Blogaren artxiboa

Koordinazio segmentarioa (motrizitate fina): kontzeptua eta lanketa

Koordinazio segmentarioa gizakiaren jarduera motor landuena eta konplexuena da, izan ere, objektu bat hartu eta manipulatzeko erabiltzen dugu (adibidez boligrafo bat hartu eta idatzi). Garai batean motrizitate fina bezala ezagutzen zen.

Mugimendua espazio txiki batean egiten da eta bertan gihar multzo zehatzak parte hartzen dute. Ikusmenaz eta gorputz-adarren arteko harremanaz arduratzen da. Horregatik, koordinazio segmentarioa izan daiteke: esku-begikoa, buru-begikoa eta oin-begikoa.

Esku-begiko koordinazioa: Begiak objektua identifikatu eta kokatzen du (abiadura, norabidea, ibilbidea, neurria,…) eta ondoren giharrek hartzen dute parte, hau da, eskuak objektuaren itxuraren eta neurriaren arabera kokatu eta zabaltzen dira. Parte hartzen duten gorputzeko atalak atzamarrak, eskuak eta besoak dira. Mugimenduak zehaztasuna galtzen du distantzia gaizki neurtzen bada edo programazio motorra egokia ez bada. Adibidez: objektu bat hartu, objektu bat bota, idatzi edo marraztu.

Koordinazio segmentarioak ikasleen mugimendurako aukerak hartzen ditu kontuan. Helburua mugimenduen erraztasuna eta askatasuna bilatzea da, manipulazioak, jaurtiketak eta harrerak ahalbidetzeko. Gainera, koordinazio segmentarioa eguneroko bizitzan ezinbestekoak diren gauzetarako ezinbesteko mugimenduen oinarri da: zapatak lotu, mantala lotu, paperak moztu, orraztu, eskuak garbitu, jostailu txikiak kutxetan gorde, mahai-tresnak erabili,… Horregatik, koordinazio segmentarioa lantzean umeak autonomia lortzen du eta, horrekin batera, bere autoestimua hobetuko da. Hala, orobat, umeak bere gauzekiko ardura eta erantzukizuna garatuko ditu.

Haur Hezkuntzako etapan koordinazio segmentarioa garatu nahi dugunean, manipulazioak, hainbat jaurtiketa mota eta hainbat jasotze mota proposatu ahal ditugu. Hona hemen proposamen batzuk:

  • Manipulazioak: Matxardak, torlojuak eta azkoinak, velcroa, tapoiak, kremailerak, …
  • Jaurtiketak: Bi eskuarekin baloia bota, esku bakarrarekin baloia bota, oinarekin baloia bota, lasterketa eta gero jaurtiketa egin (mugimeduan), diana finko batera jaurtiketa egitea, itxura, neurri, pisu eta materiak ezberdineko objektuak jaurtitzea, …
  • Jasotzeak: ibilbide zuzenak, ibilbide kurbadunak, errebotearekin, …

Iturria:

  • Vizcarra Morales, M.T. (2007). Garapen psikomotorra Haur Hezkuntzan (0-6 urte). Euskal Herriko Unibertsitatea.

Yolanda Arrieta: Haur Literaturari hitzak jarriz

Gaur  Yolanda Arregi etorri zaigu klasera, eta azkenaldian dudan lan kargaren ondorioz nire burutik pasatzen direnak hemen plasmatzeko denbora gutxi izan arren,   berari esker bizi izan dugun esperientzia eta sentimenduak aipatzea derrigorrezkoa da, benetan egun polita bizi izan dugulako.

Yolanda euskal idazle handia da, haur eta gazte literatur izenburu askoren atzean dagoen izena. Idazteaz gain, hitzak eta kontuak maite ditu, eta istorioei ahotsa jartzean guztion arreta erraztasunez lortzen du. Haurrekin kontu kontari nola ibili azaldu digu era erakargarri eta hunkigarrian.  Hitzaldi magistral-akademiko eta aspergarriaren teknika alde batera utzita, bere azalpenak gertutik eta era parte hartzailean eta esanguratsuan ematen ditu, gure etorkizuneko lanaren garrantzia azpimarratuz eta egunero ikasten jarraitzeko energia transmitituz.

Transmititu, hori izan da Yolandaren helburua, ez irakatsi. Bere esanetan, gure eginbeharra haurrei literatura transmititzea da, literaturak eskaintzen diguna barruko begiekin ikusteko gaitasuna garatzea, eta ume bakoitzaren irudimen pertsonala elikatzea. Eta berak transmititu diguna umeekiko eta haur literaturarekiko maitasun handiaz gain, ilusioa izan da, ametsak jarraitzeko indarra ematen dizun ilusioa.

Literaturaren garrantzia eta gure ahozko kontaketak nola egin azaltzeko oinarrizko hiru elikagaiak aipatu ditu: ogia, lagunak eta istorioak. Ogiaren bidez gorputza elikatzen dugu, lagunei esker bihotza eta istorio edo kontuek aldiz gure arima elikatzen dute. Txikiak garenean, janaria, ogia, mastekatua eman  behar diguten bezala, istorioak ere mastekatuak jaso behar ditugu. Horregatik, Yolandak, umeei istorioak kontatzerakoan erabiltzen ditugun erritmo, ahots, bolumen, mugimendu eta bestelako teknikei erreparatu dio, taldean egindako ariketa ezberdinen bidez ezaugarri bakoitzaren erabilera eta esanahia esperientzia eta ikasteka pertsonalean bihurtuz .

Ahozko kontaketaren bidez umeari bidaiatzeko aukera izan behar diogu. Haur poemak jolasteko aprobetxatu behar ditugu, abestu eta dramatizatuz. Hitzen bidez emozioei buelta eman behar diegu. Literatura elkarrekin bizi behar dugu,  zoriontasuna lortuz. Fantasia disfrutatu.

Ispilu handia hautsi zait

mila zatitan;

orain ditut mila ispilu,

zati txikitan.

(Pupuan trapua. Xabier Olaso. Pampiela)

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara