Blogaren artxiboa
Zer da irakastea? Ikasketa-egoera bat planifikatzeko estrategiak
Zer da irakastea? Irakastea ikasketa-egoera bat planifikatzea edota sortzea da. Horretarako, zenbait estrategia metodologiko erabiltzea ezinbestekoa da eta horietaz jabe izatea funtsezkoa.
Ainhoa Pujanak irakasteko oinarrizko bost estrategiak modu labur eta argian azaltzen ditu bideo honetan:
- Estrategia kognitiboak: erronkak eta azken produktua (arazo-egoerak), autoerregulazioa.
- Estrategia sozialak: kooperazioa eta gizarteratzea.
- Estrategia emozionalak: gamifikazioa, gelako giroaren zaintza, espektatiba altuak…
- Estrategia digitalak: informazioaren kudeaketa eta ekoizpen digitalak
- Kudeaketa-estrategiak: denborak, espazioak…
Kasu pertsonalean, estrategiaren bat azpimarratzekotan, kudeaketa-estrategien garrantzia goraipatuko nuke, edozein helburu, gaitasun edota estrategiaren oinarri baitira. Planifikazio egokia gako da arazo-egoerei erantzuteko, horietatik eratorritako gaitasunak garatzeko eta zerrendatutako estrategia guztiak modu egokian aplikatzeko.
Hala ere, ez dugu inoiz ahaztu behar estrategien arteko harreman estua. Gaitasunetan oinarritutako ikasketa-prozesu esanguratsua eta hori aurrera eramateko printzipio metodologikoak bermatzeko aipatutako estrategia guztiak kontuan hartzea ezinbestekoa da. Beraz, irakas-egoera arrakastatsuak sortzeko, estrategien arteko elkarreragina ziurtatu behar da.
Lazhar irakaslea
Monsieur Lazhar (2011) – Philippe Falardeau
Bachir Lazhar 55 urteko argeliarra da. Montreal-ko ikastetxe batean kontratatua da, egoera tragikoetan hildako Lehen Hezkuntzako irakaslea ordezkatzeko. Gainditu behar dituen zailtasunak ugariak dira, baina bere irakasteko era umeak zein kurtsoa aurrera eramateko ezinbesteko tresnan bihurtzen da.
Pelikulak gai anitz eta ezberdinak lantzen diren arren dolua eta hezkuntza sisteman du oinarria. Bertan hezkuntza sistema berrien eta irakaslearen irudi zaharkituaren arteko talka ikusteko aukera dugu. Bachir metodologia, antolakuntza, arau, ohitura eta harreman ezberdinetara egokitu behar da, baina guzti hau bere erara egiten du, umeekiko duen maitasuna ahaztu gabe.
Gure gizartean beldurra, heriotza, eta nahigabea gai tabuak dira, eta are gehiago umeekin. Baina irakasle honek errealitateari bizkarra eman beharrean haurrekin hitz egitea eta gaia lantzea erabakitzen du. Haurren doluataz arduratuta, eskolaren arauak apurtu eta emozioen adierazpena bultzatzen eta indartzen du.
Istorio polit eta hunkigarri baten bidez eskolaren funtzio bikoitza barneratzen dugu: irakastea eta heztea. Gainera, garapen emozionalaren garrantzia azpimarratzen du, elkarrizketaren eta maitasunaren beharra goraipatuz.
Gaia aprobetxatuz, Haur Hezkuntza kolorezko fitxak, abestiak eta jolasak soilik dela pentsatzen dutenei, haurrekin, egunerokotasuna, errealitatea eta emozioak landu behar direla gogoratzen diet. Garapen integrala bermatu behar dugu, eta alderdi emozionalaren kudeaketa eta adierazpena zein errealitateari aurre egiteko estrategiak honen parte dira.