Blogaren artxiboa

Aldaketaren gakoa: haurrak errespetatu eta hezkuntza baloratu

Azken aldian gazte gehienen balore eta interes falta dela eta oso arduratuta nago, eta aurreko batean kezka hau nire lagunei agertu nien. Euren erantzunek nire ardurarekin bat egin zuen, baina gustatu ez zitzaidan alderdi batekin: hori hezkuntzaren errua dela. Euren arabera, gaur egungo hezkuntzak ez die irakasten, ez die gogor egiten, garai batean egiten zuen bezala.

Hezkuntza aldatu da, bai, zorionez, baina ez nahi beste. Gure hezkuntza sistemak gero eta egokituagoa dago taldea, momentu eta beharrei, baina hori askatasun osoz egiteko aukerarik gabe. Tarteka gobernuak kontrola galtzeari duen beldurra dela uste dut, azken finean, eta zoritzarrez, hezkuntza gobernatzeko tresnarik boteretsuenetarikoa da. Baina, bestetik, eta kaleko iritziak entzunda, gizarteak hezkuntzarekiko duen errespetu faltagatik da.

Azken hamarkadetan umearen eskubideengatik lan handia egin da, eta lan handia egiteke dagoen arren aurrera pausu handiak eman dira. Hala ere, gure haurrak zaintzen ditugu? Haur bakoitzaren ezaugarri eta garapena errespetatzen dugu? Edo aldiz, guk manipulatzen ditugun txotxongiloak direla uste dugu oraindik?

Azken hau esateko arrazoi potoloa dut. Behin eta berriro entzun behar izan dut haurrek ez dakitela ezer, ez dutela interesik, euren interesa gurasoak esaten dutena dela, haurrek bakarrik jolasten dakitela, eta noski, haur hezkuntza eta umezaintza gauza bera dela, bertan beste haurrekin batera jolasten pasatzen dutela goiza gurasoak lanean dauden bitartean. Hau da gure haurren inguruan dugun iritzia? Tontoak direla uste dugu? Eta hau da gure hezkuntzaren inguruan uste duguna? Eskola jolastoki handi bat dela soilik?

Helduon iritzi eta itxaropenek haurren mugak ezartzen dituzte. Ezin dugu haurraren garapen oso eta integrala bermatu haur horretan sinesten ez badugu, eta hezkuntzaren funtzioa zaintza eta jolasa soilik dela lau haizetara eta arazorik gabe zabaltzen dugun bitartean ezin diogu eskolari gure haurrak hezteko eskatu.

Haurrek interesak dituzte, jakinmin handia, euren garapenaren abiapuntua eta bidea horiek baitira. Guk hauek errespetatu eta elikatu behar ditugu, eta ez hauek mugatu. Eskola aldiz, esperimentazioaren bidez ezagutzaren bidea eraikitzeko laguntza izan behar da, eta ez zentzugabeko eduki kaxa erraldoi bat.

Gure buruari benetan zer nahi dugun galdetu beharko genioke. Gure haurrek ezagutza ikasi edo gaitasunak garatu dezaten nahiago dugu? Gure gizartearen oinarria lehiakortasuna edo besteekiko errespetua izatea nahi dugu? Emaitza ezberdinak nahi baditugu ezin dugu betikoa behin eta berriz errepikatu, horregatik, hezkuntza aurrera jarraitzeko egiten duen lana baloratu eta ez zapaldu, eta beti, hezkuntzak pertsonekin lan egiten duela gogoratu.

Advertisements
muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

haurhezkuntza2012

Irakasle izan nahi duten lau ikasleen apunteak

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara