eta aztertu dut. Nahi gabe burua lanean jarri da eta… sorpresa! Interneten oinarria pertsonak direla defendatu arren, aldez aurretik sortutako NIA erabat teknozentrista zen! (Non daude pertsonak? Non daude tresna ez-teknologikoak? What a disaster!).
Egia da ez ditudala tresnak pertsonarik gabe ulertzen. Teknologiaren oinarria pertsonen erabilera da, tresnak erabilgarri izateko pertsonek erabili behar baitituzte. Beraz, pertsonek ikas-alorrean duten garrantzia NIAn adieraztea funtsezkoa da: kontaktu-sarea, lagunak, lankideak, adituak… Hona hemen nire momentuko NIA:
Marraztutako diagramak niregatik hitz egiten du. Informazio-iturri anitz eta ugari erabiltzen ditut (infoxikatuta bizi gara!), ikerketan zaintza teknologikoa garrantzitsua baita. Ondorioz, antolaketa-lana ezinbestekoa da: informazioa aztertu, sailkatu eta eginbeharrak antolatu. Fase horretan, teknologia garrantzitsua bada ere, oraindik ere, agenda analogikoa eta koadernoa asko erabiltzen ditut (nostalgika bat naiz, kar-kar-kar).
Behin informazioa antolatuta, lanean hasteko momentua da. Beste behin, lan-motaren arabera tresna anitzak erabiltzen ditut baina garrantzitsuena denbora eta lasaitasuna da. Produktibitate-maila minimo bat lortzeko testuinguru erosoa eta lasaia oso lagungarria da eta nire fitxategi, ohar, pentsamendu eta hausnarketan murgiltzeko denbora izatea nahitaezkoa (eta askotan horren falta sufritzen dut). Sorkuntza-txokoan nire katua ere txertatu dut, azken finean nire lankide leialena da, lan-prozesu guztietan nire ondoan dagoena (doktoretza tituluan bere izena ere agertu beharko da).
Azkenik, egindako lanak zentzua izan dezan, komunikatu behar da. Norberak eraikitzen du bere jakintza, bai, baina, horretarako, besteena ere beharrezkoa dugu. Baina komunikatzea ez da lan erraza, harremanak egitea eta zure lana zabaltzea energia ugari eskatzen duten ekintzak dira. Nire NIAren kasuan, posible da komunikazioaren atala atalik ahulena izatea. Beraz, aurrerantzean, pixkanaka eta pausoz pauso, NIA aberasteko dibulgazio-tresnak indartzen saiatuko naiz.
Lotura interesgarriak:
PLE: nabigatzailea aukeratzea, informazioa bilatzeko lehenengo urratsa
PLE: edukiak sendatuz infoxikazioari aurre egin
—
#esperientziadigitalak borobilduz:teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren azken hausnarketa
Pixkanaka ikasturtea aurrera doa eta, horrekin batera, ikasgaiak borobiltzeko eta ixteko garaia da. Horregatik, sarrera honetan “hezkuntza ikerketa” ataleko sarrerak bildu, bertako #esperientziadigitalak baloratu eta horiei lotutako ikasgaiaren azken hausnarketa jasotzen da.
Bi izan dira psikodidaktika masterreko “teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntza” ikasgaiaren helburu edota landutako eduki nagusiak:
- Teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa
- Hezkuntza ikerketarako teknologiak
Lehenengo helburuari lotutako eskolek ikerketaren informazio iturri garrantzitsuenetako batean murgiltzeko aukera eskaini digute: ikerketa-taldeak. Teknologia nire interes-gune nagusietako bat izanik, oso interesgarria eta aberasgarria izan da gaiari lotutako ikerketa-taldeen lanak ezagutzea. Gainera, egindako ariketa eta hausnarketa pertsonalei esker, ikerketan zaintza teknologikoa oinarrizko eginkizuna dela barneratu dut.
Era berean, ikerketa aurrera eramateko teknika berriak ezagutu eta praktikan jarri ditugu: narratiba eta gertakari kritikoa. Hasieran egin beharrekoa ulertzea kostatu zitzaigun arren, ikaskideen artean norberaren gertakari kritikoaren sorkuntza anonimoa egiteko motibazioa eta inplikazioa nabaria izan da. Norberak barruan dituen arduren adierazpena indartzeaz gain, ariketak gure ahotsa zabaldu du, gizartea hobetzeko tresna ezin hobea dela baieztatuz.
Horretaz gain, bideoen bidez teknologiaren erabileraren eta pribatutasun irrealaren eta ikerketaren inguruan hausnartzeko aukera izan dugu. Teknologiaren erabilera gero eta hedatuago dago baina gutxi hausnartzen da horren erabilera kritikoari buruz. Ia ezinezkoa da momentu oro online ez egotea, baina, horretaz jabe izan behar gara eta online-jarrrera kritikoa eta arduratsua garatu.
Azkenik, laster tesia entregatu eta defendatuko duten bi doktoretza-ikasleren esperientzia eta ikerketa-lanak ezagutu ditugu. Ikerketan aurrera egiteko, besteen lanak ezagutzea derrigorrezkoa denez, hitzaldia interesgarria izan da. Baina, gure kasuan, interesgarriaz gain oso lagungarria izan da, doktoretza-bidaiaren inguruko zalantzak argitzen dituzten esperientziaren gakoak ezagutu baititugu. Mila esker gure galderak erantzuteagatik eta zorte on tesiaren azken txanpan!
Orokorrean, irakasgaiaren lehenengo atalari dagokionez, norberaren hausnarketa kritikoa indartzeko erabilgarria izan dela uste dut. Hala ere, talde-hausnarketa faltan bota dut. Bakoitzak ezagutzen edota jarraitzen dituen ikerketa-taldeen berri ematea oso aberasgarria litzateke, bideoek lantzen dituzten gaien inguruan taldean eztabaidatuz gero teknologiaren erabilera arduratsuaren inguruko ondorio politak jasoko genituzke eta, azkenik, gertakari kritikoaren prozeduraren zein bertan bildutako gaien inguruan hitz egiteko aukera izanez gero, teknika eta ardura-soziala hobeto barneratzeko aukera izango genuke. Hau da, esperientzia polit eta esanguratsuak izan arren, talde-dinamika indartzearen beharra azpimarratzen dut.
Honako sarreretan “Teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa” atalari dagozkion ikasketa-prozesuak zein hausnarketak jasotzen dira:
Zaintza teknologikoa, ikerketa-taldeen errefernetziak jarraituz
Gertakari kritikoaren bitartez gure ahotsa zabaldu
Pribatutasuna eskatu arren, momentu oro datuak oparitzen digu
Besteen esperientzietatik ikasiz
Ikasgaiaren bigarren atalean hezkuntza ikerketarako teknologietan zentratu gara. Ordenagailu-gelan, eskolaz-eskolaz, ikerketarako lagungarriak diren tresnak ezagutu ditugu, pixkanaka bakoitzak bere ikasketa ingurune pertsonala eraiki duen bitartean. Teknologia lagungarri izan dezan, gure lan-prozeduren jabe izan behar gara eta horiek aurrera eramateko eskura ditugun aukerak ezagutzea funtsezkoa. Momentu oro, gure egitekoari hobeto egokitzen den tresna aukeratu behar ditugu eta horretarako aukera-sorta aztertu behar da.
Nire esperientzia eta interesengatik, eskoletan aipatutako tresna gehienak aski ezagunak izan dira niretzat eta horrek tarte batzuk aprobetxatu ez izana du ondorio. Hala ere, eskoletan asko pentsatzea eragin didan kontzeptu bat aipatu da: infoxikazioa. Infoxikazioa ikerketaren gaitza baino, gizartearen gaitza dela esan dezakegu. Informazio-mota guztien gainkarga dugu eta hori bideratzen jakitea gure gizartearen gaitasun garrantzitsuenetako batean bilakatu da.
Gainera, ikerketan dauden lan-prozeduren ordena jarraitzeak oso lagungarria izan da, gure egitekoa barneratzeko. Lan-prozeduraz jabe zarenean, norberaren lana autoerregulatzea errazagoa gertatzen da eta guzti hori bizitzarako autoerregulazio-gaitasuna indartzeko baliagarria da.
Eskola dinamikoak izan dira, praktikan oinarritutakoak baina, aurreko atalean bezala, talde-lanari esker gaia aberasgarriagoa izango litzatekela uste dut. Ikasgaira aldez aurretik aukeratutako tresna eta lan-ohitura batzuekin goazela aprobetxatuta, norberaren esperientzia ikaskideekin partekatu eta eurena ezagutzea elkarrekin ikasteko aukera polita izango litzateke.
Honako sarreretan “Hezkuntza ikerketarako teknologiak” atalari dagozkion ikasketa-prozesuak zein hausnarketak jasotzen dira:
PLE: nabigatzailea aukeratzea, informazioa bilatzeko lehenengo urratsa
PLE: edukiak sendatuz infoxikazioari aurre egin
Infoxikazioa eta eduki-sendaketa (informazio erabilgarria)
Bestalde, psikodidaktikako masterreko ikasle gehienak irakasle izanik, ikasgaiaren ataltxo bat teknologia eta eskolaren arteko harremana esanguratsua lantzeko aprobetxatzeko proposamena egitea gustatuko litzaidake.
Teknologia gure bizitzaren parte da baina, oraindik ere, eskola eta teknologiaren arteko harremana nahiko ahula da. Teknologia garatu arren, hezkuntza-sistema ez da aldatu. Irakasleek teknologia eskolan nola aplikatu, nola erabili eta nola irakatsi ikasi behar dute. Aldi berean garrantzitsua da ikasleek teknologia modu eraginkorrean eta arduratsuan erabiltzen ikastea baina horretarako irakaslegoaren hausnarketa eta formakuntza ezinbestekoa da.
Ondorioz, nire blog pertsonalean teknologia, gaitasun digital, IKT, nortasun digitala eta guzti horiei lotutako sarrera ugari jasotzen dira. Hau da, blog honetan teknologia geletan lantzeko beste modu bat azaltzen duten sarrerak aurkitzea oso ohikoa da.
Robotika, programazioa (pentsamendu konputazionala), hausnarketa kritikoa, erabilera autonomoa… ikasleei modu globalean, esanguratsuan eta kooperatiboan ikasten ikasteko aukera ematen dieten ariketak dira. Horregatik, #esperientziadigital honetara gai horien inguruko ekarpenak ere gehitu ditut:
micro:bit, programazioaeskoletan
Umeak askatu!
Detergente iragarki bat izan arren, 10 herrialdetako 12.000 gurasoekin egindako ikerketa bateko emaitzetan oinarritzen da. Ikerketan jasotako datuen arabera, 5 eta 12 urte bitarteko haurrek ez dituzte egunean 30 minutu baino gehiago pasatzen aire zabalean, EEUUko segurtasun handiko espetxeetako presoek baino askoz gutxiago.
Bideoan, Indianako (EEUU) Wabash Valley segurtasun handiko espetxeko presoentzat kanpoan egoteko duten denboraren garrantzia jasotzeaz gain, presoek aipatutako datua ezagutzen duten momentua eta erantzunak ere jasotzen dira.
Marka eta merkatua alde batera utzita, datuetan zentratzen bagara, bideoak hausnartzeko gonbidapen polita luzatzen digu.
PLE: nola ikertzen dut?
Behin PLEa zer den eta nola osatzen den barneratu dugunean, gure PLEa diseinatzeko eta, batez ere, horren inguruan hausnartzeko momentua da.
Edozein ikaskuntza- edota ikerkuntza-prozesu aurrera eramateko, ezinbestekoa da norbere ikasketa ingurune pertsonalaz kontziente izatea. PLEaz kontziente izateak norberak ikasketa edota ikerkuntza-prozesua aurrera eramateko erabiltzen dituen fase, estrategia eta baliabideak aztertzea dakar. Era berean, azterketa horrek norbere lana antolatzeko eta egiteko moduaren inguruko hausnarketa bideratzen du.
Hau da, PLEak gure egitekoaren ezaugarri nagusiak jasotzen ditu eta horri esker, gure ikasketa ingurune pertsonalaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu ditzakegu. PLEa gure ikaskuntza- edota ikerketa-prozesua baloratzeko ezinbesteko tresna da eta eraginkortasuna lortzeko gakoa.
Hona hemen nire PLEa, ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketan aurrera egin ahala moldatu eta eguneratu beharko dena:
PLE: lan kooperatiboa
Nahiz eta askotan lan kooperatiboa talde-lanaren sinonimotzat erabiltzen den, garrantzitsua da terminoak ezberdintzea.
Motzean azalduta, lan kooperatiboak edota kolaboratiboa talde-lana eskatzen duen arren, talde-lanak ez du lan kooperatiboa ziurtatzen.
Lan kooperatiboa helburu bera jarraitzen duten pertsonen arteko harremanean eta talde-lanean oinarritzen da. Lan kooperatiboari esker, elkarren artean ikasteko aukera eskaintzen da, modu kolaboratiboan eta harreman hierarkikoak alde batera utzita.
Ikerketan, askotan esan dugun bezala, ez gaude bakarrik, talde baten parte gara eta taldekide guztiek ikerketa-taldearen helburua lortzeko modu kolaboratiboan lan egitea ezinbestekoa da. Horretarako, antolaketa, talde-lana, koordinazioa eta taldeko zein norberaren ardura funtsezkoak dira.
Informazio eta komunikazio teknologiek lan kooperatiboa aurrera eramateko aukera anitzak eskaintzen dituzte. Alde batetik, taldekideen artean komunikatzeko aukera ematen digute eta bestetik, informazioa partekatzeko tresna ugari daude: Zotero-k bibliografiak taldean osatzeko aukera eskaintzen ditu, CMapCloud-ek taldeko mapa kontzeptual osatzeko egokia da, Drive bidez dokumentuak edota aurkezpenak taldean moldatu ditzakegu…
Gainera, lana antolatzeko eta lanaren jarraipena egiteko lagungarriak diren tresna ugari daude.(tresnaren webgunera joateko, irudian klik egin) (tresnak erabiltzeko, tresna bakoitzaren webgunean izena ematea derrigorrezkoa da):
Besteen esperientzietatik ikasiz
Bizitzan besteen bizipenak ezagutzea esanguratsua eta aberasgarria bada, ikerketan ere asko ikasi dezakegu beste ikertzaileen esperientziei esker.
Kasu honetan, giza zientzien alorrean tesia prestatzen ari diren bi pertsonen ibilbide pertsonala zein amaitzear duten lana ezagutzeko aukera izan dugu.
Eurek emandako eta azaldutako pausu bakoitzak gure ikasketa- edota ikerketa-prozesuan aurrera egiterakoan kontuan izan beharreko gakoak biltzen dituenez, solasaldia aurretik dugun bidea argitzeko lagungarria izan da.
Hona hemen hitzaldian hartutako zenbait datu/azalpen interesgarri:
Elkarrikertuz ikerketa-taldea
Elkarrikertuz-ek jarrera kritikoa bilatzen duen ikerketa taldea da, gauzen bigarren buelta bilatzen duena eta horren bitartez errealitatea eraldatzeko nahia jarraitzen duena. Horretarako, ikerketa edo azterketa narratiboaz baliatzen dira.
Ikerketa narratiboa
Ikerketa narratibako ezaugarririk garrantzitsuenetako bat etika da. Etikak ikerketa inpregnatzen du:
- Inplikazio pertsonala: motibazioa.
- Baimen informatua.
- Anonimotasuna (segurtasuna).
- Parte hartzaileen motxila kontuan hartzea ezinbestekoa da.
- Konfidentzialtasuna.
- Bueltatzea: ikertzailearen botere-posizioa kolokan jartzen du. Transkribatutako zein interpretatutako guztia ikerketan parte hartu duten pertsonekin partekatzen eta egiaztatzen da.
- Isildutako istorioak ezagutzera eman: ahots kritikoak.
Zer suposatzen du giza zientzietako ikertzailea izateak?
- Jardunaldietan parte hartzea komunikazioak. (JUTE: hezkuntzan eta IKT-tan sakontzeko dituzten jardunaldiak)
- Ponentziak egitea.
- Estantziak egitea: beste hezkuntza-errealitateak ezagutzea eta hausnartzea.
- Irakasle-eskarmentua izatea: taldeko lana aurrera eramatea eta aldaketak aurrera eramatea.
Ikerketa-eredua
- Txingoa eredua (ikerketa kualitatiboaren atalak ezartzen dituen eredua)
- Ikuspegia: postpositibista / konstrukzionista (errealitatea eta honen ikaskuntza gizarte eraikuntza bat dela sustatu).
- Helburuak: 3 helburu; pertsonala, praktikoa eta intelektuala (Maxwell)
- Marko kontzeptuala
- Ikerketaren galdera
- Ikerketa:
- Ikerketa narratiboa (Bolivar, 2002; Conle, 1999).
- Narratiben azterketa.
- Datuen bilketa:
- Dokumentuen azterketa.
- Datuen azterketa:
- Hasierako kodifikazioa (induktiboa).
- Kodifikazio fokalizatua.
- Kodifikazio teorikoa (kodigo-taldetan oinarrituz gaiak sortu).
- Kodifikazioa ulergarria egin.
- Datuen bermea:
- Triangulazioa: emaitza lortzeko momentu eta teknika anitzak erabiltzea (datuen triangulazioa)
Gertakari kritikoaren bitartez gure ahotsa zabaldu
Gure gizartea gero eta kontrolatuagoa dago eta horrek salatzeko edota protestatzeko beldurra handiagoa eta orokorragoa izatea du ondoriotzat. Isiltasun-politikek kritikotasunik gabeko hezkuntza eta gizartea dakar. Horri aurre egiteko, beharrezkoak dira erantzun bakarreko eta isiltasunaren dinamika apurtzen duten aktibistak.
Gertakari kritikoak teknika ezin hobea da gero eta isilduagoak diren ahotsak zabaltzeko eta, horrela, ardura soziala garatzeko. Gertakari kritikoak narrazio ez autoritarioa du oinarri eta gizartearen transformazioa helburu.
Horregatik, guk gure gertakari kritikoa aukeratu, modu laburrean idatzi eta, komunikazio-estrategiak eta multimedia-hizkuntza erabiliz, bideoan grabatu dugu.
Anonimotasuna izan da nagusi. Modu sinple eta laburrean egin dugunez, ez ditugu bete gertakari kritikoaren pausu edota prozedura guztiak baina, hala ere, oso aberasgarria eta gure ahotsak zabaltzeko erabilgarria izan da.
Jasotako gertakariek gure artean ardura handia sortzen dituzten gaiak biltzen dituzte. Hausnarketa pertsonala indartzeko bide izan da eta, era berean, gertatzen dena ulertzeko eta horren inguruko kontzientzia garatzeko aukera eman digu.
Gertakari kritikoaren teknikari esker, ardura eta arazoen ebazpenari garrantzia ematen zaio, hezkuntza eta, aldi berean, gizartea eraldatuz. Ondorioz, gertakari kritikoaren teknika zein aurrera eramandako ariketa txikia, giza zientzietako edozein ikerketa edota norberaren barne-hausnarketa aurrera eramateko teknika egokia eta erabat aberasgarria izateaz gain, gizartearen ardura soziala garatzeko eta justizia soziala lortzeko bidea da.
Zaintza teknologikoa, ikerketa-taldeen erreferentziak jarraituz
Gaur egungo gizartearen esperientzia digitalizatuta dago eta, ondorioz, gure nortasuna ere. Horregatik, hezkuntza-berrikuntzaren digitalizazioaren inguruan esploratzea eta hausnartzea beharrezkoa da.
Edozein gai esploratzeko eta horren inguruan hausnarketa aurrera eramateko, ikertzailearen eginkizun garrantzitsuenak ulertu eta barneratu behar dira: testuingurua aztertu eta behar berriak identifikatu.
Horretarako, alde batetik, ikerketa-motibazioa behar da eta bestetik, norberaren interesen, arduren edota ikerketa-gaiaren inguruan alerta-jarrera ezinbestekoa da, hau da, interes-gunearen zaintza teknologikoa aurrera eramatea.
Ikerketan ez gaude bakarrik eta horregatik, gure ikerketa bideratzeko eta eraikitzeko gure interes-guneekin lotura duten ikerketa-lerro, -metodologia eta egileak identifikatu eta jarraitzea funtsezkoa da. Ekintza horri zaintza teknologikoa deitzen zaio.
Zaintza teknologia ikertzen ari denaren inguruko alerta-egoera iraunkortzat ulertzen da: gure interesen inguruko ikerketen jarraipena (nork, zer eta nola). Zaintza teknologiakori esker, ikerketa-lerro eta ikerketa-taldeak identifikatuko ditugu.
Edozein gai ikertzerakoan, gaiarekin harremana duten ikerketa-taldeen jarraipena egiteak momentuko proiektu eta gaiei buruzko gako anitzak eskaintzen ditu. Horregatik, momentu oro norberaren ikerketa-gaiaren erreferentziazko ikerketa-taldeen web orrialdeetako eta aldizkari espezializatuetako edukiaz elikatu behar gara.
Hezkuntza-teknologia gaiari helduz, ikerketa eta berrikuntza unibertsitate-sarea aipatzea ezinbestekoa da: REUNI+D. Sare honek hezkuntza eta hezkuntza-teknologiaren inguruko Espainiako hamar unibertsitateetako hamar ikerketa-talde batzen ditu, ikerketa zein ikerketen emaitzen hedakuntza zabaltzeko asmoz:
Hona hemen taldeen hezkuntza-teknologiarekin harremana duten ikerketa-lerroak edota ikerketa-gai nagusienen laburpen-taula:
Talde horiek ikertzen dituzten gaiak anitzak izan arren, amaitutako zein momentuan aktiboan dauden ikerketa nagusien gainazaleko azterketa egin ondoren, bi gai nagusitzen direla ondorioztatu da, bakoitzaren barne-gaitegia zabala izanik:
- Teknologia berriak:
- TIC
- E-learning (irakaskuntza birtuala)
- Gela birtualak
- Online ikastaroak
- Moodle
- Scoopit
- MOOC
- Eskola 2.0
- Etab.
- Hezkuntza-berrikuntza:
- Hezkuntza digitala
- Alfabetatze digitala
- Elkarlan-ikaskuntza
- Nortasunaren eraikuntza
- Irakasleen formakuntza
- Multimedia materialak
- Etab.
Urrats berriak, eduki berriak
Azken aldian, esku artean nire ekarpenen txoko honetan partekatzeko gauza ugari izan arren, ez dut pantailaren aurrean lasai esertzeko aukerarik. Horren arrazoi nagusietako bat nire ibilbide akademiko-profesionalaren hurrengo urratsean aurrera egitearen erabakia izan da: psikodidaktikako hezkuntza ikerketa masterra egitea (eta horren suposatzen duen lan-kargari aurre egitea).
Kasu gehienetan joera hezkuntza ume, eskola eta irakasleekin edota, nagusien kasuan, apunte, azterketa eta irakasleekin soilik lotzea izan arren, ikerketa ere hezkuntzaren alor garrantzitsu bat da. Hezkuntza ikerketak, gure hezkuntzaren errealitatea ezagutzea helburutzat izateaz gain, hezkuntza tresnak, hezkuntza praktikak eta, zergatik ez, hezkuntza sistemaren hobekuntza lortu nahi du.
Hezkuntza ikerketaren lerroetako bat teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntza da. Horregatik, psikodidaktikako masterreko ikasgai batek izen bera du eta horren helburu nagusiak ikerketa-lerroari lotutako ikerketak eta horien ezaugarriak ezagutzea zein teknologiaren erabilpenaren inguruko hausnarketa kritikoa indartzea dira.
Ikasgaiko helburuak lortze aldera, irakasleak gure bereganatutako ezagutza berriak, bizitako esperientzia digitalak edota aurrera eramandako taldeko zein banakako hausnarketak munduarekin partekatzea proposatu digu. Nire kasuan, gaiak nire bi interes-gune nagusiak landu eta biltzen dituenez, guzti horiek nire ekarpenen txoko pertsonalean argitaratzea erabaki dut.
Horregatik, gaurtik aurrera, orain arte landutako hezkuntza gai anitzei hezkuntza ikerketa eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa-lerroari lotutako gaiak batuko zaizkie. Sarrera horietan, idazketaren hausnarketa- eta sakonketa-boterea aprobetxatuko da. Oraingoan ere, narrazioa izango da oinarri eta sarrera bakoitzean edukia zein hausnarketa uztartuko da.
Gerora ikasgaiaren bilakaera identifikatze aldera, gai berri horiei lotutako sarrerak “hezkuntza ikerketa” atalean kokatuko dira eta #psikodidaktika eta #esperientziadigitalak etiketak izango dituzte.