Blogaren artxiboa

Ikanos, gaitasun digitalen autodiagonostirako tresna

Ikanos-ek “Gaitasun digitalak” autodiagonostirako testa gure esku jartzen du.

Galdetegia 3 gai multzotan dago egituratuta. Gai multzo horietan, zure egungo egoera autoebaluatu behar duzu, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKTekin) loturiko zenbait alderdiren inguruan:

sarreragraf_eu

Guztira 30 galdera dira, 0-10 eskalakoak, Bai / Ez (edo Egia / Gezurra) motakoak edo aukeraketa-laukitxoekin erantzun beharrekoak. Beraz, galdetegia betetzeak erraza eta azkarra izan beharko luke. Hala ere, pertsonalki luzea iruditu zait (agian oraingoa ez da eguneko momenturik aproposena horrelako galdetegi bat betetzeko?). Tarteka autoebaluazio test bat baino datuak biltzeko erabiltzen diren inkesta bat betetzen ari nintzela sentitu dut eta horrek zuzen zuzenean eragin du nire motibazioan.

Galdetegiak DIGCOMPek zehazten dituen 5 eremuak jasotzen ditu. Horri esker, norberaren gaitasun digitalaren maila orokorra ezagutzeaz gain, gaitasun digitala osatzen duten eremu bakoitzean zer nolako maila dugun zehazten du. Ondorioz, norberaren indargune eta ahulgune digitalak identifikatzeko tresna baliagarria izan daiteke eta hausnarketarako bide ezin hobea.

Dena den, galdera batzuk erlatiboegiak direla esango nuke. Adibidez: “Egunean nago garapen berrienei buruz eta azken berritasun teknologikoen inguruan” baieztapena 0tik 10ra baloratu behar duzu baina pertsonaren arabera egunean egoteak esanahi ezberdina du. Bestalde, segurtasunaren eremuan galdera zehatzagoak jarriko nituzke nik (nire ikergaia denez garrantzi handia eskaintzen diot eremu horri).

Eta zuen gaitasun digitala, nolakoa da? Bete galdetegia! 😉

Advertisements

#esperientziadigitalak borobilduz:teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren azken hausnarketa

Pixkanaka ikasturtea aurrera doa eta, horrekin batera, ikasgaiak borobiltzeko eta ixteko garaia da. Horregatik, sarrera honetan “hezkuntza ikerketa” ataleko sarrerak bildu, bertako #esperientziadigitalak baloratu eta horiei lotutako ikasgaiaren azken hausnarketa jasotzen da.

Bi izan dira psikodidaktika masterreko “teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntza” ikasgaiaren helburu edota landutako eduki nagusiak:

  • Teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa
  • Hezkuntza ikerketarako teknologiak

Lehenengo helburuari lotutako eskolek ikerketaren informazio iturri garrantzitsuenetako batean murgiltzeko aukera eskaini digute: ikerketa-taldeak. Teknologia nire interes-gune nagusietako bat izanik, oso interesgarria eta aberasgarria izan da gaiari lotutako ikerketa-taldeen lanak ezagutzea. Gainera, egindako ariketa eta hausnarketa pertsonalei esker, ikerketan zaintza teknologikoa oinarrizko eginkizuna dela barneratu dut.

Era berean, ikerketa aurrera eramateko teknika berriak ezagutu eta praktikan jarri ditugu: narratiba eta gertakari kritikoa. Hasieran egin beharrekoa ulertzea kostatu zitzaigun arren, ikaskideen artean norberaren gertakari kritikoaren sorkuntza anonimoa egiteko motibazioa eta inplikazioa nabaria izan da. Norberak barruan dituen arduren adierazpena indartzeaz gain, ariketak gure ahotsa zabaldu du, gizartea hobetzeko tresna ezin hobea dela baieztatuz.

Horretaz gain, bideoen bidez teknologiaren erabileraren eta pribatutasun irrealaren eta ikerketaren inguruan hausnartzeko aukera izan dugu. Teknologiaren erabilera gero eta hedatuago dago baina gutxi hausnartzen da horren erabilera kritikoari buruz. Ia ezinezkoa da momentu oro online ez egotea, baina, horretaz jabe izan behar gara eta online-jarrrera kritikoa eta arduratsua garatu.

Azkenik, laster tesia entregatu eta defendatuko duten bi doktoretza-ikasleren esperientzia eta ikerketa-lanak ezagutu ditugu. Ikerketan aurrera egiteko, besteen lanak ezagutzea derrigorrezkoa denez, hitzaldia interesgarria izan da. Baina, gure kasuan, interesgarriaz gain oso lagungarria izan da, doktoretza-bidaiaren inguruko zalantzak argitzen dituzten esperientziaren gakoak ezagutu baititugu. Mila esker gure galderak erantzuteagatik eta zorte on tesiaren azken txanpan!

Orokorrean, irakasgaiaren lehenengo atalari dagokionez, norberaren hausnarketa kritikoa indartzeko erabilgarria izan dela uste dut. Hala ere, talde-hausnarketa faltan bota dut. Bakoitzak ezagutzen edota jarraitzen dituen ikerketa-taldeen berri ematea oso aberasgarria litzateke, bideoek lantzen dituzten gaien inguruan taldean eztabaidatuz gero teknologiaren erabilera arduratsuaren inguruko ondorio politak jasoko genituzke eta, azkenik, gertakari kritikoaren prozeduraren zein bertan bildutako gaien inguruan hitz egiteko aukera izanez gero, teknika eta ardura-soziala hobeto barneratzeko aukera izango genuke. Hau da, esperientzia polit eta esanguratsuak izan arren, talde-dinamika indartzearen beharra azpimarratzen dut.

Honako sarreretan “Teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa” atalari dagozkion ikasketa-prozesuak zein hausnarketak jasotzen dira:

Aurkezpena

Zaintza teknologikoa, ikerketa-taldeen errefernetziak jarraituz

Gertakari kritikoaren bitartez gure ahotsa zabaldu

Pribatutasuna eskatu arren, momentu oro datuak oparitzen digu

“The present”

Besteen esperientzietatik ikasiz

Ikasgaiaren bigarren atalean hezkuntza ikerketarako teknologietan zentratu gara. Ordenagailu-gelan, eskolaz-eskolaz, ikerketarako lagungarriak diren tresnak ezagutu ditugu, pixkanaka bakoitzak bere ikasketa ingurune pertsonala eraiki duen bitartean. Teknologia lagungarri izan dezan, gure lan-prozeduren jabe izan behar gara eta horiek aurrera eramateko eskura ditugun aukerak ezagutzea funtsezkoa. Momentu oro, gure egitekoari hobeto egokitzen den tresna aukeratu behar ditugu eta horretarako aukera-sorta aztertu behar da.

Nire esperientzia eta interesengatik, eskoletan aipatutako tresna gehienak aski ezagunak izan dira niretzat eta horrek tarte batzuk aprobetxatu ez izana du ondorio. Hala ere, eskoletan asko pentsatzea eragin didan kontzeptu bat aipatu da: infoxikazioa. Infoxikazioa ikerketaren gaitza baino, gizartearen gaitza dela esan dezakegu. Informazio-mota guztien gainkarga dugu eta hori bideratzen jakitea gure gizartearen gaitasun garrantzitsuenetako batean bilakatu da.

Gainera, ikerketan dauden lan-prozeduren ordena jarraitzeak oso lagungarria izan da, gure egitekoa barneratzeko. Lan-prozeduraz jabe zarenean, norberaren lana autoerregulatzea errazagoa gertatzen da eta guzti hori bizitzarako autoerregulazio-gaitasuna indartzeko baliagarria da.

Eskola dinamikoak izan dira, praktikan oinarritutakoak baina, aurreko atalean bezala, talde-lanari esker gaia aberasgarriagoa izango litzatekela uste dut. Ikasgaira aldez aurretik aukeratutako tresna eta lan-ohitura batzuekin goazela aprobetxatuta, norberaren esperientzia ikaskideekin partekatu eta eurena ezagutzea elkarrekin ikasteko aukera polita izango litzateke.

Honako sarreretan “Hezkuntza ikerketarako teknologiak” atalari dagozkion ikasketa-prozesuak zein hausnarketak jasotzen dira:

PLE: Zer da?

PLE: nabigatzailea aukeratzea, informazioa bilatzeko lehenengo urratsa

PLE:informazio-iturriak

PLE: edukiak sendatuz infoxikazioari aurre egin

Infoxikazioa eta eduki-sendaketa (informazio erabilgarria)

PLE: egin eta hausnartu

PLE: partekatu

PLE: lan kooperatiboa

Informazioa vs. Ezagutza

PLE: nola ikertzen dut?

Bestalde, psikodidaktikako masterreko ikasle gehienak irakasle izanik, ikasgaiaren ataltxo bat teknologia eta eskolaren arteko harremana esanguratsua lantzeko aprobetxatzeko proposamena egitea gustatuko litzaidake.

Teknologia gure bizitzaren parte da baina, oraindik ere, eskola eta teknologiaren arteko harremana nahiko ahula da. Teknologia garatu arren, hezkuntza-sistema ez da aldatu. Irakasleek teknologia eskolan nola aplikatu, nola erabili eta nola irakatsi ikasi behar dute. Aldi berean garrantzitsua da ikasleek teknologia modu eraginkorrean eta arduratsuan erabiltzen ikastea baina horretarako irakaslegoaren hausnarketa eta formakuntza ezinbestekoa da.

Ondorioz, nire blog pertsonalean teknologia, gaitasun digital, IKT, nortasun digitala eta guzti horiei lotutako sarrera ugari jasotzen dira. Hau da, blog honetan teknologia geletan lantzeko beste modu bat azaltzen duten sarrerak aurkitzea oso ohikoa da.

Robotika, programazioa (pentsamendu konputazionala), hausnarketa kritikoa, erabilera autonomoa… ikasleei modu globalean, esanguratsuan eta kooperatiboan ikasten ikasteko aukera ematen dieten ariketak dira. Horregatik, #esperientziadigital honetara gai horien inguruko ekarpenak ere gehitu ditut:

micro:bit, programazioaeskoletan

Tiching, hezkuntza arloko baliabide-biltegia

Umeak askatu!

Zaintza teknologikoa, ikerketa-taldeen erreferentziak jarraituz

Gaur egungo gizartearen esperientzia digitalizatuta dago eta, ondorioz, gure nortasuna ere. Horregatik, hezkuntza-berrikuntzaren digitalizazioaren inguruan esploratzea eta hausnartzea beharrezkoa da.

Edozein gai esploratzeko eta horren inguruan hausnarketa aurrera eramateko, ikertzailearen eginkizun garrantzitsuenak ulertu eta barneratu behar dira: testuingurua aztertu eta behar berriak identifikatu.

Horretarako, alde batetik, ikerketa-motibazioa behar da eta bestetik, norberaren interesen, arduren edota ikerketa-gaiaren inguruan alerta-jarrera ezinbestekoa da, hau da, interes-gunearen zaintza teknologikoa aurrera eramatea.

Ikerketan ez gaude bakarrik eta horregatik, gure ikerketa bideratzeko eta eraikitzeko gure interes-guneekin lotura duten ikerketa-lerro, -metodologia eta egileak identifikatu eta jarraitzea funtsezkoa da. Ekintza horri zaintza teknologikoa deitzen zaio.

Zaintza teknologia ikertzen ari denaren inguruko alerta-egoera iraunkortzat ulertzen da: gure interesen inguruko ikerketen jarraipena (nork, zer eta nola). Zaintza teknologiakori esker, ikerketa-lerro eta ikerketa-taldeak identifikatuko ditugu.

Edozein gai ikertzerakoan, gaiarekin harremana duten ikerketa-taldeen jarraipena egiteak momentuko proiektu eta gaiei buruzko gako anitzak eskaintzen ditu. Horregatik, momentu oro norberaren ikerketa-gaiaren erreferentziazko ikerketa-taldeen web orrialdeetako eta aldizkari espezializatuetako edukiaz elikatu behar gara.

Hezkuntza-teknologia gaiari helduz, ikerketa eta berrikuntza unibertsitate-sarea aipatzea ezinbestekoa da: REUNI+D. Sare honek hezkuntza eta hezkuntza-teknologiaren inguruko Espainiako hamar unibertsitateetako hamar ikerketa-talde batzen ditu, ikerketa zein ikerketen emaitzen hedakuntza zabaltzeko asmoz:

 

Hona hemen taldeen hezkuntza-teknologiarekin harremana duten ikerketa-lerroak edota ikerketa-gai nagusienen laburpen-taula:

taula

Talde horiek ikertzen dituzten gaiak anitzak izan arren, amaitutako zein momentuan aktiboan dauden ikerketa nagusien gainazaleko azterketa egin ondoren, bi gai nagusitzen direla ondorioztatu da, bakoitzaren barne-gaitegia zabala izanik:

  • Teknologia berriak:
    • TIC
    • E-learning (irakaskuntza birtuala)
    • Gela birtualak
    • Online ikastaroak
    • Moodle
    • Scoopit
    • MOOC
    • Eskola 2.0
    • Etab.
  • Hezkuntza-berrikuntza:
    • Hezkuntza digitala
    • Alfabetatze digitala
    • Elkarlan-ikaskuntza
    • Nortasunaren eraikuntza
    • Irakasleen formakuntza
    • Multimedia materialak
    • Etab.

This slideshow requires JavaScript.

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

haurhezkuntza2012

Irakasle izan nahi duten lau ikasleen apunteak

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara