Blogaren artxiboa

Praktika onen sei osagaiak (6C)

Aurreko post batean zer den irakastea eta ikasketa-egoera bat diseinatzeko estrategiak aipatu nituen baina ezinbestekoa da horiekin batera irakaskuntzaren praktika onak ere aipatzea eta kontuan izatea. Azken finean, praktika onetan oinarritutako estrategiak dira ikasketa-egoeren arrakasta bermatuko dutenak.

Sei dira (6C) eskolaren praktika onen osagaiak:

  1. Kolaborazioa (Collaboration):
    1. Talde-lana (benetakoa).
    2. Talde izaera indartu.
    3. Taldearen arrakasta bermatu.
    4. Laguntza, norabide guztietan.
  2. Komunikazioa (Communication):
    1. Baliabide anitzak.
    2. Prozesuaren arkitektura (nondik norakoak eta zentzua).
    3. Lorpenak eta akatsak.
    4. Hedatu sortzen duguna: gelan eta komunitatean.
  3. Edukiak (Content):
    1. Tresna anitzak.
    2. Elkarreragina sortu.
    3. Duguna *berritu.
    4. Aniztasuna kontuan hartu.
  4. Pentsamendu kritikoa (Critical thinking):
    1. Egunerokotasuna landu eta aztertu.
    2. Atzokoa: lehenaldiko egoerak ezagutu eta horietan jarri.
    3. Kultura eta kulturartekotasuna.
    4. Arazoak ebatzi.
  5. Sormena eta berrikuntza (Creative innovation):
    1. Sortzailea izan, sormena indartu.
    2. Zentzumen guztiak esnatu.
    3. Ohiko irakaskuntza-eskemekin apurtu.
    4. Ez izan beldurrik.
  6. Autoestimua (Confidence):
    1. Heziketa emozionala landu.

Funtsezkoa da eskolaren etapa bakoitzean, curriculum zein ikastetxearen helburuen arabera, praktika onen errubrika sortzea eta aurrera eramatea. Bertan, praktika on bakoitzaren gutxieneko maila eta hobetze-proposamenak jaso behar dira, asmoa beti aurrerapausoak eta praktika ona bere osotasunean bermatzea izan behar delarik.

eDIGCOMP ikastaroan etapa bakoitzaren praktika onen errubrika orokorrak sortu ditugu, taldeka. Nire kasuan unibertsitate mailako praktika onen errubrikan parte hartu dut, bakarka (ez da inor gehiago animatu). Zentzu horretan, talde-lan bitxia izan da baina, era berean, erabat aberasgarria. Zalantzarik gabe, ariketari esker, aurrerapausoen eta, horretarako, praktika onak zehaztearen garrantzia eta beharraz jabetu naiz.

Sortutako errubrikak beste ikuspuntuen kontrastea eta osagarritasunaren beharra du. Beraz, sarrera hau nire ikaskideak bertan zehaztutako irizpideen inguruko feedbacka egitera animatzeko aprobetxatzen dut. Azken finean, nork ez du unibertsitatearen egitekoari buruz zer esanik?

Azkenik, behin errubrika amaituta, tamalez, zenbait ataletan jasotakoak errealitatetik oso urrun daudela konturatu naiz. Idatziz jaso arren, oraindik ere, unibertsitateak ez du lortu benetako talde-lana aurrera eramatea, sormena indartzea edota berrikuntzak modu flexiblean aplikatzea. Lan handia dugu aurretik!

PLE: lan kooperatiboa

Nahiz eta askotan lan kooperatiboa talde-lanaren sinonimotzat erabiltzen den, garrantzitsua da terminoak ezberdintzea.

Motzean azalduta, lan kooperatiboak edota kolaboratiboa talde-lana eskatzen duen arren, talde-lanak ez du lan kooperatiboa ziurtatzen.

Lan kooperatiboa helburu bera jarraitzen duten pertsonen arteko harremanean eta talde-lanean oinarritzen da. Lan kooperatiboari esker, elkarren artean ikasteko aukera eskaintzen da, modu kolaboratiboan eta harreman hierarkikoak alde batera utzita.

Ikerketan, askotan esan dugun bezala, ez gaude bakarrik, talde baten parte gara eta taldekide guztiek ikerketa-taldearen helburua lortzeko modu kolaboratiboan lan egitea ezinbestekoa da. Horretarako, antolaketa, talde-lana, koordinazioa eta taldeko zein norberaren ardura funtsezkoak dira.

Informazio eta komunikazio teknologiek lan kooperatiboa aurrera eramateko aukera anitzak eskaintzen dituzte. Alde batetik, taldekideen artean komunikatzeko aukera ematen digute eta bestetik, informazioa partekatzeko tresna ugari daude: Zotero-k bibliografiak taldean osatzeko aukera eskaintzen ditu, CMapCloud-ek taldeko mapa kontzeptual osatzeko egokia da, Drive bidez dokumentuak edota aurkezpenak taldean moldatu ditzakegu…

Gainera, lana antolatzeko eta lanaren jarraipena egiteko lagungarriak diren tresna ugari daude.(tresnaren webgunera joateko, irudian klik egin) (tresnak erabiltzeko, tresna bakoitzaren webgunean izena ematea derrigorrezkoa da):

 

basecamp2

trello2

Gaitasunak oztopoen gainetik jartzean, arrakastaren bidea eraikitzen dugu

Si può fare  (2008)– Giulio Manfredonia

Pelikula interesgarria, dibertigarria eta benetan ederra. Guztiz gomendagarria. Sarrera honetan,filmean kontatzen den istorioa alde batera utziko dut, zuei pelikulaz gozatzeko aukera emanez. Nire asmoa, ideia nagusi edota garrantzitsuetan oinarrituta, nire hausnarketa pertsonala laburki azaleratzea da soilik.

Norberak dituen gaixotasun, ezintasun edota zailtasunak alde batera utzita, pertsona pertsona da, eta horretarako norberaren ongizatea ezinbestekoa da. Inor ezin gaitu gure eskubide, betebehar eta aukerak ukatu, hauek baitira pertsona eraikitzen dutenak.

Profesional bakoitzaren ikuspuntu eta jarreraren arabera besteenganako duen tratua ezberdina izango da eta ondorioz beste pertsonak izango dituen aukerak eta garapena ezberdinak. Laburbilduz, profesionalaren lanaren arabera beste pertsonaren bizitza ezberdina izango da.

“Si algo es bueno para mi es bueno para ellos”

Taldea garrantzi handikoa da.Guztion kolaborazioari esker gauzak aldatzea posible da, ezinezkoa errealitatean bihurtuz. Horretarako, norberaren garapenaz gain, besteen ezaugarri eta beharrez kontziente izan behar gara, guztion eskubide berdintasunagatik borrokatuz.

Irakasle bezala, gaixo edo berezi bezala tratatzearen joera alde batera utzi eta bere izenez eta berdintasuneko tratamenduari bidea libre utzi behar diogu. Haur bakoitzaren gaitasunetan oinarrituta hauek indartu eta garatu behar ditugu, zailtasunei aurre egiteari irakatsiz baina oztopotan zentratu barik.

“Fallamos porque lo hemos intentado”

Umearen diagnostikoa garrantzitsua eta beharrezkoa bada ere, hau jarraitua izan behar da, garapen eta aurrera pausu guztiak kontuan hartuta. Momentu bateko gaitasun edota gaitasun eza ez dira egonkorrak, ez dira bizitza osorako. Gainera, gure gelan, ume bati laguntzeko prestatutako ariketa taldera eramatean taldea laguntzen dugu, guztiak beharrak ditugulako eta guztion parte hartze sentimendua garatzen dugulako.

Horrela, pelikulako protagonistek bezala, ezer ez izatetik guztia izatea lortuko dugu. Eta beti gogoan izan: “Ez delako egin, ez da ezin dela egin”

Si-Puo-Fare-CL-091

Arreta goiztiarra

0-6 urte bitarteko umeak era osasuntsu eta orekatuan hazi behar dira, eta guk, euren garapena sendoa izan dezan bermatu behar dugu. Hau betetzeko arriskuak daudela detektatzen dugunean hauei aurre egiteko ibilbidea sortu behar dugu, esku-hartzea ezinbestekoa baita: arreta goiztiarra.

Hau esanda, arreta goiztiarra 0-6 urteko haurrei, familiei eta inguruari zuzenduriko jarduera multzoa bezala definitu dezakegu; haurrek garapenean pairatuko edo para ditzaketen alterazio eta beharrizan iragankor zein iraunkorrei erantzuna lehenbailehen ematea helburu dutenak, hain zuzen. Jarduera hauek umearen osotasuna aintzat hartu behar dute, eta izaera interdiziplinarra duen lan talde batek planifikatuak egon behar dira.

Guzti hau aurrera eramateko protokolo ezberdinak daude, komunikazioa eta zerbitzuen arteko elkarlana ezinbestekoa delarik. Arreta goiztiarraren bidez, ezarritako neurriak, kolaborazioa eta proposamenak aniztasunari era eraginkorrago batean erantzuteko ahalmena emateko aukera dugu.

Horretarako, behaketa funtsezkoa da, informazioa biltzea alegia. Ondoren, osasun esku-hartzea eta laguntza-zerbitzuen txanda da.  Ikastetxeak aukera anitzak eskaini behar ditu, guztiontzako helburu berdinak ezarriz eta diskriminazioa baztertuz. Eta prozesu osoan zehar familiaren papera ezinbestekoa da. Guztion elkarlanari esker garapen integrala bermatzea da helburua, beti ere bidean normalizazioa bilatuz.

Haur Hezkuntza haurraren hezkuntzaz haratago doa. Faktore guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzaren gaitasunak sortu, eraiki eta garatu behar dira. Arrakasta lortzeko ibilbide horretan aurkitu ditzakegun arazoak detektatzen abilak izatea garrantzitsua da ,eta hauek nola bideratu eta zuzen erantzuteko laguntzak eta baliabideak bilatzen eta erabiltzen baita noski.

entzumen-urritasuna-1

Talde-lana, teoria eta praktikaren arteko borroka

Eskoa Inklusiboaz hitz egiten dugun bakoitzean, beti gogoan izan behar dugu parte-hartzea eta talde-lana, hauek baitira inklusiboaren oinarriak.

Talde kooperatiboen bidez guztion parte hartzea suspertzen da eta guztien arteko elkar-ikaskuntza bultzatzen da. Babes, laguntza eta kolaborazio sareak eraikitzen dira, harremanak sendotuz eta,  beti ere, talde kide bakoitzari parte hartzeko aukera berdinak emanez.

Mota honetako talde bat sortzerakoan, kideen heterogeneotasuna bermatu behar da, bakoitzak, taldearen barnean, independentzia eta eginbehar bat izanik eta, aldi berean, guztion arteko helburu adostua jarraitzen delarik.

Taldeak benetako ikaskuntza kooperatiboa lortu dezan honako baldintzak bete behar dira:

  1. Independentzia positiboa: Taldearekiko atxikipena eta konpromisoa sentitzea ezinbestekoa da.
  2. Talde eta banakako ardura: Banakako lana talde lana aurrera eramateko beharrezkoa da eta horren ardura norberarena da. Guztiok ikastea guztion ardura da.
  3. Talde-gaitasunak: Eduki akademikoez gain gaitasun sozial eta pertsonalak bereganatu behar dira.
  4. Talde-ebaluazioa: Lan prozeduren inguruko talde zein banakako hausnarketa egin behar da aurrerantzeko antolakuntza hobetzeko.

Irakasle bezala, ikasleen ezagutzaren eraikuntza kooperatiboa eraginkorra izan dezan, honakoak izan behar ditugu kontuan:

–          Helburua argia izan behar da.

–          Prozedurak eta talde elkarreraginaren berri eman.

–          Lan-prozedura gainbegiratu eta laguntza eskaini, horrela eskatzen badute.

–          Lan zein kolaborazioari buruzko ebaluaketa egin. Lorpen indibidualak ere aipatu.

Teoria eta gero, loturak eta hausnarketa. Aipatutako ezaugarri multzo hauek nire egoera pertsonalarekin alderatu ditut. Gaur egun, talde-lanaren metodologien alde egiten da. Honi esker, ezarritako edukiez gain, bestelako gaitasun ugari lortzen ditugula onartzea legezkoa da, hala nola, kooperazioa, koordinazioa eta elkarganako errespetua. Baina, gure talde-lanaren planteamenduaren eta benetako talde kooperatiboaren artean alde handia dago.

Gure talde-lanetan, helburua argia izaten ohi da, jarraitu beharreko prozedurak ezagunak eta nire kasuan behintzat, egindakoaren inguruan hausnartzen dut, hurrengo lanari begira, hobekuntza proposamenak elkartrukatzeko. Hala ere, asko dira, aurreko baieztapena idazteko arrazoiak:

–          Independentzia positiborik eza. Taldekideen helburu pertsonalen arabera taldearekiko konpromisoa ez da ematen.

–          Ardura indibiduala ez da bermatzen. Kasu askotan, talde-lana lan gutxiago egitearen sinonimotzat ulertzen da, honen antolaketa eta lan ardura osoa gutxi batzuena soilik izanik.

–          Talde lanaren prozedurak ez dira ikuskatzen. Taldeak lortzen duen emaitza bakarrik hartzen da kontuan. Ez dago inolako feedback-ik lan prozeduren inguruan.

–          Ez da ekarpen indibiduala baloratzen, taldeak entregatutako bukaerako lana baizik.

Hau guztia gaur egungo gizartearen jarrera eta sistemaren eraikuntza indibidualagatik gertatzen dela uste dut. Unibertsitate mailan, gauzak asko aldatu dira, metodologia proposamen berriari esker klase magistrala eta banakako lana alde batera utzi da, elkarreragina eta elkar-irakaskuntza bultzatuz. Baina, oraindik ere, benetako talde kooperatiboak lortzeko bidea luzea da eta egin beharreko lana handia.

Nire kasuan adibidez, talde kooperatiboen alde egiten dut, eta batzuetan banakako lanerako joera badut ere, talde-lana aurrera eramateko eman beharreko urratsak kontuan izaten saiatzen naiz. Askotan, honen aurrean jaso dudan erantzuna oso negatiboa izan da. Prozedura, sistema eta pertsonen ardura zein jarreren ondorioz, talde kooperatiboan lan egin nahi duena ergeltzat jotzen da, honi lan zama osoa egotziz. Helburu zehatzak lortu nahi dutenek, euren esfortzu eta lanaren bidez, nota-puntuak oparitzen dizkiete lan egiteko gogo gutxi dutenei, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa negozio ederrean bihurtuz.

Horregatik, aipatutako lan-jarrerak, balioak eta abarrekoak Haur Hezkuntzan lantzearen garrantzia azpimarratzea ezinbestekoa da. Eskolan, familian, kalean landu behar dira, txikitatik lan kooperatiboa barneratzeko eta, aurrerantzean, talde-lanetan benetako independentzia eta ardura indibiduala lortzeko.

Horretaz gain, hezkuntza sistema bera, pixkanaka bada ere, aldatu beharko genuke, kooperazioa bermatzen ez duen sistema batean talde kooperatiboak lantzeak ez baitu zentzu handirik. Irakasleen ikuspegia eta lan egiteko modua aldatu behar da, eskolen antolaketa, familiekin harremanak eta batez ere, ebaluatzeko modua.

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara