Blogaren artxiboa

Jostailuen bidez berdintasunerantz

Gabon garaia atzean utzi dugu eta bakoitzarentzat oso esanahi ezberdina duten egunak direla aitortu behar da. Batzuentzat deskantsatzeko egunak dira, oporrak alegia. Beste batzuek eliza katolikoak ezarritako data garrantzitsu bezala ulertzen dituzte. Askotan, familiarekin elkartzeko garaia da, edo arrazoi askogatik gure artean ez daudenak inoiz baino gehiago faltan botatzeko egun tristeak. Hainbat etxeetan, umeen ilusioarekin disfrutatzeko aukera ezin hobea dira gabon egunak eta hau oparien elkartrukatzearekin erabat lotuta dago.

Hau esanda ez dut gabonen esanahiaren inguruan hausnartuko, norberak badaki egun hauen inguruan duen sentimendu edo iritzia. Baina galdera bat egin nahiko nuke: gabonak genero berdintasunean pentsatzen dugun garaia da?

Etxe askotan agian, beste hainbat estereotipo sexisten artean,  gabonetan egiten diren afari eta bazkari ugarien lana emakumeei dagokiela pentsatzen dute. Baina, hau aldatu beharreko pentsamoldea bada ere, ez da gaurko gaia. Gaur haurren jostailuetan zentratuko gara, haurrek gabonetan jasotzen duten jostailu sorta horretan eta horren inguruan zenbat pentsatzen dugun.

Zoritxarrez jostailuak haurren aisialdi tresna hutsak direla pentsatzeko ohitura erabat zabalduta dago, eta hori baino, jostailuak heziketa tresna garrantzitsu eta boteretsuak direla  ulertu beharko genuke. Haurra jolasaren bidez hazi eta hezten da, jolasaren bidez bere nortasun eta identitatea eraikitzen du eta ondorioz haurrari eskaintzen dizkiogun edo eskaintzen ez dizkiogun jostailuek  erreparatu beharko genieke, horren atzean balio kultural ugarien transmisioa baitago.

Momentu batez zure inguruan dauden umeengan pentsatu. Aukeratu neska bat, kamioi bat oparituko zenioke? zergatik?. Orain aukeratu mutil bat, sukalde bat oparituko zenioke? zergatik?.  Galdera biei baietz erantzun baduzu, zorionekoa zu eta zure inguruan dauden haur guztiak. Ez bada horrela, zure buruari hainbat galdera egin beharko zenioke: neska bat kamioi batekin jolas esperientzia aberasgarria izateko gai ez dela uste duzu? mutil batek sukalde batekin nola jolastu ez dakiela uste duzu? Arazoa helduak markatzen dituen estereotipo eta bazterketa sexista da, eta ez haurren gaitasun edo interesak.

Bi urteko mutil bat hartuko dugu adibidetzat. Haur hau jolas sinbolikoaren etapan sartu berri da, hau da, bere jolasa imitazioan oinarritzen da. Bere testuinguru hurbilena, ume gehienen kasuan bezala, bere etxea da, eta batez ere etxeko sukaldea, bertan bere gurasoekin janari gozoak prestatzeaz gain azken hilabetetan bertan bakarrik jaten ikastea lortu duelako. Zergatik ez diogu ume honi sukalde bat oparituko? Jostailu horri esker bere jolas esperientzia ederra eta positiboa izango zen, bere testuinguru hurbiletako ekintzak jolasera eramateko aukera gustukoa izango du nahiz eta mutil bat izan. Kotxea, kamioia eta bestelako jostailuak ere eskaini behar dizkiogu, baina sukaldea eta kulturalki neskentzat diren jostailuak baita.

Beraz, jostailuen garrantzian hausnartu eta haurrei eskaintzen dizkiogun, eta kasu askotan, eskaintzen ez dizkiogun jostailuetan pentsatu. Jolas esperientzia zabal, anitz eta aberasgarria eskaini inolako estereotipo sexista eraiki gabe! Haurren hezkuntza gure ardura bada,  haurren jostailu eta jolasak ere gure ardura izan behar dira, gure haurren hezkuntzaren oinarria baitira.

images

muymolon

las cosas que le gustan a mr wonderful

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara