Blogaren artxiboa
Praktika onen sei osagaiak (6C)
Aurreko post batean zer den irakastea eta ikasketa-egoera bat diseinatzeko estrategiak aipatu nituen baina ezinbestekoa da horiekin batera irakaskuntzaren praktika onak ere aipatzea eta kontuan izatea. Azken finean, praktika onetan oinarritutako estrategiak dira ikasketa-egoeren arrakasta bermatuko dutenak.
Sei dira (6C) eskolaren praktika onen osagaiak:
- Kolaborazioa (Collaboration):
- Talde-lana (benetakoa).
- Talde izaera indartu.
- Taldearen arrakasta bermatu.
- Laguntza, norabide guztietan.
- Komunikazioa (Communication):
- Baliabide anitzak.
- Prozesuaren arkitektura (nondik norakoak eta zentzua).
- Lorpenak eta akatsak.
- Hedatu sortzen duguna: gelan eta komunitatean.
- Edukiak (Content):
- Tresna anitzak.
- Elkarreragina sortu.
- Duguna *berritu.
- Aniztasuna kontuan hartu.
- Pentsamendu kritikoa (Critical thinking):
- Egunerokotasuna landu eta aztertu.
- Atzokoa: lehenaldiko egoerak ezagutu eta horietan jarri.
- Kultura eta kulturartekotasuna.
- Arazoak ebatzi.
- Sormena eta berrikuntza (Creative innovation):
- Sortzailea izan, sormena indartu.
- Zentzumen guztiak esnatu.
- Ohiko irakaskuntza-eskemekin apurtu.
- Ez izan beldurrik.
- Autoestimua (Confidence):
- Heziketa emozionala landu.
Funtsezkoa da eskolaren etapa bakoitzean, curriculum zein ikastetxearen helburuen arabera, praktika onen errubrika sortzea eta aurrera eramatea. Bertan, praktika on bakoitzaren gutxieneko maila eta hobetze-proposamenak jaso behar dira, asmoa beti aurrerapausoak eta praktika ona bere osotasunean bermatzea izan behar delarik.
eDIGCOMP ikastaroan etapa bakoitzaren praktika onen errubrika orokorrak sortu ditugu, taldeka. Nire kasuan unibertsitate mailako praktika onen errubrikan parte hartu dut, bakarka (ez da inor gehiago animatu). Zentzu horretan, talde-lan bitxia izan da baina, era berean, erabat aberasgarria. Zalantzarik gabe, ariketari esker, aurrerapausoen eta, horretarako, praktika onak zehaztearen garrantzia eta beharraz jabetu naiz.
Sortutako errubrikak beste ikuspuntuen kontrastea eta osagarritasunaren beharra du. Beraz, sarrera hau nire ikaskideak bertan zehaztutako irizpideen inguruko feedbacka egitera animatzeko aprobetxatzen dut. Azken finean, nork ez du unibertsitatearen egitekoari buruz zer esanik?
Azkenik, behin errubrika amaituta, tamalez, zenbait ataletan jasotakoak errealitatetik oso urrun daudela konturatu naiz. Idatziz jaso arren, oraindik ere, unibertsitateak ez du lortu benetako talde-lana aurrera eramatea, sormena indartzea edota berrikuntzak modu flexiblean aplikatzea. Lan handia dugu aurretik!
Gertakari Kritikoaren Teknika, giza jokabideak ikertzeko teknika
Critical Incident Tecnique (CIT) edo Gertakari Kritikoaren Teknika irizpide metodologiko eta kritiko zehatz batzuk betetzen dituzten prozedura multzoa da. Teknikaren helburu nagusia giza jokabidearen behaketa zuzena aurrea eramatea da, behaketa arazo praktikoen ebazpenean erabilgarri izan dadin.
Gertakaritzat behatu daitekeen edozein giza jokabidea ulertzen da. Gertakaria kritikoa izateko, gertakariaren ondorioek ez dute zalantzarik sortu behar. Teknikak jasotzen ditu esanahi handia duten gertakari kritikoak erregistratzeko irizpideak eta prozedurak.
Horregatik, teknika egokia da giza jokabidea ulertzeko helburua duen edozein ikerketa kualitatibo aurrera eramateko, zein hausnarketa pertsonala eta kritikoa indartzeko.
Gertakari kritikoa metodo malgua izan arren, jaso behar ditu honako bost pausuak:
- Helburu orokorrak: gertakaria zehaztu eta aztertu.
- Plana eta zehaztapenak: gertakariaren xehetasunak jaso.
- Datuak jaso: arazoak identifikatu.
- Datuak aztertu: arazoa ebazteko erantzun posibleak.
- Emaitzak: ebaluazioa: arazoa ebazteko erantzunaren egokitasuna.
Iturria: