Blogaren artxiboa

Zine Forum metodologiaren alde

Sarrera hau ez idaztea nahiago nuke, baina tamalez, pasadan astean gelan bizi izandakoak hau egitera behartzen nau.

Nire lehen sarreran, metodologia atsegin baten aukeraketa eta erabileraren garrantziaz mintzatu nintzen. Metodologia motibazio handienaren edota motibazio ezaren oinarria izan daiteke. Era berean, motibazioa ikaskuntza esanguratsuaren funtsezko alderdia da. Ondorioz, metodologia motibagarri bat ikaskuntzaren helburuaren arrakasta lortzeko gakoa da.

Gure irakasletako batek, bere irakasgaia aurrera eramateko, pelikulen ikuskapen eta hauen inguruko “zine forum”etan oinarritutako metodologiaren alde egin du. Baina, honen aurrean aurkitu duen erantzuna oso desatsegina izan da, modu politean esatearren.

Pantaila handiko irudi sekuentziei esker, beste errealitate batzuk ezagutu ditzakegu, hauek barnetik ezagutu eta irakasle izateko hain garrantzitsua eta ezinbestekoa den hausnarketari ekin, ikaskuntza handiak barneratuz. Nor ez da “Rebelión en las Aulas” (James Clavell, 1967) pelikula ikusterakoan irakaslearen motibazio eta inplikazioaren garrantziaz ohartu? Nork ez du “Los chicos del coro” (Christophe Barratier, 2004) filma ikusterakoan artearen botereari buruz pentsatu? Edota, nork ez du beldurra sentitu “La ola”n (Dennis Ganse, 2010) erakusten den metodologiaren indarra ikusita?

Klasean pelikulak ikusteak abantaila erraldoi bat du, pelikula irakasle begien bitartez aztertzeaz gain, ikaskideen zein irakaslearen ikuspegi, pentsamendu, hausnarketa eta iritziak jasotzeko aukera eskaintzen du, norberaren hausnarketa propioa eta ikaskuntza ikaragarri aberastuz. Era laburrean esanda, ekintza aberasgarri eta eraginkorra. Metodologia erabat positiboa.

Hala ere, ekintza hauen aurrean, ikaskide batzuen erantzuna ez da batere positiboa. Batzuek, pelikula hauek Hollywoodeko filma arrakastatsuak ez direnez, aspertzen direla aitortzen dute, bestelako zereginetan denbora emanez. Beste batzuk aldiz, gelatik alde egiten dute, irakaslearen proposamena zein lana gutxietsiz eta teoria hutsa ez diren metodologiei bizkarra emanez.

Gaur ikaskideak direnak etorkizunean umeen garapenaren eta nortasunaren eraikuntzaren agente garrantzitsuenetako bat izango dira. Horregatik, horrelako ekintzak aprobetxatu eta hauetaz baliatu beharko ziren egingo duten lanaren inguruan sakonki hausnartzeko.

Haur Hezkuntzako haurrak ez dira jostailuak, euren nortasuna, izaera, emozioak, kognizioa eta azken finean bizitza eraikitzen ari diren pertsona txikiak dira eta gure errespetu osoa merezi dute. Errespetu hori, gehiago ikasteko eskaintzen dizkiguten aukera guztiak ondo aprobetxatuz adierazten da.

Beraz, lerro hauen bitartez, irakaslea bere metodologiarekin aurrera jarraitzeko animatzen dut. Era berean, beste errealitate batzuk ikustea eta hauek komentatzea eta barne hausnarketa aurrera eramatea gustuko ez dutenei, benetan Haur Hezkuntzako irakaslea zer den eta horrek zer eskatzen duen sakonki pentsatzea eskatzen diet.

Metodologia egokiaren garrantzia

Gaurkoan ikasgai berri baten aurkezpena izan dugu: “Eskola Inklusiboaren Oinarriak”. Azken urtean zehar behin eta berriz entzun ditugu kultur aniztasuna, hizkuntza aniztasuna, koordinazioa, hezkuntza-printzipioak, partaidetza, aukera berdintasuna, ikuspegi anitzak, hezkuntza premia bereziak, zailtasunak eta bestelako kontzeptuak, eta guzti hauek, komatxoen artean aipatutako hiru hitz horie bidez lotzen direla uste dut.

Irakasgaiaren helburu nagusia etorkizunean izango dugun lanbidean topatu dezakegun aniztasuna nolakoa izan daiteke ezagutzea eta, honekin aurrez aurre topatzean, gure eskura ditugun giza-baliabide zein baliabide materialak nola kudeatu irakastea dela suposatzen dut.

Ikasturtean zehar, aukera izango dut nire buruan gaian kokatzeko eta aipatutako egia den egiaztatzeko, hausnarketa pertsonala indartuz. Baina gaurkoan, hitz horiek alde batera utzi eta eskolan garrantzi handia duen arlo bati heldu diogu: metodologia. Berriz ere, gure helburuak eta eginbeharrak planteatzeko eta bideratzeko modua gure interes eta motibazioan eragina handia duela ikusteko aukera izan dugu.

Blog honen atzean dagoen irakasgariaren izen potoloa irakurrita, edota, lortu nahi diren konpetentziak ezagututa, irakasgaia oso teorikoa eta gure artean esango genukeen bezala, “txaposoa” izatea espero nuen. Hala ere, gure onerako, irakasleak erabiliko duen metodologia oso urrun dago klase magistral aspergarrietatik.

Kontzeptuak, konpetentziak eta helburuak irakurketa, hausnarketa, idazketa, talde lana, gelako elkarrizketa eta antzerako estrategien bidez planteatu ditu, niri kasuan behintzat, interesa eta motibazio ikaragarria sortuz. Gainera, lana aurrera eramateko teknologia berriak erabili beharko ditugu, beraz, nire kasuan, nire interes pertsonala direla eta, motibazioa bikoiztuz.

Helburuak lortzeko planteatzen diren jarduera eta estrategiak edukiak bezain garrantzitsuak dira eta gaurkoan planteatu dizkigun metodoak egoki baino egokiagoak direla uste dut. Ondorioz irakasgaian, helburuak zein edukiak lortzeko, lan asko egiteko prest nago, motibatua nago, gogotsu.

Ikasketa esanguratsua posiblea da, non ikasleen parte-hartzea lekua duen. Horrelako aldaketa proposamenak, ekimenak eta hausnarketa bultzadak gure etorkizuneko hezkuntza eraikiko dutena izango dira, beraz, eraiki dezagun bidea elkarrekin!

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara