Blogaren artxiboa

“Ikaskuntza arazoak Eskola Inklusiboan” Jardunaldi Pedagogikoa

Egun dezente pasa dira aste santutik, gehiengoek oporrak ahaztuta izango duzue eta udako opor egunetan pentsatzen hasiak izango zarete. Hala ere, oraingoan, aste santua baino lehen, irakasleen unibertsitate eskolan izandako hitzaldi edota jardunaldiekin nator, oso interesagarriak izateaz gain, oso esanguratsuak eta aberasgarriak izan baitziren.

Talde txikitan banaturik, lau hitzaldi edo ekintza ezberdinetan parte hartu genuen, Arabako Gorrak, Aspace Gipuzkoa, CRI (Centro de Recursos para Invidentes) eta ONCE ren eskutik. Jasotako informazioa ugaria izan zen baina sarrera gehiegi ez luzatzeko era laburrean aipatutako ditut bakoitzak nabarmendutako gaiak.

Arabako gorrekin entzumen urritasuna duen pertsona batekin komunikatzea nola del esperimentatu genuen, daktilogia, zeinu hizkuntza eta gorputz adierazpena landuz. Aspacekoek komunikazio handigarrien sistemei buruz hitz egin zuten, pertsonaren zailtasunak ahaztu eta bakoitzaren gaitasunak indartu behar direla azpimarratuz. CRIkoen hitzaldia ikusmen urritasuna duten ikasleentzako material egokituaren erakustaldia izan zen. Eta azkenik, ONCEk ikusmen urritasun mota ezberdinak azaldu eta hauek gure baitan esperimentatzeko aukera eskaini zigun, betaurreko berezi batzuk jantzita.

“Ezin ditugu guk mugak jarri”

Horrelako esperientziak arlo akademikoaren konbinatzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Hilabeteetan zehar urritasun ezberdinak dituzten umeentzako curriculum, material, antolaketa eta jarreren egokitzapenari buruz hitz egin eta gero, horrelako hitzaldi bati esker, mila aldiz entzun eta idatziko hitzak benetan barneratu nituen. Ikusmen urritasuna duen ume batentzako materiala moldatu behar dela esatea oso ondo dago, eta oso erraza da aldi berean. Baina material hori esku artean duzunean, horren atzetik dagoen lana eta esfortzua modu esanguratsuan ikasten duzu, betirako barneratuz.

“Bakoitzaren funtzioa ezagutzea ezinbestekoa da”

Etorkizunean, irakasle lanak egiten gaudenean, aipatutako elkarteak zein bestelako mila elkarte, gure profesional talde eta laguntza izango dira hezkuntza premia berezien kasutan. Horregatik, hauek ezagutu behar ditugu, zeintzuk diren, zeintzuk dira euren helburuak eta nolakoa da egiten duten lana, eurekin era egoki eta zuzenean koordinatu ahal izateko eta ondorioz, hezkuntza premia berezia duen haurrari dagokion erantzuna emanez.

“Ezin dugu zailtasuna edota akatsa ikusi, gaitasuna eta aukera baizik”

Eta guzti honekin, gure eskolan egondako hizlariei eskerrak eman nahi diet, egiten duten lana ikaragarria eta benetan ederra baita. Eta irakasle-eskolako zuzendaritzari, egunetik egunera teoria mailan eskaintzen diguten diskurtso akademikoa horrelako ekintzen bidez barneratzeko aukerak gehiagotan antolatzeko animatzen dut.

“Eredu gara, nire jarrerarekin hobekuntza positiborako dinamika sortzen dut”

"La ratita presumida" ipuina ume itsuentzat

“La ratita presumida” ipuina ume itsuentzat

Advertisements

Eskola inklusiboaren didaktika

Eskola inklusiboari buruz hitz egiterakoan, integrazio hitza ahaztu behar dugu, errespetua, parte-hartzea eta elkarbizitzari lekua utziz. Hezkuntza Berezia eta integrazio gure egunerokotasuneko hiztegiaren parte izaten jarraitzen duten bitartean ezin dugu benetako eskola inklusiboaz hitz egin, hauek segregazioaren ezaugarriak baitira.

Gaur egungo mundua, gizartea eta eskola bera eskola inklusiboaren teoria praktikara eramateko oztopo bihurtu dira. Eskolari dagokionez, hezkuntza sistema, curriculuma, eskolaren antolakuntza, irakaslegoaren pentsamendua, ebaluazioak eta bestelako ekintzak aldatu behar dira. Eskola inklusiboaren arazoa, gaur egungo eskola da.

Hiru dira gure eskola publikoak eskola publiko inklusiboa bilakatzeko gainditu behar dituen oztopo nagusiak:

–          Oztopo politikoa

–          Oztopo kulturala

–          Oztopo didaktikoa

Politikari dagokionez, hezkuntza legeen arteko kontraesanak ugariak dira. Hezkuntza berezia, curriculumaren moldaketa bereziak eta laguntza gelak guztiontzako hezkuntzaren inguruko diskurtsoarekin batera aipatzen dira. Legeak koherenteak izan behar dira kalitatezko hezkuntza eraikitzeko eta hezkuntza inklusiboan murgildu ahal izateko.

Bestetik, kultura. Betidanik, inteligentzia maila erabili da umeen sailkapena egiteko, batzuk beste batzuek gainetik jarriz. Honen arabera, ume batek ikasteko zailtasunak dituela ezartzen da, eta kasu gehienetan, talde eta gela arruntetik bereizten da. Ikasteko gai ez diren umeak daudela pentsatzen jarraitzen dugun bitartean, eta hezkuntza berezi, integrazioa eta curriculumaren moldaketei buruz hitz egiten jarraitzen dugun bitartean, segregazioa onartutako praktika izaten jarraituko du.

Eta azkenik, gure gaiari helduta, oztopo didaktikoak, hau da, eskola eta gela mailan, irakasle modura, gainditu behar ditugun mugak edo beste era batera esanda, aldatu behar ditugun ezaugarri edota ekintzak:

  1. Lan egiteko modua: Lehiakortasuna alde batera utzi guztien arteko lan kooperatibo eta bateratua bultzatzeko. Umeek bere ikaskide guztiek, era ezberdinean izan arren, ikasteko gaitasuna dutela ulertu behar dute, eta horretan lagundu. Gelan, eta eskolan, elkarbizitza eta elkar ikasketan oinarritutako komunitatea sortu behar da. Haurrak komunikatzeko (hitz egin eta entzun) beharra asetu behar dute, kalitatezko heziketa lortze bidera.
  2. Lan estrategiak: Ikasgai eta eduki zehatzetan oinarritutako curriculuma ahaztu eta arazo zein proiektuetan oinarritutako curriculuma eraiki. Umeen aurrezagutzak zein interesak kontuan hartuta, elkarlanean ikasten ikastea bultzatu behar dugu, harremanak sendotuz, ikerketa tresna nagusian bihurtuz, bestearen interes, idei zein ekintza errespetatuz eta nola ez, guztion garapen integrala maila berean bermatuz.
  3. Antolaketa: Espazio eta denboraren antolaketa ekintzaren arabera antolatu behar da, eta ez aldez aurretik ezarritako irizpide edota helburu batzuen arabera. Taldekatzeak heterogeneoak izan behar dira, ikaskuntza interaktibo eta elkar laguntzaren bidez ikasteko aukera eskainiz. Eta azkenik, hausnarketa eta adostasuna bideratzea ezinbestekoa da.
  4. Irakaslearen ikuspegi eta formakuntza: Eskola inklusiboaren arrakasta irakasleak aniztasunaren aurrean erantzuteko duen gaitasunean oinarritzen da. Giro atseginak sortzeko gauza izan behar da, haurren interesetan oinarrituz ikasteko motibazioa lortuz.
  5. Familiaren parte hartzea: Balioen transmisioa ez da irakaslearen egitekoa soilik, familiarena zein bestelako hezkuntza agenteena ere bada. Aniztasuna onartu eta aniztasunean bizi behar dugu, guztion arteko elkarlana bermatuz. Familiaren parte hartzea eskolan garrantzi handikoa da guztion arteko eta guztiontzat eraikitako eskola izateko.

Eskola inklusiboa lortzeko horretan sinetsi behar dugu, guztiok, eta lana batera egin. Konpromisoa hartu, eta gure eguneroko ekintzak pixkanaka aldatu. Aniztasuna ez da eskolara moldatu behar, eskola aniztasunari erantzuten jakin behar dio, guztioi lekua eskainiz. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza publikoa posiblea da, eta guztion lanari esker gizarte osoaren zein banakakoen bizitza normalizaziorantz bideratuko dugu.

Elling – Petter Næss (2001)

Pelikula honek gure errealitatearen inguruan pentsatu eta hausnartzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Gainera oso atsegina eta hunkigarria da. Beraz, erabat gomendagarria.

Gure artean, norberak bere berezitasunaren jabe izanik, guztiok gara berdinak, guztiok gara ezberdinak. Batzuetan, berezitasun hori, nahastetzat jotzen da, edo Ellingen hitzek azaltzen duten bezala, nahasketa etapan dauden pertsonak direla ulertzen da.

“Algunos se hacen los locos, pero usted esta loco de verdad”

Ellingen kasuan, gehiegizko babesa jaso duen ume bat izan zen. Ondorioz, gaur egun, leku guztietara berarekin doazen bi lagun ditu: bertigoa eta antsietatea. Hori dela eta, kalera irtetzeko laguntza behar du eta taberna bateko mahaitik komunera joateko aldiz, munduko ausardi guztia.

Istorioaren hasieran, bere muga (bertigoa eta antsietatea) dela eta, Elling zentro psikiatriko batean ingresatua dela ikusten dugu. Baina, gerora, bere gelakidearekin batera, modu autonomoan bizitzeko aukera du. Autonomiaren bidez Elling-i bere muga gainditzeko aukera eskaintzen diote, autonomia esperimentatzerakoan beldurrak eta oztopoak gainditzen aukerak sortzen baitira.

“Me siento seguro a su lado a pesar de que es la persona mas simple del planeta”

Batak besteari laguntza eskaintzen dio, segurtasuna, eta harremanen bidez euren nortasuna eta egunerokotasuna nola eraiki ikasten dute. Azkenik, euren arteko oreka aprobetxatuz, gizartean txeratzeko gaitasuna lortzen dute. Gainera, guzti honi esker, bakoitzak bere oreka pertsonala aurkitzen du, norberaren funtzioaren bilaketan arrakasta lortuz eta gustuko dutena landuz. Bestela esanda, mugak izan arren, gizarteko beste edozein banakako bezala, helburuak dituzte eta, aukera eskaintzen dietenean, helburu horiek lortzea euren motibazioa nagusia bilakatzen da.

Berezia ez da txarraren sinonimoa. Kasu batzuetan laguntza beharrezkoa izan arren, ez dugu inoiz ahaztu behar aurrera egiteko guztiok ekintza txikiak zein aukera berdinak behar-beharrezkoak ditugula. Behar bat erantzun eta gero egoera normalizaziorantz bideratu behar da. Aurrera egiteko jarrerak benetan aurrera egiteko aprobetxatu behar dira. Bizitza eraikitzeko norberaren nortasuna, izaera eta autonomia lantzeko aukeren eskaintza ezinbestekoa da.

Horregatik, pertsona batek, momentu jakin batean, laguntza bereziaren beharra izan arren, ez da pertsona hori betirako etiketatu eta gizartetik banatu. Garapena jarraitu eta garapenari jarraipena ematea ezinbestekoa da. Autonomia lagunen, harremanen, beldurren, egunerokotasuneko ikasketa berrien eta bizitza errealeko esperientzien bidez eskuratzen da. Garatzeko normalizazioa behar da.

“¡LO CONSEGUÍ!

Ezin da inoiz aurrean dugun pertsonaren gaitasuna zalantzan jarri hori lortzeko aukera eskaini gabe. Gure aurrean dugun pertsona arraro edo bitxia bezala etiketatu aurretik, guztiok ezberdinak eta, aldi berean, berdinak berdinak garela gogoratu behar dugu. Guztiok gure beldurrak gainditzeko aukerak eta autonomia behar dugu. Guztiok gara Elling.

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara