Blogaren artxiboa

Azken txanparen emaitza

Kurtsoaren amaierarekin batera, mota guztietako ebaluazioak datozkigu, eta ikaste koaderno honen atzetik dagoen “Eskola Inklusiboaren Oinarriak” irakasgaiaren kasuan, ebaluazio horren zati bat gure autoebaluazioa da.

Lerro gutxitan irakasgaiaren garrantzia, zer ikasi dut, zer zailtasun izan ditut, nola ikasi dut, nola sentitu naiz, hezkuntza premia berezien inguruko jarrera, izandako emaitzak eta nire etorkizunari buruzko gogoeta azaldu eta baloratu behar dut.

Eskatu digutena, niretzako behintzat, ez da lan erraza.Irakasgai honi esker gauza anitz ikasi ditut, eta ez hori bakarrik, nire lan egiteko modua, nire hausnarketa pertsonala eta nire irakasle eta pertsona bezala ditudan pentsamendu eta jarrera guztiz aldatu dira. Gelan zein indibidualki landutako gaiek, nire profil profesionala osatzeko baliagarria izateaz gain, nire nortasuna eraikitzen jarraitzeko aukera eman didate.

Aniztasuna gure gizartearen errealitate bat da, eta honetaz kontziente izan behar garela ikasi dut. Gure etorkizuneko gela edo norberak bizi ahal dituen egoera ezberdinetan aniztasunarekiko tratamendu egokia eta aberasgarria zein den ulertu dut. Ez naiz beldurtu behar, ez dut inor baztertu behar eta estereotipo, aurreiritzi, etiketa, jarrera diskriminatzaile edota arrazakeria identifikatu eta blokeatzen saiatu behar naiz.

Inklusioa jarrera edo pentsamendu bat da, izateko eta lan egiteko modua. Gure egunerokotasunaren parte izan behar da, gure harremanen ezaugarri. Integrazioa eta inklusioa zein berdin eta berdintasuna gauza bera esaten ez duten hitz bikoteak dira eta kontrakoa adierazten dutela esatera ausartuko nintzake. Inklusioan pertsonengan sinesten da, bere gaitasunak izan ahal dituen oztopo ezberdinen gainetik jarriz. Inklusioak ikasle guztien ikaskuntza eta partaidetzarako aukerak ematen ditu. Horretarako, bakoitzaren beharrak kontuan hartzen dira, eta hauek erantzun ahal izateko, antolaketa, esku-hartzeko edo proposamen metodologiko ezberdinak proposatzen dira. Horrela, guztien eskubide eta aukera berdintasuna bermatzen da.

Garrantzi handikoa da aurrean dugun pertsona kontuan hartzea, eta hau esaten dudanean, pertsona bera kontuan hartzea da, ez bere urritasun edo ezintasuna. Pertsonen zailtasunetan arreta gehiegi jartzeko joera dago, bere gaitasunak ahaztuz. Bakoitzaren ezaugarri eta aukerak indartu behar ditugu, bestearengan sinetsi eta honen garapena bultzatuz.

Honekin batera, aldagai kognitibo zein emozionalek ikaskuntza prozesuan duten eragina azpimarratu behar da. Hauei ematen diegun trataera, pertsonaren behar eta erantzunaren araberakoa izan behar da, bakoitzaren ikaste prozesu hezitzailea aberasgarria izan dezan. Guzti honetan, irakasle, ikasle eta noski, familien arteko talde lana, kooperazioa eta kolaborazioa ezinbestekoak dira. Komunikazio eta harreman jarraituak gure lanaren parte izan behar dira, guztion artean aniztasuna baloratzeko eta honi erantzuteko eskolak behar dituen egokitzapen ugariak pixkanaka gauzatzeko.

Hezkuntza premia berezien inguruan asko idatzi dut: hauen bilakaera historian zehar, hauei erantzuteko dauden profesional profil ezberdinak, eta milaka azalpen ezberdin. Baina, denbora honetan zehar benetan ikasi dudana behar hauen beste ikuspegi bat izan da: ez dagoela hezkuntza premia berezirik, premia guztiak erantzuna eskatzen duten beharrak dira eta horretarako gai izan behar garela (tutorearen papera eta honen eginbeharra azpimarratuz).

Hezkuntza sistemak eta eskola komunitateak bere antolaketa eta lan egiteko modua aldatu behar dute, ume guztien premiak erantzun eta guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatu ahal izateko. Horregatik, premia berezirik aipatzekotan,  hauek  umeen premiak ez direla azaldu behar da, hezkuntza sistemarenak baizik. Gure eskola da benetan behar handia eta berezia duena, eta honi aurre egiteko, guztion arteko sare kolaboratiboa sortu eta pausoz pauso gizarte honek behar duen aldaketa eraiki behar dugu.

Ikasketa koadernoan zehar, eta nola ez, sarrera honetan ere, aldaketa hitza askotan errepikatu da. Esan bezala, inklusioa ikuspegi, jarrera eta pentsamolde bat da, baina guzti hori errealitatea bilakatzeko, gure eskolaren aldaketa eman behar da. Lan asko dago aurretik, eta guztiok batera, bide berdina jarraituz, aurrera egin behar dugu, normalizazioaren ametsa gure egunerokotasunaren parte izan dadin. Ez dugu inoiz ahaztu behar norberak proposatutako aldaketa txikiak garrantzi handikoak direla, horiek baitira inklusioaren bidea eraikitzen dutenak. Eta bide horrek guztiontzako kalitatezko eskolaren arrakastara eramango gaitu.

Hezkuntzaren indarrean, eskolaren aldaketan eta inklusioaren errealitatean sakonki sinesten dut, eta horretan, irakasgai honek, edo hobeto esanda, izandako irakasleak, asko lagundu dit. Bere ekimena eta gogoen bidez, mundu honek behar duen eskola eraikitzea posiblea denaren sentimendua kutsatzen du, norberaren ekintza txikien bidez aldaketa handiaren partaide izateko gaitasuna dugula transmitituz. Eta lerro hauek aprobetxatuz, irakasle horri, nire esker beroenak eman nahi dizkiot, bidean aurkitutako oztopoak gainditzeko eta lanean jarraitzeko indarrak oparitu dizkidalako.

Hala ere, etorkizunari begiratzean, nire ardura handia da. Askotan, tamalez, nire ikaskideen proposamenak eta jarrerak aztertuta, hauetako batzuk, nahiz eta euren diskurtso akademikoan inklusioaren ikuspegia defendatu, honek ekartzen dituen aldaketetarako prest ez daudela ondorioztatu dut. Teoria eta praktikaren arteko lotura faltak hezkuntzaren inkoherentzia markatzen du eta horrek gure etorkizuneko eskolan izango dituen ondorioek asko kezkatzen naute. Gainera, datorkigun hezkuntza erreforma ez da lagungarria izango, eta gizarteak honen aurrean itsu eta geldi jarraitzen badu gutxiago. Baina ezin dugu etzi! Eraman dezagun teoria praktikara! Gure jarrera gure pentsamenduaren isla izan dezan! izan gaitezen eredu eraikitzaileak!

Nire buruari dagokionez, ikasgai honen ordu guztietan (eskola eta eskolaz kanpokoetan) ederki sentitu naizela aitortu behar dut. Momentu batzuetan, nire ikaskide batzuen jarrera gogorra edo desegokia deseroso egotera eraman nauten arren, gehienetan, gogotsu  eta errespetu osoz hartu dut parte. Aktiboki entzun eta besteek azaltzen zutena ulertzeko ahaleginak egin ditut, elkarreragin aberasgarria bideratuz. Lan indibiduala eta taldekoan ondo moldatu naiz, bi alderdietako ikaskuntza eta hausnarketa batuz.

Irakasleak emandako malgutasuna aprobetxatuz, nire lan pertsonala nire eginbehar pertsonalen arabera antolatu dut, ikasketa prozesu erosoa lortuz. Jarraitutako estrategia gelan esandakoak entzun, hauek jaso, parte hartu eta guzti horrek sortutako interes, galdera, eta barne sentimendu ugariak ondo aprobetxatu ditut. Egunetan zehar, gai eta galdera ezberdinei, buelta asko eman ostean, nire ondorioak hitzen bidez azalerazten saiatu naiz. Bidean zalantzaren batekin topo egin dudanean, eskura ditugun baliabide ezberdinak erabili dut nire ikerketa pertsonala burutzeko, nire galderei erantzuna emanez.

Planteatutako metodologiak norberaren erritmoa errespetatu du, eta batzuentzat kontzeptu, gai eta eginbeharrekoak nahasketa handia suposatu duten arren, niretzat ikasketa prozesu esanguratsu eta benetan baliagarria izan da. Gure autonomia eta antolaketa pertsonalari bultzada handia eman zaiola esango nuke, eta hori, bestelako lanak kontuan hartuta, eskertzekoa da. Talde lana garrantzi handikoa da, bai, eta indartu behar dugu, bai, baina tarteka, norberaren ikerketa eta hausnarketa indibiduala bideratzeko aukera eskaini behar zaigu.

Bestalde, filmen erabileraren aberasgarritasuna azpimarratu nahi nuke. Aspaldi, honen inguruko sarrera bat idatzi nuen, eta oraingoan, zine forumen aldekoa naizela berriro ere aipatuko dut. Filmek norberaren buruarekin eztabaida txikiak sortzen dituzte, oinarri teorikoen barneraketa bultzatuz. Agian, talde eztabaida egiteko toki eta tartea falta izan zaigu, baina hala ere, ikusitako pelikula guztiak oso esperientzia eraginkorrak izan direla uste dut.

Helburuen arabera lan egin beharrean, gaien loturen arabera eraiki dut nire ibilbidea. Gai batek bestera eramaten duela aprobetxatuz. Horrela, eskola inklusiboaren ikuspegia osatu dut, horrek eskatzen duen pentsamendu eta jarrera barneratuz. Agian, ez ditut helburuak urrenez urren jarraitu baina lortutako azken emaitza irakasgaiaren helburu nagusiarekin bat datorrela esango nuke, eta politikoki ondo ez badago ere, lortutakoaz arro nago.

Orain aipatutako azken emaitza hori ikasketa koaderno oso hau da, hasieratik bukaera arte. Bertan agertzen da orain lerro gutxitan azaltzen saiatu naizen baina ondo laburtu ezin dezakedan guztia: nire eboluzioa, nire ikasketa eta nire lana. Gaiak, kontzeptuak eta irizpideak ugariak izan dira, baina guztietatik garrantzitsuenak barneratutako ikuspegi inklusiboa eta aldaketarako prestutasuna dira. Eskolak dituen premiak erantzun ahal izateko esperientzia, harremanak eta eguneroko lan asko falta zaigu, baina jarrera behintzat, irakasgai eta irakasle honi esker, gurekin daramagu.

Bukatzeko, erantzun beharreko beste galderetako bat ea materia bukatutzat emango nukeen da, eta horren erantzuna, nire kasuan, argia da: ez. Irakasle baten formakuntza ez da inoiz amaitzen, egunerokotasunarekin batera aldatzen da, gizartearen moldaketarekin batera. Eskola Inklusiboa guztiok nahi dugun eskola bada, horretan egunero sinetsi behar dugu, eta egunero hau eraiki behar dugu.

Horretarako, gure ikerketa eta hausnarketa etengabekoa izan behar da, teoria praktikara eramanaz. Horregatik, eta informazioaren bilaketa eta elkartrukatzearen indarrean sinesten dudalako, kurtsoa eta irakasgaia bukatu arren, blogari jarraipena ematea erabaki dut. Agian ez dut azkenaldian bezain aktiboki idatziko (blog hau sortzeko beste blog bat alde batera utzita daukat eta hori ere elikatu behar dut) baina, denbora libre pixkat lortzen dudanean buruan ditudan mila ideia sarera erateko asmoa daukat, guztion kalitatezko hezkuntza sistema berria eraikitzeko gure esku artean ditugun googeta eta proposamenak komunitatearekin konpartitzea ezinbestekoa baita.

Mila esker gure hezkuntza egunetik egunera eraikitzen zaudeten guzti-guztioi, lan ederra egiten ari zarete, segi horrela!

Laguntzeko, familia ezagutu

Aurrekoan, “Maria y yo” filmaren inguruan idazten nuen bitartean urritasun bat duen haurraren gurasoek sufritzen duten dolua eta familiaren egoerari buruz hausnartzeko aukera izan nuen. Gainera, gaiarekin lotutako testu eder bat partekatu nuen zuekin, benetan gomendagarria!

Oraingoan, Bartzelonako Pedagogia Fakultateko irakaslea den Freixa Niella, M.-ren “El ciclo vital de la familia de la persona con disminución psíquica” testua oinarritzat hartuta gai bera landu dugu, familiak hauen ezaugarri, pasatzen dituzten etapa eta bizi duten egoerari buruz hausnartzeaz gain gu, etorkizunean, tutore bezala, urritasuna duen haurrarekin batera familiari ere nola lagundu aztertu dugu.

Gai garrantzitsua dela defendatzen dudanez, testuan irakurritako zein klasean esan eta entzundako hitzak aitzakitzat hartu eta honen inguruko beste sarrera bat idaztea pentsatu dut. Gure irakasleak Freixa Niella, F.ek bizitza ziklokari buruzko idatzitakoaren laburpen ederra prestatu digu, testu originala irakurtzeko nagikeria duenak “Adimen urritasuna eta familia”-an urritasun bat duen seme/alaba bat izatearen ondorioz familiak pasatzen dituen etapa bakoitzaren ezaugarriez gain, etapa bakoitzean, familiari laguntza eskaintzeko egin beharrekoaren azalpena aurkituko du: familiaren laburpena

Ume baten jaiotzak aldaketa handiak suposatzen ditu edozein familietan, baina, urritasun bat edota nolabaiteko nahastea  duen haur baten jaiotza familia baten bizitza ziklo osoa aldatzen duen gertakizuna da. Urritasuna onartzeko prozesua luzea izaten ohi da, eta hainbat fase ezberdinetan banatzen da. Umeari laguntzen diogun bitartean, bere familiari ulertzeko eta baita laguntzeko ere, etapa hauek ezagutzea oso baliagarria izango zaigu.

Familia bakoitza ezberdina denez, honen erantzuna ezberdina izango da eta horretan oinarritu behar gara laguntza eskaini eta ematerakoan, familiaren egoera eta erantzunarekin bat egiten duen laguntza mota eskaintzeak arrakastara bideratzen baitu.

Normalizazio printzipioa gure alde dugun arren, elkarte eta familiekin elkarlanean aritu behar gara, gogor eta etzi gabe. Familiarekin harremanetan egotea, hitz egitea eta elkarteekin era koordinatu eta kooperatiboan lan egin ezinbestekoak bihurtzen dira aipatutako laguntza garrantzitsu hori bideratzeko.

beautiful_baby_cdss-756468

Hezitzaile onak izateko, eta familiei guztiei erantzun egokia eman ahal izateko kontuan izan beharreko informazioa da, bai, baina, familia hauek egunetik egunera bizi dutela ulertzeko gai gara gauza bere bizi izan ez badugu? Ez dut urritasun edota nahaste bat duen ume baten familia batekin harreman zuzena izateko aukerarik, baina, gaur egun dudan lanean, 21. trsomiaren sindromea, edota denok ezagutzen eta erabiltzen dugun izena erabilita, down sindromea duen mutil baten ama batekin kontaktu minimoa dut. Adineko pertsona bat da. Bere begietan, bere semearekiko maitasuna eta honen bizi kalitatea hobetzeko borrokatzeko prest dagoela ikusten duzun bitartean nekea eta beldurra somatu dezakezu. Dendatik pasatzen den bakoitzean, ordutu askotan zehar, galdera bera egiten diot nire buruari: nondik aterako du indarra?

Urritasun edota nahaste bat duen haurra izateak nekagarria izan behar da oso, baina honen autonomia lantzen eta lortzen ez denean, urteak aurrera joan ahala, sentitu behar duzun ardura eta beldurra ulertzea ezinezkoa dela uste dut. Horregatik, haien egoera ahalik eta hoberen ezagutzea beharrezkoa dugu, gure eskuetan dagoen laguntzarik onena eskaini ahal izateko.

Mas allá del espejo

Mas allá del espejo (2006) – Joaquim Jordà

images

Agnosia eta alexia bi garun gaixotasun dira eta errealitatearen pertzepzioan eragin zuzena du, ikusmen informazio prozesuan eraldaketak sortzen baitituzte. “Mas alla del espejo” dokumentalaren bidez gaixotasun hau duten pertsonen bizitza ezagutzeko aukera dugu, bizitza erraza ez dela gogoratuz.

Protagonistek kausa eta ondorio ezberdinak izan dituzten arren, guztiek gauza bat dute komunean: aurrera egiteko indarra. Hasieran egoera gogorrak bizi izan zituzten, bizi zaren mundua ez ulertzea oso nekagarria baita, prozesuan pertsona bezala guztiz aldatzen zarela aitortzen dutelarik. Baina pixkanaka, laguntza ugari, lan gogorra eta bakoitzaren indarrari esker, aurrera egin dute, bidean aurkitzen duten zailtasun bakoitzari erantzunez eta oztopoak gaindituz.

Dokumentala ikusten nuen bitartean antsietate handia sentitu nuela onartu behar dut, gertatzen zaiena zein mundua ulertzeko eta munduan bizitzeko duten modua ulertzea asko kostatzen zaidalako, baina batez ere, horrelako gaixotasun bat izatea eta zure ingurukoek, nahiz eta mila aldiz azaldu, zure testuingurua hautemateko era ez dutela ulertzen ikusteak oso zaila izan behar dela pentsatzen dudalako. Eta guzti hau, borroka eta laguntasunaren esanahia ekintzen bidez plasmatzen den bitartean transmititzen da, ikaragarria!

Bukatu baino lehen, dokumentalaren esaldi bat azpimarratzea ezinbestekoa dela uste dut: “El residuo de la sociedad”. Esaldi honek, eskolako psikologo-orientzaileak esaten zion Esther Chumillas-eri, ez zuela ezertarako balio gehituz. Nola da posiblea laguntza profesional baten hitzak horiek izatea? Arduratzeko modukoa da. Zoritzarrez, profesionalak deitzen diren askok profesionaltasunaren kontzeptua pixka bat  okertuta dutela uste dut, eta horregatik, askotan, bestearen lana errespetatuz eta noski, zalantzan jarri gabe, baina gure ikasleek jasotzen duten laguntzaren egokitasunaren baieztapena  aztertzea funtzio garrantzitsu bezala azpimarratuko nuke.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara