Blogaren artxiboa

Proposamen iklusiboa ikasle gaixoentzat

Asteartean, bidean elurrari aurre egin eta gero, Pepe Motosoren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen. Askotan, eskolako aniztasuna eta inklusio irizpideak jorratzen ditugunean, ikasle multzo bat ahazten dugu, eta hauetaz hitz egin zuen Motosok: ikasle gaixoak. Benetan interesagarria.

Pepe Motosok, ume gaixoen hezkuntzaz arduratzen den zentroan egiten du lan. Euren helburua, haur eta gazte gaixoen hezkuntza inklusioa lortzea da. Lana, hiru arlotan banatzen dute:

1-      Ospitaleko eremua

2-      Etxeko eremua

3-      Hezkuntza-terapiako eremua

Kontuan izan behar da, gaixotasuna hainbat alderdi dakarrela, eta hauetako askok, ume edo gazte baten kasuan, hezkuntzarekin lotura dute:

–          Bakartzea

–          Erreferentziazko komunitatean bizitza aurrera egiten du

–          Identitate arazoak: gaixotasunaren ondorioz ezberdinak sentitzen gara, arazo emozionalak izan ditzakegu eta horrek nortasunaren eraikuntzan eragina du

–          Arazo ekonomikoak

–          Atzerapena eskolan: gehienetan garrantzi gutxienekoa dela pentsatzen ohi da, baina, gaixoaren normalizazio eta etorkizunerako ezinbestekoa da

Haur eta gazte gaixoen artean bi sailkapen egiten dira:

–          Gaixotasun fisikoak

–          Gaixotasun psikologikoak

Lehenengoan, emozionalki oso gogorrak izaten direla azpimarratu zuen. Eta zaila izan arren, aurrera egin behar da, egunerokotasunarekin jarraitu behar da eta egoera gaixoaren normalizaziorantz bideratu behar da.

Bigarrenenean aldiz, bi gaixotasun nagusi aipatu zituen: fobia eskolarrak eta ez erregulatutako jarrerak. Fobien kasuan, pausoz pauso eta poliki egitea garrantzi handikoa da eta, horrela egiten bada, gehienak arrakasta kasuak izaten ohi direla komentatu zigun. Jarrera ezegokien kasuan berriz, geldiune luzeagoa egin zuen, kasu larri eta zailagoak izaten baitira.

Jarrera ezegokiak arazo sozialtzat ulertu beharko genuke. Gaixoa subjektu kanporatzailea da eta gertuko giro sozialaren aldaketa dakar. Profesionalak arazoaz duen ikuspegia garrantzi handikoa da. Ikasleak ulertzen dugula sentitu behar du, eta zaintzeko prest gaudela. Pentsamenduaren aldaketan lan egin behar da, zigorrak ez digu gure helburua lortzen lagunduko. Elkarbizitza lortu behar da, eta posiblea ez denean, kaltearen maila ahalik eta gehien gutxitzea.

Profesional bezala kasu guztiei aurre egiteko gai izan behar gara, baina beti elkarlanean aritzeko prest egonda. Bakarrik ezin dugu ezer konpondu.

Ikasle gaixoekin aurrera jarraitzeko, modelo terapeutiko bat proposatzen dute. Honek elkarreragin testuinguruetan oinarritzen da, hauen funtzionamendu egokiak ikasleari osasunean hazteko aukera emango baitio.

Ikaslearen inguruko testuinguruak aztertu eta gero hauek landu behar dira, hau da, positiboak izatera bideratu behar dira. Elkarrizketaren eta entzuketaren bidez, elkarreragileen arteko harremanak onak ezartzea lortu behar da, hori baita hezkuntzaren helburua. Onartu,konfiantza eman eta elkar-ulertzea.

Elkarreragin eraginkor eta osasuntsuena gertukoarena da, eta ez profesionalarena.

Esan bezala, oso hitzaldi baliagarria izan zen, beste errealitate hori beti kontuan izateko. Aurrerantzean, eskola inklusiboaz hitz egiten dugunean, ikasle gaixoen multzoa kontuan hartu beharko dugu beti. Klasean, zein irakurgaietan, inklusio gaia aipatzen denean, bestelako premiak eta egoerak dira nagusi, gaixotasunak alde batera utziz. Gure inguruko eta etorkizunaren errealitate bat den heinean, gehiago landu beharko genukeen gaia dela pentsatzen dut. Kasu horien ezaugarri eta esku-hartze profesionalaren berri izatea ezinbestekoa da.

Advertisements

Normalizazio printzipioa: urritasunen bat duten pertsonen eskubideen bermatzeilea

Normalizazioaren kontzeptua arlo sozialean sortu zen, pertsonen arteko harremanetan oinarrituz. Bere definizio zabalduena honakoa da: “urritasunen bat duen pertsonek pertsona “normalek” daramaten bizitza bera izateko aukera”.

Helburua ez da nolabaiteko urritasuna duten pertsonak normalizatzea, hauekin dugun harremanak normalizatzea baizik. Eta horrek gizarte osoaren jarrera aldaketa eskatzen du. Pertsona bakoitzaren urritasunak onartu eta, horren arabera, gainerako hiritarrek dituzten bizi-baldintza berberak izateko aukera normalizatzea.

Historian zehar, urritasunaren bat izan duten pertsonak baztertuak izan dira, gizarteko benetako partaideak izateko eskubidea izan gabe. Horrek marjinazioa eta diskriminazioa bideratu zuen, minusbaliatuen taldea isolatuz.

Ondoren, “atzeratuekiko” jarrera humanitarioa sortu zen, gizartearengandik babestu nahian. Ordutik hasita, eta gaur egun arte, berdintasunaren alde lan egin da eta egiten da. Helburua, urritasunaren bat duten pertsona taldeen giza-eskubideak eta eskubide zibilak errespetatzea da, berdintasun juridikoa bultzatuz.

Normalizazio-printzipioaren arabera, urritasunak dituzten pertsonek gainerako herritarren eskubide eta betebehar berberak dituzte:

1. Bizitoki-baldintzak:

Haur guztiek gurasoekin bizitzeko eskubidea dute eta, bere egoerak etxeko giroa erabat oztopatzen badu, ordezko etxe edo familia baten giroa sortzen duen egoitza batean bizitzeko aukera eman behar zaio. Betiere, erakunde eta familien elkarlanean oinarrituz.

Adin nagusien kasuan, heldu bati ematen zaion tratu bera emango zaie. Urritasunaren bat duen pertsona batek eta gainerako hiritarrek egoera berdintsuetan bizi behar dute.

2. Lan-baldintzak:

Haur guztiei hezkuntza eskaini behar zaie, ume bakoitzaren gaitasunak edozein direlarik. Hezkuntza jasotzeko eskubidea giza eskubidea da.

Helduek aldiz, gainerako hiritarren lan eta soldata aukera berak izan behar dituzte. Urritasunaren bat duten pertsonek soldata duina eta bidezkoa jasotzeko eskubidea dute.

3. Aisialdi-baldintzak:

Denbora librea, nahiz jolas-jarduerak izateko eskubidea izatea, hau da, gainontzeko hiritarrei eskaintzen zaizkien ekintza beretan parte hartzeko eskubidea: kirola, jolasak, txangoak, bidaiak, etab.

532202_415935711807644_1279699047_n

4- Osasun-baldintzak:

Euren urritasunari aurre egiteko zerbitzu berezituak behar badituzte, tratamendu berezia izateko espezialitateak eskuratzeko aukera izatea ezinbestekoa da.

Aurrerapauso harrigarriak egin dira. Urritasunaren bat duten pertsonak, ahaztutako gutxiengo bat izatetik, euren eskubideak aldarrikatzen dituzten hiritar taldea izatera pasatu dira. Urteetan zehar egindako lanari esker, pertsona multzo honen bizi baldintzak gainontzeko hiritarren bizi baldintzei gerturatzea lortu da. Hala ere, gaur egun, oraindik, lan handia egiteke dago, batez ere, tratamenduari dagokionez.

Alde batetik, pertsona hauen esparru ezberdinak erakunde eta pertsona ezberdinenek erantzun behar dute. Hau da, ez dira bizitokia, lana (hezkuntza barne), aisialdia eta osasuna nahastu behar. Askotan, urritasunaren bat duten pertsonen kasuan, pertsona bakarra da, 24 orduz, esparru guztiei erantzuna ematen diona. Bizitzako arloak berezitu behar dira eta bakoitza profesional ezberdinengatik usatu behar da.

Bestetik, tratamendua eta harremanen normalizazioaren alde egin behar dela uste dut. Bizi baldintzak normalizatzea lortu den arren, urritasunaren bat duten pertsonen eta gainontzeko hiritarren arteko harremanak eskasak eta kasu gehienetan ez dute berdintasuna bermatzen. Oraindik, giza jarrerak asko aldatu behar dira eta horretarako, guztiontzako kalitatezko hezkuntza ezinbestekoa da, guztion arteko elkarbizitza.

Eta azkenik, ez dugu inoiz normalizazioa integrazioarekin nahastu behar. Normalizazioa urte asko eta askoko lanaren xede nagusia da. Integrazioa aldiz, helburua lortzeko tresna. Beraz, gure lanean, gure egunerokotasunean, integrazioa lagun izan arren, gure begirada normalizaziorantz bideratu behar dugu. Benetako normalizazioa lortzeak integrazioaren beharra ezabatzen du.

Talde-lana, teoria eta praktikaren arteko borroka

Eskoa Inklusiboaz hitz egiten dugun bakoitzean, beti gogoan izan behar dugu parte-hartzea eta talde-lana, hauek baitira inklusiboaren oinarriak.

Talde kooperatiboen bidez guztion parte hartzea suspertzen da eta guztien arteko elkar-ikaskuntza bultzatzen da. Babes, laguntza eta kolaborazio sareak eraikitzen dira, harremanak sendotuz eta,  beti ere, talde kide bakoitzari parte hartzeko aukera berdinak emanez.

Mota honetako talde bat sortzerakoan, kideen heterogeneotasuna bermatu behar da, bakoitzak, taldearen barnean, independentzia eta eginbehar bat izanik eta, aldi berean, guztion arteko helburu adostua jarraitzen delarik.

Taldeak benetako ikaskuntza kooperatiboa lortu dezan honako baldintzak bete behar dira:

  1. Independentzia positiboa: Taldearekiko atxikipena eta konpromisoa sentitzea ezinbestekoa da.
  2. Talde eta banakako ardura: Banakako lana talde lana aurrera eramateko beharrezkoa da eta horren ardura norberarena da. Guztiok ikastea guztion ardura da.
  3. Talde-gaitasunak: Eduki akademikoez gain gaitasun sozial eta pertsonalak bereganatu behar dira.
  4. Talde-ebaluazioa: Lan prozeduren inguruko talde zein banakako hausnarketa egin behar da aurrerantzeko antolakuntza hobetzeko.

Irakasle bezala, ikasleen ezagutzaren eraikuntza kooperatiboa eraginkorra izan dezan, honakoak izan behar ditugu kontuan:

–          Helburua argia izan behar da.

–          Prozedurak eta talde elkarreraginaren berri eman.

–          Lan-prozedura gainbegiratu eta laguntza eskaini, horrela eskatzen badute.

–          Lan zein kolaborazioari buruzko ebaluaketa egin. Lorpen indibidualak ere aipatu.

Teoria eta gero, loturak eta hausnarketa. Aipatutako ezaugarri multzo hauek nire egoera pertsonalarekin alderatu ditut. Gaur egun, talde-lanaren metodologien alde egiten da. Honi esker, ezarritako edukiez gain, bestelako gaitasun ugari lortzen ditugula onartzea legezkoa da, hala nola, kooperazioa, koordinazioa eta elkarganako errespetua. Baina, gure talde-lanaren planteamenduaren eta benetako talde kooperatiboaren artean alde handia dago.

Gure talde-lanetan, helburua argia izaten ohi da, jarraitu beharreko prozedurak ezagunak eta nire kasuan behintzat, egindakoaren inguruan hausnartzen dut, hurrengo lanari begira, hobekuntza proposamenak elkartrukatzeko. Hala ere, asko dira, aurreko baieztapena idazteko arrazoiak:

–          Independentzia positiborik eza. Taldekideen helburu pertsonalen arabera taldearekiko konpromisoa ez da ematen.

–          Ardura indibiduala ez da bermatzen. Kasu askotan, talde-lana lan gutxiago egitearen sinonimotzat ulertzen da, honen antolaketa eta lan ardura osoa gutxi batzuena soilik izanik.

–          Talde lanaren prozedurak ez dira ikuskatzen. Taldeak lortzen duen emaitza bakarrik hartzen da kontuan. Ez dago inolako feedback-ik lan prozeduren inguruan.

–          Ez da ekarpen indibiduala baloratzen, taldeak entregatutako bukaerako lana baizik.

Hau guztia gaur egungo gizartearen jarrera eta sistemaren eraikuntza indibidualagatik gertatzen dela uste dut. Unibertsitate mailan, gauzak asko aldatu dira, metodologia proposamen berriari esker klase magistrala eta banakako lana alde batera utzi da, elkarreragina eta elkar-irakaskuntza bultzatuz. Baina, oraindik ere, benetako talde kooperatiboak lortzeko bidea luzea da eta egin beharreko lana handia.

Nire kasuan adibidez, talde kooperatiboen alde egiten dut, eta batzuetan banakako lanerako joera badut ere, talde-lana aurrera eramateko eman beharreko urratsak kontuan izaten saiatzen naiz. Askotan, honen aurrean jaso dudan erantzuna oso negatiboa izan da. Prozedura, sistema eta pertsonen ardura zein jarreren ondorioz, talde kooperatiboan lan egin nahi duena ergeltzat jotzen da, honi lan zama osoa egotziz. Helburu zehatzak lortu nahi dutenek, euren esfortzu eta lanaren bidez, nota-puntuak oparitzen dizkiete lan egiteko gogo gutxi dutenei, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa negozio ederrean bihurtuz.

Horregatik, aipatutako lan-jarrerak, balioak eta abarrekoak Haur Hezkuntzan lantzearen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da. Eskolan, familian, kalean landu behar dira, txikitatik lan kooperatiboa barneratzeko eta, aurrerantzean, talde-lanetan benetako independentzia eta ardura indibiduala lortzeko.

Horretaz gain, hezkuntza sistema bera, pixkanaka bada ere, aldatu beharko genuke, kooperazioa bermatzen ez duen sistema batean talde kooperatiboak lantzeak ez baitu zentzu handirik. Irakasleen ikuspegia eta lan egiteko modua aldatu behar da, eskolen antolaketa, familiekin harremanak eta batez ere, ebaluatzeko modua.

Otsailak 18, Aperger sindromearen Nazioarteko Eguna

Asperger sindromea autismo-mota bat bezala ulertzen da eta hiru zailtasun nagusiengatik nabarmentzen da:

Gizarte-elkarreraginean aritzeko arazoak, harremanak sendotzeko zailtasunak

Komunikazio gaitasun eza (baina hizkuntzaren garapenean arazorik ez)

Pentsamendu-maila malgua: irudimen pobrea, interesak oso biziak edo mugatuak, ohiturekiko atxikipen handia, errepikapenak gustuko….

Hala ere, Asperger sindormea duten pertsonen garapen kognitiboa normala da, eta kasu askotan, oso ona. Ariketa, azalpen eta estrategia egokien bidez segurtasuna lortzen dute eta konfidantza horri esker euren harremanetarako gaitasunak hobera egiten ohi du.

Zailtasun txikiak izan arren, beti gogoan izan behar dugu, Asperger sindormea duten pertsonek ere gainointzekoen eskubide berdinak dituztela, eta ondorioz, gure errespetua, entzuketa eta laguntza osoa eskaini behar diegu.

Gaur, otsailak 18, Asperger sindromearen Nazioarteko Eguna da. Komunikabideetan honen berri emango dute baina garrantzitsuena sindormeari buruzko informazio baliagarria zabaltzea da, aniztasunari esker alegia ikasi eta aberasteko.

This slideshow requires JavaScript.

 

Aniztasuna: kontzeptua eta eremuak

Sarrera gutxi idatzi ditut, baina, dagoeneko, askotan erabili izan dut “aniztasuna” hitza. Aurrerantzean ere, hainbat alditan erabiliko dudalakoan nago, eta horregatik, aurrera jarraitu baino lehen, kontzeptu honen inguruko definizioa eta esanahia hezkuntzan aipatzea ezinbestekoa dela pentsatu dut.

Aniztasunak, hezkuntza arloan, ikasleen arteko ezberdintasunei egiten dio erreferentzia. Guztiok gara ezberdinak eta gure eskolak aintzat hartzen ditu ezberdintasun horiek, bereizkerian bihurtu beharrean, norberaren gaitasun pertsonalak garatzeko aukera emanez.

 Aniztasuna hainbat eremutan ematen da. Eskolan, lau eremu handitan agertzen da, elkarren arteko harremana sendoa izanik:

  • Genero-aniztasuna
  • Gizarte eta ekonomia-aniztasuna
  • Kultura-aniztasuna (hizkuntza)
  • Gaitasun pertsonalen-aniztasuna

 Ikasleen aniztasuna gaur egungo ikastetxeetako errealitate bat da, eta ikasleak anitzak direla onartzeak garrantzitsua da. Honen ondorio nagusiena irakas-ikaskuntza egokitua eskaini beharra da, erantzun pertsonalizatu eta inklusiboaren bidez eta normalizazio irizpideen arabera. Hezkuntza sistema malgua izan behar da, eta benetako kalitatezko hezkuntza bermatu ahal izateko ikasle bakoitzaren gaitasun, behar, interes eta heltze erritmoen banakako ezberdintasunetara egokitu eta inklusioa era eraginkorrean lantzeko aukera izatea ezinbestekoa da.

 Hau guztiak talde-lan handia eskatzen du baina, aniztasuna eskolan aberasgarria da, pertsona, talde zein gizartearentzako. Guztiok gara ezberdinak eta gure ezberdintasunak ezagutu eta errespetatuz eraiki behar dugu gure gizartea.

images

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara