Blogaren artxiboa

Etxerako lanak, zergatik?

Askotan eztabaida dira langileen lan-orduak edota ordutegiak. Gero eta gehiago baloratzen da deskantsua eta familiarekin egoteko denbora. Historian zehar, asko borrokatu da langileen lan-baldintzen alde. Baina noiz aztertu eta aldatuko ditugu ikasleen lan-baldintzak?

Eskola gehienetan, ikasleei etxerako lanak bidaltzea eguneroko ekintza bihurtu da, irakasleen artean oso zabaldua dagoen ohitura baita. Baina zergatik bidaltzen dira? Zertarako? Onurarik lortzen da? Emaitza akademikoak hobeak dira?

Ikasleek, gutxienez, 6 ordu pasatzen dituzte eskolan. Horretaz gain, gehienek, eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzen dute. Eta etxera iristean, beste bi ordu inbertitu behar dituzte etxerako lanak egiten. Gure ikasleek ez dute bizitzeko denborarik!

Ikerketen arabera, etxerako lanek askotan onurarik ez dakarte. Gainera, batzuetan kalte ere eragin diezaiekete haurrei, gurasoei eta ikaskuntza prozesuari. Hala ere, irakasleen artean etxerako lanak gai tabua da eta gutxi dira etxerako lanak ez bidaltzea erabaki duten eskolak.

Esan bezala, etxerako lanen eztabaida mahai gainean dago eta, horren harira, abenduaren 4ean Edu Lartzangurenek iritzi-artikulu interesgarria idatzi zuen. Irakurtzera gonbidatzeaz gain, gure haurren lan-baldintzen inguruko hausnarketa egitea eskatzen dizuet. Haurren eskubideen borroka guztion borroka da!

Lazhar irakaslea

Monsieur Lazhar (2011) – Philippe Falardeau

Bachir Lazhar 55 urteko argeliarra da. Montreal-ko ikastetxe batean kontratatua da, egoera tragikoetan hildako Lehen Hezkuntzako irakaslea ordezkatzeko. Gainditu behar dituen zailtasunak ugariak dira, baina bere irakasteko era umeak zein kurtsoa aurrera eramateko ezinbesteko tresnan bihurtzen da.

Pelikulak gai anitz eta ezberdinak lantzen diren arren dolua eta hezkuntza sisteman du oinarria. Bertan hezkuntza sistema berrien eta irakaslearen irudi zaharkituaren arteko talka ikusteko aukera dugu. Bachir metodologia, antolakuntza, arau, ohitura eta harreman ezberdinetara egokitu behar da, baina guzti hau bere erara egiten du, umeekiko duen maitasuna ahaztu gabe.

Gure gizartean beldurra, heriotza, eta nahigabea gai tabuak dira, eta are gehiago umeekin. Baina irakasle honek errealitateari bizkarra eman beharrean haurrekin hitz egitea eta gaia lantzea erabakitzen du. Haurren doluataz arduratuta, eskolaren arauak apurtu eta emozioen adierazpena bultzatzen eta indartzen du.

Istorio polit eta hunkigarri baten bidez eskolaren funtzio bikoitza barneratzen dugu: irakastea eta heztea. Gainera, garapen emozionalaren garrantzia azpimarratzen du, elkarrizketaren eta maitasunaren beharra goraipatuz.

Gaia aprobetxatuz, Haur Hezkuntza kolorezko fitxak, abestiak eta jolasak soilik dela pentsatzen dutenei, haurrekin, egunerokotasuna, errealitatea eta emozioak landu behar direla gogoratzen diet. Garapen integrala bermatu behar dugu, eta alderdi emozionalaren kudeaketa eta adierazpena zein errealitateari aurre egiteko estrategiak honen parte dira.

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara